Aurreko bi urteetan bezala, Nafarroak superabita lortu zuen iaz,…
Atzo, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gogoan hartu zuen azaroan hezkuntzako behin-behineko 8.045 irakasleri gradu-osagarria ordaindu zietela, eta horrek 72 milioi euroko inbertsioa eskatu zuela. «Horregatik, berez, superabitaren zifra are garrantzitsuagoa da», zehaztu zuen. Zorrari dagokionez, finantza erakundeekin hainbat mailegu eten dituzte, eta, ondorioz, 38 milioi euro aurreztu dituzte finantza gastuetan. 2019an, estreinakoz, 50 milioi euroko bonu iraunkorrak jaulki zituzten, ingurumen zein gizarte arloko proiektuak finantzatzeko: zehazki, diruaren %57,4 proiektu sozialetara bideratu zuten, eta gainerakoa, ingurumen egitasmoetara. Bide horri eusteko asmoa azaldu zuen Saizek: «Aurten, 75 milioi euroren bonu iraunkorrak jaulkitzea espero dugu».
Datuok ikusita, Espainiakoak har ditzakeen erabakiei erreparatuko die Nafarroako Gobernuak. Aurten, autonomia erkidegoetako gobernuek defizitik ez izateko agindua dute, baina Madrilgo gobernua araua malgutzeko aukeraz hitz egin du, eta BPGaren bi hamarren leuntzeko aukera egon daiteke. Neurri hori hartuko balitz, «inbertsio gehiago» esan nahiko luke, Saizen arabera.
Parlamentuan, osteguneko kontrol saioan, EH Bilduk gai horri buruz galdetuko dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. «Kontuan hartuta onartu berri diren aurrekontuek ez dutela defizitik jasotzen, bi hamarreneko alde horrekin, pentsa dezakegu 40 milioi euro inbertitu daitezkeela plan berezi baten bidez», adierazi zuen Bakartxo Ruizek. Dena den, Ruizek lehen eskutik jakin nahi du ea zein den gobernuaren borondatea. PSNko Ainhoa Unzu, kasurako, zuhur mintzatu zen: «Oraindik ikusteko dago. Estatuko aurrekontu orokorrak udarako onartzea espero da. Hilabeteak falta dira, eta hobe da urratsez urrats joatea». Unzuk ohartarazi zuen ez dela ezer lortuko Madrilen aurrekonturik ez badago.
ELA: «Arduragabekeria da»
ELA sindikatuak salatu du «arduragabekeria» dela urtea superabitarekin amaitzea, bete gabeko behar sozialak eta murrizketak dauden bitartean. «Horrek diru publikoa gastatu gabe uztea esan nahi du, 103.000 pertsona gizarte bazterketan dauden honetan, eta familia askok etxebizitza bermatuta ez daukaten honetan». ELAren ustez, urtea superabitarekin ixteak esan nahi du finantza erakundeen interesak «gizartearen gehiengoaren interes aurretik» jartzen direla. Era berean, «oso larria» deritzo Madrilen erabakien zain egoteari, PSOEren gobernuaren eskuetan geratzen delako Nafarroako autogobernuari buruz erabakitzea. «Erabakitzeko ahalmena mugatzen ari dira».




