Mireia Pons eta Julen Calvo kataluniarrak garaile Domusa Teknik…
Bi kataluniar, Mireia Pons (7.16.49) eta Julen Calvo (6.07.43) gailendu ziren larunbatean Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren laugarren ekitaldian (65 km, 3.700 m+). Espainiako Ultra trail Txapelketa ere izan izan zen Azpetiakoa, eta, beraz, bi-biek jantzi zuten txapela. Eguraldi nahasia zegoen iragarrita, ekaitzak ere bai eguerdi partetik aurrera, baina, zaparradaren bat edo beste gorabehera, azkenerako ez zen hain eguraldi gaiztorik izan. Zaparraden ondorioz, ibilbidea, bai, dezente lokaztu zen, eta erdi paretik aurrera, irristadak, erorikoak eta erretiratuak dezente ugaritu ziren. Ultraz gain, 15 MLK proba ere egin zen (26 km, 1.400 m+), eta biak aintzat hartuta, ia 1.000 korrikalari aritu ziren Urolaldeko mendi eta zidorretan barna. Emakumezkoetan, Maria del Mar Pastor Espainiako txapelduna bizkor atera zen, eta bakarrik ibili zen aurreneko kilometroetan, Mireia Pons kataluniarra eta iazko irabazlea, Gemma Arenas espainiarra, atzetik zituela. Ponsek, ordea, berehala hartu zuen aurrea, eta 30. kilometrorako bi minututik gorako aldea ateratzen zion Arenasi eta bost minutukoa Pastorri. Ekaitzarekin batera, Pastorrek behera egin zuen, eta Barbara Ruiz espainiarrak eta Mayi Mujika elgoibartarrak, aldiz, atzetik aurrerako lasterketa egin zuten. Azkenik, Pons izan zen txapeldun; Arenas bigarren, hiru minutura, Ruiz hirugarren eta Mujika laugarren. Gizonezkoetan, Claudio Diaz madrildarra, iazko irabazlea, zen faborito nagusia, baina larunbatean ez zen bere eguna izan. Hasieran, Pello Berrizbeitia eibartarra ibili zen aurrean, bera izan zen aurrenekoa Gazume gailurrean (11. km), eta haren atzetik, honako hauek ibili ziren: Victor Mier, Joseba Escudero, Ivan Hernandez, Zaid Ait Malek, Pere Aurell eta Claudio Diaz bera. Pixkanaka, taldetxo hori bakantzen joan zen. Hernio gainean, Victor Mier asturiarra jarri zen buruan, baina 40. kilometroan erretiratu egin zen. Mireia Pons kataluniarra helmugaratu berritan. DOMUSA TEKNIK Lasterketaren erdi paretik aurrera, ekaitzak zaildu egin zuen ibilbidea eta hor Julen Calvo hasi zen nagusitzen. Pixkanaka, aldea handitzen joan zen Calvo, eta helmugaraino joan zen buruan. Pello Berrizbeitia izan zen bigarren, sei minutura, eta Urko Arizeta asteasuarra, hirugarren. Maila bakoitzeko lehen biek Canfrancen jokatzekoa den Munduko Txapelketara txartela lortu zuten. Lokatzaren eta euriaren eraginez, iazko irabazleen marketatik urrun ibili ziren Pons eta Calvo. Iaz, Miguel Heras sei ordu pasatxoan helmugaratu zen (6.01.46) eta Gemma Arenas, berriz, zazpi ordu pasatxoan (7.04.56). Aritz Egea, 15 MLK proban Proba laburrean, Aritz Egea urretxuarra nagusitu zen (2.04.34), Pablo Bautista murtziarrari ia minutu eta erdiko aldea aterata eta Marcos Ramos valentziarrari lau minutu eskasekoa. Proba luzea bi aldiz irabazitakoa da Egea, eta atzo laburrean nagusitu zen. Emakumezkoetan, Ikram Rharsalla marokoarra izan zen irabazle (2.20.38), Onditz Iturbe igorreztarraren (2.22.15) eta Oihana Zubillaga anoetarraren aurretik (2.38.34). Beste behin, jendetza bildu zen Gazume, Hernio, Iturburu, Murumendi, Mandubi, Izazpi, Pagotxeta, Xoxote eta ibilbideko beste gain eta lepoetan nahiz Azpeitiko kaleetan korrikalariak ikusteko eta animatzeko. Nabarmentzekoa, halaber, lasterketaren antolaketan aritu ziren 500 boluntarioen lana. Sailkapen guztiak esteka honetan.




