Milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Vatikanoko Done Petri plazan, Eliza katolikoaren 267. aita santua izango dena aukeratu ote duten jakiteko. Konklabearen aurreneko bozketa saioaren ondoren, baina, ke beltza, fumata beltza irten da emaitzaren berri ematen duen tximiniatik; hau da, kardinalak ez dira ados jarri Frantzisko aita santua hil ondorengo konklabeko aurreneko bozketa saioan. Bihar goizean jarraituko dute bozketekin; saio bat egingo dute 10:00etan, eta beste bat 17:00etan. Saio horietako bakoitzean gehienez ere bi bozketa sail egingo dituzte. Ondoren, erre egingo dituzte erabilitako papertxoak, eta fumata-ren bidez jakin ahal izango da bozketaren emaitza. Mundu osoko 133 kardinal ari dira parte hartzen hurrengo aita santua hautatzeko konklabean. Horretarako, hautagai bakar batek gehiengo kualifikatua lortu behar du; hau da, botoen bi herenak. Oraingoz ez dago Done Petriren aulkian esertzeko hautagai nagusirik, baina izen batzuk zabaldu dira azken egunetan. 2013an, Frantzisko hautatzeko, bi egun eta bost bozketa behar izan zituzten. Eguna pro eligendo pontifice mezarekin hasi da, Vatikanoko Done Petri basilikan, 10:00etan, Giovanni Battista Re kardinal dekanoa buru dela. Tradizio handiko eta neurtutako protokolo bati jarraitu diote. Jauregi Apostolikoko Paulino kaperatik Kapera Sistinorako bidea egin dute letaniak eta Espiritu Santuaren aldeko Veni creator abestuz. Ebanjelioaren zinaren ondoren, Diego Ravelli zeremonia maisuak konklabetik kanpoko pertsona oro kanporatu du latinezko extra omnes formula erabiliz. Lehen bozketa, gaur Orduan hasi dute deliberazioa. Kardinalek Kapera Sistinoan bozkatu dute, ateak itxita. Botoa sekretua izan da, eta kardinal bakoitzak paper batean jarri du bere hautagaiaren izena, ulertzeko moduan baina nork idatzi duen bereizteko modurik eman gabe. Hiru kardinalek zenbatu dituzte botoak: lehenak banan-banan atera ditu kutxatik, eta markatu egin du haietako bakoitza. Bigarrenak aztertu egin ditu, eta hirugarrenak, berriz, ozen irakurri. Gero, hari batez lotu dituzte guztiak. Prozedura hori errepikatu egingo dute bozketa saio guztietan. Kardinalak gaur goizean Done Petri basilikan egindako mezan. MARIO TOMASSETTI / EFE Gaur ez dutenez lortu ados jartzea, kardinalek Santa Marta etxean eta inguruko beste eraikin batean egingo dute lo, Vatikanoko lurraldetik irten gabe eta kanpoko inorekin harremanetan jartzeko modurik gabe. Ez dago eperik aita santua aukeratzeko, baina prozesua bizkorra izatea espero da. Hala ere, ia segurutzat jotzen da bozketa bat baino gehiago beharko direla. Dena den, azken ehun urteotan konklabea ez da behin ere bost egun baino gehiagokoa izan. Frantzisko aita santua hautatzeko, bi egun eta bost bozketa behar izan ziren. Aita santua izango dena aukeratuta, bi galdera egingo dizkiote: «Onartzen duzu kargua?», galdetuko diote lehenik, eta baietz erantzuten badu, galdetuko diote zer izen hartu nahi duen. 1555etik ez dute sekula hautsi izena aldatzeko ohitura. Egun, izen kristau bat hartu ohi dute; batetik, beste aita santuei erreferentzia egiteko, eta bestetik, ulerterraza izateko. Izen dantza Konklabeko eztabaida nagusia zera da, ea Frantziskok hasitako bidearekin jarraitzea erabakiko den ala norabidea aldatuko den. Frantziskok berak izendatuak dira 108 kardinal, Benedikto XVI.ak hautatuak 22 eta Joan Paulo II.ak aukeratuak beste bost. Bi hereneko gehiengoa lortzeko 89 boto beharko dira. Zuzenbide Kanonikoaren Kodearen arabera, Eliza katolikoan bataiatutako edozein hautatu daiteke aita santu, betiere gizonezkoa bada. Hala ere, praktikan, duela mende batzuetatik hona, aurretik kardinalak izan dira aita santu izendatutako guztiak. Frantzisko ordezkatzeko, Italiako eta nazioarteko komunikabideen aurreikuspenetan, zortzi izen errepikatzen dira gutxienez, eta horietako hiru italiarrak dira. Hauek dira hautagai nagusiak: Pietro Parolin (Italia, 70 urte). Vatikanoko egungo estatu idazkaria. Parolin hautagai moderatu eta pragmatikotzat hartzen da. Luis Antonio Tagle (Filipinak, 67 urte). Frantzisko asiarra ezizenez ezaguna, Tagle kardinal aurrerakoitzat jotzen da. Hura hautatzea historikoa izango litzateke, Asiako lehen aita santua izango bailitzateke. Matteo Zuppi (Italia, 69 urte). Bolognako artzapezpikua eta Italiako Gotzainen Batzarreko presidentea izatez gain, Frantzisko aita santuaren gertukoa da, eta gatazken bitartekaritzan egindako lanagatik nabarmendu da; Euskal Herrian, esaterako, ETAren armagabetze prozesuan parte hartu zuen. Jean Marc Aveline (Frantzia, 66 urte). Marseillako artzapezpikua. Frantzisko aita santuaren oso gertukoa eta migrazioarekin loturiko gaiekin engaiatua. Peter Turkson (Ghana, 76 urte). Afrikako hautagaia deitua. Justizia sozialean eta garapen iraunkorrean duen ikuspegiarengatik da ezaguna. Robert Sarah (Ginea, 80 urte) Kardinal ultrakontserbadorea, ortodoxia katolikoa irmo defendatzeagatik ezaguna. Pierbattista Pizzaballa (Israel, 60 urte). Jerusalemgo patriarka latinoa. Hautagai moderatutzat jotzen da, eta esperientzia du erlijioen arteko elkarrizketan. Robert Prevost (AEB, 70 urte). Chicagoko artzapezpikua. Hautagai erreformista gisa ikusten da. Peter Erde (Hungaria, 72 urte). Elizaren sektore tradizionalekin lotzen da. Oso aukera gutxirekin baina hautagai posibleen artean euskal jatorria duen kardinal bat azaltzen da: Francisco Javier Bustillo, 57 urtekoa, Arrekoa (Nafarroa). Frantzisko aita santuak izendatu zuen kardinal eta Aiacciuko (Korsika) gotzaina da.
«Iazko urtearekin oso pozik gaude. Zerga aurreko emaitza 2023koa baino askoz hobea izan zen. Talde sendoa garela berretsi zen». Esaldia Rosa Carabel Eroski taldeko kontseilari ordezkariarena da, eta deigarria izan daiteke, kontuan hartuta enpresaren irabazi garbia 2023koa baino %24,35 txikiagoa izan zela. Mondragon taldeko banaketa kooperatibaren emaitza ulertzeko, baina, bisturia sartu behar da, eta Espainiako Sozietate Zergaren legean egon zen aldaketa bati erreparatu. Eroskik iaz 5.729 milioi euro fakturatu zituen, 2023an baino %2,7 gehiago; emaitza operatiboa 259 milioi eurokoa izan zen, 2023ko bera, eta zerga aurreko emaitza 127 milioi eurokoa, 2023koa baino 24 milioi handiagoa. Orduan, nola da posible irabaziak laurden bat murriztu izana? Bada, zergengatik, edo hobeto esanda, sozietate zergarengatik, 45 milioi euro ordaindu behar izan zituen eta. iFrameResize({ log: true },’#eroski25′); 2024ko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ezen 2016an Espainiako Gobernuak sozietate zergan eginiko hainbat aldaketa konstituzioaren aurkakoak zirela. Besteak beste, muga zorrotzagoak ezarri zituen zerga oinarri negatiboak konpentsatzeko, eta atxikipenak kalkulatzeko modua aldatu zuen. Aldaketa horrek bete-betean eragin zion Eroskik Hego Euskal Herritik kanpo duen negozioari —Hego Euskal Herrian lurraldeetako ogasunek kudeatzen dute—, eta iaz askoz gehiago ordaindu behar izan zuen sozietate zergan. Eroskik iazko urteko emaitzen balantzea egin du Bilbon, eta bertan azaldu du egoera hori. Karabel, dena den, lasai agertu da, sozietate zergaren doitze ariketa hori urte bakarreko kontua izango dela sinetsita dagoelako eta zergen aurreko emaitza 2023koa baino %23 handiagoa izan zelako. «Emaitzak ez dira ohikoak, baina ez dago beste arrazoirik, hori da bakarra», laburbildu du. «Erosleak asko erreparatzen dio prezioari. Erosketa txikiagoak egiten ditu, eta gehiagotan joaten da merkatura» ROSA CARABEL Eroskiko kontseilari ordezkaria Lasaitasun horren isla dira 2025erako iragarpen onak, uste baitu Eroski are gehiago haziko dela. Fakturazioa %3,4 handituko dela iragarri du, 6.104 milioi euroraino. Ebitda [zergen eta bankuei ordaindu beharrekoen aurreko emaitza], berriz, 340 milioi eurokoa izatea espero du, iazkoa baino %2,4 handiagoa. Halaber, beste 71 denda irekiko dituztela aurreratu du. Bost urtetan 351 irekitzea da Eroskiren asmoa, «gure ingurune naturalean, Iberiar penintsulako iparraldean». Zergari dagokionez, iaz 59 milioi euro ordaindu zituen, eta, horrez gain, hamabost milioi euroko amortizazio gehigarri bat. Taldearen zorra 948 milioi eurokoa da, eta erdia baino gehiago 2023an jaulkitako zor bonuetatik datorkio. Carabelek esan du haien baldintzak berriz negoziatzen saiatuko direla, baina oro har zorrak ez dituela itotzen. Atzera begiratuz gero, gogoratzekoa da 2009an 3.506 milioi euroko zorra izan zuela Eroskik. Rosa Carabel Eroskiko kontseilari delegatua. LUIS TEJIDO / EFE Erosketa joeren bilakaera ere aztertu du, eta nabarmendu du erosleek erosketa merkeagoak egiten dituztela eta gehiagotan doazela merkatura. Nabarmena da marka zuriaren gorakada ere: gaur egun, Eroskiren salmenten %37 marka propioari dagozkio, eta kopuru hori bost puntu igo da bi urtean. «Jendea gero eta arduratuago dago prezioarekin, eta uste dugu marka propioaren goranzko joera horri eutsiko zaiola», iragarri du. Gai berean, Carabelek nabarmendu du Eroskik «ahalegin handia» egin duela lehengaien kostuen gorakada osoa azken preziora ez eramateko: «Lehiakorragoak bagara, prezioak beste batzuek baino gutxiago igo ditugulako gara hala». Iaz 52 milioi euroko inbertsioa egin zuen prezioak ez igotzeko. Azkenik, taldeari dagokionez, zehaztu du ez dutela inolako desinbertsiorik egiteko asmorik eta ez dutela taldearen adarrik saltzeko asmorik, baina zehaztu du «prest» daudela bazkide posibleekin lan egiteko, baina inork ez duela haien atea jo. Alegia, hainbatetan zurrumurrua zabaldu bada ere, luze gabe behintzat ez du salduko Forum Sporten duen zatia.
Usu esan du Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen ezagutza unibertsalizatzeko aurrerabideak egin behar direla, eta berebiziko garrantzia du hor, beste hainbat aldagairen artean, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko sistemetan berrantolaketa bat egiteak. Aldaketa proposamenak jasoak ditu Euskalgintzaren Kontseiluak Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena dokumentuan. Sektoreko eragileen ekarpenak kontuan hartuta egindako lanketa bat da, eta gaur proposamen horren gako nagusiak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean AEK eta IKA euskaltegi sareetako kide Aize Otañok eta Joxerra Olanok. Argi utzi dute: euskara «doan» ikasteko modua emango duen eredu bat behar da. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak eskatuta izan da agerraldia. Arloa zertan den aztertze aldera eraman ditu hilabeteotan batzordera sektoreko beste hainbat eragile ere. Datu soziolinguistikoei erreparatuta, euskararen atzeraldiaz ari diren eragileak gero eta gehiago direla gogoratu du, eta hizkuntza politikak «eskala handiko erreakzio bat» behar duela. Helburuetako bat argi du: «Euskara ikastea eskubide subjektibo eta unibertsal gisa identifikatu behar dugu». Ikusten dira egun hor «oztopoak eta arrakalak», eta horiek gainditu egin behar direla esan du. Olanok nabarmendu du urte askotako «gogoeta estrategiko» baten emaitza dela proposamena. Eta, bai, «doakotasuna» helburu aski garrantzitsua da. Izan ere, Euskal Herri osora begira egindakoa da gogoeta, euskararen lurralde osora, eta egoerak askotarikoak dira, baina «oztopoko ekonomikoa» sarri agertzen da traben artean. Horrekin arduratuta, sektorean 2017an hitzartu zuten Doakotasunerazko bidean dokumentua, eta hura osatzera dator gaur aurkeztu duten lanketa. Definitu egin nahi izan du Olanok zer den beraientzat doakotasuna, edukiz betetze aldera. Horra zein den helburua: «Ikasleek dirurik aurreratu behar ez izatea». Proposamenean ere jaso dute debalde ikasi ahal izateak ez duela lotuta egon behar ikasleak emaitza jakin bat lortzearekin, ikasmaila jakin bat gainditzearekin. «Ahaleginarekin» lotuta egon behar duela uste dute. Jaso dute, hala ere, irizpide objektibo bat: «Gutxieneko bertaratzea %75ekoa izatea». Ikasleak ikasprozesuetan «kronifika» ez daitezen, beste irizpide objektibo bat ere jaso dute: «Ikasleek 2.000 ikastorduko kreditu muga izatea». Horiek zehaztuta, doakotasuna zabaldu egin behar da, ikasmaila apaletatik jasoetara: «Doakoa izan behar du prozesuak bere osoan». «Euskarazko gaitasuna izateak ahalbidetu dezake euskara eroso erabiltzea» AIZE OTAÑO AEK-ren Artezkaritza kontseiluko kidea Gaur aurkeztu duten proposamenak Batuz Aldatu dokumentuan du abiaburua. 2021ean hitzartu zuten Euskal Herri osoko 110 gizarte eragilek. Otañok gogoratu du hor jasotako helburuetan aurrera egin nahi bada euskaltegien jardunak «estrategikoa» izan behar duela, eta helduen euskalduntze «masiboak» ekar ditzakeen onurez jabetu behar dela. «Euskarazko gaitasuna izateak ahalbidetu dezake euskara eroso erabiltzea». Bide horretan, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzen eta garatzen ere egin behar da lana. Aurrerabideak Doakotasunean aurrerabideak egiteko asmoa adierazia du Eusko Jaurlaritzak berak ere, eta azken bi ikasturteotan egin ditu aurrera pausoak. Ikasturte honen hasieran Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako iturriek jakinarazi zuten ikasleek tasa bat ordaindu beharko zutela euskarako A1 mailan matrikulatzeko, baina «merkea» izango zela. Aurreko ikasturtean, berriz, laguntzak ezarri ziren C1 maila ikasi nahi duten 16 eta 18 urte artekoek «doan» ikasi ahal izateko, eta ikasturte honetan eutsi egin zaie horiei. «Doakotasun politiken emaitza ona» nabarmendu dute ordutik Jaurlaritzako arduradunek eta sektoreko eragileek. Otañok berak gaur nabarmendu du ikasturte honetan A1 mailako ikasleak %20 ugaritu direla. Otañok azaldu datorren ikasturtera begira bereziki A2 mailan eragin behar dela, aurten hastapen mailan euskaltegiko atea ireki duten horiek ikasten segi dezaten. Esan du «plan mailakatu bat» behar dela doan izateko bidean urratsak egiten jarraitzeko, eta ezinbestekoak direla bestelako «sustapen» politika batzuk ere. Datua berriki atera da plazara: herritarren %38k ez dute inolako interesik euskara ikasteko. Uste du hor ere eragin behar dela. Agerraldian, Aztiriak ez ezik, EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideek hartu dute hitza. EAJren izenean Alaitz Zabala mintzatu da. PSE-EErenean, Maider Lainez. Biek nabarmendu dituzte urteotan «doakotasunaren bidean» egindako aurrerabideak eta «pixkanaka» aurrera urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa azaldu dute. Agentzia bat Euskal Herri osora begira jardungo duen «egitura egonkor eta iraunkor bat» ere irudikatu dute euskaltegietako ordezkariek beren proposamenean: «Agentzia bat». Ikasketak doan izatea bermatzeaz gain, profesionalen trebakuntzan eta materialgintzan urratsak egiteko funtzioa izango luke, eta euskara ikastea «beharrezkoa» dela pentsarazten lagun dezaketen hizkuntza politikak koordinatzekoa. Erakunde publikoak eta herri ekimenekoak batera nahi dituzte agentzia horretan: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.
Lurralde horretan, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik, eta, beraz, ezinbestekoa izan dute Elkarrekin Podemosen babesa urtarrilaren 1etik aurrera atzeraeraginezko eragina izango duten aldaketa fiskalak aurrera ateratzeko.
Expovacaciones azokak 200 helmuga eta 100 jarduera turistiko eta gastronomiko baino gehiago hartuko ditu maiatzaren 9tik 11ra. Besteak beste, Andaluziak, Aragoik, Kanariar Uharteek, Kantabriak, Valentziako Erkidegoak eta Kataluniak hartuko dute parte.
ELAk deituta, bihar, asteazkena, bi orduko lanuztea egingo dute, 13:00etatik aurrera, eta etzirako, osteguna, egun osoko greba eta elkarretaratzea deitu dituzte. Azken hori, Iruñeko lantegiaren parean egingo dute, 14:30ean.
Beste hiru greba egun deitu dituzte Basauriko Bridgestonen, maiatzaren 8, 10 eta 12rako. Langileek ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea, negoziazioen bilakaeraren arabera.
Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian iragarri du hitzordua Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Atzo, sindikatuek beste bost greba erregistratu zituzten EAEko hezkuntza publikoan, maiatzaren 12tik 16ra.