AP-8 Peajerik Ez plataformak manifestaziora deitu du, urtarrilaren 25ean,…
AP-8 Peajerik Ez plataformak manifestaziora deitu du, urtarrilaren 25ean, Durangon. Manifestazioa Ezkurdin hasi eta Iurretako autopistako ordainlekuan bukatuko da.


Kudeatzailearen, langileen eta Batz kooperatibako —Araluceren jabea 2016tik— ordezkarien arteko bigarren bilera izan zen atzokoa. Kudeatzailearen ustez, kontsulta garaiko azken bilera da, epea amaitu delako; langileek, berriz, epea hasi berri dela uste dute. Hor dago bi aldeen arteko talka formaletako bat, eta Bilboko lan arloko epaitegiak erabaki beharko du hala den, batzordeak helegitea jarri baitu. Kudeatzailearen iritziko, abenduaren 9an hasi zen kontsulta epea, eta batzordeak uko egin zion lehen hiru bileretara joateari. Langileen ustez, aldiz, iragan astean hasi zen, batzordea joaniko lehen bileran. Bilera horretan batzordeak informazioa eskatu zuen Araluceren eta Batzen arteko lege harremana argitzeko, eta, atzo agiri horiek eman ez zizkietenez, beste helegite bat jarri zuten epaitegian. Batzordearen ustez, informazio faltak asko baldintzatzen du langileen egoera negoziazioan. Epaitegiak hamabost egunean erantzun behar die helegiteei.
Bilerari dagokionez, eta langile batzordeak azaldu zuenez, Batzek ez zuen inolako eskaintzarik egin, eta administratzaileak ere ez zion erantzunik eman Araluceko langileek iragan astean Batz taldearen barruan txertatuak izatearen eskaerari. Araluceko langileek garbi ikusten dute bi enpresak multzo berekoak direla, eta kooperatiba dela prozesu honek ekar ditzakeen ondorioen erantzulea. Batzek, aldiz, harreman hori ukatu zuen aurreko bileran.
Sindikatuek bat eginda aurkeztu zuten eskaera agiria Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan —Nafarroan ELAk, LABek, ESK-k eta Steilasek egin zuten—. Bi hilabete pasatu dira deialdia publiko egin zutenetik, eta bat data zehaztu zutenetik. Hartaz geroztik, mugimendu politiko asko egon dira Hego Euskal Herrian eta Espainian, baina, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustez, «ez zaie erantzun grebara eraman gaituzten arrazoiei». Haren iritziz, erakundeek «ez dituzte jaso grebarako aldarrikapenak», ez Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoan, ez Nafarroako Gobernuko aurrekontu proiektuaz duten informazioan, ezta PSOEk eta Unidas Podemosek Espainiako Gobernua eratzeko akordioan ere.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere gogoratu zuen agintariei «ate joka» ari direla deialdi honekin. «Urkulluren gobernua eta Txibiterena ezin dira ezkutatu egunez egun gailentzen ari zaizkien arazo horien aurrean. Greba honek balio izan behar du prekaritatearen, pentsioen eta eskubide sozialen urraketaren gainean dagoen isiltasuna apurtzeko».
Bi sindikatuetako buruek greban parte hartzeko deia egin zieten langile guztiei, eta gogoratu zuten Ipar Euskal Herrian abenduaren 5az geroztik «borroka duin» batean murgilduta daudela, eta horrek are argiago uzten duela Euskal Herriak pentsio sistema propioa izatearen beharra.
Aranburuk argi du «erasora jotzeko» eginiko deialdi bat dela, «lan guztiek aitortza sozial eta politikoa jaso dezaten, zaintza lanak barne, ezinbestekoak direlako bizitza sostengatzeko». Greba egiteko arrazoi gehiago aipatzean, urte hasiera honetan lan istripuetan hildako langileak hartu zituen gogoan: «Bizitza duinaren aldeko greba bat erregistratzera gatoz, eta gogoratu behar da urteak dituen bederatzi egunetan sei langile hil direla dagoeneko lan istripuetan. XXI. mendean gaude, eta oraindik lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du. Hori ere langileen aurkako indarkeria mota bat da, eta greba honetan langileen osasunerako eskubidea defendatzera gatoz».
Lakuntzak, bestalde, «kalean estutzeko» garaia dela nabarmendu zuen, «Frantziako sindikatuak egiten ari diren bezala». Arrazoiak sobera daude, haren ustez, eta bizi baldintzen okertze prozesuaren aurrean gizarteak erantzun egin behar du. «Patronala ez da erlaxatzen, eta guk ere estutu behar dugu. Pentsioei buruz hitz egiten ari bagara, pentsiodunei esker da; berdintasunaz hitz egiten bada, mugimendu feminista kalean dagoelako da; eta, prekaritateaz hitz egiten bada, sindikatuengatik da».
Atzo, goizean goizetik atera ziren karrikara grebalariak, eta, 05:00etatik, Chronoplus autobus biltegiko sartzea oztopatu zuten. Garraio zerbitzua partez geldirik egon zen Baionan, Angelun eta Miarritzen. Enpresa horretan bertan, hamabost bat langilek egin zuten greba, abenduaren 5az geroztik izan den grebalari kopururik handiena. Sindikatuek «bihurgune» bat hartzeko tenorea zela azpimarratu zuten, eta, beraz, greba hedatzen ahalegindu ziren azken egunotan.
Manifestazioak Baiona hirigunea zeharkatu zuen, eta orain arte ikusi gabeko irudiak eman zituen. Lehen aldiz, Jaka Hori eta militante antikapitalistak manifestazio hastapenean txertatu ziren. Sektore zenbaitetan batasun intersindikala lortu zuten, hala nola hezkuntza arloan. Arño Aizagerre lehen mailako irakaslea da Donapaleun (Nafarroa Beherea) eta LAB kidea: «Gure sektorean lehen aldiz lortu dugu sindikatu guztien batasuna eta elkarrekin borrokatzeko nahikeria ageri da. Ohartu behar dugu sekulako indarra ukan dezakeela gure sektorean mobilizatzeak, eta mugimendua hedatzen eta sendotzen segitu behar dugula». Manifestazioaren ondotik batzar orokorrean parte hartu zuten irakasleek, mugimenduaren segida antolatzeko.
Hegazkinetako langileak ere bertaratu ziren, uniformea soinean. Chloe Brunet Air Franceko sindikatuko kideak azaldu zuen enpresako langile asko protestan ari direla. «Erreforma hori ez dugu onartzen; gure sistema propioa daukagu, lan baldintza dorpeak ditugulako». Airearen presioak eta erradiazio arriskuak minbizi asko eragiten dizkie beren lan sektorean. Gaur egun, 55 urtetan erretreta hartzeko aukera dute, baina erreformarekin 64 urtera arte lan egin beharko lukete. Brunetek uste du mobilizazioak «bihurgune bat hartu» behar duela, «gobernuak gibel egin» dezan.
Mugimenduaren hastapenetik ez zen gertatu, baina atzo Baionako Euskal Museoa hetsirik egon zen goiz osoan. Paola Ibañez museoko langileak azaldu zuenez, «lehen aldia da denek greba egiten dugula museoan. Goiz osoan itxita egon da museoa, denak manifestazioan garelako».
Black Rock jomugan
Baionako Herriko Etxera iritsi zen ibilaldia, eta berehala ekintza sinbolikoa egin zuten sindikatukideek banku eta asurantza etxeetan, Black Rock inbertsio funtsa hunkitzeko asmoz. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta Jean-François Cirelli Black Rock Frantziako zuzendariaren karikatura irudikatzen zuten billete faltsuak kolatu zituzten erakusleihoetan. Macron eta Black Rock galkatzen dira, ekin diezaiogun greba orokorrari irakur zitekeen afixetan. BNP, HSBC, Axa eta Frantziako Bankuaren bulegoetan jarri zituzten, besteak beste.
Izan ere, sindikatuek salatu zuten Black Rock inbertsio funtsaren «gomendioen araberakoa» dela Frantziako Gobernuak plantan ezarri nahi duen erreforma, eta «pentsioen kapitalizazioa» duela helburu. Black Rock da aktibo pribatuak kudeatzen dituen munduko funtsik handiena. Sindikatuen kezka da pentsiodunek erretreta «duinetara» iristeko asurantza pribatuetara jo behar izatea.
Bihar, 10:00etan, manifestazio intersindikala eginen dute Baionako geltokitik abiatuta. Pettan Aizagerre LABeko kideak, bestalde, Orain presoak lelopean iraganen den manifestazioan parte hartzeko dei egin zuen. «Garai hauetan borroka anitz eraman behar dira, eta denetan mobilizatuak egon behar dugu».



LABek azaldu zuenez, bi heriotza horien aurretik, 2020. urtea hasi denetik, beste lau lagun hil dira lanean ari zirela. Honako hauek dira: Gasteizen aldamiotik jausitako behargin bat; Jutsin (Nafarroa Beherea) fardo batek zapalduta hildako laborari bat; abenduaren 28an Bilbon in itinere istripu batean larri zauritu eta urtarrilaren 4an hildakoa; eta, azkenik, larunbatean Bilboko El Corte Inglesen lanean ari zela ondoezik sentitu ondoren hildako 47 urteko langile bat; horri buruz azalpenak eman ditu LABek: «Istripu hori lan karga handiko tarte batean gertatu zen. Lankideek larrialdietara joateko eskatu zioten, baina lan karga zela-eta bertan geratzea erabaki zuen». LABen arabera, «lan istripu guztien atzean erritmo azkarrak daude, presioak… eta, hainbatean, heriotzak eragiten dituzte. Kasu zehatz horretan, oso agerikoa izan da ondorio hori: luzatutako lanaldi batean gertatu da istripua, lan zentroa jada itxita zegoela; denda prestatu behar zuten hurrengo egunerako, merkealdirako».