Laboral Kutxaren inkestak dio litekeena dela makina are gehiago…
Aurreko adierazlearekin bat, eta 2020ko lehen hiruhilekoan espero den jardueraren bilakaera ikusita, %57k uste dute ez dela aldaketarik egongo, eta %10ek baino gehiagok, hobera egingo duela. Alabaina, %32,4k uste dute jarduerak okerrera egingo duela, eta portzentaje hori asko hazi da aurreko epealdiarekin alderatuz.
Erantzun horiek ikusita, zalantza bat sortu zaie Laboral Kutxako analistei: «Zer portaera izango dute saldutako kopuruek eta prezioek?». Hau da, fakturazioaren eta jardueraren inguruko aurreikuspenen oinarrian dauden gakoak zein norabide hartuko dute? Bada, kreditu kooperatibako adituek diote enpresen eskaera mailak okerrera egingo duela. Inkestari erantzun diotenen %55ek uste dute bolumenean ez dela aldaketarik egongo, eta %19k, erriz, hobera egingo duela. Enpresen %26k, ordea, eskaerek behera egingo duela diote.
Enplegua ere okerrera
Prezioei dagokienez ere, emaitzek okerrera egin dute: inkesta egin dutenen hiru laurdenek uste dute prezioek bere hartan jarraituko dutela lehen hiruhilekoan. Gainerako enpresen artean, %9,4k erantzun dute prezioak igo egingo direla, eta %16k, behera egingo dutela. Errentagarritasunaren inguruko aurreikuspenei dagokienez, enpresarien %64,3k uste dute «berdin» jarraituko duela; galdekatutako enpresarien %12,9ren iritziz, berriz, irabazteko marjina handiagoa izango da; eta %22,8k etekin txikiagoak espero dituzte.
Datu horiek guztiek islatzen dute litekeena dela 2019ko urte bukaera baino okerragoa izatea 2020ko hasiera; badirudi enpresek ez dutela asmorik ahalmen produktiboari eusteko, eta, azken finean, langileen kopurua handitzeko. Albiste txarrak dira enpleguarentzat. Enpresen %78,7k erantzun dute enpleguan ez dutela aldaketarik espero; %10,9k, lantaldea handitzeko «itxaropena» dutela, eta %10,4k, guztiz kontrakoa: murriztu egingo duela.
Inbertsioari dagokionez, berriz, enpresen %67k esan dute eutsi egingo diotela 2020ko lehen hiruhilekoan. Eta %14,4k espero dute bolumenak gora egitea. Horrenbestez, gainerako %8,5ek uste dute behera egingo duela.



