Athleticek 0-0 berdindu egin du Mallorcan, Espainiako Ligako 11. jardunaldian. Jagoba Arrasateren taldeak jokalari bat gutxiagorekin jokatu du 25. minutuaz geroztik, Samu Costa egotzi baitu epaileak. Horrek partidako plana aldatzera behartu du teknikari bizkaitarra, eta defentsako lanean jarri du arreta. Fin aritu dira lan horretan, eta Athleticek baloiaren jabetza izan duen arren, ez du lerro artean min egiterik lortu. Hala ere, bi gol egin dituzte zuri-gorriek, baina biak balio gabetu ditu epaileak. Mallorcatik urrun, Nico Williams eta Unai Simon protagonista izan dira neurketaren ordu berean. Gaur egin dute France Football aldizkariak banatzen duen urrezko baloiaren gala, eta izendatuen artean zeuden biak. Wiilliams Urrezko Baloia lortzeko hautagaien artean zegoen –hamabosgarren gelditu da saria lortzeko lehian–, eta Unai Simon, berriz, urteko atezainik onenaren sarirako zerrendan. Arabarra bigarren gelditu da Lev Yachin atezainaren izena daraman saria lortzeko lehian; Emiliano Dibu Martinezek irabazi du saria. Neurketari dagokionean, lehen minutuan aukera garbia izan du etxeko taldeak markagailuan aurreratzeko. Eskuin hegaletik abiadura bizian mugitu du baloia Mallorcak, eta Pablo Maffeok erdiraketa bikaina egin du areara. Dena alde zeukala egin du errematea Vedat Muriqi aurrelariak, baina Julen Agirrezabalak geldiketa ikusgarria egin du atepean, oinarekin. Gipuzkoarrak neurketa ikusgarria jokatu zuen iragan ostegunean, eta gaur ere ondo baino hobeto egin du bere lana. 23. minutuan gertatu da neurketa baldintzatu duen jokaldia. Samu Costak bigarren txartel horia ikusi du, Iñigo Ruiz de Galarrera zapaldu ostean. Neurketa hasi nerria zegoen, eta bi taldeak neurketari tamaina hartzen ari ziren oraindik. Bada, une horretatik aurrera guztiz baldintzatu du Arrasateren plana. Hamar minutu lehenago ere ia kalera joan da Costa bera. Jokaldi horretan ere Ruiz de Galarretari egin dio sarrera portugaldarrak, eta epaileak txartel horia erakutrsi dio. VOR gelan dagoen epaileak, ordea, pantailatxora joan zedin aholkatu dio epaile nagusiari, txartel gorria izan zitekeelakoan. Epaileak, ordea, ez du erabakia aldatu. Jokalari bat gehiagorekin baloiaren jabetza bereganatu du Athleticek, eta geroz eta aurrerago jokatzea lortu du pixkanaka-pixkanaka. Aurrerapausoa eman dute zuri-gorriek golaren bila, eta etxeko taldeari kosta egin zaio jokalari bat gutxiagorekin Costak utzi duen hutsunea betetzea. Gainera, atsedenaldia iritsi aurretik gola egitea lortu du Athleticek, baino baliorik gabe utzi du VAR-ak. Oso gutxigatik, baina baloia zelaitik irten da Iñaki Williamsek erdiraketa egin aurretik. Nahi eta ezin Bigarren zatian partidaren bila joan da Athletic, baina Arrasatereren armiarma sarearekin egin dute topo zuri-gorriek. Defentsako lanean ardaztu du bere jokoa Mallorcak, eta zailtasun ugari izan ditu Valverderen taldeak. Entrenatzaileak azkar egin ditu aldaketak, eta Berenguer eta Djalo bezalako jokalari bizkorrak sartu ditu, lerro artean ondo moldatzen direnak. Abiadura gehiagorekin mugitu nahi zuen baloia teknikariak, ez baitzuten irtenbiderik topatzen etxeko taldearen defentsa zabaltzeko. Minutuak aurrera zihoazen, eta zuri-gorrien erdiraketek ez zuten errematatzailerik aurkitzen. Halako batean, Iñaki Williamsek gola egitea lortu du, baina hori ere balorik gabe utzi du marrazainak. Iñaki bera jokoz kanpo zegoen erdiraketa egin dutenean. Zortea ere ez dute alde izan bilbotarrek. Urruneko jaurtiketekin izan du gertuen gola Athleticek. 82. minutuan langara bidali du baloia Nico WIlliamsek. Area ertzetik eskuadra bilatu du Williams anaietan txikienak, eta gertu izan du gola. Aldaratzea Bereneguerri iritsi zaio, baina gehiegi gurutzatu du errematea. Ander Herrera ere urrunetik saiatu da azken hatsean, baina erdilariaren erremate bortitza gutxigatik joan da kanpora. Mallorcak sufritzen jakin du, eta puntu baliotsua lortu du Arrasateren taldeak. Athleticek, berriz, aho zapore garratzarekin hartu du aldagelarako bidea.
Israelgo Parlamentuak (Knesset-ek) bi lege bat onartu ditu gaur UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari Israelen jardutea debekatzeko. Hortaz, NBE Nazio Batuen Agentzia horrek ezinen luke Gazako laguntza humanitarioaz arduratu, ezta zerbitzurik eman ere Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Adnan Abu Hasna UNRWAren hedabideetarako aholkulariak Al-Jazeera kateari adierazi dio «aurrekaririk gabeko» erabaki bat dela, eta horren ondorioz Gazako «prozesu humanitarioa eraitsi» egingo duela Israelek. Juliette Touma UNRWAko bozeramaileak, berriz, AFP agentziari esan dio «onartezina» dela «Nazio Batuen kide den estatu batek lan egitea Nazio Batuetako agentzia bat desegiteko, eta, gainera, agentzia hori denean Gazan laguntza humanitario gehienaz arduratzen dena». 1967ko hitzarmena bertan behera UNRWA 1949an sortu zuen NBEren Batzar Orokorrak, Israelgo Estatuaren aldarrikapenak eragindako palestinarren exodoari erantzuna emateko. Israelek, berriz, 1967an egin zuen akordioa UNRWArekin, Sei Eguneko Gerran Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu ondotik, agentzia arduratu zedin palestinarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeaz. Orain, Knesset-ek bertan behera utzi du hitzarmen hori. Atzerritik Gazara edo Palestinako lurralde okupatuetara iristeko bide bakarra Israeletik joatea da. Knesset-ek onartu dituen legeekin, ordea, UNRWAko langileei bisak ukatuko dizkiete. Adalah Israelgo giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, hiru hilabeteko epean sartuko dira indarrean gaur onartu dituzten legeak. Hilabete honetan urtebete egin du Israelek Gazaren kontrako gerrari ekin zionetik, eta palestinarren genozidioa hasi. Hamasek eta beste milizia batzuek Gazatik atera eta Israelen egin zuten eraso bati eman zion erantzuna izan zen. 1.200 israeldar inguru hil zituzten miliziek iazko urriaren 7an; Israelek, berriz, ia 43.000 palestinar hil ditu Gazan orduz geroztik, eta lurraldeko azpiegitura zibil ia osoa suntsitu du. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak aspalditik begietan hartua du NBE, eta, bereziki, UNRWA, palestinarrei ematen dien laguntzarengatik —zuzenean Hamasi laguntzea leporatzen die Netanyahuk—. Agentziaren kontrako gurutzadan orain arte hartu duen neurririk larriena da gaurkoa.
Bereziak dira astelehenak Gernikan (Bizkaia), azokagatik, baina, gaurkoak, hozkailua betetzeko aukera emateaz gain, jairako gonbita ere egin du. Eguraldia lagun, 241 postuk eta milaka bisitarik bete dituzte Gernikako kaleak urriko azken astelehena aitzakia hartuta. Barazkiak, ama orez egindako ogia, kontserbak, txakolina eta sagardoa, eztia, euskal pastela, gazta… Jendetza bildu da horien inguruan, baina are gehiago talo postuen eta txosnetako barra likatsuen aurrean. Azoka izaera hori galdu dutela nabarmendu dute kantuan Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek, eguerdian Merkurio plazan egindako bertso saioan. Hauxe bota du Lizasok: «Zeinen ugari dauka Gernikak/ ia urteroko zita/ ta lehen gehienak gero etxerantz/ baina zerbait erosita/ pentsatzen nago jende gehiena/ esku hutsik ikusita/ asko eta asko etortzen dela/ kartera etxean utzita». Enbeita muxikarrak ere (Bizkaia) antzeko iritzia du: «Lehen azokan kontau deuskue/ gaur deitziela iritzi/ paseanteak badabiltzala/ baina erosleak gitxi». Gernikako azken asteleheneko azoka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU «Lehen, azoka izaten zen. Gaur egun, azoka baino gehiago jaia da, jendea egun-pasa etortzen da», esan du Iñigo Aurtenetxek. Erreminten familia negozioarekin joan da. Baserrirako eta baratzerako erremintak saltzen dituzte, eta aldaketa esanguratsua nabari du aitarekin joaten hasi zen urteak eta gaur egungoa konparatuta. «Lehen, soroko makinak, traktoreak, motozerrak eta horrelakoak saltzen genituen; gaur egun, jende gutxik du baserriko edo soroko bizimodua. Lorategiak zaintzeko tresnen bila etortzen dira gehiago». Azoka, beraz, moldatu egin behar izan dute, eta, duela bi urtetik, belarra mozteko robot autonomoa dute «produktu izarra». Onartu duenez, azokan jostailuzko lanabes asko ere saltzen dituzte: motozerrak, sasi garbitzeko makinak, motorrak… Umeei baserriko lana ezagutarazteko plastikozko edo egurrezko makinak dira, gezurrezkoak. «Lehen, soroko makinak, traktoreak, motozerrak eta horrelakoak saltzen genituen; gaur egun, lorategiak zaintzeko tresnen bila etortzen dira gehiago» IÑIGO AURTENETXE Aurtenetxe erreminten familia negozioaren kudeatzailea Benetako nekazariak horren alboko kaleetan izan dira. Barazki postuen kopurua erdira jaitsi da iaztik: 25etik 13ra. Halere, «dena saltzea» espero du Isabel Abajo baserritarrak. Astelehenero jartzen du bere fruta salgai Gernikan, baina gaur «askoz ere kilo gehiago» ekarri ditu Gatikatik (Bizkaia). Aitortu du «urte txarra» izan dela sagar uztarentzat, abuztuko bero boladek hostoen itzalpean ez zeuden loreak erre baitzituzten, baina berak «zorte handia» izan duela dio, «nahikotxo» batu duela. Oihane Ojangurenek «pila bat» nabaritu du sagarrarentzat eta mahatsarentzat urte txarra izan dela. Hala ere, moldatu dira hiru txakolin mota —zuria, gorria eta beltza— eta sagardoa eramateko, eta zerbitzatu eta zerbitzatu dabiltza. Asier Lizarralde elgoibartarrarentzat (Gipuzkoa) «urte ona» izan da, eta, hamabost sagar mota nahastuta egindako sagardoa eta zukua ditu salgai. Azken hiru urteetan izan da urriko azken asteleheneko azokan, eta «bezeroak fidelizatzeko» leku aproposa deritzo urriko azken asteleheneko azokari. Ane Miren Arejita gernikarrak lanean jai hartu du, «batez ere, produktu batzuk erosteko, zeozer hartzeko eta taloak probatzeko». Talorik «onena» zein den erabakitzea izaten dute urtero denbora-pasa egun horretan. Txikitatik bisitatu du urriko azken asteleheneko azoka, eta nabaritu du azken urteetan ez dagoela hainbeste postu. Hala da: iaz, 307 izan ziren, eta, 2022an, 293. «Egia da, beharbada, jendea gehiago datorrela ikustera, eta ez hainbeste erostera», iritzi dio Arejitak. Hori dela eta, bera bertan kontsumitzen saiatzen da, «hurbileko» produktuak bultzatzeko. «Egia da, beharbada, jendea ikustera datorrela gehiago, eta ez hainbeste erostera» ANE MIREN AREJITAGernikarra Poztuko zatekeen Onintza Enbeita adierazpen horiekin; izan ere, tokiko salgaiak gutxiago saltzen direlako kezka adierazi du bertsotan, baina ez umore barik: «Jendea falta jaku/ hor astelehenero/ neguan hotza dago/ eta udan bero/ jendea galduko da Mercadonan gero/ egindako tortillak erosteko edo». Bertakoak eta inguruko udalerrietakoak izan dira Gernikan, astelehena laneguna izan arren. Bilboko euskaltegi batetik, Merkurio plazatik kuadrillatan sakabanatu den talde handi bat gerturatu da bertso saiora, eta, horren ostean, «taloak jatera» joango direla argi dute. Artearentzako esparrua Arteak ere bere plaza izan du. Zehazki, 54 artisautza postu izan dira Pasealekuan, artearen bidez ekoitzitako hainbat motatako produktuekin: oihalezko poltsak, haur eta helduentzako arropa, diseinatzaile koadernoak, apaingarriak eta egurrezko eskulturak, besteak beste. Itziar Mielgok egurrari forma ematen lan egiten du: argizaiolak, koilarak, eskulturak, belarritakoak eta beste hainbat produktu ekoizten ditu zuretik abiatuta. Ixiart proiektu artistikoaren parte dira denak, eta Beintza-Labaienetik (Nafarroa) etorri da horiek «ezagutaraztera». Bigarren urtea du urriko azken asteleheneko azokan; gero eta azoka gutxiagotara joaten da, baina Gernika «plaza berezia» dela aitortu du; aurretik ere etortzen zen, «baina ez saltzera», aitortu du, barrez. Gernikako azken asteleheneko azokako artisau postu bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Egoitz Mendinueta bergararrak ere (Gipuzkoa) kokatu du azokan bere marka artistikoa: EM Zirrimarra. Bere ilustrazio propioak, «naturan eta musikan inspiratutakoak», euskarri koloretsuetan estanpatzen ditu, bai kamisetetan, bai biseretan, bai koadernoen azaletan. Aldarrikapenen bat Gernikako urriko azken azokaren izaera aldatzen ari dela nabarmendu dute bertsolariek, saltzaileek, bisitariek eta bertakoek. Horrek eklipsatu ditu Gernikako azokak jomugan dituen beste auzi garrantzitsu bi. Hain zuzen ere, bertsolariek, puntuka, ez dute galdu Guggenheimek Urdaibain duen plana kritikatzeko abagunea. Beste hitz batzuetan, Enbeitak bertako ekosistemen inguruko kezka adierazi du: «Lur danak emon dira/ eukaliptorako», eta Egañak erantzun: «ta sobrante zeudenak/ Guggenheimentzako». «Txosna eskaparate ona da erakusteko zelan kolaboratzen dugun guk herriarekin, eta herriak gurekin» MIKEL BILBAOGernikako errugbi taldeko presidentea Azokaren beste zutabeetako bat txosnak dira. Seber Altube ikastolak, atletismo taldeak, motorzaleek, Gernikako futbol taldeak eta beste hainbat elkartek jartzen dute. Gernikako errugbi taldeak duela 40 urte jarri zuen lehen txosna, udalak eskatuta, eta, ordutik, ohiturari eutsi dio. Diru apur bat lortzeko aukera ona dela deritzo Mikel Bilbao taldeko presidenteak. «Batez ere, erakusleiho ona da», azaldu du, «erakusteko zelan kolaboratzen dugun guk herriarekin, eta herriak gurekin».
Sendotasunez, eta seriotasunez. Horrela irabazi du Osasunak Donostian Realaren kontrako gaurko derbia. Bi gol bikain sartu dituzte gorritxoek, eta zuri urdinak ez dira gauza izan gol aukera argirik sortzeko. 16 minutuan txartel horia atera diote Orozi, Barrenetxeari eginiko falta batengatik. Osasunaren gola egin du Lucas Torrok 22. minutuan. Nahaste bat egon da Relaren arean, eta Bryan Zaragozak emaniko baloia Remiroren ateko ertz batetik sartu du, buruz. Rela Osasuna estutzen saiatu da ostean. 21. minutuan Barrenetxeak tiro egin du arearen ataritik, baina goregi bota du baloia. Txuri urdinen bigarren saioa heldu da 32. minutuan, baina Sergio Herrera atzain gorritxoak Aguerden burukada gelditu du. Realaren erasoaldiak, Osasunaren kontraerasoetarako aukera zabaldu du. Eta horietako batean, 33. minutuan, Budimir kroaziarrak ez du barkatu. Zaragozak emaniko pilota bat ezkerrarekin jo eta txuri urdinen atean sartu du. Nafarren aldeko 0-2ko emaitzarekin joan dira taldeak aldageletara, epaileak erabakitako lau minutuko luzapena amaitu ostean. Bigarren zatiaren hasieran Take Kubo izan da protagonista nagusia. Osasuna abantaila defendatzera atera da, eta, normala denez, Realak erasora jo du, golaren bila. Kubo etengabe aritu da erasoaldian, eta 57. minutuan gola egiteko zorian izan da. Ezkerrarekin sekulako baloia bidali du Herreraren aterantza, baina atezain gorritxoak desbideratzea lortu du, eta kornerrera bidali du. Baina Osasunak jarraitu du kontraerasoan bikain jolasten. 64. minutuan urrezko baloi bat eman dio Orozek Budimirri, eta kroaziarrak lortu du ezkerrarekin gogor ostikatzea, baina apur bat bortxaturik heldu denez, baloia kanpora joan da. Edonola ere, aski izan da hori txuri urdinak ohartarazteko gorritxoak ez daudela erabat defentsan murgilduta, eta oraindik atera zezaketela eztena, are eta min handiagoa egiteko etxekoei. Bigarren zatiaren erdia igarota, markagailua iraultzeko aukera gero eta zailago ikusi du Imanol Alguacil donostiarren entrenatzaileak, eta taldeari erabateko astinaldia ematea erabaki du. Backer, Sadiq eta Turrientes hiruak batera zelairatzea erabaki du, Oiarzabal, Barrenetxea eta Sucicek ordez. Mintu batzuk geroago (77′), Aramburu aldageketara bidali du Imanolek, eta Odriozola zelarairatu du. Izan ditu aukera Realak, baina ez du asmatu. Braisek baloi bat hodeietara bidali du. Osasunak, berriz, jarraitu du kontraerasoan ausartzen, Budimirren boten bila. Osasunak erabaki du orduan emaitza defendatzea kosta ahala kosta, eta Budimir erretiratu du 88. minutuan, eta Raul zelairatu du. Ikusmina piztu du orduan epaileak Osasunaren aurka ebatzitako penaltia. Aresok Braisi arean heldu diola ikusi du epaileak hasiera batean, baina irudiak kontsultatu ostean, halakorik ez zegoela erabaki du. Minutu bateko luzapena, eta amaitutzat eman dute euskal derbia.
Jokin Altunak egin du lehenengo sakea Gasteizko Ogeta pilotalekuan, lau eta erdiko txapelketako partidan, eta ez du aukera galdu. Txokoan engainatu du Erik Jaka lehenengo tantoan. Hurrengoan saiatu da Jaka mendekua hartzen, baina pilotak kanpoko marra zapaldu du. Berriz egin du huts Jakak leku berean, eta hirugarren puntua egin du Altunak. 5-0 jarri da Altuna, eta Jakaren jokoak baino, berak eginiko hutsak moztu dio bolada. Edonola ere, Jakak ez du lortu sakeari esker jokoa bere alde jartzea, eta Altunak berehala berreskuratu du partidaren kontrola. 7-2ko markagailuan sartu da Jaka lehenengo atsedenaldian. Jakak aukeraturiko pilota batekin ekin diote berriz partidari, baina ezin izan da horretaz baliatu. Tantoa egin du gero, baina, aurrekoan bezala, bakarrik Altunak huts egin duenean. Deseroso sumatu da Jaka une oro, eta erraztasun handiz Altuna. 12-3 jarri da, berriz zokora bidalitako pilotakada batekin. Pilotakada bikain batekin, txapagainetik motz utzi du pilota bat altunak, eta 11 tantoko aldea kendu dio Jakari (15-4). Bere seigarren tantoan lortu du, azkenean, Jaka sakearen abantailaz profitatzen. Baina Altunak ez du inoiz galdu jokoaren kontrola. Behin eta berriz baliatu da txokoaz Jaka lekuz kanpo uzteko. Edonola ere, horma biko bikain bat sartu dio lizartzarrak amezketarrari (17-7). Hurrengo tantoan mendekua hartu du Jakak, Altuna txokoan ezustean harrapatuta. Pareta biko eder batekin ere lortu du Altuna lekuz kanpo uztea, baina ordurako ez zegoen buelta ematerik abantailari. Azkenean, 22-9 utzi du Altunak Jaka, erta emaitzak ondo islatzen du partidan egon den jokoa. «Ez dago erlaxatzerik, oraindik ez nagoelako sailkatuta», adierazi du Altunak partidaren amaieran. Finalerdira pasatzeko matematikoki sailkatuta da, Altuna, baina badago huts egiteko aukera txiki bat. Zubizarretaren kontra alde handiarekin galdu beharko luke ez sailkatzeko. Larunbatean jakin zen nor izango zen lau eta erdiko pilota txapelketako finalerdietako faseko lehen protagonista: Peio Etxeberria. Unai Lasoren aurka aritu zen Zenozko (Nafarroa) pilotaria Iruñean, ligaxkako bigarren jardunaldian. Etxeberria 22-19 nagusitu zen, eta finalerdietarako aukera ere ziurtatu zuen. Lasok, ordea, hirugarren jardunaldira arte itxaron beharko du jakiteko hurrengo fasean egongo den. Talde bereko beste partida jokatu zuten aldi berean Bilbon. Horretan, Aitor Elordi nagusitu egin zitzaion Jon Ander Peñari, 22-21. Beraz, Peña II.a txapelketatik kanpo geratu da lehen bi partidak galdu dituelako. Finalerdietarako sailkatzeko saioa Elordiren eta Lasoren artean jokatuko dute. Ostiralean, lehen taldean, Iraitz Zubizarreta 22-18 nagusitu zitzaion Iñaki Artolari.
Jendetza batu da gaur Donostian Elkartasunari debekurik ez lelopean eginiko manifestazioan, Udalak Egiako afari solidarioak debekatu izana salatzeko. Milaka pertsona bildu dira abiapuntuan, Egiako Blas Otero plazan. «Faxistak kanpora» ohikatuta egin dute aurrera hiriaren erdialdera. Amaieran, udaletxearen aurrean bildu dira, Alderdi Ederren. Han, esan dutenez, «ezinbestekoa da antolakuntza antifaxista indartzen jarraitzea». Jendetza Egian, ‘Elkartasunari debekurik ez’ lelopean. Hasi da manifestazioa Blas de Otero plazatik, arrazakeriaren eta faxismoaren kontra. Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu Egian aste honetan. pic.twitter.com/Pb2GHQWCzs — Gedar.eus (@GedarLangileKZ) October 27, 2024 Ika-mika handia sortu du Gipuzkoako hiriburuan EAJ-PSEren esku dagoen udalak aste honetan harturiko erabakiak. KAS Kaleko Afari Solidarioak boluntario talde bat da eta misio batekin egin du lan azken urteotan: kalean bizi edo baliabiderik ez dituztenei egunean otordu bat eskaintzea. Lau urtez egin dute lan horretan Donostiako Egia auzoan, arazorik gabe, baina joan zen astelehenean, PPko zinegotziak buru zituen talde batek elkarretaratze bat egin zuen janaria banatzeko lekuan, «segurtasun» eske. Afari solidarioak eta auzoan azken urteotan eginiko lapurretak lotu nahi izan zituzten elkarretaratzearen antolatzaileek. Ertzaintzak ekimen solidarioari sostengua adierazteko bilduriko hainbat herritar identifikatu zituen. Hurrengo egunean, «segurtasun arazorik izan ez dadin», Egian otorduak banatzea debekatuta zutela jakinarazi zion Udaltzaingoak boluntarioei. Ostegunean bilkura egin zuten, debekua salatzeko, eta jana partitzen jarraituko zutela adierazi zuten KASeko kideek, horretarako beste leku bat bilatuta. [articles:2132543]
Hego Euskal Herriko autobus gidariak grebara deituta daude 2024ko urriaren 28an. % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak Euskadin, eta % 40koak Nafarroako Gobernuak. CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute lanuztea.
Lan-istripua 11:13an gertatu da, Belosoko aldapan, Amaya Kirol Elkartearen parean. Bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia batek Unibertsitate Ospitalera eraman du langilea, politraumatismoak baitzituen. Pronostiko erreserbatua du.
Burumakur dago Alaves. Indartsu hasi zuen denboraldia, baina galdu besterik ez du egin Sevillari irailaren 20an irabazi zionetik. Logikotzat jo daiteke Real Madrilen eta Bartzelonaren aurka punturik ez biltzea. Getaferen zelaian estropezu egitea ere ez da hondamendia. Ordea, azken bi partidetan oso kolpe mingarriak jaso dituzte arabarrek. Valladolidek ezustean harrapatu zituen Mendizorrotzan, eta gaur ez dira gai izan Rayori irabazteko, ordubetean baino gehiagoan kopuru nagusitasuna izan arren. Hori gutxi ez, eta 80. minutuan bere atean sartu du baloia Siverak, geldiketa salbatzailea egin ondoren. Zerraldo erori da Alaves, eta esku hutsik gelditu bosgarrenez jarraian. Zulo beltzak guztiz irentsi du Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldea. Oso apal dabil jokoz nahiz aldartez, eta zortea ere kontra dauka. Argi izpi batzuk agertu dira 20. minutuan, Rayo jokalari bat gutxiagorekin gelditu baita. Muminek sarrera baldarra egin dio Toni Martinezi, eta epaileak, errepikapena VAReko pantailan ikusi ondotik, aldageletara bidali du Rayoko atzelaria. Ordea, Alavesek ez du abantaila baliatu. Nekez artegatu du etxeko taldea. Bosteko lerroarekin zelairatu da, defentsan sendoago aritu eta kontraerasoan jokatzeko asmoz. Alabaina plana aldarazi dio Muminen txartel gorriak. Halabeharrez, jokoaren ekimena bere gain hartu behar izan du, eta ez da eroso sentitu. Rayok erraz eutsi dio, eta kolpe zitala eman neurketa bukatzeko hamar minutu falta zirela. Berandu iritsi da etxekoen gola, baina neurketaren hastapenean ere aukera onak izan dituzte. Gogor oldartu zaizkie arabarrei, batez ere hegaletatik sartuta. Zuloak errazegi aurkitu dituzte Garcia Plazaren apustu berritzailean. Alavesi ez zaio nabaritu normalean baino atzelari bat gehiagorekin ari zenik. Sivera arriskua usaintzen hasia zen, eta Isi Palazoni buruz buru gailendu zaio. Zelaiaren beste muturrean, aldiz, belarra zapaldu gabe zegoen oraindik. Toni Martinez izan da jokoa pizten saiatu den bakarra. Eta hark behartu du, hain justu, Muminen txartel gorria. Baloia bere egin du korrikaldi bizi batean, eta aterantz zihoala, lurrera bota du Rayoko atzelariak. Gauzak hala, lauko lerroa berrezarri du Garcia Plazak. Ez da atsedenaren zain gelditu, eta Jordan sartu du zelaian, baloiarekin argitasun handiagoa izateko. Santiago Mouriño izan da kaltetua; oso haserre eseri da aulkian. Hortik tarte batera, Alaveseko teknikaria ernegatu da, Sivera behin eta berriz luze ari zelako jokatzen. Jokalariek baloia pazientziaz mugitzea nahi zuen. Alabaina, Alaves katramilatu egin da joko estatikoarekin. Amaieran, korderik gabe Gasteiztarrek bestelako bizitasuna izan dute atsedenaren ondoren. Toni Martinezek ekinean jarraitu du, eta piztu egin da Carlos Martin, baita Carlos Vicente ere. Hain justu, Vicente 0-1ekoa egiteko zorian izan da 58. minutuan. Bakarrik gelditu da Battagliaren aurrean, baina azkarregi jaurti du, urduritasunaren ondorioz, eta ezin izan du atezaina gainditu. Lehenago, Jordanek erremate indartsua egin du area ertzetik, baina atzelari batek desbideratu du. Eta gero, Martinek kanpora jaurti du, area barruan bi aurkariri izkin egin ondotik. Soka bere aldera ari zen ekartzen Alaves, eta nekatzen hasia zen Rayo. Haatik, etxekoek zutik iraun dute, eta Alaves jota utzi dute kontraeraso batean. Gumbauren erremate itzela gelditzeko gai izan da Sivera, baina baloiak, langan jo ostean, eskuan eman dio, eta ate barruan bukatu du. Arabarrak guztiz etsita gelditu dira, eta ez dute suspertzeko imintziorik ere egin.