Arabako Auzitegiak itxi egin du Hiriko-ren arduradunen aurkako zigor…
2017ko abenduan, Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Auzitegiak Hiriko-ren proiektuaren porrotaren erruduntzat jo zituen Jesus Etxabe, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoetxea eta Fernando Atxaerandio enpresaburuak. Afypaida enpresaren lau administratzaileak ziren, hau da, Hiriko auto elektrikoa bultzatzen zuen elkartearen arduradunak.
Hiriko-k 17 milioi eurotik gorako laguntza publikoak jaso zituen, batez ere Espainiako Gobernuaren aldetik, eta fiskalak diru horretaz jabetzeko engainua leporatu zien. Epaileak, ordea, ez zuen bat egin tesi horrekin, eta eragiketa bakarra iruditu zitzaion zigortzeko modukoa: Epsilon prototipo bat erosi izana. Operazio horrek Hiriko-ren porrota bizkortu zuela iritzita, hartzekodunei 530.000 euro ordaintzera zigortu zituen lau enpresaburuak.
Ibilgailu elektriko bat eta hiri mugikortasunerako proiektu bat garatzea zen Hiriko-ren helburua, eta Euskal Herrian osorik ekoiztea. Horretarako, lau sustatzaileek Afypaida irabazi asmorik gabeko elkartea sortu zuten. Auto elektrikoak etorkizunean pisu handia izan zezakeela ikusten zen Hiriko bultzatu zutenean, 2010. urtean, eta administrazioek proiektua babestu zuten. Diru gehien, 14,7 milioi euro, Espainiako Gobernuak jarri zuen, PSOEk eta EAJk lortutako aurrekontu akordioei esker. Antia EAJko zinegotzia izan zen, eta alderdi horretatik gertu dago Etxabe ere.
Baina babes publikoa ez zen nahikoa izan Hiriko-k aurrera egiteko, eta 2013an porrot egin zuen saioak, prototipoa artean homologatzeko zegoela.
Finantzaketa ia osorik publikoa izan zenez, akusatuek oso diru gutxi jarri zutenez eta autogintzan esperientzia ez zutenez, diru laguntza publikoak jasotzeko amarru bat zela ondorioztatu zuen fiskaltzak, eta sei delitu leporatu zizkien auzi penalean. Estatuaren abokatuak 6,4 milioi eurora mugatu zuen desbideratzea; defentsek, berriz, deliturik ez zela izan esan zuten. Arabako auzitegiak ebatzi du delitu zantzuak badaudela, baina ez direla nahikoa inputazioei eusteko, eta «ahulak» direla akusatuen aurkako frogak.