Kutxabank taldeak 148,9 milioi euroko irabaziak izan ditu 2025eko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berean baino % 24 gehiago. Aurreko urtean baino % 23,2 gutxiago ordaindu du zergetan (52,6 milioi) eta horrek eragin du, batez ere, irabazien igoera.
Athleticek sekulako balentria egin beharko du Europa ligako finala jokatu nahi badu. Talde zuri-gorriak 0-3 galdu du gaur San Mamesen, Manchester Uniteden aurka, finalerdietako joaneko partidan. Beraz, ia ezinezko du ametsa betetzea: hilaren 21ean berriro San Mamesen aritzea, titulua jokoan dagoela. Ingalaterrako taldeak kolpeka esnarazi du amets horretatik. Zuri-gorriek handia egin beharko dute datorren ostegunean, Old Trafforden, itzulikoan. Gaur ez da egon titulurik jokoan San Mamesen, baina berdin izan dio horrek, eta beste behin, sekulako giroa egon da. Dena zegoen prest beste gau eder bat izan zedin. Athleticek oso gutxitan egiten du huts horrelakoetan. Europa ligan, irabazi egin zituen aurretik jokatutako zazpi neurketak. Horri esker iritsi da horren urrun. Gaur, ordea, kale egin du, noiz eta garairik okerrenean. Partida oso gaizki amaitu da zuri-gorrientzat, baina, hasi, beti bezala hasi da: Athleticek indar betean ekin dio, presio estua eginez eta erritmo bizian jokatuz. Baina sustoa hartu du hasi eta gutxira: laugarren minutuan, Garnachok gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Sustoak ez ditu etxekoak kikildu, eta hiru aukera izan dituzte hurrengo minutuetan: aurrenekoan, Onanak gelditu egin dio jaurtiketa Berenguerri; bigarrenean, Iñaki Williamsek gutxigatik errematatu du buruz kanpora Berenguerren erdiraketa; eta, hirugarrenean, Lindelofek ate azpitik urrundu du Berenguerren jaurtiketa. Penaltia eta txartel gorria Athletic Manchester United sufriarazten ari zen, baina partida joan-etorrikoa zen, eta bisitariek bizi-bizi egiten dute aurrera aukera zutenean. Hala, ordu erdia betetzear zela, Maguirek eskuinetik erdiratu du baloia, Ugartek buruz ukitu du, eta Casemirok sareetara errematatu du buruz. Lehen aukera garbi-garbian sartu dute gola bisitariek. Gola kolpea izan da etxekoentzat. Baina okerrena iristeko zegoen: hurrengo jokaldian, Mazrauik eskuinetik erdiratu du, Vivianek Hojlundi heldu dio, eta aurrelaria lurrera erori da. Epaileak ez du ezer adierazi, baina penaltia adierazi du gero jokaldia telebistan ikusi ondoren. Hori gutxi ez, eta txartel gorria atera dio Viviani. Oso zorrotz jokatu du epaileak Athleticeko atzelaria kanporatuta. Bruno Fernandesek bota du penaltia, eta ez du huts egin. Zazpi minutu eskasean bi gol jaso ditu Athleticek, eta epaileak jokalari bat kanporatu dio. Egoera kritikoa zen, etxekoak jota baitzeuden. Gerta zitekeen onena lehen zatia amaitzea zen. Baina Manchester Unitedek hirugarren kolpea eman die. 45. minutuan, Ugartek orpoz eman dio pasea Bruno Fernandesi, eta hark maisuki sartu du gola, Arrizabalaga gaindituz. Ordu laurden eskasean sekulako triskantza eragin dio Manchester Unitedek Athletici. Okerragoa izan zitekeen, Mazrauik langara bota baitu baloia lehen zatiaren azken jokaldian. 0-3 amaitu da lehen zatia. Zaleek sekulako txistukada jo diote epaileari. Partida ia erabakita zegoen, baina 45 minutu falta ziren. Aldea ahalik eta gehien murrizteak izan behar zuen etxekoen helburua, gutxienez itxaropenari eusteko. Horretan saiatu dira, baina alferrik. Are gehiago, aukerarik garbiena Manchester Unitedek izan du, 64. minutuan, baina Casemiroren jaurtiketa langara joan da. Aurretik, jokaldi polemikoa izan da, Maguirek heldu egin baitio Maroani arean, baina lehen zatiko jokaldiaren antzekoa izan arren, ez epaileak, ez VAR-ak ez dute penaltia izan dela ebatzi. Horrek etxekoen haserrea handitu du. Amaieran berriz utzi dute argi: txalo zaparrada jo diote euren jokalariei, eta txistukada epaileari. ATHLETIC-MANCHESTER UNITED Athletic. Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 42. min.), Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar, Ruiz de Galarreta (Prados, 46. min.); Williams (Djalo, 87. min.), Berenguer (Paredes, 42. min.), Nico Williams (Unai Gomez, 79. min.); eta Maroan. Manchester United. Onana; Mazraui (Shaw, 74. min.), Lindelof, Yoro, Maguire (De Ligt, 65. min.), Dorgu (Diallo, 84. min.); Ugarte (Mount, 65. min.), Casemiro; Bruno Fernandes, Hojlund eta Garnacho (Mainoo, 84. min.). Golak. 0-1: Casemirok (30. min.). 0-2. Bruno Fernandesek, penaltiz (37. min.). 0-3. Bruno Fernandesek (45. min.).
Elkarrengandik urrun daude ELA eta LAB, baina gaur egun bada bi sindikatu subiranistak lotzen dituen zilbor heste bat: Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzearen aldeko borroka. Lan urtea baldintzatuko du eskaera horrek, eta bi sindikatuek lehen lerrora ekarri dute Maiatzaren Leheneko manifestazioetan. Lehen lerrora bakarrik ez, pankartetara ere bai: ELAk Gutxieneko soldata hemen erabaki lelopean egin du manifestazioa, eta LABek, berriz, Patronala esplotatzailea! Langileen alde. Gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki zioen mezuaren atzean. Mobilizazio jendetsuen eguna izan da Bilbon. Maiatzaren Leheneko jaiegunak zubia osatzeko aukera ematen duen aldiro, deitzaileak urduri egoten dira, baina aurten hala ELAk nola LABek itxura oneko manifestazioak osatu dituzte Bizkaiko hiriburuan. Biek, gainera, eguna baliatu dute jakinarazteko jada martxan dela beste sindikatu batzuekin abiatu duten herri ekinaldi legegilearen aldeko sinadura bilketa. Ekinaldi horren bitartez, Eusko Jaurlaritza behartu nahi dute soldata propioa zehazteko behar dituen eskumenen transferentzia eskatzera. 10.000 sinadura behar dituzte tramitea osatzeko, baina askoz gehiago biltzea da asmoa. «Lehendakariak uste du gutxieneko soldata igo behar dela? Eta hemen erabaki behar dela? Erantzuna baiezkoa bada, lanean hasi beharra dauka, eta patronalari exijitu behar dio negoziatzera esertzea»MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia ELAk sinadurak biltzeko mahaia jarri du Bilbon, eta handik pasatu da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia Jesusen Bihotzaren aurrean jarritako oholtzara igo aurretik. «Hau hasi baino ez da egin. Gutxieneko soldata propioa Euskal Herrira ekartzea lehentasunezkoa da ELArentzat», nabarmendu du, eta galdera zuzena egin dio Imanol Pradalesi: «Lehendakariak uste du gutxieneko soldata igo behar dela? Eta hemen erabaki behar dela? Erantzuna baiezkoa bada, lanean hasi beharra dauka, eta patronalari exijitu behar dio negoziatzera esertzea». Lakuntzak onartu du ez dela «aliantza sindikaletarako garairik onena», baina gutxieneko soldataren alde abiatutako borroka goratu du. Karga politiko handiko hitzaldia izan da , eta salatu du soldata propioa ezin lortzearen arrazoia zera dela, Hego Euskal Herriko lan erregulazioa Madrilen erabakitzen dela, eta EAJ, PSE eta EH Bildu ez dituela menpekotasun hori konpontzeko bidean ikusten: «Bitartean, Gasteizen, hiru indar politiko nagusiek estatutua erreformatzeko balizko kontsentsu baten berri ematen dute. Baina zertarako balio du estatutu berri batek ez baditu bermatuta egunerokoari eragiten dioten auzien gaineko eskuduntzak?». ELAk Bilbon deituriko Maiatzaren Leheneko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU Nazioartera begira ere jarri da, eta kritikatu egin ditu hala egun munduan zabaltzen ari den militarizazio prozesua nola NATOk harengan duen eragina. Eragin hori Euskal Herrian ere nabari dela esan du, eta «bereziki larria» dela Pradales eta Maria Txibite lehendakariek «desbide militaristari» babesa eman izana: «Nola da posible armagintza politika lehentasuna izatea milaka pertsona etxebizitza eskuratzeko aukerarik gabe dauden honetan?». Azkenik, industria politika baten premia ere azpimarratu du, eta adierazi ELAk hura aldatzeko planteamendu oso bat aurkeztu diola Eusko Jaurlaritzari. Haren bi zertzelada azaldu ditu: 2.300 milioi euroko funts publiko bat sortzea eta BGAEen funtsak inbertitzeko baldintza zehatzak proposatzea. «Langileek bermatuta eduki behar dute parte hartzeko aukera, eta ekoizpenak herrialdean errotuta egon behar du», esan duenez. ELAren manifestazioak Kale Nagusi osoa gurutzatu du, Plaza Biribileraino, eta indarrean dituzten borroka guztien pankartak eraman dituzte. Anekdoten bilduman sartzeko modukoa da azken txanpan ELAren martxa hamar minutuz geldirik egon behar izana LABekoak Plaza Biribila beste norabide batean gurutzatzen zuen bitartean. Koordinazioan behintzat badute zer hobetua bi sindikatuek. LABek gorazarre egin die pentsiodunei LABek Bilbon egindako manifestazioko pankartaren atzean zihoan Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, eta hark egin du amaierako hitzaldia, udaletxeko eskaileretan —LABek Donibane Garazi ez beste hiriburu guztietan eta Tuteran (Nafarroan) antolatu ditu manifestazioak—. Lakuntzarenaren antzeko auziei heldu die: soldata propioa, burujabetzaren beharra langileei mesede egiteko, inperialismoaren suspertzea, industria politika… Bien arteko alderik handiena zera izan da, ezker abertzale politikoa kritiketan sartu ala ez. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra, Bilboko manifestazioaren amaierako ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU Arroyok azaldu du pentsio eta soldata propioen aldeko borroka historikoa dela, eta denentzat bizi baldintza duinak lortzea dela haren muina. «Klase elkartasuneko printzipio bat da, ez dugu inor atzean utzi nahi, eta, alde horretatik, pentsiodunen mugimendua txalotu nahi dugu», nabarmendu du. Soldata propioa lortzeko bi bideak goraipatu ditu: HELa batetik, zeina «sinadura bilketa erraldoi» batekin hauspotu nahi baitute, eta negoziazio kolektiboa bestetik. Negoziazioaren esparrua hizpide hartuta, gogor kritikatu du Confebasken jarrera, eta esan erakunde publikoetatik baliabideak eta aitortza «jaso eta jaso» baino egiten ez duen «parasito bat» dela: «Argi gera dadila ez dugula zuen ezezkoa onartzen. Zuen hipokrisia salatuko dugu, eta aurrean izango gaituzue». «Jaurlaritzak industria plana azpikontratatu behar izan du. Deigarria da kudeaketan hainbeste urte eman ondoren hori egin behar izatea: dirudienez, ez dakite industria planik egiten» IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra Nazio aitortzaren arloan eta erabakitzeko eskubidearenean ematen ari diren pausoak aipatu ditu. Esan du «estatu tresnak» beharrezkoak direla politika propioak egin ahal izateko; are, adierazi du burujabetza «langile jendea babesteko» baliatu behar dela, baita «enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna babesteko» ere. Izan ere, uste du egungo autogobernu ereduaren «gabezia handienetakoa» dela pentsioak eta gutxieneko soldata propioa zehaztu ezina. LABek Bilbon deituriko manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU Nazioarteko egoera makurrarekin lotu du premia hori. Salatu du Donald Trumpek eta AEBek bultzatzen duten globalizazio «kapitalista, klasista arrazista, misoginoa eta harrapakaria» gailentzen ari dela: «Eroskeriaz batzuetan, indarkeriaz askotan». Militarismoa sustatzea leporatu dio, NATOren aterkipean, eta euskal elite ekonomikoei egotzi die gogo biziz besarkatu izana jarrera hori: «EAJk Europa militarizatzearen alde egin du. Militarismoa hanka sartze bat da, bizitza suntsitzen du, krisi ekologikoa bizkortzen du, eta murrizketa sozialak sortzen ditu». Ez da izan Eusko jaurlaritzari eginiko kritika bakarra. Haren industria politika ere hizpide hartu du, eta ñabardura bat azpimarratu: «EAJ arrain atrofiatu bat da. Eusko Jaurlaritzaren plan industrialarekin ikusi dugu hori. Deigarria da kudeaketan hainbeste urte eman ondoren industria plana azpikontratatu behar izatea: dirudienez, ez dakite industria planik egiten».
Maiatzaren Lehenean Europako estatuen berrarmatzearen eta «gerra inperialistaren» aurkako mezuak zabaldu ditu Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Bilboko kaleetan. «Kapitalisten arteko gerretan, langile klaseko kideok izaten gara galtzaile, horregatik da beharrezkoa gerra inperialistari eta haren oinarrian dagoen kapitalismoari aurre egitea», azaldu du taldeak. Jesusen Bihotza plazatik Arriagako zubirainoko bidea egin du EHKSren manifestazioak, eta, iaz gertatu bezala, gaur Bizkaiko hiriburuan ikusi diren mobilizazioetan jendetsuenetako bat izan da. EHKSren ustez, potentzia kapitalista nagusien krisia dago berrarmatzearen oinarrian, «Mendebaldeko potentziena tartean». Horrela, aipatu dute AEBak azken hamarkadetako nagusitasunari eutsi nahian dabiltzala, eta horren ondorio gisa «agindu» dietela berrarmatzeko Europako herrialdeei: «Azken horiek, egiturazko krisialdi batean murgilduta dauden honetan, mandatu hori betetzeko prest agertu dira. Badakigu berrarmatzeak gerraren arriskua areagotu baino ez duela egiten, eta horrek are urgenteago bilakatzen du kaleak hartzea». Gerraren aitzakian Europako estatuek politika autoritarioak bultzatzen dituztela azaldu du Garazi Navarro bozeramaileak: «Herritarren babes txikia duen arren, Macronek plan nuklear bat gidatu nahi du, Sanchezek gastua handitu du bere Kongresutik pasatu gabe, eta Alemanian, bestalde, konstituzioa egun batetik bestera aldatu dute». Kritika «sozialdemokraziari» Gastu militarra handitzeak langile klasearen pobretzean sakonduko duela ziurtatu du Ander Goiatxe bozeramaileak, «armagintzarako baliatuko den dirua osasungintzara edo hezkuntzara bideratzeari utzitakoa izango baita gehienetan». Bridgestoneko langile batzuk ere batu dira EHKSren manifestaziora. ARITZ LOIOLA / FOKU Goiatxek salatu du «sozialdemokrazia» berrarmatzearen parte aktibo dela leku guztietan: «Lehenengo Mundu Gerran egin bezala, historiaren alde okerrean lerrokatu dira. Europaren Autonomia Estrategikoaren bitartez legitimatu nahi digute gastu militarraren areagotzea, nahiz eta hura gezur hutsa izan. Argi esan dezagun, PSOEk eta Espainiako aldaketaren gobernuak gerrara eraman gaitzakete!». Izenik aipatu ez badute ere, halaber kritikatu dute EH Bilduk, Sumarrek, ERCk eta halakoek kontu horretan duten jarrera. «Beste batzuk» itxura batean berrarmatzearen aurka agertu badira ere, Goiatxek uste ez duela balio aurkako adierazpenak egiteak «Sanchezen gobernua baldintzarik gabe defendatu eta gastu militarra handitzen aritu ostean». «Gerra inperialistaren», berrarmatzearen eta faxismoaren aurka «lehen lerroan» borrokatuko dela agindu du EHKSk: «Langile klasearen batasuna bultzatzen jarraituko dugu, norbanakoen eta herri mugimenduko eragileen artekoa». Eta hari horri tiraka, «nazioarteko alderdi iraultzaile handiak» eraikitzeko premia nabarmendu dute, langileriaren eskubide politikoak defendatzeko, pobretzeari aurre egiteko eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa gauzatzeko. «Mugimendu Sozialistako kideok norabide horretan jarraituko dugu lanean, zapalkuntza guztien aurka eta sozialismoaren alde».
Sindikatuek aldarrikapenez bete dituzte Euskal Herriko kaleak Maiatzaren Lehenean. ELAk eta LABek, deialdi bereizietan; CCOO eta UGT, aldiz, batera mobilizatu dira.
Lehia Batzordeak oniritzia eman dio BBVAk Sabadell erosteko eskaintzari: eta orain zer? Baimena ez da behin betikoa, eta Espainiako Gobernuak du orain hitza. 3. fasea deritzo prozesuaren azken parteari, eta baliteke irailean bukatzea.
Harropuzkeriaz betetako adierazpen probokatzaileen atzean, mehatxu ageriko eta ezkutukoen azpian, ehun egun geroago, Donald Trump kikiltzen hasia da. Horixe erakusten dute zantzu guztiek. Egia da luze doala hau guztia, ematen duela mende bat pasatu dela tarte labur honetan. Hiru hilabete eskasean, Trumpek mundua aztoratu du, eta kalte handia eragin arlo diplomatikoan, ekonomikoan eta sozialean. Eta, tamalez, oraindik ere min handia eragingo du. Hain zuzen, «beste hiru urte eta erdi» esaldia behin baino gehiagotan entzun da egun hauetan AEBetako albiste kateetan. Baina hel diezaiogun auziari atalez atal. Lehen egunean Ukrainako Gerra amaitu behar zuen Trumpek. Zain gaude oraindik; besteak beste, Zelenskik ez baitu onartu irtenbiderik errazena, Ukraina erabat errenditzea. Herenegun, Vladimir Putinez fidatzen ote zen galdetu zion kazetari batek AEBetako presidenteari, eta hark erantzun zuen kazetariak pizten ziola mesfidantza. To, Etxe Zurira itzuli aurretik gizon indartsuen artean konpontxo egitea erraza ikusten zuen Trumpek, baina orain ez dirudi Putinen pare dagoenik, ezta galderei zuzen erantzutera ausartzen denik ere. Hor kale, eta Txinarekin ere kale. Oraindik ere Xi Jinpingek noiz deituko zain baitago Trump, muga zergen kontua gizon indartsuen artean konpontzeko. Baina, hori bai, bitartean atzera egiten ari da Pekini jotako hordagoan. Elkarrekiko muga zerga orokor haiekin, gogoratu, ia berehala kikildu zen Trump —altxorreko bonuen joera kezkagarriaren bultzadatxoa lagun— eta egun gutxiren buruan iragarri behar izan zuen herrialde gehienen gaineko muga zergatan 90 eguneko geldialdia izango zela, you know, badakizu, zera… negoziazioei bide emateko. Trump, Etxe Zurira iristen atzo gauean. YURI GRIPAS / EFE Txinari %145eko muga zergak ezarri zizkion, ordea. Baina bueno, egun gutxiren buruan, gailu elektroniko batzuk (sakelakoak, ordenagailuak) salbuetsi zituen, eta orain, autoetarako osagaien gaineko muga zergak ere arindu ditu. Beldurtzen ari da eta. Ekonomia da Trump kikildu duena. Txinarekin hasitako sokatira neurrigabekoaren ondorioak laster dira igartzen hastekoak: apalak hutsik, inflazioa goraka, hazkundea moteltzen… Eta, gainera, kezka zabaldua da enpleguarekin zer gertatuko den… Aste honetan datu esanguratsuak plazaratuko dira. Noiz iritsiko dira Trump beldurrarazi duten datu benetan txar horiek? Ikusteko dago AEBetako konpainiek muga zergen aurretik zenbateraino handitu ahal izan dituzten inbentarioak. Horrek baldintzatuko du muga zergen inpaktua noiz sumatuko den. Eta ziurrenez, altxorreko bonuena noiz nabarituko den ere bai —horrek zuzenean eragiten dio AEBek zorra ordaintzeko duten gaitasunari, besteak beste—. Badaezpada ere, Trump ausarta hasia da inflazioaren bilakaeraren erantzukizuna Erreserba Federaleko presidente Jerome Powelli leporatzen, inflazioa izango dela gezurtatu ostean. Hori bai, ez da ahaztu behar koldar harroputzak arriskutsuak izan daitezkeela, eta, beraz, balitekeela Trumpek keinuren bat egitea gandorra altxatzeko, noiz-eta estatubatuarren artean onarpen gero eta eskasagoa duen honetan. Oilar agertu nahiko du, oilobusti izan beharrean. Eta horrelakoen pagaburu, normalean, ahulenak izaten dira.