FIBAren Eurokopako finala jokatu nahi du Bilbo Basketek, baina maldan gora jarri zaio txapelketa. Bilboko taldeak 77-58 galdu du finalerdietako joaneko partida, Dijonen aurka. Kanporaketa gainditzeko hemeretzi puntu baino gehiagogatik irabazi beharko du, beraz, itzulerako lehia. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute, Miribillan (20:00). Bilbotarrei asko zaildu zaie kontua, eta joaneko emaitza ez da, inolaz ere, amestutakoa. Lehen zatia ikusita, gutxik esperoko zuten halako astindua jasotzea. Lehen zati txukuna egin du Bilbo Basketek, eta markagailuan aurretik zela joan da atsedenaldira: 34-36. Bigarrena, berriz, oso txarra; hasi eta buka nagusi izan dira frantziarrak, eta galduta ibili dira Bilbo Basketeko jokalariak, erasoan ezin asmatuta. Errenta handi samarra lortu du, azkenerako, Dijonek. Partida urduri hasi dute bi taldeek, zehaztasun faltarekin; lehen bi minutuetan markagailua ez da mugitu. Bilbo Basketi kostatu zaio partidari neurria hartzea, eta hainbat akats pilatu ditu hasieran. Pixkanaka, baina, defentsa sendotu, eta jokalariak erosoago aritu dira kantxan. Lehen laurdena amaitzear zela bi hiruko jarraian sartu dituzte bilbotarrek (14-21), eta gora egin dute. Jokatzeko modu ezberdina dute bi taldeek. Dijon oso talde fisikoa eta oldarkorra da; Bilbo Basketi, berriz, partidaren erritmoa kontrolpean izatea gustatzen zaio, eta eraso landuak egitea. Bada, lehen zatiak bietatik izan du. Bilbo Basketek lortu du partidaren erritmoa markatzea, baina despistatu denean, erasora azkar eta bizi jo du Frantziako taldeak, eta akatsak gogor zigortu ditu. 34-36 amaitu da azkenean lehen zatia. Bestelakoa izan da bigarren zatia, eta erabat aldatu da partidaren gidoia. Bazirudien neurketa kontrolpean zuela Bilbo Basketek, baina beste martxa bat sartu dute frantziarrek. Atsedenalditik bueltan indartsu kantxaratu dira Dijoneko jokalariak, kementsu, eta bilbotarrak ez dira gai izan erauntsiari eusteko. 6-2ko partiziala eginda, markagailuan aurretik jarri da Dijon, eta aldea handituz joan da. 57-45 bukatu da hirugarren laurdena. Bederatzi puntu baino ez ditu lortu Bilbo Basketek; ezinean ibili dira, jokaldiak ezin bukatuta. Azken laurdeneko joera ere horixe izan da. Gozatu egin dute frantziarrek, eta sufritu bilbotarrek. Bost minuturen faltan, hemezortzi puntuko errenta zuen Frantziako taldeak: 66-48. Aldea murrizten saiatu da Bilbo Basket, baina ez dute asmatu jaurtiketetan. Azkenean, 77-58 galdu dute. Gogotik lan egin beharko dute Miribillan kanporaketa iraultzeko. Beste finalerdian, lehia estua Estuagoa izan da Greziako PAOK taldeak eta Frantziako Choletek jokatutako beste finalerdia. 88-89 irabazi dute frantziarrek. Hala, joanekoan Frantziako bi taldeek eman dute lehen urratsa. Bigarrena izango da erabakigarria, baina.
Integrazio Batzordeak 200.000 euroren beharra du, azken urteetan sortutako defizita estaltzeko eta egunerokoan dituzten gutxieneko beharrei erantzuteko. Argazki iluna aurkeztu du behar bereziak dituzten ikasleak ikastoletan integratzeko lan egiten duen elkarte horrek: Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu behar beste baliabide ematen, AESH elbarritasun bat duten haurren laguntzaileak ez dira behar bezala prestatuak, eta «miseria» bat ordainduak dira. «Egoera larria da», laburbildu du Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak. Seaskak gogoeta egin du azken hiru urteetan, eta antolaketa propioa sortu du inklusio arloko esku hartzea hobetzeko. Seaskako 165 ikasleri aitortua diete elbarritasuna. MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak ematen du horretarako jakinarazpena, eta AESH laguntzaile bat jartzen zaio haurrari; beharren arabera, mutualizatua ala indibidualizatua izan daiteke. Berez, jakinarazpenen araberako baliabideak eman beharko lituzke Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Baina 2023-2024ko ikasturtetik Seaskan eskolatuak diren ikasleek jaso dituzten giza laguntzako jakinarazpen berri guziak erantzunik gabe gelditu direla salatu du Integrazio Batzordeak. «Baduzu paper ofiziala Frantziako Estatua engaiatua dela, baina parean ez da deus», erran du Etxeberrik, haserre. Gaur egun 34 AESH laguntzaile baizik ez ditu ordaintzen Frantziak; beharrei erantzuteko, beste 11 bere gain hartu ditu Seaskak ikasturte honetan. 67.000 euroko kostua du; iaz, 40.000 eurokoa izan zen. Horrez gain, salatu dute Hezkuntza Ministerioak emandako laguntzek ere ez dituztela behar bezala asetzen beharrak. Haur batzuek elbarritasun handia dute, ez dira autonomoak gelan lan egiteko, edo jantegian jateko. «Ez badira lagunduak, lanjerrean izan daitezke». Halakoetan, ikasleak AESH laguntza indibidualizatua du. Arazoa da 23,5 orduko lanaldia aitortzen dietela laguntzaileei: «Ikasgelan 24 ordu dira astero, eta horri gehitu behar zaizkio jangela eta kanpoko tenoreak. Ez da aski», deitoratu du Etxeberrik. Hori ere bere gain hartzen du Seaskak, lanaldiak osatzeko gastua asumituz. Joana Goienetxe arduratzen da Seaskako AESH laguntzaileen koordinazioaz. Langile horiek duten prekaritateaz ohartarazi du: «%60ko lanaldia dute, eta 952 euro ordainduak dira». Baldintza horiei euskara jakiteko betebeharra erantsita, Seaskak lan handiak izaten ditu laguntzaileak lortzeko, bereziki barnealdean. Baina langileen prestakuntza eskasa ere deitoratu du Goienetxek: «60 orduko formazioa izaten dute Hezkuntza Ministerioak eskainia; baina batzuetan urte bukaeran ematen diete». Seaskak bere gain hartzen du prestakuntza, «segurtasuna izan dezaten egunero egin behar dituzten jestuetan». Sistemaren mugak Frantziako Hezkuntza Ministerioak ezarritako sistemaren mugak nabarmendu ditu Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza zuzendariak. Parisekin dituzten elkarrizketetan gaia mahai gainean jarria dutela erran du, baina administrazioa mugitzea itxaron gabe, ikastolek gogoeta egin dute inklusioaren esku hartzea hobetzeko. Antolaketa propioa sortu dute egoera hobetzeko. Zehazki, Seaskak dituen bost kolegioen arabera banatu dute lurraldea, eta bakoitzean erreferenteak izendatu dituzte irakaslearekin eta laguntzaileekin lan egin dezaten: irakasle berezituak eta hezitzaile berezituak. Kolegioetako IEP Inklusiorako Egitura Pedagogikoekin elkarlanean arituko dira. Oraingoz hiru sektoretan sortu dituzte postu horiek, baina heldu den ikasturterako lurralde osora zabaltzeko borondatea dute. Horrez gain, inklusioaren aholkulari pedagogiko bat sortu dute, eta baita AESH laguntzaileak koordinatzeko beste postu bat ere. Urrutikoetxeak argi du MDPHk duena baino «foku zabalagoa» izan behar dutela inklusioari buruz. «Guretzat ikasle bakoitzak du behar berezi bat, eta hala tratatzen entseatzen gara». Diru kanpaina Integrazio Batzordeak herritarrak deitu ditu elkarteari laguntza ematera. Hala nahi duenak Internet bidez eman dezake dirua. Baina dozenaka ekitaldi ere antolatuko dituzte ondoko asteetan, elkarteak egiten duen lana aurkeztu eta inklusiorako baliabideak lortzeko.
Hamabortz urte obretan pasatu ondotik, azaroan zabalduko dute berriro Baionako Bonnat Helleu museoa. Eta irekierari buruzko zenbait zertzelada eman dituzte gaur, Baionan, Laurence Des Cars Parisko Louvre museoko presidenteak, Barthelemy Etxegoien Bonnat Helleu museoko zuzendariak eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak. Des Carsek erran du bilduma partekatu batzuk izanen dituztela Louvre eta Bonnat Helleu museoek. Goyaren obrak izanen dira horien artean, Da Vinciren batzuk ere bai, baita Michelangeloren eta Rafaelen marrazkiak ere. Eta horiek guztiak azarotik goiti Baionan ikusgai izanen direla iragarri du. Europako marrazki bilduma «ederrenetarik bat» Bonnat Helleun izanen dela ere segurtatu du, xehetasun gehiagorik eman nahi gabe. Bi zentroen arte bildumak partekatzeko beharraz aritu da Des Cars, eta erran du irekieraren ondotik beste obra batzuk ere ikusgai izanen direla Baionan: Louvre museoarentzat Leon Bonnat baionarrak garaian bildu obretatik 2.500 inguru, hain zuzen ere. Dagoeneko Bonnat Helleuren biltegietan direla ere azaldu du. Hain zuzen, Baionako eta Parisko museoek lankidetza abiatu zuten orain bi urte, eta horren karietara bildu dira gaurko aurkezpenean arduradunak. 2023ko azaroan egin zuten bi museoek elkarlanerako hitzarmena, bost urterako. Eta Des Carsek erran du bi erakundeen arteko harremana «naturala» izan dela ordutik. Halaber, gehitu du, hamabortz urteko lanen ondotik, Bonnat Helleu ezagutu ez duen belaunaldi batek museo «ikaragarri» bat ezagutuko duela azaroan. Etxegoienek, bere aldetik, baieztatu du berritze lan «garrantzitsuak» egiten ari direla Baionako museoan, eta 5.000 metro karratu izanen dituela orotara. Eremu horretan behin-behineko eta behin betiko erakusketak izanen direla ere iragarri du Bonnat Helleu museoko zuzendariak. Obren bisita eginez esplikatu du «poz handia» duela Baionan eta Euskal Herrian «oihartzuna» izanen duen museo bat zuzentzeagatik. Leku bizi bat hedatu nahi du: kafetegi eta liburutegi bat izanen ditu museoak, jendea goxoki egon dadin, haren erranetan. Baionako Herriko Etxearen izenean mintzatu da Etxegarai, eta kontatu du, obrek «beranta» hartu duten arren, hiriarentzat erabaki «garrantzitsua» izan dela museo berritzea. Berantaren zergatiari buruz, deitoratu du burdinaren eta egurraren prezioen igateak eragin zuela obrak gelditzea. Louvreko buru Des Carsekin batera galdegin zuten «diru laguntza gehigarri bati esker» ari dira obrak bukatzen. Gastu orokorraz galdeturik, 35 milioi eurokoa izan dela erran du. Zehaztu du Frantziako Estatuari esker lortu zutela museoaren berritze lanen %60 diruztatzea. Bertzalde, Bonnat Helleu museoaz «harro» dagoela ere erran du Des Carsek. «Kulturaren aldeko desafioa» biziki garrantzitsua dela nabarmendu, eta salatu du geroz eta zailagoa dela horren alde egitea. «Kulturaren aldeko parioa da Bonnat Helleu museoa. Ez da erraza izaten museo baten aldeko apustua egitea ikusirik bertze leku batzuetan direla lehentasunak gaur egun». «Kulturaren aldeko parioa da Bonnat Helleu museoa. Ez da erraza izaten museo baten aldeko apustua egitea ikusirik bertze leku batzuetan direla lehentasunak gaur egun»LAURENCE DES CARS Louvre museoko presidentea Europako museoa Azaroko irekierari begira ez ezik, «aitzina begira» dagoen museoa dela ere erran du Des Carsek. «Abentura ez da geldituko azaroko irekieran. Luzera begirako desafioa du museoak, Louvre museoak 1793an izan zuen bezalaxe». Horren harira, gehitu du Louvre ez dela bakarrik Parisko museo bat. Haren erranetan, Bonnat Helleu museoa da Louvreko obren biltegi «nagusia», Parisko museoaren ondotik betiere. Bonnat Helleu museoak ez du bakarrik Baiona eta Ipar Euskal Herrira mugatu nahi, Etxegoienen arabera. Bilboko Guggenheim museoarekin lankidetza bat hasiko dutela zehaztu du, eta, horrez gain, «turismo kulturala» bultzatzeko, Europako bertze museo batzuekin ere elkarlanean hasi nahi dutela iragarri du museoko zuzendariak. Des Carsek gaineratu du ez dituztela «sorpresa guziak» erranen, baina azpimarratu du segur dela Bonnat Helleu museoak «sekulako arrakasta» izanen duela.
Izena emateko epea apirilean irekiko da eta plazak eskainiko dira Familia Medikuntza eta Pediatria kategorietan, baita Psikiatria eta Ospitalez kanpoko Haur Psikiatria kategorietan ere. Gainera, lanpostu horietarako neurri pizgarriak ezarri dituzte.
Asteko bigarren greba eguna dute EAEko hezkuntza publikoan, negoziazioei berriro heltzeko itxurarik gabe. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek 27.000 irakasle grebara deitu dituzte, gaur eta bihar, lan baldintzak hobetzeko.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako ordezkaritzak bildu ziren atzo Riaden, Ukrainarako menia zabalago batez hitz egiteko, eta, TASS agentziaren arabera, adierazpen bateratu bat egitekoak ziren arren, Washingtonek gaur arte itxaron du negoziazioen berri emateko, Kieveko ordezkariekin bildu ostean: Errusiak eta Ukrainak Itsaso Beltzean «nabigazio segurua» bermatzea adostu dute, baita erasoak bertan behera uztea eta merkataritzarako ontziak helburu militarrekin erabiltzea eragoztea ere. Ukrainako Defentsa Ministerioak, arratsaldean kaleratu duen oharrean, adierazi du Errusiako gerraontziak Itsaso Beltzeko ekialdetik kanpo aritzea «akordioaren espirituaren eta nabigazio askatasunaren urraketatzat» hartuko dutela, eta «mehatxua» izango dela herrialdearen segurtasunarentzat. «Hala eginez gero, Ukrainak eskubide osoa izango du bere burua defendatzeko», erantsi du ministerioak. Kremlinek, berriz, baldintza bat ezarri du Itsaso Beltzerako menia berresteko: nekazaritza alorreko zigor ekonomikoak bertan behera uztea. 2022ko uztailean adostu zuten Ukrainak eta Errusiak blokeoa kentzea Itsaso Beltzetik esportatutako laboreei; bertan erasorik ez egitea zekarren akordioak. 2023ko uztailean, Moskuk ez zuen hura berritu nahi izan, argudiatuta Mendebaldeak ez zituela arindu Errusiaren laboreei ezarritako zigor ekonomikoak. Errusiarekin izandako bileren gaineko oharrean, Etxe Zuriak adierazi du AEBek Errusiari lagunduko diotela laboreak eta ongarriak esportatzeko bideak berreskuratzen eta portuetarako sarbidea handitzen. Channel One telebista katean emandako elkarrizketa batean, Sergei Lavrov Errusiako Defentsa ministroa prest agertu da laboreen akordioa berrezartzeko: «Guztiontzako modu onargarriagoan, dena den». Erantsi du Itsaso Beltzeko akordioak mesede egin ziola Ukrainari, eta kalte Errusiari; Errusiako ordezkariek hori «kontuan» izateko eskatu zieten estatubatuarrei Riadeko bilkuretan. Oraingoan, ez dute nahi «anbiguotasunik»: «Inork ez gaitzala behartu zerealen eta ongarrien merkatuari uko egitera». Halaber, Etxe Zuriak jakinarazi du bi aldeek bertan behera utziko dituztela energia azpiegituren aurkako erasoak. Duela astebete adostu zuten Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Donald Trump AEBetakoak energia instalazioetarako su eten partziala, nahiz eta Errusiak eta Ukrainak berehala egotzi zioten elkarri hori urratzea. Kremlinek erasoko ez dien azpiegituren zerrenda kaleratu du: petrolio findegiak, petrolio biltegiak eta zentral nuklearrak. Hori bai: bermeak eskatu dituzte bi herrialdeek. Kieven emandako prentsaurreko batean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berretsi du Itsaso Beltzerako eta energia azpiegituretarako meniak berehala sartuko direla indarrean, eta ohartarazi Errusiak horiek urratzen baditu Ukrainak «zigorrak» eta «armak» galdegingo dituela. «Goizegi da funtzionatuko duela esateko, baina bilera egokiak dira hauek, erabaki egokiak, urrats egokiak», gehitu du. Lavrovek dio ez dela fio Zelenskiren hitzez, eta Ukrainak su etenak errespetatzea «Washingtonen agindu baten ondorio» besterik ezin dela izan. %77 Zenbat ukrainar dauden AEBen proposamenaren alde Ukrainako herritarren %77k begi onez ikusten dute AEB Ameriketako Estatu Batuek proposatutako 30 eguneko su eten osoa. Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak egin du ikerketa. Kievek menia proposamena onartu zuen, baina Moskuk ezezkoa eman zion, argudiatuta hura sinatuko duela baldin eta 30 egun horietan Ukrainak laguntza militarrik jasotzen ez badu. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egiten dituen adierazpenetan, esan du Moskuk atea ireki diola beste eragile batzuek negoziazioetan parte hartzeari, izan herrialdeak, izan erakundeak. Horiek horrela, Kremlinek ez du baztertu NBE Nazio Batuen Erakundea negoziazio horietan aritzea, TASS Errusiako berri agentziak Grigori Karasin Errusiako ordezkaritzako kidearen adierazpenak aipatuz bart kaleratu duenez. Trump urtarrilean Etxe Zurira heldu zenean, eta alde bakarrez Errusiarekiko negoziazioak abiatu zituenean, haietan parte hartzeko eskatu zuten zenbait herrialdek: Ukrainak eta Europako Batasuneko kideek, bereziki. Bada, Karasinek baieztatu du NBE eta beste herrialde batzuk gonbidatzeko prest daudela. Ukrainak 30 soldadu errusiar hil ditu Kursken Kievek eta Moskuk borrokan jarraitzen dute Errusiako Kursk eskualdean. Ukrainako Estatu Nagusiak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, Errusiako 30 soldadu hil dituzte eskualde horretan egin duten erasoan. Kursk Ukrainako mugatik gertu dagoen eskualde bat da, eta iaz erasoaldi bat abiarazi zuen Kievek, hainbat eremu hartzeraino. Aurten, baina, Errusiako armada lur horiek berreskuratzen ari da. Bestalde, gauean Errusiak Ukrainari eraso egin diola adierazi du Ukrainako armadak. Ohar batean jakinarazi duenez, Moskuk 139 drone eta misil bat jaurti ditu. Horietako 78 leherrarazi dituela adierazi du Kievek, baina ez du ezer esan beste droneek eta misilak eragindako kalteez.
Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyako liderrarekin elkartu dira gaur EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi eta harremanen idazkari Gorka Elejabarrieta, Waterloon (Belgika). Bi orduko bilera egin eta gero, koalizio abertzaleak jakinarazi du bai Juntsek bai EH Bilduk konpromisoa hartu dutela «atsedenik gabe» lanean jarraitzeko «Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide politiko, kultural eta linguistikoak aitortuak, errespetatuak eta bermatuak izan daitezen». Elkarri egungo egoera politikoari buruzko iritzia emateko ere baliatu dute gaurko bilkura, eta «Euskal Herriak eta Kataluniak nazioarteko testuinguru aldakor, konplexu eta ziurgabean dituzten erronken inguruan» hitz egiteko. Europako erakundeak ere izan dituzte hizpide: «testuinguru geopolitiko berria ikusita» nola jokatu behar duten hausnartu dute, baita Europako Batasunak bere gain hartu behar duen autonomia estrategikoaz aritu ere. EH Bilduren III. Kongresuan, koalizio subiranistako idazkari nagusi izendatu zuten Otegi, eta zortzi urteko agintaldiari segida eman dio hala. Bilera sorta bat abiatu zuen orduan, eta horren parte izan da gaurkoa. Izan ere, ordutik Bruselara egin duen lehen bidaia izan da, eta Puigdemontekin elkartzeko aprobetxatu du, Elejabarrietarekin batera. EH Bilduren eta Juntsen ordezkariek adostu dute «elkarrizketa bideak eta harremanak irekita» mantentzea, «Euskal Herritik eta Kataluniatik datozen erronkei aurre egiteko asmoz».
Nazioarteko jokaleku politikoa erabat aldatu den honetan, Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko lankidetza azpimarratu nahi izan dute hiru gobernuetako agintariek. Anfitrioi gisa, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak azpimarratu du «Europaren eraikuntzarako instrumentu baliagarria» dela. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, nabarmendu du «ezinbestekoa» dela hiru lurraldeetako ahotsa Bruselara eramateko. Alain Rousset Akitania Berriko Kontseiluko presidentearen irudiko, berriz, hiruen baturak «gutxi» irudi lezake, baina eskualde arloko elkarlan politikoa lagungarri da Europako Batasuneko finantzaketa erakartzeko. Dena den, batzar ostean egindako agerraldian, abiadura handiko trena izan da protagonista. Pradalesek jakinarazi duenez, berriki berak eta Alain Roussetek gutun bat igorri diote Apostolos Tzitzikostas Europako Batzordeko Garraio Komisarioari AHTaren Atlantikoko ardatzeko atzerapen luzea dela eta. «Eskatu diogu bertatik bertara ezagut dezala errealitatea, galarazten ari baitzaigu garapen ekonomiko eta logistikoa», adierazi du Pradalesek. Roussetek, berriz, konpromiso politikoa agertu du Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotu dadin: «Nire helburua eta obsesioa da». Txibitek adierazi du azpiegiturak «hogei urtez pilatutako atzerapena» ezin dela berehala konpondu, eta Nafarroako Gobernuaren konpromisoa dela Iruñea eta Zaragoza (Espainia) arteko trenbidea 2030erako amaitzea. Euskal Y-aren loturari buruz, ez dute ezer berririk esan Pradalesek eta Txibitek. Lehenengoak Espainiako Gobernua premiatu du txostenak eta azterketak aurkeztera. Aldi berean, gaineratu du hori bezain garrantzitsua dela Gasteiz eta Burgosen (Espainia) arteko lotura zehaztea. «Iparraldean ez dugu konexiorik abiadura handiko zerbitzuarekin, ezta hegoaldean ere. Premiazkoa da obrak eta konpondu gabeko tramiteak azkartzea». Pradalesen lehen batzarra Euroeskualdearen lehen batzarra izan du Pradalesek. Txibitek, berriz, duela urtebeteren aldean, giro lasaiagoan egin du. Izan ere, iaz, Erriberrin egin zen batzarra, eta lehen sektorearen protesten harira, laborari talde batek irain matxistak egin zizkion. Alain Rousset Akitania Berriko Kontseiluko presidenteak, berriz, bere mintzaldian azpimarratu du Nafarroa Garaia «bihotzean gertu» duela, mugaren bi aldeetan izan duen pisu historiko handiagatik. Batzarrean, 900.000 euroko aurrekontua onartu dute. Bi ardatz izango ditu: lehena, 500.000 eurokoa, herritarrei zuzendua —kultura, hezkuntza, hizkuntza, gazteria, kirola…—; bigarrena, 400.000 eurokoa, hiru eremuetako sektore estrategikoak bultzatzeko pentsatua —osasuna, energia berriztagarriak, eraikuntza, eta kultur eta sormen industria—. Gainera, ikasleen mugikortasuna sustatzeko bekak banatzen segituko dute —60.000 euroko aurrekontua izango du—. Horri loturik, joan den astean Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi zuen Europako Batasunaren Interreg Poctefa lankidetza programaren barnean sei proiektuk 14 milioi euroko finantzaketa jasoko dutela. Batzarren agintariek egitasmoetako hiru ezagutu dituzte: Transfermurgi, Mugaz gaindiko mugikortasun sare bat sortzeko proiektua; Hezhi, eleaniztasuna sustatzeko proiektua; eta Lanean, enplegu eremu integratu bat garatzekoa.