Bilaketak ez du emaitzarik
EB osoan Google tasa izenekoa ezartzeko hamaikagarren saioak porrot egin zuen atzo, Ekofinen bileran. Aurreko saioetan bezala, Irlandako eta Eskandinaviako herrialdeetako finantza ministroek blokeatu egin zuten Interneteko enpresa erraldoiei zerga berezi bat ezartzeko saioa.
Joan den abenduan Alemaniak eta Frantziak egindako proposamen urardotua bota zuten atzera. Enpresa horien diru sarrera osoak zergapetu beharrean, publizitatearen salmentak soilik tasatzea eskaini zuten. Baina proposamen hori bera urrunegi doala argudiatu zuten aurkakoek. «Zer gertatuko litzateke inbertsioekin orain fakturazioaren gaineko zergak sortzen baditugu?», galdetu zuen Magdalena Andersson Suediako Finantza ministroak.
Irabaziak zergapetu beharrean, fakturazioa edo salmentak zergapetzea da Google tasa-ren berritasuna. Izan ere, sozietate zergaren oraingo egitura ez dago Internetaren arora moldatuta. Kon- painia bat zergapetzeko, lurralde batean lantegi bat, saltokiak edo langileak eduki behar ditu, presentzia fisiko bat. Gaur egun, ordea, bezero baten klik batek ematen dio etekina enpresa digital bati. Hutsunea estaltzeko ardura hartu zuen OCDEk, eta orain ari da lantzen proposamen bat enpresa digitalek herrialde bakoitzean duten presentzia neurtzeko eta hura zergapetzeko. Hori egin bitartean, betikoan ari dira Google, Facebook eta enparauak: sozietate desberdinen eta copyright eskubideen bidez dirua AEBetako matrizetara eta paradisu fiskaletara desbideratzen, eta Europan zergetan miseria bat ordaintzen.
OCDEk espero du 2020rako prest izango duela bere proposamena. Orduan ikusiko da zer jarrera hartzen duten orain EB osorako tasa bat trabatu dutenek. Irlandak hori egiten du han dutelako Europako egoitza AEBetako enpresa teknologiko handiek, eta ez dituelako haserretu nahi; Suediak, Danimarkak eta Finlandiak, berriz, argudiatu izan dute ezin direla desberdin tratatu enpresa digitalak eta besteak.
EB osoan tasa bakar bat ezartzeak ez du esan nahi herrialde batzuek ez dutenik aurrera egingo. Espainiak prest zuen berea, baina hauteskunde deialdiak tramitazioa eten zuen; Frantzia ere ari da berea prestatzen.
Paradisu gehiago
Arrakasta handiagoa izan zuen Ekofinek atzoko bileran jorratutako beste gaiak: paradisu fiskalen zerrenda berritzearenak. Hamabost estatu edo zerga jurisdikzio daude zerrenda beltzean. Horietatik bostek ez dute diru zuriketaren edo zerga ihesaren aurkako neurririk hartu EBk 2017an lehen zerrenda egin zuenetik —Samoa, Samoa Amerikarra, Guam, Trinidad eta Tobago, eta Birjina Uharte Amerikarrak—; beste zazpi zerrenda grisean zeuden, baina beltzera igaro dira —Aruba, Belize, Bermudak, Fiji, Oman, Vanuatu eta Dominika—; eta, azkenik, zerrenda beltzetik grisera igarotako beste hiru beltzera itzuli dira —Barbados, Marshall Uharteak eta Arabiar Emirerri Batuak—.
Zerrenda grisean daude diru mugimenduei buruzko informazioa EBrekin partekatzeko urratsak egin dituzten lurraldeak, baina ez dituztenak baldintza guztiak bete. Haien artean daude EBren bazkide inportanteak —Suitza, Maroko, Turkia…—, eta 2020an Errusia, Mexiko eta Argentina ere sar daitezke, EBk beren jarduna ikertuko duelako.