Donostiarra aise nagusitu da etxean
Lau oilar daude Eusko Label ligan, eta horiek dira ohorezko txandaren jabe: Orio, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra. Horien artean, orain arte San Nikolas ontzia nabarmendu da denboraldi honetan, baina ez da hala izan gaurkoan. Donostiako Kontxan jokatu da ligako hirugarren estropada, eta etxeko taldeak irabazi du, aise: Donostiarrak. Erakustaldia emanda nagusitu da, gainera. 25 segundoren aldea atera dio bigarren sailkatuari, Urdaibairi, eta 34 segundorena Orio liderrari. Eta adi: ia minutu bat kendu dio Hondarribiari, bigarren txandako garaileari. Arraunlariek pozarren ospatu dute garaipena. Donostiarrek kutuna dute estropada eremua. Azken sei urteetan, lau aldiz irabazi dute Fabrika bandera: 2020an, 2022an, 2023an eta 2025ean. Eta gainera, gozatu egin dute gaurkoan. Bizi-bizi eta estu hasi dira ohorezko txandako lau ontziak, eta elkarrekin iritsi dira lehen ziabogara. Baina kito. Hortxe egin du ihes etxeko taldeak: Donostiarrak. Bigarren luzean, olatua hartu, eta tartea atera die lehiakideei. Ziztu bizian eskapatu dira. Hamar segundoren aldea atera die aurkariei di-da batean. Hortik aurrera, ez du etsairik izan. Lanean segitu dute, konfiantza hartuta, eta erritmo biziari eutsi diote bukaerara arte. Itsasoan, kanpo faktoreek eragina izaten dute: olatuek, korronteek, haizeak, egokitutako kaleak… Eta halaxe izan da gaur ere. Emaitzetan nabaritu da. Lehen eta hirugarren luzeak erabakigarriak izan dira talde askorentzat, olatuak hartzen asmatu dutenek segundo askoren aldea atera baitiete gainerakoei. Ontzi batzuk hobeto egokitu dira, eta beste batzuk okerrago. Onena, nola ez, Donostiarra izan da. «Itsasoak horrelako gauzak ditu, batzuetan aukera onak ematen ditu, eta aprobetxatu egin behar dira. Gaur oso ondo aprobetxatu dugu; oso pozik gaude», adierazi du Arkaitz Diaz taldeko patroiak. Oriok eta Urdaibaik, berriz, borroka polita izan dute hirugarren luzean. Ontzi erdi bat gorabehera ibili dira, jo eta su. Azkenean, ordea, Bou Bizkaia nagusitu da. Bermeo laugarren kalera joan da azken luzean, Donostiarraren kalera, eta Oriori tartea atera dio; baita horri eutsi ere. Zierbena izan da ohorezko txandan apurka atzean geratu dena. Hala ere, bigarren txandako irabazlea baino denbora hobea egin du: 20.59,44. Hondarribiak, berriz, 21.06,20. Dena dela, aipatzekoa da Ama Guadalupekoa-k eta San Juanek itsasoko lehen estropadan egindako lan txukuna. San Juan, lehiakor Goibel hasi zuen denboraldia San Juanek, erlojupekoan denbora kaxkarra eginda. Baina, gaur, burua altxatu du, bai altxatu ere. Lehen txandan lehiatu da, eta nagusi izan da. Erreka du izena ontziak, baina, oraingoz, itsasoan aritu da ondoen. Bigarren luzean hautsi du txanda. Lan erdietarako, 11 segundoren aldea atera dio bigarren ontziari: Cabori. Eta errenta horri eutsi dio bukaerara arte. Bigarren txandako hiru ontziren denbora hobetu du: Aresena, Getariarena eta Ondarroarena. Bukaeran, bestalde, Isuntzak aurre hartu dio Galiziako taldeari. Azken luze dotorea egin du Lekittarra-k. Lehia estua izan dute, ezin estuagoa, baina, azkenean, Isuntzak sartu du muturra azkarren, Erreka-tik hamabi segundora. Kaiku, berriz, larri eta ezinean aritu da. Ez du martxa hartu. Lan erdiak pasatxo egiterako, 30 segundoren aldea kendua zion San Juanek. Eta arrakala hori handitu baino ez da egin estropadak aurrera egin ahala. Azkenerako, minutu bat eta zazpi segundo atera dizkio. Leher eginda bukatu dute. Eta burumakur, azkenak izan dira eta. Gogor hasi dute lehia bigarren txandakoek ere, bizi. Hondarribia jarri da berehala buru, eta ziztuan egin dute arraun. Lan erdietan, bederatzi segundoren aldea zuen lehen txandako irabazlearekiko, San Juanekiko. Azkenean, zazpi segundo eta 54 ehunen azkarrago bukatu ditu lanak Ama Guadalupekoa-k. Ares ere ondo aritu da. Galiziako taldea atzean geratuko zela zirudien, baina bigarren ziabogan lehian sartu da berriro. Esperantza ontziarekin parez pare aritu da hirugarren luzean, eta laugarrengoan, aurre hartu dio. Ez hori bakarrik: arraun eta arraun, tartea zabaltzea ere lortu du. Hondarribiaren atzetik sartu da, hamahiru segundora, eta, Getaria, ia hemeretzira. Estropada hasiera samarretik lekutan geratu da Ondarroa. Antiguako Ama-k sufritu egin du gaurkoan, eta zazpigarren amaitu du. Kaikuk soilik egin du denbora kaxkarragoa. Bihar etxean ariko da Zierbena, han jokatuko baitute ligako laugarren estropada, 12:20an (ETB1). Aurrekoei mokoka egin nahi die, eta arraunlariak ez dira bakarrik izango: zaleek hauspotuko dituzte.