Amaitu da Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen greba
Amaitu da Gipuzkoako zaharren egoitzetako greba. 19 eguneko lanuztearen ostean, bihar bueltatuko dira lanera. Gatazka, ordea, ez da amaitu.
Ekonomia digitalaren txapeldunak
Azken urteetan Forbes aldizkariaren zerrendak izan duen bilakaerari begira, ekonomia digitalaren erraldoi berrien etorrera da aldaketarik deigarriena. 2008an, munduko 25 pertsonarik aberatsenen artean zeuden, jada, Bill Gates (Microsof) eta Larry Ellison (Oracle), teknologia berriek zekarten munduaren erakusgarri. Eta hor jarraitzen dute biek 11 urte geroago, hamar aberatsenen artean.
Hori bai, 2019ko zerrendan jaun eta jabe Jeff Bezos da, Amazonen sortzailea. Gaur egun, plataformaren %16 du, eta hortik pilatu du estatubatuarrak 131.000 milioi dolarreko dirutza (116.000 milioi euro), Forbes-ek inoiz jasotako aberastasunik handiena. Dibortziatzen ari da Amazoneko burua, eta horrek agian aldaketak ekar ditzake 2020ko sailkapenean, batez ere bikotearen aberastasunaren erdia Mac Kenzie Bezos emaztearen esku geratzen bada. Balizko galeratik bizkor suspertuko da Bezos, dirutza irabazten jarraituko baitu: batez beste, Amazonen sortzaileak 5.800 milioi euro irabazten ditu hilero.
Bezosekin batera, zerrendaren lehen hogeikoan agertu dira Facebooken fundatzaile Mark Zuckerberg (8.) eta Googleren sortzaileak, Larry Page (10.) eta Serge Brin (14.). 2008ko zerrendan, 32.a zen Brin, eta 33.a Page; Bezos, berriz, 110.a.
Lehen hogei aberatsenen zerrenda Ma Huatengek ixten du, Pony Ma ere esaten diotenak, Tencent Interneteko zerbitzuen enpresako nagusiak (34.500 milioi). Haren atzetik, 21. lekuan, Jack Ma Alibabako burua (33.200 milioi). Biak txinatarrak dira.
Sare sozial eta plataforma handi horien ezaugarri bat beren jabetza da. Zer daukate, zein da haien balioa? Tom Goodwin guruak azpimarratu izan duen moduan, Uberrek ez du ibilgailurik, Facebookek ez du edukirik sortzen, Alibabak ez du inbentariorik, eta Airbnbk ez du etxebizitzarik. Konpainia horietako bakoitzak daukana plataforma bat da, soil-soilik. Hori bai, jende mordoak erabili nahi dituen plataformak dira, eta sektore osoak ari dira irensten: taxiak, hotelak, publizitatetik bizi den prentsa… Multinazional berri horien inguruan -Txinakoen kasua aparte utzita- bi auzi bizi-bizirik daude gaur egun: erraldoi horien praktika monopolistikoak batetik, eta haiek tokian tokian zergapetzeko modua, bestetik.
Pribatizazioen abaroan sortuak
Telmex Mexikoko telefonia konpainiaren pribatizazioa ere mugarria izan zen Carlos Slimentzat (America Movil). Munduko pertsonarik aberatsenetan bosgarrena da gaur egun, 57.000 milioi euroko aberastasunarekin.
Pribatizazioaren kontzeptuarekin lotuta, bada zenbait sektoreri leporatzen zaien jokaera bat: multinazional askok sos publikoarekin finantzatuak izan diren ikerketei eta sorkuntzei esker irabazten dutela dirua, eta erakunde publikoek ez dutela mozkinik ikusten. Horren adibide izan daitezke sendagaien industria eta zientzia argitalpen garrantzitsuak.
Oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioa arazo handia da hainbat herrialdetan. Oxfamek hala uste du: desberdintasuna murrizteko biderik eraginkorrena zerbitzu publikoak direla argi izan arren, «aberatsek inoiz baino zerga txikiagoak dituztenean, zerbitzu publikoek funts gabezia kronikoa sufritzen dute, eta jenderik txiroena kanpoan uzten duten enpresa pribatuei azpikontratatzen zaizkie. Herrialde askotan, itxurazko hezkuntza edo kalitatezko osasun zerbitzuak aberatsek soilik ordain ditzaketen luxu bilakatu dira».
Aberatsen oinordeko aberatsak
Zenbat diru eta nola irabaz daitekeen erakutsi nahi duten aberatsekin batera, badira lezioak emateko moduan ez daudenak ere. Berriz ere Forbes zerrendari begira, lehen hogei postuetan ez dira gutxi euren aberastasunaren iturrian gurasoen ondarea dutenak. Pertsonarik aberatsenetan laugarrena Bernard Arnault frantziarra (LVMH) da, Louis Vutton, Christian Dior eta Sephoraren jabea. 67.600 milioi eurotik gorako ondarearen zatirik handiena bere bizitzan zehar pilatu badu ere, Bernard Arnaulten aberastasunaren iturria Jean Leon Arnault aitaren eraikuntza enpresan dago.
Pertsonarik aberatsenen artean hamaikagarren postuan, bi Koch daude, 45.000na milioi eurorekin. Koch Industries diru sarreretan AEBetako enpresarik handienetan bigarrenaren akzioen %42 dituzte Charles eta David Koch anaiek. Petrolio findegiak eraikitzen zituen konpainia oinordekotzan jaso zuten.
Beste abizen bat ere errepikatzen da zerrendako lehen postuetan: aberatsenetan 16.a da Jim Walton, 17.a Alice Walton eta 18.a Rob Walton. Laugarren neba, John Walton, 2005ean hil zen. Lau anai-arreben aitak, Sam Waltonek, sortu eta garatu zuen Wallmart saltoki handien kate itzelezkoa. Walmart da gaur egun AEBetan jende gehien enplegatzen duen enpresa, milioi eta erdi langilerekin.
2016an, Italiako Banku Zentraleko bi ekonomistek ikerketa bat plazaratu zuten, 1472ko eta 2011ko Florentziako zergapekoak konparatuz. Ikusi zuten hiriko dirudunenak duela 600 urteko aberatsen senideak zirela. Azterketa horrek berak zioen Forbes-en zerrendako europarren erdiak oinordekotzan jaso zituztela beren fortunak.
Plutokratak
Botere ekonomikoak botere politikoa dakar. Diru asko izateak botere asko dakar, eta izugarrizko dirutza izateak izugarrizko boterea ematen du herrialde bateko erabaki politikoak nahierara bideratzeko. Ikusi besterik ez dago nor dagoen AEBetako presidentetzan. Anekdotikoa izan daiteke agian, baina Donald Trumpen gobernuak orain bi urte zerga kenkariak onartu zizkien hegazkin pribatuen jabeei.
«Hemen, arazo giltzarria da plutokrazia bat garatzen ari garela», ohartarazi zuen Paul Volckerrek, iaz The New York Times-en. AEBetako Erreserba Federaleko presidente (1979-1987) izandakoaren ustez, «[AEBetan] izugarri aberatsak diren pertsonen kopuru itzelezkoa dugu, eta konbentzituta daude oso bizkorrak eta eraikitzaileak direlako direla aberatsak. Ez dute gobernua gustuko, eta ez dute zergak ordaintzea atsegin». Zergekiko zaletasun txikia dutenen artean daude waltondarrak, eta, beste zenbait familia aberatsekin batera, lobby lan handia egin zuten 2006. urtean, AEBetako Kongresuak ondarearen gaineko zerga federal bat bertan behera utz zezan.
Erabaki politikoetan eragina izateko bide bat politikan zuzenean parte hartzea da. Horren erakusgarri da Trump, baina baita AEBetako Alderdi Demokratako Michael Bloomberg ere (aberatsenetan 9.a, 50.000 milioirekin). New Yorkeko alkate izandakoa (2002-2013) orain aztertzen ari da Etxe Zuriko maizter izan nahi ote duen. Finantza informazioan espezializatutako hedabideak biltzen ditu Bloomberg LP konpainiak. Bide batez, Forbes-eko aberatsenetan hedabide jabe gehiago daude. Bezos Washington Post-en jabea da, eta Slimek The New York Times-eko akzioen %17 ditu.
Influentzia izateko zeharkako beste modu bat dira alderdiei egiten dizkieten donazioak. Eta horren adibide bila, hara non izen ezagun batzuk agertzen diren: Koch anaiek urte luzez dirutza eman diete Alderdi Errepublikanoko hautagaiei, eta diru emaile aberatsez osatutako kate bat eratu dute. Merkatuen desregulazioaren bultzatzaile porrokatuak izanik, gobernu «handiegiari» eta klima aldaketaren kontrako borrokari mugak jartzea izan dute helburu.
Soka horretakoa da Sheldon Adelson. Forbes aldizkariaren zerrenda munduko dirudunetan 24.a. Kasino jabe eta errepublikanoen finantzatzaile ezaguna, helburu nagusiak «merkatu askeko gizartea» eta Israel ditu.
Filantropoak
Michael Dell (Dell Technologies) munduko pertsonarik aberatsenetan 25.a da, 30.000 milioi dolarreko jabetzarekin. Urtarril honetan, Davosko Foroan galdetu zioten ea zer iruditzen zitzaion hamar milioi dolarretik gorako irabaziei %70eko zerga tasa ezartzea –Alexandria Ocasio-Cortezen proposamena-. Barre urduriak nagusitu ziren aretoan, eta Dellek erantzun egin zuen: «Emazteak eta biok fundazio bat sortu genuen duela hogei bat urte [haur txiroei laguntzeko], eta uste dut horretan nire urteko sarreren %70 baino gehiago jarri izan dudala. Erosoago sentitzen naiz fundazio pribatu gisa funts horiek emateko dugun abileziarekin, diru horiek gobernuari ematearekin baino».
Eskuzabaltasuna, gizartearekiko kezka; inor baino argiago eta eraginkorrago izatearen ustea; euren ongizatea, edo boterea, edo sistema bera bermatzeko beste modu bat; zerga kenkari bila aritzea… Filantropiaren inguruko eztabaidak luze jo dezake, baina ultradirudun askok beren curriculumetan harro aipatzen dute filantropoak direla -baita oligarka errusiarren kasuan ere-, eta halako eta besteko kausetara milioiak bideratzen dituztela, euren fundazioen bidez.
Euskal Herrian ere bada emaitza horien berri: munduko pertsonarik aberatsenetan seigarrenak, Amancio Ortega galiziarrak (Inditex), hitzarmenak egin ditu Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin; haren fundazioaren bidez, Osakidetzari 14,7 milioi eman zizkion, eta beste 5,7 milioi Osasunbideari, minbizia artatzeko hainbat makina, azeleragailuak eta mamografoak eros zitzaten.
Filantropia aberastasuna banatzeko modu berezia dela alde batera utzita, egia da filantropo guztiek ez dutela neurri berean ematen ere. Forbes-en zerrendan bigarrenak, Bill Gatesek, bere ondarearen %37 eman du jada ongintzarako dohaintzetan (32.000 milioi); ez du urrun aberatsenetan hirugarrena, Warren Buffet (Berkshire Hathaway): 26.500 milioi eurotik gora eman ditu, bere ondasunen %36. Aldiz, Mark Zuckerbergek soilik %4 eman du (1.800 milioi dolar), eta Bezos da agerian gehien gelditu dena, bere fortunaren %0,9 baino ez duelako eman.
Gates eta Buffet The Giving Pledge (Emateko promesa) kanpainaren sortzaileak dira, non aberatsenek euren fortunaren erdia emateko konpromisoa lortu nahi duten. Oraindik gutxi dira, ordea, promesa horri heldu diotenak.
Euskal Herrian, industriari lotutako izenak
Forbes-en zerrendan bi euskal herritar agertzen dira euren fortuna 1.000 milioi dolarretik gorakoa delako. Donostiarra da bat, Daniel Mate Badenes. Aldizkariaren arabera, munduko aberatsenetan 1.116.a da Mate, eta Suitzan bizi da (1.870 milioi euro), batez ere Glencore meatzaritza taldean duen parte hartzearengatik (%3). Mate 1988an hasi zen Marc Rich & Co enpresarentzat lanean, eta gerora, enpresako zuzendariek konpainia erosi zutenean, konpainiak Glencore izena hartu zuen. Multinazionalaren zink atala donostiarraren ardurapean dago gaur egun. Marc Rich & Co berak eta Glencorek ere hainbat salaketa izan dituzte ustelkeriagatik eta eroskeriagatik, eta zerga ihesagatik. Paradise Papers kasuan ere agertu dira taldearen inguruko informazioak.
Jose Maria Aristrainek (Olaberria, Gipuzkoa) ozta-ozta eutsi dio aurten Forbes-en zerrendan presentziari, doi-doi mila milioi dolarreko balioa (890 milioi euro) eman baitio aldizkariak bere akzioei eta beste jabetzei. Haren aita Jose Maria Aristrain Noainek sortutako altzairutegien ardura 24 urterekin hartu zuen Jose Mariak, aita helikoptero istripuan hil zenean. Altzairutegi haiek Aceraliak erosi zizkion, eta gero Arcelor Mittalen esku gelditu ziren. Ondorioz, Aristrain Arcelor Mittalen %2aren jabea da. Parte hartzeak ditu, besteak beste, Tubacexen (%16) eta Haizea Winden. Ofizialki Suitzan bizi da Aristrain, baina Espainiako agintarien arabera, Madrilen bizi izan da. Hori gorabehera, Olaberriakoa laster epaitzekotan dira Madrilen. Estatuko abokatuak 210 milioi euroko iruzurra egitea leporatu dio, eta fiskaltzak 1.408 milioi euroko isuna eta 60 urteko kartzela zigorra eskatu ditu harentzat. Espainiako bere jabetza asko bahimendupean ditu, eta beste batzuk salgai jarri ditu: besteak beste, yate bat -29 milioi euroan- eta Ferrari 250 GTO autoa – 60-70 milioi euroan-.
Euskal herritarrik aberatsenen bila, El Mundo egunkariak egiten duen Espainiako aberatsenen zerrenda ere baliagarria da. Mate da zerrendan lehena, Aristrain ez da ageri, baina badira hainbat familia entzutetsu, XX. mende bukaeran hazitako talde industrialei zuzenean lotutakoak. Kontuan izan behar da haien fortunen barne kontatzen dira enpresa horietan dituzten parte hartzeak. 1.000 milioi eurotik gorako fortuna biltzen du, esaterako, Sendagorta familiak (Senerren akziodunak). Neguriko dirudun historikoen ordezkari, Ibarra Kareaga familiaren parte hartze poltsa ere ikusgarria da: Mas Movil, Viscofan, Solarpark…
Ultraaberatsak, mila milioidunak, AEBetan izen txarra hartzen ari direla esatea gehiegitxo litzateke agian, irabazleak horrenbeste maite dituen eta meritokrazian sinesten duen herrialdean. Baina egia da aberatsak euren distiraren zati bat galtzen ari direla, herritar gero eta gehiago direlako pentsatzen dutenak mugak ezarri behar zaizkiela dirudun horietako askoren gehiegikeriei eta nagusikeriei.
Donald Trumpen agintaldiak ere izango zuen zerikusirik, baina eztabaida azken urteetan joan da mamitzen, eta indartu egin da Alexandria Ocasio-Cortez kongresista demokrata gazteak hamar milioitik gorako errenta sarrerei %70eko zerga tasa ezartzea proposatu baitu —horrek esan nahiko luke lehen hamar milioiak ez liratekeela maila horretan zergapetuko, bai hortik aurrera irabazitakoak—.
Trump ordezkatzeko orain arte aurkeztu diren hautagai demokrata ezkertiarrenek ere aberatsak zergapetzeko proposamenak egin dituzte. Elizabeth Warrenek aberastasunaren eta ondarearen gaineko urteroko zerga federal bat nahi du, %2ko tasarekin 50 milioi dolarretik 1.000 milioiko ondareentzat, eta %3koarekin hortik gorako fortunentzat. Bernie Sandersek, berriz, ondarearen gaineko zerga federala proposatu du, %77ko tasarekin 1.000 milioitik gorako jabetzentzat.
Halako egitasmoen kontrako ahots asaldatuak agertu dira, jakina, baina ekonomista prestigiotsuen babesa ere jaso dute proposamen horiek. Adibidez, Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunak nabarmendu du Ocasio-Cortezek esandakoa oso zentzuduna dela ekonomiaren ikuspegitik. Eta aberastasunaren banaketa desorekatua ikertzen urteak daramatzaten Emmanuel Saez eta Gabriel Zucman ekonomistek landutakoa da Warrenen proposamena.
‘Belle époque’
Izan ere, inor gutxik uka dezake zer dagoen aberatsen distira galeran; zer dagoen haiek gehiago zergapetzeko proposamenen eta monopolioen kontrako araudia gogortzeko eskakizunen oinarrian: aberastasunaren banaketa desberdintasuna- ren maila handia. Gabriel Zuckmanen arabera, gaur egun, AEBetako %1 aberatsenen esku dago herrialdearen aberastasun guztiaren %20; 1978. urtean, berriz, %7 zuten.
Horrek esan nahi du AEBetan aberastasunaren banaketa XX. mendearen hasierakoaren parekoa dela desberdintasunean. Urte haiek Gilded Age (Aro Urrekara) edo belle époque izena hartu bazuten ere, desberdintasun soziala sekulakoa zen, eta gutxi batzuk soilik bizi ziren esne mamitan. Gaur egun, Depresio Handiaren eta mundu gerren atarian zegoen gizarte horren desberdintasun maila bera dute AEBek.
Desberdintasunari buruz urtero txostena ateratzen du Oxfamek, Davosko Foroaren hasiera baliatuz. Txosten horren arabera, aberastasun are gehiago bildu dute dirudunetan dirudunenek. Murriztu egin da munduko biztanleen erdiek bezainbesteko jabetza duten aberatsen kopurua. Gaur egun, 26 pertsonak biltzen dute 3.800 milioi txiroenek bezainbeste ondasun; 43 pertsona ziren 2017an, eta 61, 2016an. Jakina, aberatsenen artean ia gehiengoa dira gizonezkoak. Eta pobreenetan pobreenak, gehienak emakumeak.
Zikloak
Aberastasunaren kontzentrazioaren inguruko debatea «ez da berria», onartu du Jesus Mari Valdaliso Historia eta Erakunde Ekonomikoetan EHUko katedra- dunak. «Aldiro sortzen da, batez ere krisi eta depresio garaietan. XIX. mendearen amaieran, John Rockefellerren eta enparauen aroan, eskala ekonomia handiak baliatuz izugarri handitu ziren enpresei mugak jarri zizkieten, monopolioen aurkako legediarekin. Eztabaida oso antzekoa izan zen Depresio Handiaren garaian. Estatuaren parte hartzea eskatu zuten, eta horrela mugatu zuten enpresa eta banku handien boterea. Baina, batez ere, finantza merkatuak kontrolatu eta arautu zituzten». Gero etorri ziren gerrak, besteak beste, aberastasuna oso gaizki banatuta zegoelako. «Zer izan zen bada iraultza boltxebikea bera ere?», ohartarazi du Oskar Arantzabal ekonomistak eta UEUko ekonomia saileko buruak.
II. Mundu Gerra osteko urteak, ordea, oso bestelakoak izan ziren AEBetan eta, oro har, Mendebaldeko Europan. Hori baieztatu du Valdalisok: «Berdintasunaren hazkunde bat izan zen garatutako herrialdeetan. Soldatek BPGan zuten pisua handitu zen, progresibitate fiskalaren garaia zen, eta zergak handiagoak ziren… Ongizate estatuaren garaia izan zen, oso garai ona garatutako munduarentzat».
Branco Milanovic ekonomistak ere antzeko analisia egin du. Munduko Bankuko ekonomistekin desberdintasunari buruzko hainbat azterketa egina denaren arabera, indar gaiztoek eta indar onberek bultzatuta egiten du gora eta behera desberdintasunak. Sakonagoa izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, hiperinflazioak eta gerrek —indar gaiztoek— aberastasuna suntsitu zuten arte.
Gero, II. Mundu Gerraren ostean, zerga progresiboek, sindikatu indartsuek eta hezkuntza eskuragarriagoak desberdintasunari behean eutsi zioten. Valdalisok beste faktore bat ere gehitu die AEBetan eta, beranduxeago, Europan 50eko, 60ko, eta 70eko hamarkadetan izan ziren urte on haiei: «Kontrabotere bat, eredu alternatibo bat zegoen, Sobietar Batasuna. Langile sobietarrentzat desastrea izan zen, baina eredu harekiko beldurra Mendebaldeko langileen mesederako izan zen».
Kapitala eta irabazleak
Thomas Piketty ekonomista frantziarrak Aldi Berezia deitzen die mundu gerren osteko urrezko urteei. Ekonomiaren historia osoan urte haiek salbuespenezkoak izan zirela uste du. II. Mundu Gerraren kapital suntsiketak, eta kapitalaren errendimendua handitzeko gaitasuna txikiagoa izateak esplikatzen du, hein batean, hurrengo urte haietako berdintasuna.
Izan ere, Pikettyren arabera, kapitalismoan ezinbestez areagotzen da desberdintasuna: kapitalaren errendimenduen hazkunde tasa handiagoa eta epe luzeagokoa delako beti errenten eta produkzioaren hazkunde tasa baino. Alegia, soldata errenten aldean kapitalaren errentak beti irabazle dira, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatuz joaten da. «Irabazleak guztia eramaten du».
Piketty neomarxista da batzuentzat, eta hainbat kritika jaso ditu, baina ekonomiaren eta desberdintasunaren inguruan azken urteetan plazaratutako liburuen artean eraginik handienetakoa izango da datuz jositako Le Capital au XXIe siècle (2013) haren liburua (Kapitala, XXI. mendean).
Ongizate gizartearen urte haien amaiera 80ko hamarkadan etorri zen, Valdalisok azaldua duenez. Ronald Reaganen eta Margaret Thatcherren garaia iritsi zen, enpresa handiek sindikatuen kontra egitea erabaki zuten, haien botere handia murrizteko. Estatuaren esku hartze ahalik eta txikienaren alde jokatzen hasi ziren. «Sindikatuek boterea galdu zuten, estatuaren esku hartzea ere nabarmen txikitu zen, zergak jaitsi zituzten, eta finantza merkatuen desarautze handia izan zen. XX.aren hasieran, desberdintasuna handituz zihoala, lehen eskandaluak iritsi ziren, Arthur Andersen, Enron… 2008ko amiltzea iritsi zenean, desberdintasun ekonomikoa gehiago handitu zen, eta, gaur egun, %1 aberatsenek gero eta ondare gehiago biltzen dute; aldi berean, hazkunde ekonomikoa izanagatik ere, soldatak nekez igotzen dira.
Zerk ekar dezake horri buelta ematea? EHUko katedradunaren aburuz, gaur egun botere handia du iritzi publikoak, eta zeregin garrantzitsua izan dezake banaketa orekatuago baten aldeko borrokan.
Ezinegona
Mende bat geroago, atzera desberdintasun maila bera iritsita, egia da gizartearen ezinegona gero eta gehiagotan agertzen hasia dela. Aberastasuna gero eta okerrago banatuta egoteak jendea haserretzen du, eta horri ezinegona, beldurra eta ziurgabetasuna areagotzen duten aldagaiak gehitzen zaizkio. Globalizazioak herrialde garatu askotan eragin duen desindustrializazioaren ondorioz bazterrean gelditu diren langileak, automatizazioak mehatxupean jartzen dituen lanpostuak, immigrazioa… Populismoak eta natibismoak areagotu dira, eta faxismoa bera ere begi bistan indartzen ari da.
Aberastasunaren banaketa gaiztoari muga jarri behar zaiola esaten gero eta ahots gehiago entzuten dira. Ahots horiek sinesgarriak diren ala ez alde batera utzita, demokrazien oinarri den kontratu soziala bera arrisku larrian jarri dute aberastasunaren banaketa gero eta okerragoak, eta oparotasunaren kontzentrazioak.
Iritzi horiek sistemaren muinean ere badira. Klaus Schwab Davosko foroaren sortzaileak aitortu du aldaketak behar direla: «Sistema sozioekonomikoetan beharrezkoak dira zerga politikei buruzko arau berriak. Irabazleak dena hartzen du moduko konpainiekin, ia ziurra da aberastasunaren gaineko zergak igo beharko direla, eta lan errenten gainekoak txikitu; lehia eta aukerak errespetatuak izango direla ziurtatzeko, monopolioen kontrako ekimenak ere hartu beharko dira».
Pikettyk ere zergen bidea proposatu du: kapitalaren gaineko urteroko zerga progresibo bat eskatu du fortunen kontzentrazioa geldiarazteko. Hori bai, globalizazioaren garaian, zerga herrialdeka ezartzea ez litzateke nahikoa izango; mundu osorako zerga progresibo bat beharrezkotzat du, hori «utopia bat» dela onartu arren.
Pikettyren ezberdintasunari buruzko deskripzioa ontzat jo arren, hark aurkeztutako konponbideei nazio ikuspegitik ekarpen kritiko bat egin die Arantzabalek. Irakaspen sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik (UEU, 2017) liburuan. Arantzabalen ustez, Pikettyk ez ditu estatu txikiak asko atsegin, dumping fiskala egin dezaketelako, zerga globala eragotziz. Frantziarra jakobinismoaren arrastoan ikusten du hor Arantzabalek. Eta, ezberdintasun txikiagoaren bila, beste ideia batzuk ekartzen ditu. «Aberastasuna neurtzen duen Gini koefizienteari begira, herrialde handietan —AEBetan, Mexikon, Erresuma Batuan, Espainian bertan ere—, oso desoreka handiak sortzen dira; estatu txikietan, berriz, kohesio soziala handiagoa delako edo homogeneoagoak direlako, ezberdintasuna txikiagoa da».
Independentziaren gakoa
Arantzabalek jaso duenez, «Flandriako Vives institutuak egindako azterketa baten arabera, herrialde txikiak aberatsagoak dira per capita BPGan, gobernu handiagoak dituzte, zuhurragoak dira zerga politikan, lehiakorragoak dira, inflazio txikiagoa dute, kanpo merkataritzara irekiagoak dituzte, eta atzerriko inbertsio gehiago jasotzeko gai dira». Hor dago, haren iritziz, eskoziar askok estatu independentea nahi izateko giltzarrietako bat: aberastasuna hobeto banatuko dutela uste dute.
Eztabaida hor dago: nola geldiarazi aberastasuna pilatzeko kapitalak, aberatsenek, duten ahalmen gero eta handiagoa? Zaila dirudi hitzetatik ekintzetara pasatzea. Besterik ez bada ere, aberats irabazle horien artean ez daudenek, gehiengoak, orain arte irabazitako gutxiak galtzeko beldur direlako.
Erik Brynjolfsson MIT Massachusetts Institute of Technologyko ekonomistak xehetasun gehiago ere eman zizkion mahaikide multimilioidunari. «AEBetan 1930eko urteetatik 1960ko urteetara errentaren gaineko zergaren tasarik handiena, batez beste, %78 izan zen, eta, zenbaitetan, %90era iritsi zen. Eta urte horiek oso onak izan ziren hazkunde ekonomikoarentzat». Sare sozialetan esango litzatekeen bezala, zaplaztekoak dardarka utzi zituen Suitzako elurrak, eta oihartzuna Bahametan ere entzun zen.
«Zergak, zergak, zergak»
Davosko azken foroko beste eztabaida batengatik ezaguna egin da Rutger Bregman historialaria. Filantropiaz eta halakoez aritu beharrean, zergei eta paradisu fiskalei buruz hitz egin beharko litzatekeela esan zuen. «Zergak, zergak, zergak», haren leloa.
Aberastasunaren kontzentrazioa eta banaketa desberdin eta desorekatua geldiarazteko modua zergetan ikusten du Thomas Pikettyk ere: errenta zergan eta aberastasunaren mundu mailako zergapetze utopiko batean.
Piketty ez dago bakarrik. Haren eskolakoak dira Elizabeth Warren hautagai demokrataren ekonomia aholkulariak ere. Berez, AEBetan Alexandria Ocasio-Cortezen proposamena izan zen lehenetakoa, eta, kongresista demokrataren mediatikotasuna bitarteko, oihartzun handia izan zuen. Ocasio-Cortezek %70eko tasa nahi luke zergapetu daitezkeen hamar milioi dolarretik gorako irabazien gainean. Gaur egun, tasa %37 da milioi erditik gorako banakoen irabazientzat.
Warrenek proposatu du 50 milioi eta 1.000 milioi dolarren arteko aktibo garbien balioaren %2 zergapetzea urtero; eta %3, hortik gorakoei. Zucman eta Saezen ustez, zergak AEBetako familien %0,1ek ordainduko lukete. 75.000 etxe inguruk, eta hamar urtean 2,7 bilioi dolar bilduko lituzke.
Errenta zerga, sozietate zerga, ondarearen edo aberastasunaren gaineko zerga, oinordekotza zergak, finantza transakzioen zerga… Aberastasuna banatzeko zeerga guztiei topatu dizkiete erreparoak. Baina, kasu askotan, erreparo horiek uste usteletan daukate oinarria, Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedradunak argitu duenez. «Gai horri buruz, argudio borroka bat dago, eta hor aberatsenak eraginkorragoak dira. Batetik, jendeak dituen intuizio oso sinple eta okerrez baliatzen direlako; eta, bestetik, baliabide gehiago dituztelako argudio horiek giltzarri diren tokietara helarazteko.
Argudio horietan falazia ugari daudela ohartarazi du Zubirik. «Adibidez, ez omen da etikoa gauza bera birritan zergapetzea, eta errentaren gaineko zergarekin zergapetutakoari aberastasun zerga ezarriz, gero hori gertatzen dela. Ergelkeria bat da hori. Bestela, esan daiteke BEZak ere errenta birritan zergapetzen duela, zuk erosketak egiteko erabiltzen duzun diruak jada PFEZa ordaindu duelako».
Brynjolfssonek Delli esandakoaren ildotik, aberatsei zergak igotzeak hazkunde ekonomikoa moteltzen duela ere ez da frogatu enpirikoki. «Beti diote ‘zergak jaitsi egin behar dira, dirua esku pribatuetan utzi, ekonomia mugi dadin’. Ehun duenari zergekin ehun kentzen badiozu, jendeak utziko dio kontsumitzeari, jakina. Baina gogoan izan behar da jasotako dirua kontsumituko duen jendeari eman diozula. Are gehiago, errenta handiko norbaiti 80 kenduta, ziurrenez ez dio kontsumitzeari utziko, eta, aurrezkiak dituenez, azkenean 100 gastatuko dituela. Bildutako diru hori, adibidez, 100 kontsumitu dituen funtzionario bati emango diozu».
EHUko katedradunaren ustez, «ez da egia zergek ekonomiaren eskaera agregatua murrizten dutela; aitzitik, gehienetan, handitu egiten dute. Gobernuek ez dute bildutako dirua zirkuitutik ateratzen, baizik eta gastatu egingo duen jendeari ematen diete».
Beste bi falazia arriskutsu Lafferren kurba ezagunarekin lotuta daudela dio Zubirik. Arthur Lafferren teoriaren arabera, zerga tasa handiek jendea lan gutxiago egitera bultzatuko dute, «ez du merezi horrenbeste lan egitea, erdia zergatan joango bazait» tesia nagusituko baita. «Jakina, norbaiti lan errenten gaineko ehuneko ehun kentzen badiozu, ez dio mereziko lan egiteak», dio Zubirik. «Baina muturreko adibideetatik tasa errealekin gertatzen denera oso alde handia egon daiteke. Gainera, hain zuzen, abera- tsek ez dute soilik diruagatik egiten lana; maiz jarduten dute boterearengatik, prestigioarengatik».
Zergak jaistearen falazia
Lafferren kurba ezagunak dio tasak jaitsita handitu daitekeela zerga bilketa. «Ez da egia. Zergak jaitsi zituzten Ronald Reaganek eta George W. Bushek, eta AEBetan inoiz ez bezalako defizit publikoak bildu zituzten. Espainian, PPk esango du Jose Maria Aznarren garaietan 90eko urteetan zergak jaitsi eta bilketa handitu zela. Baina hori gertatu zen hazkunde ekonomikoaren eta zergen progresibitatearen ondorioz. Zergak jaitsi izan ez balituzte, gehiago bilduko zuketen».
EHUko katedradunak bi arazo ikusten ditu aberastasunaren gaineko zergekin. Arazo normatiboa da bat: «Egia da bai aberastasunaren bai ondarearen gaineko zergetan likidezia arazoak izan daitezkeela. Horregatik, oso inportantea da zerga horiek behar bezala diseinatzea, halako kasuetan moduak egotea jabetza hori edo ondorengotza hori saltzera behartuta ez egoteko».
Deslokalizazioarena da beste arrisku nagusia. Batetik, herrialdeek euren artean daukaten lehia fiskalak bultzatzen du hori, eta, bestetik, jakina, paradisu fiskalek. Zerga ihesaren kontra mundu osoko lankidetza litzateke soluzioa, baina bide hori oso mantso ari dira urratzen herrialde eta erakundeak.
Estatuen aldebakarreko bideak ere badaude. «Erresuma Batuak badu deslokalizatutako enpresen mozkinen gaineko zerga bat. Jende bat joan egingo da, paradisu fiskalak erabiliko ditu, baina horrek ezin du eragotzi zergak ezartzea», uste du Zubirik. Haren ustez, badago tarte bat deslokalizazio nabarmenik izan gabe aberastasunaren gaineko zerga guztiak handitzeko. «Ezer egiten ez badugu, gauzek okerrera egingo dute, demokrazia bera arriskuan jartzeraino».
Bukatzeko, galdera sinplea: zertarako izan behar dute zergek? Ahalik eta diru gehiena biltzeko? Aberatsak zigortzeko? Zubirik argi dauka erantzuna: «Gizartearen helburuak lortzeko. Europan, helburua izan da biztanleria guztiak izatea bizi baldintza onargarriak».
Hiru sektoreak administrazioaren azpikontratak dira: kaleko garbiketetan, gizonezkoak dira %80; polizia etxeen eta epaitegien garbiketan, aldiz, emakumeak dira hamarretik ia hamar. Kaleko garbitzaileen oinarrizko soldatak baino %13 apalagoak dira komisarietakoak, eta %7 txikiagoak epaitegietakoak. Lan borroka da, baina batez ere borroka feminista da. «Soldata arrakala desagertzea eskatzen dugu».
Bi garbiketa sektoreetan 40 emakume daude, Garbialdi enpresarentzat lanean. Ia sei hilabete daramatzate greban, momentuz emaitzarik gabe. «Baina konbentzituta gaude indar honek guztiak balio duela boterea mugiarazteko», azaldu du Iruretagoienak. «Zailena hastea da», gaineratu du Campok. «Behin greban hasita, jarraitzea baino ez da geratzen. Lortu arte».
Bizkaiko esperientzia
Badute erreferente bat: Bizkaiko zahar etxeetako greba. 378 egun igaro eta gero, langileek garaipena lortu zuten 2017 amaieran. «Elkar animatu behar dugu. Bizkaian lortu badute, guk ere lortuko dugu», dio Campok. Eta ez daukate beldurrik borroka luzatzeko. Prest daude greba luzeenaren marka hausteko. ELAren erresistentzia kutxa ezinbesteko tresnatzat jo dute, hura gabe bideraezina izango litzatekeelako halako greba bati luze eustea.
Campo eta Iruretagoienaren mahai beraren bueltan daude Ane Sastre eta Aitziber Aranberri ere, Donostiako Bulebarreko eguerdiko elkarretaratzera joan aurretik solasean. Gipuzkoako Diputazioak azpikontraten esku lagatako zahar etxeetako langileak dira, ELAko bazkideak, eta greban daude otsailaren 20az geroztik —iazko urte amaieran beste hamasei egunez egin zuten greba—. 5.000 behargin daude sektorean, gehienak emakumeak.
«Dauzkagun ratioekin, eskaintzen dugun zaintza ez da kalitatezkoa; ez da humanoa», esplikatu du Aranberrik. «Erlojuaren kontra lan egiten dugu». Batez beste, hamabost minutu izaten dituzte pertsona bakoitza ohetik altxatzeko, dutxatzeko, janzteko, ilea apaintzeko eta gelatik ateratzeko. Eskandalagarria dela adierazi du Sastrek: «Pertsonak dira. Estresa da guretzat, eta estresa da zaharrentzat ere».
Botereko alderdi politikoen hipokrisia nabarmendu dute lau grebalariek: Jaurlaritzakoena eta aldundikoena. «Alderdi askok boladan dagoelako darabilte feminismoa ahotan», kexu da Campo. «Emakundek, adibidez, ez digu bilerarik onartu. Eta hainbat aldiz joan gara Emakunderen atera, asteartean azkenengo aldiz». Momentuz, alferrik.
Hitzak bai, ekintzarik ez
Edonola ere, Aranberrik uste du Martxoaren 8ko greba feministak balio duela administrazioari presio gehiago egiteko. «[Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu] Maite Peñaren mitin batean izan ginen Andoainen otsailean, eta pila batetan esan zuen soldata arrakala. Baina hitz horiek ekintza bihurtzea beren esku dagoenean, atzera egiten dute». Hain zuzen, ELAk diputazioari egotzi dio sektoreko bi patronalekin adostutako akordiorako oinarria atzera bota izana.
Polizia etxeetako eta epaitegietako langileek, berriz, greba eskubidea urratzea egotzi diote Jaurlaritzari. «Greba hasi eta ia bost hilabetera, dekretuz behartu gintuzten egun batean dena garbitzera». Camposek salatu du grebaren eraginak ezabatu nahi izan dituztela.
Garbiketa eta zaintza sektoreetako emakumeen lan baldintzetan administrazioak daukan erantzukizunari ez muzin egiteko eskatu du Sastre grebalariak: «Azpikontratazioekin, gainetik kendu nahi dute erantzukizuna. Baina eskatu diegu sartzeko kontrataziorako klausula sozialak eta berdintasunarenak».
EBZren iragarpenak ustekabean hartu ditu analistak, merkatuak, baina baita banku zentralaren berri ematen duten kazetariak ere. Neurriak zerbait ezkutatzen ote zuten galdetu zioten Draghiri, baina ezetz erantzun zien. Mugimendu «erreaktibo» bat izan beharrean, «proaktiboa» izan dela. Hots, interes tasak %0an jarraituko dutela gauzek okerrera egin ez dezaten. Draghik 2011ko azaroan hartu zuen EBZren gidaritza, eta interes tasak %1,5etik %1,25era jaitsita estreinatu zuen agintaldia.
Interes tasak gutxienez beste sei hilabetez zeron jarraitzeko erabakia «datuek eragindakoa» zela azaldu zuen Draghi. Datu horiek diote moteltzen ari dela barne produktu gordinaren hazkundea, eta, EBZk uste zuenaren aurka, ahultasun hori ez dela une bateko kontua izan. Arrazoien artean, ohiko susmagarriak: brexit-a eta zenbait herrialdek hartutako neurri protekzionistek nazioarteko merkataritza geldotu dutela.
«Atertzen ez duen ziurgabetasunak» inbertsioak geratzen ditu, eta traba egiten dio, berriz, euroguneko ekonomia bultzatzen duten beste indarrei: hala nola langabeziak jaisten jarraitzen duela, «motelago bada ere»; soldatak oro har hazten ari direla; kontsumoa «maila onean» dagoela; finantzaketa lortzea gero eta errazagoa dela, eta EBZren diru politika «lagungarria» dela.
Iragarle ezkorrek esaten dutenaren aurka, atzeraldi baterako «oso aukera gutxi» ikusten du EBZk, baina onartu behar izan du hazkundea «nabarmen» txikiagoa izango dela. Orain uste du aurten BPGa %1,1 handituko dela aurten —%1,7 iragarri zuen abenduan—, eta %1,6 2020an.
Baina balizko interes tasen igoera ez da atzo EBZk «aho batez» hartutako erabaki bakarra. Batetik, berretsi egin zuen berriro inbertituko duela zorra masiboki erosteko programaren ondorioz bueltan jasoko duen dirua. Hau da, estatuek eta enpresek zorra itzultzen diotenean, diru hori zor gehiago erosteko erabiliko duela. 2015eko martxoan jarri zuen programa hori martxan EBZk, eta iazko abenduan eten zuen, ia 2,6 bilioi euro inbertitu ondoren. Diru hori dopinaren modukoa izan da finantza merkatuetan, eta dosirik gabe funtzionatzeko oraindik goiz dela uste du banku zentralak. Aurten 200.000 milioi euro inguru izango dira. Oraingoz zorra erosteko beste programa masiborik ez du buruan EBZk, baina askotan esan du beharrezkoa bada abian jar dezakeela.
Bestetik, EBZk TLTRO izeneko enkanteen hirugarren saioa egingo du. Horien bidez, bankuei baldintza onetan utziko die, ez dezaten aitzakiarik izan beren bezeroei maileguak emateko. Neurri garrantzitsua da, aurreko TLTRO saioko maileguak —744.000 milioi euro— orain itzuli behar dituztelako bankuek. Batez ere Italiako bankuek (244.000 milioi) eta Espainiakoek (170.000 milioi) baliatu zituzten aurreko enkanteak.
«Europako Batasuna ausartu zen paradisu fiskalen zerrenda beltz bat egitera, zerga ihesa geldiarazten laguntzeko», azaldu zuen atzo Johan Langerockek, Oxfamek zerga paradisuei buruz aurkeztu berri duen txostenaren egileak. «Baina harrezkero, badirudi galdu egin duela kemena», jarraitu zuen. «Badirudi Europako gobernuak orain prest daudela munduko zerga paradisurk txarrenetako batzuk zuritzeko. Diru zuriketari buruzko EBko azken eztabaidek erakutsi dute nola botere politikoen eta ekonomikoen presioak atera dezaketen errailetatik printzipioetan oinarritutako apustu sendo bat. EBk indartu egin behar du zerrenda beltza; bestela, hau guztia fartsa hutsa izango da».
EBk 2017an adostu eta ondu zuen munduko paradisu fiskalen zerrenda lehenengo aldiz, eta, hasieratik, oso meharra da zerrenda beltza. Bost herrialde baino ez daude oraintxe: Samoa Estatubatuarra, Guam, Samoa, Birjina Uharte Amerikarrak, eta Trinidad eta Tobago. Bruselak zerrenda grisa osatu zuen zerrenda beltzean sartzen ausartu ez zen herrialde askorentzat, eta 63 herrialde sartu zituen hor, argudiatuta, paradisu fiskal izan arren, konpromisoa agertu dutela erreformak egiteko.
Oinarrizko hiru irizpide
Oxfamek EBk zerrenda osatzeko erabilitako irizpideak erabili ditu, eta ondorioztatu du hasieran aipatutako bederatzi herrialdeak ez dituztela zerrenda beltzean sartuko; are gehiago, zerrenda grisetik ere atera egingo dituztela.
Gobernuz kanpoko erakundeak bere zerrenda propioa egin du, hiru irizpide erabilita: lehenik, informazioaren trukatze eta gardentasun maila; bigarrenik, jarduera fiskal kaltegarriak erabiltzen dituen ala ez, besteak beste, irabaziak lekualdatzeko erraztasunak eta enpresa opakoak sortzekoak; eta azkenik, ea betetzen ote duen nazioarteko legedia zerga oinarria txikitzea saihesteko (BEPS, ingelesezko akronimoan).
Hiru irizpideok erabilita egin ditu kalkuluak Oxfamek, eta ondorioztatu du Suitza eta AEBak ere zerrendan sartu beharko liratekeela, baina badaki Bruselak ez dituela sartuko, «oso boteretsuak direlako».
Zenbatekoa aurreko urtekoa baino 2,1 milioi txikiagoa izan da. Ogasunak uste du azken urteetan egonkortu egin dela azaleratutako zerga zorra, «enpresak sustatzeko sozietateen efektua atzean utzi ostean».
2018ko zerga iruzurraren aurkako kanpainako datuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan eman dituzte Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak eta Jokin Perona Ogasuneko zuzendariak. Biek ziurtatu dutenez, zerga iruzurrari aurre egitea diputazioak legealdi osoan zehar izan duen «helburu estrategikoetako bat» izan da, eta legealdian 1.077 milioi euro azaleratu ditu.
Aurtengo Egiaztapen Planari dagokionean, berriz, Larrañagak eta Peronak azaldu dute hiru direla lan lerro nagusiak: informazio lortzeko jarduketak, prebentzio jarduketak, eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen atalean, sakondu dute nazioartean informazioa trukatzeko hitzarmenen ustiaketan, nazioartekozerga sistemaren arloan dabiltzan zergadunen azterketan, zerga administrazioekin informazio trukea egonkortzean eta negozio eredu berrian.
Prebentzioari dagokionez, teknologiaren aldeko apustua egin du Larrañagak. BIH berehalako informazio hornidura (BIH) eta Ticket Bai proiektuekin jarraituko du. Eta Big Data arloko ekinbideak ere baditu martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak.