ELAk bi greba egun egitera deitu ditu jantokietako langile…
ELAk bakarka bi greba egun deitu ditu 2019ko martxoaren 13 eta 28rako, ikastetxeetako jantokien sukaldari eta garbitzaile publikoen sektorean.
Zeintzuk dira alokairuko etxebizitzen inguruko errege-dekretuaren berritasunak?
Espainiako Gobernuak onartutako presazko neurrien artean daude errentaren igoera KPIra mugatzea eta estatu mailako salneurrien indize bat sortzea.
Espainiako Gobernuak 16 astera luzatuko du aitatasun baimena 2021erako
Espainiako Ministroen Kontseiluak lege dekretua onartu du gaur aitatasun baimena 16 asteraino luzatzeko hiru urteren buruan, EBko estatuen batez bestekora iristeko.
2018-2019 ikasturtean berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzak.
Irabazien belak hauspotuta
EUSKALTEL
Irabaziak, ia %27 gehiago
Derioko (Bizkaia) konpainiaren negozioa %10,7 hazi zen joan den urtean, 674 milioi euroren salmentak izateraino. Euskaltelek nabarmendu du EBITDA marjina portzentajeko 42 puntu igo dela azken urtean, eta emaitzak izan duen hazkundea loturik dagoela konpainiak bere produktuak sorta moduan saltzeko hartu duen erabakiarekin. Euskaltelen bezero bakoitzak, batez beste, 3,6 produktu kontratatu ditu 2018an. Horiek horrela, 62,8 milioi euroren mozkinak lortu ditu, %26,6 gehiago.
Hala, zuzendaritzak akzio bakoitzeko 0,31 euroko dibidendua proposatu du, CNMVri jakinarazitako emaitza horiek kontuan hartuta. Edonola ere, akziodunen batzarrak onartu beharko du dibidendu horren banaketa. Bestalde, konpainiaren zorra 74,4 milioi euro txikiagoa da, azken urtean egindako ahalegina tarteko.
Euskaltelek hedapen prozesu sendo bat abiarazi du, eta 2019an hainbat lurraldetara iritsiko da: esate baterako, Kantabriara, Leonera, Errioxara eta Kataluniara, eta, gainera, zabaltzen jarraituko du Nafarroan. Iaz sartu zen Euskaltel Nafarroan: Iruñerrian eta beste herri nagusi batzuetan hasi zuen hedapena, eta etorkizun hurbilerako jarritako helburuen artean dauka lurralde horretako merkatuaren %20 eskuratzea 2022rako.
Bestetik, Euskaltelen lema eskuz aldatzeko aukerak indarra hartu du urte hasieraz geroztik. Erresuma Batuko Zegona funtsak berretsi egin du Euskaltelen akzioak erosiko dituela merkatuan, akziodun handiena bihurtzeko, eta horrek zuzendaritza aldaketa eragin lezake.
Badago arriskua, beraz, Euskaltelen erabakigunea Euskal Herritik aldentzeko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ez du baztertu Euskaltelen akzioak erostea konpainiaren euskal jatorria sendotzeko, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko sailburuak BERRIAri esan zionez joan den otsailaren 2an.
TUBACEX
Irabaziak, eta hedapena
2017an ia 20 milioi euroren galerak izan zituen Laudioko konpainia tutugileak (Araba), petrolioaren sektorean izandako krisiak eraginda. Baina iaz egoerari buelta ematea lortu zuen, 17,4 milioi euroren mozkinak lortu baitzituen, 2017ko emaitzak %168,2 hobetuz.
Hala eta guztiz ere, Tubacexek oraindik zor handia dauka pilatuta, 254,5 milioi euro, azken urtean milioi bat gehiago pilatu ondoren. Enpresak azaldu du eskaerak egin ahala ekoizten duela, eta zorra estuki loturik dagoela zirkulatzailearekin. Altxortegi hori 222 milioi eurorena da, 2017an baino 29,2 milioi gehiago.
Kutxa horren bolumen gehiena «dagoeneko salduta» dagoela azaldu zuen atzo Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak, eta zati hori zorraren %86 dela. Esmorisek uste du konpainia «indarturik» atera dela «sektoreko krisi luzeenetik», eta konbentzituta dago Tubacexek badituela egiturak datozen urteetarako aurreikusitako hazkundea bere alde jartzeko.
Esmorisek konpainiaren helburuetako bat zehaztu du, gainera: munduko lehen hornitzaile bihurtzea aleazio handiko hodietan. 2020. eta 2021. urteetarako «hedapen handia» iragarri du, eta inbertsioak ere egingo dituela hori horrela gerta dadin.
ITP AERO
69 milioi euroren irabaziak, 2017an baino %9,2 gutxiago
Zamudioko aeronautika konpainiak 880 milioi euro fakturatu zituen iaz, 2017an baino %6 gehiago, baina zergak ordaindu eta gero, 69 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu, aurreko urtean baino %9 gutxiago. Egoitza nagusia Bizkaian izan arren, Rolls Royce britainiarra da jabea, 2016an Getxoko Senerri konpainia osoa erosi zionetik.
Carlos Azola ITP Aeroren zuzendariaren esanetan, aurten konpainiaren salmentek bi digituko hazkundea izango dute. Irailean planta berri bat jarriko du martxan Derion, eta 14,2 milioi euroko inbertsioa egingo du bertan.
Halaber, Alvarezek esan du «goizegi» dela jakiteko zer eragin izango duen konpainian Airbusek erabaki izanak ez duela A380 modeloko hegazkin gehiago egingo —ITPk turbinak egiten ditu horientzako—, «baina gai izan beharko genuke ezer berezirik egin gabe moldatzeko».
ESKUIN
Barne merkatuaren bultzadaz, gora
Emaitza onak eman dituzte Burdineriako eta Industria Hornikuntzako Eskuin klusterreko bazkideek ere. Iaz, 369 milioi eurora iritsi zen klusterreko bazkideen ekoizpena: 2017an baino %3,1 gehiago.
Gorakada horri barne merkatuak eman zion bultzadarik handiena, salmentak %4,78 igota; esportazioek ere gora egin zuten iaz, baina indar txikiagoarekin, %1,3 hazi baitziren. Ekonomiaren desazelerazio arrastoak sumatzen hasi arren, Eskuineko presidente Cesar Sainzek azaldu du 2019rako «itxaropena» daukala: «Espero dugu ekoizpenean eta esportazioan azken bost urteetan bezala hazten jarraitu ahal izango dugula».
VISCOFAN
123,7 milioiren irabaziak
Viscofan talde nafarrak %1,4 handitu zituen irabaziak joan den urtean, 123,7 milioi euroraino. Negozio zifra garbia ere %1 handitu zuen taldeak iaz, 786 milioi euroraino. Zorra 41,1 milioi eurotik 79,6 milioira handitu du urtebetean.
Hirugarren modeloa lortzeko lehen baldintza badago: lan itun luzea
Ez da bost urtekoa izan, seikoa baizik. Iruñeko Volkswagenek akordioa egin du UGTrekin eta CCOOrekin ituna berritzeko; langileen batzarrak onartuz gero, sei urte iraungo luke itun horrek. «Gure eskaeren eta proposamenen zati handi bat lortu dugu», aldarrikatu zuen atzo Alfredo Moralesek, langile batzordeko presidenteak (UGT). Azaldu zuen hitzarmenaren lehen lau urteetan, 2018tik 2021era, KPIa gehi %0,5 igoko dietela soldata VWeko ia 4.500 langileei: 2022an eta 2023an, berriz, KPIa gehi %0,4.
Lantaldea berritzeko neurriei ere garrantzia eman zieten sindikatu sinatzaileek. Errelebo kontratu berria erabiliko dute, eta horretan parte hartzen duten langile berriek kontratu mugagabea izango dute. Erretiroa hartu behar duen langileak erreleboaren hasieran pilatuko ditu lanegunak, hartara goizago erretiroa hartzeko.
CCOOko ordezkari Eugenio Duque «harro» azaldu zen akordioaren aurrekoaz, soldata igoera «garrantzitsuak» dakartzalako, eta «hirugarren modelo bat egiteko aukera ematen duelako». Joan den udaz geroztik, Polo modeloa ez ezik, SUV motako T-Roc modeloa ere egiten dute Landabenen. Hirugarren modeloa CUV motako bat litzateke; Crossover Utility Vehicle horrek SUV baten ezaugarriak eta coupe batenak nahastuko lituzke.
Auto elektrikorik ez
Akordioaren sinatzaileek gehiengo osoa dute Nafarroako VWen: UGT da sindikatu nagusia, 11 ordezkarirekin, eta atzetik du CCOO, zazpirekin. Launa ordezkari dituzte LABek eta CGTk, bi ELAk, eta bakarra CGCk. Martxoaren 14an egingo dituzte berriro hauteskunde sindikalak.
Langile batzordeko presidentearen ustez, lan hitzarmen berriak «enplegua bermatzen duen industria proiektu bat» islatzen du. Hirugarren modeloak lan karga handituko luke, noski, baina automatizazioak gero eta pisu handiagoa dauka Landabenen. Esaterako, 2001. urtean baino langile gutxiago daude Nafarroako plantan gaur egun, baina auto gehiago ekoizten dituzte.
Landabenen, bestalde, etorkizunak ez du loturarik izango auto elektrikoarekin, Andreas Tostmannek esan zuenez. Argi utzi zuen Landabenen errekuntza motorren autoak ekoitziko zirela, Polo eta T-Cross modeloak oraingoz. Diesel eta gasolina merkatua «2040 edo 2050era arte» luzatuko dela uste du VWen zuzendaritza nagusiko kideak. Beraz, baztertu egin zuen Nafarroan modelo elektrikoren bat ekoiztea datozen urteetan.
Bizkaian 488,3 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu dute
Datu horien berri eman zuten atzo Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak, Batuz programa aurkezteko egindako agerraldian. Zerga iruzurrari aurre egiteko programa bat da, eta 2021. urtetik aurrera martxan egongo da. Sistema informatiko horren helburua argia da: jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek —pertsona fisiko eta juridikoek— euren jarduerari buruzko zerga informazioa eskainiko diote aldundiari. Informazio horrekin guztiarekin, Bizkaiko enpresa eta autonomoen 100.000 zergadunen errenta aitorpenak egingo ditu aldundiak, gaur egun pertsona fisikoen gehiengoak jasotzen duen proposamenaren antzera.
Horrela, zerga iruzurraren aurka borrokatzeko beste tresna bat izango du foru ogasunak. 2019ko abenduan proba aitzindari bat jarriko dute martxan, eta 2021ean zabalduko dute.