Europako Batasunak fronte bateratua erakutsi nahi du gaur Txinaren…
Xi igandean iritsi zen Frantziara, Italian egun batzuk egin ondoren. Italiako egonaldi horrek berak agerian utzi du EBko herrialdeak oso banatuta daudela Txinarekin izan beharreko harremanei buruz. Izan ere, Alemaniaren, Frantziaren eta Batzordearen beraren atsekaberako, bisita horretan bat egin du Italiak ofizialki Xiren proiektu kutunarekin, zetaren bide berriarekin. Antzinako merkataritza bidea gogoan, Europaren, Asiaren eta Afrikaren arteko harreman komertzialak sakontzeko bide gisa saldu du proiektua Pekinek, baina mesfidantzaz ikusten dute Bruselan eta Washingtonen, uste baitute Txinaren tresna bat dela bere eragin politikoa eta ekonomikoa hedatzeko.
Italia da harekin bat egin duen EBko herrialde nagusia, baina ez bakarra: Portugalek, Poloniak, Kroaziak, Greziak, Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Maltak jada sinatu dute ituna, eta beste bostek ere asmoa adierazi dute, espero baitute haren bidez azpiegitura batzuk finantzatu ahal izango dituztela.
Arrakalak zabaldu aurretik Xiri fronte bateratu bat aurkezteko helburua du gaurko bilerak. Le Monde egunkariak kaleratutakoaren arabera, politika horren lehen erakusgarria izan daiteke EBk aldebikotasuna derrigorrezko egitea merkatu publikoen banaketan. Hau da, Txinako enpresek soilik parte hartu ahal izatea EBko lehiaketa publikoetan baldin eta Europako enpresek aukera berak badituzte Txinako lehiaketetan esku hartzeko. Txinarentzat ez ezik beste herrialde guztientzat ere balioko duen neurri bat da hori.
EBko agintariek aho batez onartu zituzten baldintza horiek joan den asteko Europar Kontseiluan. Batzordearen aspaldiko asmoa zen, baina Alemaniak trabatzen zuen, ez baitzuen oztoporik nahi Txinarekin duen merkataritza harreman sakonean. Bana Txinako enpresa batek Kuka robotika enpresa alemaniarra erosi izanak erakutsi dio Berlini etorkizuneko sektore askoren kontrola galtzeko arriskua daukala, eta babes neurri batzuk hartu behar dituela.
Ados eta kontra
Gaurko bilera testuinguru berezi batean gertatuko da. Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerrek leku bitxi batean jarri dute Europako Batasuna. Batetik, Txinarekin bat egiten du EBk, aldarrikatzen baitu merkataritza librearen alde eta protekzionismoaren aurka dagoela. Baina, bestetik, ados dago Trumpek Txinaren aurka egiten duen salaketa batekin: Txinako enpresak Mendebaldekoen jabetza intelektuala lapurtzen aritu direla, Pekingo agintariek finkatutako inbertsio arauen bitartez.
Duela bi aste, Txinako Parlamentuak atzerriko inbertsioak errazteko lege bat onartu zuen. Legeak Bruselara eta Washingtonera begira egindakoa dirudi, haren artikulu batek espresuki debekatzen baitu administrazioak «teknologiaren transferentzia behartzea». Kontratu publikoetan «tratu bera emango zaie txinatarren eta atzerrikoen enpresei eta zerbitzuei», esaten du legeak. Ikusteko dago lege horrek eragina ote duen Txinaren eta AEBen arteko negoziazioetan. Ostegunean dira Txinara joatekoak Robert Lighthizer AEBetako merkataritza gaietarako negoziatzailea eta Steven Mnuchin Altxorreko Estatu idazkaria.
Bizkaiko Ogasunak 401 milioi euro itzuliko ditu errentaren kanpainan
Oraindik hilabete baino gehiago falta da kanpaina abiatzeko, baina ogasuna jadanik hasi da bidaltzen zergadunen etxeetara postaz errenta aitorpenaren 334.000 proposamen. Denetara, ordea, 576.800 aitorpen tramitatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, iaz egindakoak baino 2.530 gehiago. Horietatik 401.000 aitorpenetan, zergadunei dirua itzultzea egokituko zaio ogasunari, eta gainerako 175.800 proposamenetan, kontrako norabidea izango du. Iruarrizagak azaldu zuenez, datu horiek «apenas aldatu diren aurreko urteekin alderatuz gero».
Ogasunak etxera bidaliko dituen proposamenez gain, Bizkaiko zergadunek 300 finantza erakunderen bulegoetan egin ahal izango dute euren errenta aitorpena, baina baita diputazioaren webgunean bertan ere. Horretarako, apirilaren 8tik aurrera jasoko dute etxean webguneko aplikazioan behar diren erabiltzaile gakoa eta pasahitza. Edozein modutan ere, webgunean bertan sartuz gero, zergadunek dagoeneko jakin dezakete ogasunak egindako errenta aitorpenaren proposamena etxean jasoko duten ala ez.
Amatasun saria «ezin itzuli»
Arabako Ogasunak ez die dirurik itzuliko Espainiako Auzitegi Gorenak amatasun errentagatik ordaindutako zerga itzultzeko epaia eman aurretik auzibidean zeuden gurasoei. Hala azaldu zuen Jose Luis Cimiano ogasun diputatuak, atzo. Izan ere, nahiz eta 2018ko urrian emandako epaia hor dagoen, aurretik epaitegietan emandako ebazpenak onartu behar ditu aldundiak, «bestela legea urratzen» ariko baitziren. «Inongo erabaki politikok ezin du horren aurka egin», esan zuen.
Dena den, Auzitegi Gorenak emandako epaiaren garaian epai irmorik ez zuten auzibideen kasuan, dirua itzultzeko eskatu ahal izango dute gurasoek.
Gorenaren epai sonatuak bakarrik Espainiako Ogasunari eragiten zion arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek ere laguntza horiek itzultzea erabaki zuten, derrigorturik egon gabe. Baina aurretik ez itzultzeko epaia izan zutenen kasuan ezin izan zuten horrela jokatu.
Navali begira dagoela gogorarazi dio Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzari
Taldeka Ekintzailetza programak Taldeka Digitala. Bizkaia 2019
Kristau Eskola sindikatuekin bilduko da astelehen honetan
Martxoaren 12tik 15era izandako lanuzteen ondotik iritsiko da gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek patronalarekin egingo duten bilera.
Levi’s-ak garbitzeko manerak
1Levi’s-ak galtza guztiak bezala garbituko dira, ala? Anatema! Halako bitxiak behar bezala zaindu behar dira, eta ezin dira edozein modutan tratatu. Behintzat hori esaten zen orain urte batzuk, jeans galtzak,eta batez ere Levi’s garestiak, estatus jakin baten ikur zirenean. Markako jeansak Baby boom belaunaldiaren prakak izan ziren. Baina, oraingo gazteak ohituago daude arropa merke eta eskasa erosi, jantzi eta berehala botatzera, eta jeans garestien inguruko jakinduria pikutara joan da.
2 Baina Levi’s-ak salerosten dira oraindik. Jeans gutxiago saltzen dira garai batean baino. Joera batez ere AEBetan antzeman da, 90eko urteez geroztik.
3 Jeansak ez daude modan? Ez daude horren modan. Azken urteetako moda joerak, gainera, jeansekin kontrajarriak izan dira, batez ere emakumeen artean.
4 Emakumeek utzi diote Levi’sak erosteari? Baita gizonezkoek ere. Jeans galtzen salmenten jaitsieraren errua athleisure moda joerari egozten zaio. Kirol arropa gero eta gehiago janzten da, material berriak, erosoagoak… Eta Levi Straussek igarri dio. «Ulertu dugu emakumeek praka elastikoak jantzita esaten zigutena», azaldu du Chip Bergh Levi Strauss konpainiaren buruak. Ulertu omen dute emakumeek dotore zein informal janzteko moduko material elastikoak nahi dituztela.
5 Eta asmatu dute? 2018an aurreko urtean baino %14 gehiago saldu du Levi’sek. Txanpa hori baliatu du 1984an utzitako burtsara itzultzeko. Hazi egin nahi du konpainiak, emakumeen artean, sareko salmentetan eta garabidean diren herrialdeetan. Eta xede horretarako, Bergh-ek Levi’sak garbitzeko moduei buruzko mitoekin jarraitzen du, galtza soilak direnak harribitxiak balira bezala tratatu behar direla iradokiz.
6 Baina nola demontre garbitu behar dira, orduan, Levi’s galtzak? Berghen aholkuetako asko ezagunak egingo zaizkie gaur egun 40-50 urte dituztenei: Hondatu nahi ez badituzu, Levi’s-ak ez dira garbigailuan sartu behar; ez zaie leungarririk bota behar; ez dira lehorgailuan sartu behar, eta ez dira lisatu behar. «Mantxa bat badute, bakarrik mantxa garbitu beharko litzateke; hori egiten dut nik. Oso zikinak badaude, aukera bat da ur hotzetan eskuz garbitzea. Edo haiek jantzita dutxan sartu eta bustitzea. Hala ere, gorputzaren forma har dezaten onena ez garbitzea da», dio Berghek.
7 Milurtekoaren bukaerako urteak ez ziren errazak izan, ezta? …Gazte ginen gazte.
AHULAK BATU, AHUL SEGITZEKO
Banku batek zein besteak arazo handiak dituzte: eskandaluz eta huts egindako proiektu handinahiez betetako iraganaren garbiketa amaitu ezinik dabil Deutsche Bank; krisia lehertu zenetik errentagarritasunaren bilaketa antzuan dabil, berriz, Commerzbank, eta Dresdner Banken digestioa egin gabe.
ZERGATIK BATU NAHI DUTE?
Beren kabuz lortu ezin duten sendotasuna batera lortzea da asmoa. Oso aspaldiko ideia da, orain arte irmoki ukatutakoa. Joan den igandean aitortu zuten Deutsche Bankek eta Commerzbankek fusio bat negoziatuko dutela, baina argi utzi zuten elkarrizketek ez dutela derrigorrez fusiorik ekarriko.
Proiektua babesten eta bultzatzen du Alemaniako Gobernuak, espero baitu bat-egiteak banku indartsuago bat sortuko duela, gai izango dena Europako beste banku handiekin lehiatzeko —Santander, BNParibas, HSBC, Credit Agricole…— eta lagunduko diela Alemaniako enpresa esportatzaileei. Baina agian hori baino garrantzitsuago izan daiteke batasun batek saihestu egingo duela AEBetako banku berrindartuek edo Txinako handiki berriek koska egitea Deutsche Banki edo Commerzbanki.
Deutsche Bank banku handia da Europako testuinguruan. Aktiboetan, kontinenteko laugarrena da, ia 1,5 bilioi euroko aktiboekin, Santanderrek adina. Baina burtsan duen balioa horren oso azpitik dago. Krisiaren atarian, 2007ko udaberrian, 92 euro balio zituen DBren akzio bakoitzak. Aste honetan, beheranzko joerari heldu dio berriro, eta ostiralean 7,30 euroan salerosi zen. Azken urtean balioaren ia %40 galdu du.
Banku txikiagoa da Commerzbank, EBko handienetan 25.a Bien artean, bi bilioi euroren aktiboko banku bat sortuko lukete, Europako bigarrena.
NOLAKO BANKUAK DIRA?
Deutsche Bankek eta Commerzbankek jaiotze data partekatzen dute —1870an sortu zituzten—, baita sorrerako helburua ere —merkataritza laguntzea—. Baina, gainontzean, banku desberdinak izan dira azken hamarkadetan.
DBk handira jokatzea erabaki zuen 1990eko hamarkadan, ingeniaritza finantziarioak ezerezetik milaka milioi euroren irabaziak eragin zitzakeela ikusi zutenean. AEBetako inbertsio banku erraldoiekin lehiatzeko erabakia hartu zuen DBk , eta hainbat urtez arrakastaren irudia eman zuen: munduko bankuetan handiena bilakatu zen bere finantza adarraren eskutik, fitxaketa milioidunak egin zituen, eta bere buruei sekulako dirutzak ordaindu zizkien —1995-2016 epean 71.000 milioi euro banatu zizkien gainsarietan, akziodunei halako lau—. Baina kasinoaren argiak itzali zirenean, 2007tik aurrera, zikinkeriak agerian geratu ziren. Garai horretako apustu ausartegiak, inbertsio okerrak eta bestelako gehiegikeriak garbitzen aritu da bankua azken urteetan, eta ohartu da ez duela indar handirik banka tradizionalean, herritar arruntei eta enpresa txikiei eta ertainei dirua mailegatzen. Alde horregatik bateragarria da Commerzbankekin, azken horren indargunea enpresa ertainen eta txikien finantzaketa delako.
Berez, DB eta Commerzbank gauza bitxiak dira Alemaniako finantza munduan. Herrialde hartan banku kooperatiboak edo eskualdeetako eta hirietako aurrezki kutxak dira nagusi; erakunde kontserbadoreak dira, beren lurraldeko enpresa sareei eta herritarrei ongi lotutakoak, eta, espekulazioan baino, industriaren zerbitzura dihardute. Guztira, 1.600 finantza erakunde daude Alemanian, Frantzian halako bost. Alemaniako bost banku handienek merkatuaren %30 eskas bat dute, kopuru txikia herrialde gehienetan kontzentraziora jo izan duen sektore batentzako. Sakabanaketa ona izan daiteke bezeroentzat, zer aukeratu badutelako, baina traba bat monopolioen edo oligopolioen eskutik prezioak eta komisioak igo nahi dituztenentzat.
ZERGATIK DOA GAIZKI
DEUTSCHE BANK?
AEBetako hipoteka zaborren krisiak Europan gehien zigortutako bankua izan da Deutsche Bank, Goldman Sachs, Lehman Brothers eta enparauekin aurrez aurre lehiatzeko estrategiak ekarri zuelako beste inork baino gehiago inbertitzea subprime hipotekez betetako produktuetan.
2015ean 6.890 milioi euro galdu zituen: iaz, lehen aldiz 2014tik, irabazi txiki batzuk eman zituen , 267 milioi eurorenak. 6.000 langiletik gora bota ditu azken urteetan, aktiboak eta adarrak saldu ditu, eta EBZren likidezia neurriak erruz baliatu ditu.
Neurri txikiago batekin errentagarriagoa izateko bidean beste harritzar bat aurkitu du, ordea: ospean ez ezik dirutan ere garesti atera zaio krisiaren aurretik arauei ezikusiarena egiteko ohitura. Azken hamarkadan 17.000 milioi euro ordaindu ditu isunetan eta epaitegi kanpoko akordioetan: interes tasak manipulatzeagatik, mailegu toxikoak saltzeagatik, dirua zuritzeagatik, bahimenduak hausteagatik… zigortu dute. Iazko udazkenean haren Frankfurteko egoitza miatu zuen Poliziak, Panamako paperek eragindako operazio batean.
ETA COMMERZBANK?
Alemaniako bankuetan bigarrena da Commerzbank, eta Europako banku zaurgarrienen zerrendan izan da azken hamar urteetan. 2009an, Berlingo gobernuak erreskatatu egin zuen, aktibo toxikoz betetako Dresdner Bank lehiakidearen erosketari buelta ezinik zebilelako. Angela Merkelen gobernuak 18.000 milioi euro sartu zituen Commerzbanken, eta bankuaren kapitalaren %15 publikoa da gaur egun.
Deutsche Bank baino egoera hobean dago orain Commerzbank: iaz 865 milioi irabazi zituen. Diru asko dirudi, baina ez da hainbeste neurri handiko banku batentzat —49.000 langile ditu—. Ideia bat egiteko: Kutxabankek 5.700 langile ditu (Commerzbankek baino %90 gutxiago), eta 332 milioi irabazi zituen iaz.
ZER ETEKIN ESPERO DUTE
BAT EGINDA?
Bat egiteen helburu orokorra sinergiak izan ohi dira, hots, berdina egitea jende eta gastu txikiagoarekin. Deutsche Banken eta Commerzbanken kasuan, sinergia hitzak esan nahi du milaka langile kalean geratzeko arriskuan daudela. Alemaniako bankuetako sindikatu nagusiak, Verdik, kalkulatu du 10.000 lanpostu desagertarazi ditzakeela fusioak, eta epe luzeago batean 30.000ra hel daitezkeela. «Geure ikuspuntutik, fusio batek ez du epe luzera jasangarria den eredurik sortuko», ziurtatu du Jan Duscheckek, Verdi sindikatuko bozeramaileak.
«Hutsegite larria izango litzateke. Arduradun guztiei eskatu nahi diegu zentzudunak izan daitezen» ,adierazi du Stephan Zukalski DBV sindikatuko buruak. Kaleratuen kopurua 50.000ra igo du DSW inbertitzaileen defentsarako erakundeak.
Enplegu galera hori sektoreak azken urteetan berregituraketen eta aldaketa teknologikoen eskutik bizitakoari batuko litzateke: 2009tik 2017ra, Europako bankuek 390.000 lanpostu galdu dituzte, Europako Banku Agintaritzaren arabera
BESTE ALTERNATIBARIK
BA AL DAGO?
Commerzbanki ez zaizkio erosle potentzialak falta, Frantziako, Erresuma Batuko edo Suitzako bankuentzat goxokia izan daitekeelako Alemaniako enpresa sarearekin lotura duen banku bat erostea. Baina horrek esan nahiko luke DB ezkontide alemaniarrik gabe geratuko litzatekeela. «Subiranotasun galera onartezina», Olaf Scholz Finantza ministro sozialdemokrataren iritziz.
ZER ARRISKU DU FUSIOAK?
Erreskatatzeko oso garestia den banku erraldoi bat sortzea, too big to fail motakoa. Deutsche-Commerzbank bikotea banku sistemiko bat izango litzateke, eta porrot egingo balu, eurogune osoa arriskuan jarriko luke, hamarnaka milioi beharko liratekeelako onbideratzeko. Alemaniak bultzatutako EBren arau berriek diote bankuak diru publikoarekin erreskatatzeak azken irtenbidea baizik ezin duela izan, baina ezinezkoa dirudi milioika euroko aktiboak dituen banku bat sektore publikoaren laguntzarik gabe salbatzea.
Edonola ere, fusio batek bi hesi gainditu beharko lituzke. Bata, akziodunena da. Baiezkoaren alde dago Cerberus AEBetako funtsa, bi bankuetako akzioduna, baina ez beste akziodun handi batzuk.
Beste hesia gainbegiratzaileen oniritzia da. Andrea Enria EBZko gainbegiratze agentziako buru berriak argi esan du ez dagoela gustura: «Ez dut bereziki maite txapeldun nazionalen edo Europako txapeldunen ideia hori».
Manifestazio baketsua egin dute ‘txaleko horiek’, segurtasun neurri handien…
Manifestazio baketsua egin dute ‘txaleko horiek’ Parisen, segurtasun neurri handien artean. Frantziako hiriburuan ez da istilu larririk jazo.
Orduaren adituak luzapen eskean
Bazuen aitzakia. Adituak eztabaidan arituak izango ziren hilabeteotan, baina ondorio argirik ez dute atera; edo ez dute jakinarazi txosten ofizialean bederen. «Espainiak 30 urte egin ditu ordu erabilera berarekin, Alemaniarenarekin bat datorrena, eta jatorria frankismoan duena», azaldu zuen Isabel Zelaak, atzo. Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan zuen «Espainiako gizartea eroso» dagoela ordu horrekin, eta, horregatik, aurrerantzean ez dela hori auzitan jarriko; ez behintzat 2021. urterako jarritako iratzargailuak jotzen duen arte.
GMT+2, astebete barru
Batasuneko kideei ordu erabilera finko bat aukeratzeko dei egin zien Bruselasek, iaz, eta horrek adituen batzorde bat jarrarazi zuen martxan Espainian; batzordeak atzera egin du, ordea, eta 2021. urtera arte gaiari ez ekitea onartu du Batasuneko beste gobernantza erakunde guztien ezetzaren aurrean. Izan ere, arantzaz beteriko gaia da, nabarmen eragiten duelako ekonomian, osasunean, sustrai sendoko ohitura askotan, eta beste hainbat arlotan.
Kontu jakina da aditu gehienak neguko ordutegia urte osora zabaltzearen aldekoak direla, eguneko jarduera goizago hasi eta goizago bukatzearen aldekoak, alegia, baina udako arratsalde argitsu luzeak maite dituztenei azaltzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, turismo eragileetatik hasita. Hala, gaur zortzi berriro aldatuko da ordua, eta jende askok gustura hartuko du ordubete gutxiago lo egitea eguna luzatzearen truke. GMT+2rekin egoteak bost haiei, baina gure ordu naturaletik bi ordu aldendurik egongo gara uda osoan, urrian berriro ordularia ordubete atzeratu, eta GMT+1 berreskuratzen den arte. Gero ere ordubeteko desfasea izango da Euskal Herrian GTMGreenwicheko meridianoaren ordu adierazleak finkatzen duenarekiko, hau da, Erresuma Batuarekiko eta Portugalekiko, adibidez.
Sentsibilizazio lanak
PSOEko gobernuak zirt edo zart egiteko osatu zuen adituen batzordea, eta haren erantzuna deigarria da ez duelako ez zirt ez zart egin, «sentsibilizazioa» gomendatu baizik. Ez du ematen ikasketa handiak behar direnik jakiteko gizartea «oso ohitua» dagoela egungo ordu erabilerarekin, eta aldaketak egin aurretik «sentsibilizazio lana» egin behar dela; baina hori da aditu batzordearen ondorio nagusia: 2021. urtera arte, gizarteari azaldu behar zaizkiola energiari begira, osasunari begira eta ekonomiari begira ordu erabilera aldatzeak ekarriko lituzkeen onurak.
Argi esan zuen Zelaa ministroak, atzo: «Ez dago behin betiko erabaki bat». 2021. urtetik aurrera, litekeena da Espainiak, Europako Batasuneko beste kide askoren antzera, ordutegi finko baten alde egitea, udakoaren ala negukoaren alde, alegia, baina adituek ez dute apusturik egin, eta albistea da ez dagoela albistea. «Eragin handia luke apustu bat egiteak», dio Zelaak, ahaztuta hain zuzen ere hori dela-eta osatu zutela adituen batzordea.
CIS Espainiako inkesten zentroak iaz egindako galdeketa handi batek ondorioztatu zuen gehiengo bat dagoela udako ordutegia finko uztearen alde, baina adituek neguko ordutegiaren abantailak nabarmentzen dituzte aldiro. Beraz, ez da arraroa Moncloak martxan jarritako adituen batzordeak luzapena eskatu izana; hauteskundeen atarian, PSOEk saihestu egin du esatea neguko ordutegiaren alde dagoela bere aditu batzordea eta hautu hori litzatekeela onena. «Bai Europako Batzordeak, baita guk ere, gaia lantzen jarraituko dugu 2021. urtera arte».