Aurrerapausorik ez dago Bizkaiko metalgintzan, eta grebak nahi ditu…
Horiek horrela, LAB sindikatuak argi dauka Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena lortzea ez dela posible patronalak duen jarrerarekin. «Berriro nabarmen geratu da ez dagoela negoziazio posiblerik patronalarekin. FVEMek ez du negoziatu nahi sektoreko langileen baldintzen inguruko hitzarmenik. Bileran proposatu du 2018a inolako igoerarik gabe uztea; atzerakada bat dakar aurreko bileren aldean».
Horregatik, sindikatu abertzaleak proposamen zehatza egin zien beste sindikatuei: «Dei egiten diegu lanuzteak eta grebak egin ditzaten hurrengo hilabeteetan». LABek hilabeteak egin ditu enpresetan mobilizatzen. «Azken egunotan, mozioak aurkeztu ditugu sektoreko enpresetan hitzarmen sektoriala defendatzeko eta mobilizatzeko». Badira idatzi horrekin bat egin duten hainbat langile batzorde: Mesan, Artechen, Enersysen, Sachsen, Kelvionen, Nemaken, Wartsilan, Laminados Losalen, Troqueleria Odinen, Zabala Mekaniko Tailerran… «Datozen egunetan, atxikimenduak jasotzen jarraituko dugu, eta mobilizazioak egingo ditugu enpresetan».
Bulegoetan ere ez
Bulego eta langelen sektoreko negoziazio bilera ere ez zen ongi amaitu, ezta erdipurdi ere. LABek proposamen zehatz bat egin zuen, «ahalegin handikoa», eta altxatu egin zen mahatik, ez duelako negoziatzeko modurik ikusten. Ez da itzuliko, «patronalak hausnartu eta hitzarmen duina sinatzeko prest dagoen arte». Ateak zabalik izango ditu, dena den, «patronalak xantaia albo batera utzi eta gutxieneko batzuk balekoak jotzen dituen arte».