46 urteko langile bat hil da Loiun izandako lan…
46 urteko langile bat hil da Loiun izandako lan istripu batean. Behargina harrapatuta geratu da garabi batean, Aceros Olarra konpainian.
Mundu teknologikoa bi erraldoiren artean zatitzeko aukera gero eta handiagoa da, eta AEBetako prentsak berak Gerra Hotzaren garaiarekin parekatu du Huaweiren kontrako betoarekin zabaldu berri den aroa, esanez altzairuzko oihala eraikitzen hasi dela.
Huaweik, gainera, irudi kolpe batekin erantzun dio Washingtoni: telefono modelo berria aurkeztu zuen atzo Londresen, izen aproposenarekin, Honor 20. Hori bai, modelo berriak ere Googleren Android sistema eragilea darabil.
Bi bloke bizkarra emanda
Sakelako telefonoentzako sistema eragileen artean erabateko nagusitasuna dauka Androidek —haren atzetik dago Appleren iOS, eta indar gutxiagorekin Windows Phone eta Blackberry OS, adibidez—. Googlek Huaweiri telefono berrietan Android erabiltzea galaraziko dionez, txinatarrak bere sistema eragile propioa jarriko du martxan: HongMeng. Beraz, merkatua bi bloke handitan bereiz daiteke.
Aldaketa globala dakarren mugimendua bada ere, Washingtonen eta Pekinen arteko talka honek bi herrialde horietako kontsumitzaileei eragingo die gutxien. Izan ere, txinatarrek ia ez dute erabiltzen Google, eta estatubatuarrek ere ez Huawei —%1etik beherako merkatu kuota dauka AEBetan—. Txinan «ziberekosistema» propioa daukate: bilatzaile gisa Baidu erabiltzen dute, Googleren ordez; WeChat Whatsappen ordez; Tencent QQ Gmailen ordez; Youku YouTuberen ordez… Huaweik Txinan saltzen ditu sakelakoen erdiak, eta Androiden bertsio moldatu bat erabiltzen du sistema eragile gisa, baina Googleren aplikazio nagusirik gabe (GoogleMaps, Gmail eta Youtube). Hiru hilabete barru Huaweik Android erabili ezin badu, HongMeng erabiliko luke.
Galera handia izan daiteke Googlerentzat, besteak beste erabiltzaileen datuak direlako haren negozio ereduaren oinarria, eta erabiltzaile asko gal ditzakeelako HongMeng sartuz gero. Munduan Txina da Internet erabiltzaile gehien daukan herrialdea: 772 milioi 2017an, AEBetako 287 milioiak baino ia hiru aldiz gehiago.
Huaweik Etxe Zuriari ohartarazi dio «gutxiesten» ari dela Asiako konpainiaren indarra, eta «erantzuna» izango duela AEBen «jarrera txarrak».
Kirol jantzietan espezializatutako taldea da Ternua Group. Duela 29 urte sortua, Ternua bera, Lorpen eta Astore markak erabiltzen ditu, eta bere jantziak eskaintzen ditu Europako, Asiako eta Ameriketako 50 herrialdetako 1.200 saltokitan. Gaur egun, 200dik gora langile ditu Arrasateko taldeak.
Loreak Mendian, berriz, Donostian sortu zuten, 1995. urtean. Lore baten irudia zuten elastikoekin ospe handia lortu zuten Euskal Herrian, eta, ondoren, beste eremu batzuetara hedatu ziren, batez ere Espainiara eta Kataluniara. 2017. urtean galdu zuen Mendian abizena.
Sinergiak baliatu
Bi enpresen arteko batuketa «bat egite» gisa azaldu du Ternua Groupek, baina aurrerantzean Loreak Arrasateko taldearen barruan izango da. «Loreak Ternua Group taldean gehitzeak konpainiaren hazteko estrategiari erantzuten dio, baina, modu organiko batez ez ezik, garapen korporatiborako aliantzak bilatuz ere egin nahi du, era horretan modu errentagarri eta bereizi batean hazi ahal izateko», azaldu du arropa taldeak ohar batean. Uste duenez, azken urteetan modako arropak eta kirol jantziak uztartzen dituen merkatu bat sortzen ari da, eta hazteko ahalmen handia du. Hor kokatu nahi du bere burua, «sinergiei esker, kalitate handiko arropa eta osagarriak eskainiko dizkio merkatu berriari».
Talde berrituari ekarpen desberdina ekarriko diote bere osagaiek. Ternuak jarriko ditu gaitasun operatiboa —hiru logistika zentro eta ekoizpen eta erosketa arloak ditu hiru kontinentetan— eta nazioarteko presentzia; Loreak-ek, berriz, «modaren negozioaren berezko dinamismoa eta sormena» eta txikizkako merkataritzan duen esperientzia.
Orkestra baten modura jo zuten melodia apokaliptikoa. Parlamentuan, UPNk eta PPk «zerga infernua, enpresen ihesa eta langabeziaren igoera» iragarri zuten, eta abesbatza horretan lagun izan zuten PSNk ere bai. Legebiltzarretik at, diskurtso hori Civismo think tank eskuineko elkarteak landutako txostenek han-hemen bildutako datuekin indartu zuten mezu hori. Batik bat urtetik urtera Nafarroako egoitza aldatu zuten enpresetan jarri zuen azpimarra. Horien artean sartzen zeuden Sicav elkarteak: sozietate zergan, ordura arteko %1eko zerga tasa kendu eta beste enpresen pare jarri zien gobernuak eta, ondorioz, Madrilera jo zuten denek.
Halaber, Nafarroako Gobernuak CEN patronalari, CCOOri eta UGTri finantzaketa publikoa itxi zien, eta eragileok laukoaren «immobilismoa» gaitzetsi zuten. UGTk, kasurako, industriako enpresen %13 deslokalizatzeko arriskuaz ohartarazi zuen, eta CENek Nafarroako enpresei «tratu okerra» ematea aurpegiratu zion gobernuari. Nafarroako Merkataritza Ganberak ere «ezegonkortasuna politikoa» salatu zuen. Guztiak zihoazen norabide berean: iraganean jasotako fabore tratua kentzea erabaki zuen gobernuaren aurka.
Lau urte geroago, errealitatea setatsua da, eta eragile guztiok euren diskurtsoa moldatu behar izan dute. Langabezia tasa %14tik %8ra jaitsi da, eta epe berean 30.000 lagun gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan. Biztanleriaren %72 lan merkatuan dago —enplegu tasa lau puntu igo da, baina helburu gisa jarri dute 2025erako %78ra heltzea—. Ekonomia, berriz %3,1eko erritmoan hazi da.
Kontu publikoak, berriz, onbideratu dira. Diru sarrerak 770 milioi handitu dira, eta, hazkunde ekonomikoak bere eragina izan badu ere, horietatik 510 milioi euro inguru zerga erreformaren ondorioz jaso dira. Zerga bilketari esker izandako igoera hori gizarte gastuetara eta inbertsio publikora zuzendu dute. Adibidez, 2015etik 2019ra guztira 590 milioi bideratu dira inbertsiora: batik bat udal azpiegituretara, osasun etxe eta ikastetxeetara eta errepideen mantentze lanetara.
Horrek ez du esan nahi errealitate ekonomikoa biribila dela, inondik ere. Hego Euskal Herriko beste lurraldeen modura, lan munduan prekaritatea da nagusi. Hamar kontratutik bederatzi behin-behinekoak dira. Administrazio publikoan, aldi baterako langileen tasa %45 ingurukoa da, Kontuen Ganberaren arabera, eta postuen %22 ez dira bete.
Azken finean, Nafarroak beste lurraldeen antzeko arazoak ditu. Aurreko agintaldian, krisiak itota, erronka ekonomikoei aurre egin ezinik geratu zen Barcinaren gobernua. Lau urteotan, Europatik eskualdeei eskatu bezala, espezializazio adimentsuaren estrategia garatu da; lehenik, eta behin ekonomiaren indargune eta ahulguneak aztertuz, eta, gero, egitura indartzeko neurriak lehenetsiz.
Bultzatutako sektore bat autogintza da. Testuinguruak ere lagundu du. Volkswagenek inbertsio handia egin du Landabenen urteotan, eta bigarren modeloa aurten hasiko da ekoizten. VWen bultzadarekin, autogintza oraindik ere industriaren traktore da. Energia berriztagarrien kasuan, Rajoyren gobernuaren politikek sektorea hainbat urte geldiarazi zuten, baina nazioarteko hazkundeak eta azkenaldiko legedi aldaketek egoera irauli dute: Nafarroako enpresak lanez gainezka daude uneotan. Aldi berean, sektore hori garatzeko apustu irmoa egin du gobernuak, eta hala fotovoltaikoan nola eolikoan inbertsio berriak bultzatu ditu. Elikagai industriaren kasuan, enpresak atzerrian ezartzeko eta inbertitzeko bideak indartu ditu. Hiru sektore nagusiez gain, osasungintza, turismo iraunkorra eta sormen eta digital industriak garatzeko urratsak egin dituzte.
Hala ere, oraindik beste atal ugari daude indartzeko. Adibidez, 2017ko azken datuen arabera, Nafarroako alor publikoak eta alor pribatuak barne produktu gordinaren %1,73 inbertitzen du ikerketa eta garapenean, eta EBk herrialde zein eskualdeei 2020rako ezarritako %2ko helburura iristea falta zaio. Beste erronketako bat hezkuntza arloan dago, NUPen eta lanbide heziketan inbertsioa handitu beharra dago. Hondamendi iragarleek aurreikusitakotik urrun, asko du oraindik egiteko.