Huaweiri hegoak moztu dizkio Donald Trumpek
Aurrerantzean, Huawei telefonoek ezingo dituzte eguneratu Android sistema —kode irekikoekin izan ezik—, haren segurtasun neurriak eta hura erabiltzen duten aplikazioak. Gainera, Txinako markaren telefono berriek —stockekoek bai— ezingo dituzte instalatu Googleren aplikazioak, hala nola Gmail, Google Maps, Play Store eta YouTube.
Betoak ez du ustekabean hartu Txinako konpainia. Azaldu du «urteak» daramatzala txarrenerako prestatzen, hornitzaile nagusirik gabe geratzen bazen ere, gertatu den bezala. Huaweik ziurtatu du bere kasa eguneratuko dituela orain funtzionatzen ari diren telefonoak, eta «software ekosistema segurua eta jasangarria» sortzen jarraituko duela.
Alabaina, Google ez da hornidura katea eten dion bakarra. Telefonoen prozesatzaileen ekoizle estatubatuar nagusiek ere iragarri dute Huawei hornitzeari utziko diotela: besteak beste, Intelek, Qualcommek, Xilinx Incek eta Broadcomek.
Boikota Appleri?
Washingtonek telefoniaren negozioan eman dio kolpe handia Huaweiri, baina hesi sanitarioa jarri izanaren atzeko arrazoi bakarra ez da telefoniarena. Etxe Zuriak galga jarri nahi dio Txinak G5 sare ultralasterraren arloan daukan nagusitasunari.
Baina kolpea propio eman dio telefonoaren merkatuan. Huaweik iaz %21 handitu zuen fakturazioa, 95.000 milioi euroraino, eta diru sarreren erdiak telefonoen salmentari esker lortu zituen, 203 milioi sakelako salduta —erdiak Txinatik kanpo—. Orain, software (Android) eta hardwareen (txipak) hornitzaile nagusiak galduta, sakelako berriak ekoizteko eta, batez ere, saltzeko arazoak izan ditzake Txinatik eta Asiatik kanpo. AEBen betoak ez die hainbesteko kaltea egingo kontsumitzaileei, merkatuan telefono ekoizle ugari daudelako —Apple, Nokia, Samsung, Xiaomi, eta abar—; min handia Huaweirentzat izan daiteke, litekeena baita merkatu kuota galtzea eta diru sarrerak txikitzea.
Edozelan ere, ez da gutxietsi behar Applek nozitu dezakeen bumeran efektua ere. Gerra komertzialaren harira gero eta haserreago daude Txinako kontsumitzaileak AEBekin, eta Appleren produktuen kontrako boikota indartu daiteke. Burtsan beldur dira, eta sagarraren markak %4rainoko galerak izan zituen atzo Wall Streeten. Boikotaren joera lehenagotik dator, IDCren arabera iazko azken hiruhilekoan %23,3 jaitsi baitziren Appleren salmentak Txinan, eta %19,9 hazi Huaweirenak.
Europa, «merkatu irekia»
Sakelakoen merkatuan ez bezala, G5 sare ultralasterraren instalazioan (antenak) Huawei da teknologia puntakoenaren jabe, eta bi lehiakide nagusi baino ez dauzka, Ericsson eta Nokia. Europan, esaterako, Txinako konpainiaren esku daude sareen %40. Konpainia sakelakoen merkatuan bakartu eta ahultzeak berekin ekar dezake sareen merkatua geldiaraztea eta, hala, Mendebaldeko konpainiei espazioa irabazteko denbora ematea.
Washingtongo eta Pekingo merkataritza eta teknologia gerraren erdian, Europak ez lerratzea erabaki du, eta Txinako konpainiak hornitzen jarraituko du. Europako Batzordeak nabarmendu du Europa «merkatu irekia» dela, eta herrialde bazkide bakoitzaren eskubidea dela konpainiaren bati hornidura etetea segurtasun arrazoiengatik.