Italiarekin pazientzia galdu du
Valeris Dombrovskis EBko lehendakariordeak eta Pierre Moscovici Ekonomia komisarioak atzo azaldu zutenez, Italiak hautsi egin du zor publikoa txikitzeko konpromisoa. BPGarekin alderatuta, EBko zorrik handienetan bigarrena du Italiak (%132,2 2018. urte amaieran), Greziaren atzetik (%181), baina kopuru osoetan handiena da: 2,32 bilioi euro zor ditu, eurogunearen zor osoaren %23.
EBko Egonkortasun Itunaren arauek diote estatu kideen zorrak ezin duela BPGaren %60 gainditu, baina kopuru horretatik gora daude haietako hamalau, handi guztiak barne —Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Espainia—. Italiaren berezitasuna da zor hori gora doala, ez soilik zenbaki osoetan, baita portzentualki ere, ekonomia ez aurrera ez atzera doalako. Berez, Italia da euroa sortu zenetik bere per capita errenta txikitu duen estatu kide bakarra.
Bruselaren kalkuluen arabera, Italiaren zorra BPGaren %135era iritsiko da 2020rako, eta defizitak %3ko muga gaindituko du berriro, %2,5etik %3,5era igoko baita Erromako gobernuak ez badu gastua txikitzeko neurririk hartzen. Gainera, bada beste faktore bat: azken asteetan berriro gorantz egin du Italiak bere zor publikoaren truke ordaindu beharreko interesak. Espainiaren pare zegoen —86ko arrisku saria zuen atzo—, eta Greziara (319) gerturatu da: 278 puntukoa zuen atzo. Horrek esan nahi du zorraren faktura mila euro handitu dela italiar bakoitzeko.
Ondorioa garbia da Bruselarentzat. «Badakigu non dagoen Italian hazkunderako bidea: erreformatzeko ahaleginean, eta ez, ordea, ez dagoen dirua gastatuz, esan zuen Dombrovskisek.
Batzordearekin negoziatzeko asmoa du Giuseppe Conte Italiako gobernuburuak, «edozer egiteko prest» dagoelako zigorrari izkin egiteko. Baina ikusteko dago Conteren lehentasun berak ote dituzten haren gobernua sostengatzen duten bi indarrek, M5S Bost Izarren Mugimenduak eta Legak, Bruselarekin xextran ibiltzeak beren diskurtso euroeszeptikoa indartzen duelako. «Onartezina da benetan sei milioi langabe dituen eta beren ahaletik behera ekoizten duten milaka enpresa dituen herrialde baten bizkar gurutze bat jarri nahi izatea, hazkundean, enpleguan eta zerga txikiagoetan inbertitu nahi duelako», azaldu zuen Luigi Di Maio lehendakariordeak eta M5Sko buruak, eta marra gorri bat jarri die Conteren negoziazioei: erretiroaren adina jaisteko erreforma «ezin da ukitu».
Zorraren arazoari aurre egiteko, EBrekin gatazka gogor bat eragin dezakeen neurri bat aztertzen ari da Italiako Gobernua: bere hornitzaileei eurotan ez ordaintzea, baizik eta zor bonu txikien bidez, minibot izenekoak. Dibisa paralelo bat bihur daitekeela diote aurkakoek.