Tubacexeko langileek salatu dute prekaritateak hil duela behargin gaztea
Hain zuzen, ELA eta LAB sindikatuek lan istripua gaitzetsi dute, eta enpresan dagoen «arrisku handia» salatu dute ohar baten bidez. Adierazi dute gazteak ezin zuela bakarrik jardun, «esperientzia txikia» zuelako. Prebentzio «neurri eraginkorrak» galdegin dituzte, eta salatu dute heriotza ezin zaiola «doan atera» enpresaren zuzendaritzari. Etxera «bizirik eta onik itzultzeko eskubidea» aldarrikatu dute. Istripua ikertu eta erantzukizunak argitzea galdegin dute sindikatuek.
Era berean, UGT sindikatuak ere eskatu du «sakon ikertzeko» zer gertatu den, eta adierazi du langile gazteek «babes berezia» behar dutela ez dutelako esperientzia handirik. Hain zuzen, gogorarazi du hala jasotzen duela Laneko Arriskuen Prebentzioari Buruzko Legeak ere. Ernaik, berriz, prekaritatearen ondorioz eskualdean izaten ari diren heriotzez ohartarazi du.
Iturri sindikalen arabera, beharginak bi urte zeramatzan enpresan mantentze lanetan praktiketan. Herenegun arratsaldean beharrean ari zela, pieza bat buru gainera erori zitzaion, eta horren ondorioz hil zen 25 urteko gaztea. Eusko Jaurlaritzak adierazi du Osalan eta Lan Ikuskaritza istripua ikertzen ari direla. Maria Jesus San Jose Lan sailburuak doluminak eman dizkie hildakoaren familiari eta senitartekoei.