Jaurlaritzak enpresei zuzendutako finantzaketa tresna berriak abian jarri ditu
Eusko Jaurlaritzak kapitalari lotutako finantzazio-tresna berriak martxan jarri ditu 2019ko uztailean EAEko industria-enpresei hazten eta sendotzen laguntzeko.
Ez da lehenengo aldia Eustaten inkestak langabezia tasa %10etik behera kokatzen duena krisia sortu zenetik: 2018ko hirugarren hiruhilekoan %9,5ean kokatu zuen, baina berriz ere gora egin zuen iazko azken hiruhilekoan (%10,3ra), eta aurtengo lehenengoan ere %10etik gora jarraitu du (%10,2an).
Dena dela, lurraldeka, errealitatea ezberdina da, eta Bizkaian langabezia tasa %10eko langatik gora dago oraindik ere. Gipuzkoak dauka tasarik apalena, %6,7koa; Arabak %9,8ko langabezia tasa dauka; eta Bizkaiak, berriz, %11,3koa. Deigarriena da langabezia tasarik apalena daukaten lurraldeetan jaitsi dela gehien lehen hiruhilekotik bigarrenera: Gipuzkoan, 1,2 puntu egin du behera; Araban, 1,6 puntu; eta Bizkaian, ia paretsu mantendu da, hamarren bat jaitsita.
Batez ere bi sektorek elikatu dute enpleguaren hazkundea: zerbitzuek eta eraikuntzak. Eustatek martxoan baino 12.900 okupatu gehiago zenbatu ditu ekainean zerbitzuetan, eta bostehun gehiago eraikuntzan. Aldiz, lehenengo sektoreak mila okupatu galdu ditu, eta industriak, zortziehun.
Industriaren motelaldia
Industriako okupatuen murrizketak baieztatu egin du Laboral Kutxak herenegun euskal ekonomiaren egoeraz egindako ohartarazpena: nazioarteko ekonomiaren moteltzea batez ere euskal sektore esportatzailean ari da eragiten, industrian. Bankuaren txostenak aurreikusi zuen EAEko BPGaren hazkundea aurten %2,2koa izango dela, iazkoa baino sei hamarren apalagoa, eta motelaldi horrek galga jar diezaiokeela enpleguaren sorrerari ere.
Edozelan ere, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburua pozik agertu da Eustaten azken datuarekin: «Bide onean goaz, baina ezin gara konformatu». Adierazi du langabezia tasa %10etik behera jaisteak kontratazioen erritmoaren eta kalitatearen dinamika ona erakusten duela. Halaber, formakuntza jarraituaren inguruko politiken beharra aipatu du enplegu maila hobeetara iritsi ahal izateko bitarteko moduan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira 947.900 pertsona ari dira lanean, eta jarduera tasa %56,7koa da, estatistika institutuaren arabera. Hiriburuei erreparatuz gero, gehienbat Gasteizen hazi da okupatuen kopurua (+2.800), alde handiarekin. Izan ere, Donostian, bigarren hiruhilekoan, berrehun okupatu gehiago baino ez dira egon, eta Bilbon gutxitu egin dira, aurtengo lehen hiruhilekoarekin alderatuta (-1.000).
Okupazioaren igoerak batez ere emakumeei egin die mesede: martxotik ekainera gehitutako 11.700 okupatu berrietatik 8.700 emakumeak dira (%74), eta 3.000 gizonezkoak. Edozelan ere, nahiz eta bigarren hiruhilekoan emakumeen langabezia tasaren jaitsiera gizonezkoenaren bikoitza izan, oraindik ere bi puntu handiagoa da emakumeen artean: %10,5eko langabezia tasa daukate emakumeek, eta %8,7koa, berriz, gizonezkoek.
Adinari erreparatuz gero, langabezia tasa handitu egin da lan merkatuan zailtasun handienak dauzkaten kolektiboetan: gazteenen eta nagusienen artean. 16 eta 24 urte bitartekoen langabezia tasa %19,7koa zen lehen hiruhilekoan, eta %20,6 da orain. 25 urtetik 44 urtera bitartekoen artean, berriz, jaitsi egin da: %11,6tik %9,5era. Bestalde, 45 urtetik gorakoen artean ere gora egin du langabezia tasak: %8,1etik %8,6ra.
Confebask patronalak nabarmendu du berriro ere eraikuntzako enpresak direla urte arteko hazkundearen liderrak,eraikuntza sektoreko enpresak %2 gehiago baitziren joan den ekainean iazkoan baino. Aldiz, enpresen hazkundea «erori egin da pixka bat» zerbitzuen eta industriaren sektoreetan.
Langile autonomoen kopurua, berriz, txikitu egin da iazko ekainetik aurtengora: 972 gutxiago daude, guztira 171.965.
Lehen seihilekoan enpresa kopuruak gorakada txiki bat izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %0,24koa, hain zuzen ere. Hala ere, enpresa kopuruaren aspaldiko bilakaerari erreparatuz gero, oraindik ere urruti dago 2008ko krisi ekonomikoaren aurreko egoera. Krisiaren aurreko garaian baino %7,9 enpresa gutxiago daude oraindik ere hiru lurraldeetan.
Thyssenkrupp taldeak altzairu xaflak ekoizteko Mungian duen lantokian ari zen 2019an beharrean hildako azken langilea, uztaileko hirugarrena; orga garraiatzaile batek harrapatu zuen, lehen adierazpenen arabera. Zamak eraman eta igotzeko ibilgailu hori beste lankide bat gidatzen ari zen, antza, eta Osalanek ikerketa zabaldu du istripua nola gertatu den zehazteko. Lamincer enpresako langile batzordeak bilera egin zuen istripua gertatu eta gutxira, eta 24 orduko lanuztera deitu du astelehenerako, hura salatzeko. 10:30ean elkarretaratzea egingo dute langileek. LABen arabera, 28 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, haietariko bederatzi Bizkaian.
Anoetako lan istripua
Lan istripuak hautsak harrotzen ari dira, Anoetako istripua lan horietan gertatzen ari diren «gehiegikeriak» salatu ondoren iritsi baita asteon. Gehiengo sindikalak beharginen lan baldintza eskasei egotzi zien futbol zelaiaren obretan gertatu zen istripua. ELA sindikatuko Andoni Larralderen arabera, «lan istripuak ez dira kasualitate kontua, eta logika jakin batekin lotzen dira: etekin ekonomikoak lehenesten dira, langileen baldintzen gainetik». Zelaiaren iparraldeko harmaila eraikitzeko lanen aurrean egin zuten agerraldia sindikatuek, ezbeharraren eremuan.
Zer gertatu den sakon ikertzeko eskatu zieten Osalani eta Lan Ikuskaritzari LAB sindikatuko Lurdes Erasok eta ELAko kide Larraldek, «argitzeko istripuaren arrazoiak eta egon litezkeen erantzukizunak». Hogei metrotik erori zen behargina, estadioaren estalkia jartzen ari zela; hautsi egin zen lotuta zegoen egitura. 51 urte ditu langileak, valentziarra da, eta azpikontrata batekin zebilen. Jakinarazi zutenez, «lesio larriak ditu, eta suspertzeak luze joko du».
Gipuzkoako erakunde publikoen jarrera salatu zuten sindikatuek. Adierazi zutenez, diru publikoarekin eraikitzen ari den azpiegitura batean «larria» da langileak prekaritatean jardutea. ELAk eta LABek askotan salatu dituzte Anoetako obretako arau hausteak: enpresek 200dik gora langileren dokumentazio faltsutu zuten, eta 250.000 euro baino gehiagoko isunak ordaindu behar izan dituzte. Halaber, 4,5 milioi eurotik gorako zorra pilatu dute ordaindu gabeko soldatetan eta Gizarte Segurantzari pagatu gabeko kotizazioetan.
Larraldek langileen baldintzetan egin zuen azpimarra: «Gipuzkoan dirutza handiak gastatzen dira azpiegituretan, baina ez zaie begiratzen lanean ari direnen baldintzei». Erasok gaineratu zuen Anoetako lanetan hasieratik egin direla gauzak gaizki, lanen kontratuan izendatutako aurrekontuarekin ezinezkoa baitzen langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea.
Anoetakoa ez da sindikatuek Gipuzkoan salatu duten obra bakarra: «Gaur, Anoetaz ari gara, baina Musikene eta Tabakalerako lanak izan ziren aurretik; aurten, hildakoak izan ditugu AHTaren eta AP-1 errepidearen lanetan, eta, bihar, metroaren obretan gerta daiteke ezbeharren bat».
Bi bozeramaileek babesa eta elkartasun osoa adierazi zieten langile zaurituari, haren familiari eta lankideei. Argi utzi zuten «mobilizatzen eta borrokan» jarraituko dutela.