Confebaskeko presidente berriak bere hartan nahi du erreforma
Lan erreformaren gorazarre betean, enpresariei malgutasuna ematen diela arrazoitu zuen presidente izendatu berriak. Gaur egun, Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioak direla eta, erreforma horren hainbat atal aldatzeko aukera aztertu dela argitaratu da prentsan, eta halakorik egitea enpresentzako kaltegarria izango litzatekeela ohartarazi zuen Zubiaurrek: «Unean uneko testuinguruaren araberako malgutasuna eskaintzen die lan erreformak gure enpresei». Gogora ekarri zuen, gainera, egungo susperraldi ekonomikoa lan erreforma horri esker iritsi dela: «Enplegu gehiago sortzen lagundu du, eta lan merkatuaren arauen erreforma batek oztopatu eta gelditu egingo luke lanpostu horien sorrera».
Lan erreformaren defentsa sutsua deigarria da, aste honetan Antonio Garamendi CEOEko presidenteak gaiaren inguruan egin dituen adierazpenekin alderatzen badira. Ez da ahaztu behar Confebask CEOEko kide dela. Izan ere, Espainiako patronaleko burua prest azaldu da sindikatuekin eseri eta lan erreforma hobetzeko hainbat neurri negoziatzeko. Lan hitzarmenen esparruen lehentasunaz, itunen ultraaktibitateaz eta azpikontratazioez hitz egiteko jarrera azaldu zuen. Orain arte, Espainiako patronal nagusia lan erreforma ez ukitzearen alde azaldu da, baina Garamendik argi esan du asteon: «Ez naiz ezezko biribilen aldekoa». Hitz egin eta negoziatzeko tartea badagoela esan du.
Ekonomia, hobetze bidean
Confebaskeko ardura kargua utzi berritan, Roberto Larrañagak azken lau urte inguruen balorazio ona egin zuen. Gogoratu zuen ardura postuan sartu zenean «egoera ekonomikoa zaila zela», eta orain seigarren urtez jarraian hazten ari dela ekonomia. Egoera hori nabarmendu nahi izan zuen Zubiaurrek ere: «Euskadin susperraldi ekonomikoak erritmo onean jarraitzen du, eta, aurreikuspenak aldatzen ez badira, 2019. urtean %2,5 igoko da BPGa, eta 14.000 afiliatu berri izango ditugu Gizarte Segurantzan». Gainera, langile kopuruari dagokionez, 2008. urteko krisi ekonomikoa piztu zenetik maximo historikoak daude Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan: 973.000 behargin daude, «errekor historikotik 9.500 langilera». Horregatik, egungo egoera ekonomikoaren balioa azpimarratu zuen.
Halaber, sortu diren lanpostu berri horien kontratu motari buruz, Confebaskeko buruak nabarmendu zuen mugagabeko kontratazio kopurua inoizko handiena dela. Patronalak berak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 537.000 langilek daukate halako kontratu bat; krisia hasi zenean baino 13.000 gehiago daude, beraz.
Hala ere, aste honetan bertan Lan Harremanen Kontseiluak ohartarazi du Europako Batasuneko batezbestekotik gora dagoela behin-behinekotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Patronaleko buruak baieztapen horri erantzun zion: «Behin-behinekotasuna badago lan merkatuan, baina lortu dena baloratu behar da; lan sorrera handitzen ari da, eta hori nabarmendu behar da. Enpresek ez badute era egonkor batean kontratatzen, testuinguru kaskarra dutelako izango da». Horregatik, esan zuen lan erreformari esker lortu dela hainbeste lanpostu sortzea, kanpoko faktoreetara egokitzeko aukera ematen dielako enpresariei.
Euskal ekonomiak onbidean jarraitu ahal izateko, Zubiaurrek hobetu beharreko hainbat puntu azpimarratu zituen. Batetik, Espainiako ezegonkortasun politikoari egin zion erreferentzia: «2016. urtetik dago ezegonkortasun politiko hori, eta horrek ez du laguntzen jarduera ekonomikoan eta inbertitzeko erabakietan». Bestetik, nazioarteko egoerari begira daudela esan zuen, «merkataritzari ezarritako murrizketek» euskal ekonomian ere eragina dutelako. «Autogintzaren, altzairuaren edota makina-erremintaren ahalmen esportatzailea kontuan hartuta, arretaz erreparatzen ari zaizkio munduan gertatzen ari denari».
Atzerriko aldagai horiek izan dezaketen eraginari begira daude, beraz, baina ez zen ahaztu euskal erakundeekin : «Euskadin egonkortasun instituzionalari eutsi behar zaio, eta enpresen fiskalitate lehiakorrari; energia kostua Europako lehiakideen parekoa izatea lortu behar da, AHTaren lanak amaitzea, eta lan harreman modernoak edukitzea, garai berrietara egokituak».