GARESTI ATERATAKO HEGALDI MERKEA
Langileek osatzen dute enpresa bat, ordea. Akzioen balioa gorantz zihoan, eta langileen asebetetze maila, aldiz, beherantz. Autonomo gisa funtzionatzen zuten Ryanairreko pilotuen %70 inguruk, eta enpresak uneko beharren arabera kontratatzen zituen; lantaldearen kostuen zati handi bat aurrezten zuen hala. Pilotu askok, ordea, beste konpainia batzuetara alde egin zuten —Norwegian prezio apaleko konpainiara nagusiki—, lan baldintza hobeen bila. Bertan behera gelditu ziren 20.000 hegaldi baino gehiago 2017ko urrian, eta 25 milioi dolar galdu zituen konpainiak. Hala hasi ziren gaurdaino iraun duten lan gatazkak.
Azken grebetara aurtengo abuztuan eta irailean deitu dute Europako lau herrialdetan: Erresuma Batuan, Irlandan, Espainian eta Portugalen. Espainian eta Portugalen argia da arrazoia: Ryanairrek iragarri du Las Palmasko, Tenerife Hegoaldeko eta Lanzaroteko (Kanaria uharteak) baseak itxiko dituela; baita Farokoa ere (Portugal), eta, agian, Gironakoa (Herrialde Katalanak). Neguan gertatuko da hori, urtarrilaren 8an.
Zenbait langileren kaleratzea ekarriko du erabakiak. Pilotuek oraindik grebarik iragarri ez duten arren, Espainiako kabinako tripulatzaileek lanuzteak egingo dituzte iraileko zenbait egunetan —1, 2, 6, 8, 13, 15, 20, 22, 27 eta 29—. Ondorioak izan zitzakeen grebak Forondako aireportuan —lotura du Tenerife Hegoaldeko aireportuarekin—, baina Espainiako Sustapen Ministerioak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Kanaria uharteetara doazen hegaldietarako. Sindikatuek salatu dute Espainiako Gobernuak beste behin Ryanairren alde egin duela erabaki horren bidez.
Lehendik ere bildu ziren kabinako tripulatzaileen ordezkari USO eta Sitcpla sindikatuak Ryanairrekin, baina ez zuten arrakastarik izan. Jairo Gonzalo USOko ordezkariak komunikabideei adierazi zienez, «datuak esku artean dituztela eta baseak ixteko benetako arrazoiekin agertzen ez diren bitartean, eutsi egingo diogu greba deialdiari». Bilera horretan bilduta zeudela, Ryanairrek baseak ixteko erabakiaren berri eman zien langileei.
Erresuma Batuan eta Irlandan lehenagotik datozen arazoek bultzatu dituzte pilotuak protestara. 2018an Balpa izan zen enpresak errekonozitu zuen lehen sindikatua, Erresuma Batuko Ryanairren pilotuek osatua. Sindikatua onartu bai, baina lan baldintzak hobetzeko ezer gutxi egitea egozten diote sindikalistek aire konpainia irlandarrari. Hori dela-eta egin zuten 48 orduko geldialdia abuztuaren 22 eta 23an, eta gehiago egingo dituzte irailaren 2tik 4ra.
Irlandan ez zen posible izan greba egitea abuztuan: epaitegiek ez zieten baimenik eman greba egiteko asmoa zuten 180 pilotuei. Lanuztea egiteko arrazoirik ez zegoela argudiatu zuen Ryanairrek epaitegietan —salaketa bera egin zuen Londresen, baina ez zioten arrazoirik eman—. Balpa eta Ialpa sindikatuek adierazi dute «beste hegazkin konpainia batzuetako pilotuen pareko akordioak» nahi dituztela, eta salatu dute enpresak negoziatu beharrean bide judizialera jo duela.
Kaleratzeen arrazoiak
Guztira, 500 pilotu eta kabinako 400 tripulatzaile kaleratuko ditu prezio apaleko aire konpainiak; 2020rako, beste 600 langile kaleratzea aurreikusi du. Michael O´Learyk, Ryanairreko ugazaba polemikoak, kritikatu egin ditu langileek grebak egiteko aukeratutako uneak, enpresak beste arazo batzuei aurre egiten nahiko lan duela eta. Bi arrazoi eman ditu murrizketa horiek egiteko.
Batetik, 30 Boeing 737 MAX hegazkinen eskaria egina du Ryanairrek, baina oraingoz modelo horrek ez du hegan egiteko baimenik, duela hilabete batzuk jazotako bi istripu tarteko. Sindikatuen arabera, ez da baliozkoa arrazoi hori, martxotik baitaude geldirik 737 MAXak. Ryanairrek eskaria datorren urterako jasotzeko esperantza du.
Bestetik, akordiorik gabeko brexit-ak enpresan izan ditzakeen ondorioek ezegonkortasuna sortu dutela adierazi du O´Learyk. Hein handi batean, Irlanda eta Erresuma Batua lotzen dituzten hegaldiak egiten ditu Ryanairrek.
Arazo horien ondorioz, %21 txikiagotu zaizkio irabaziak aurtengo lehen hiruhileko fiskalean —apiriletik ekainera—. Boeingen hegazkinak eta brexit-a erabakigarriak izan dira denbora horretan, eta, ondorengo hiru hilabeteetan, lan gatazkak izango dira Ryanairren ekonomiaren mehatxu nagusia.
Ez da lehen aldia. 2018 hasieran sortu ziren Ryanarreko langileen lehen sindikatu independenteak. Egoera ez zen asko aldatu, eta pilotuek zenbait lan baldintza aldatzeko eskatu zuten: hobekuntzak pentsio planetan eta aseguruetan; gurasotasuna uztartzeko erraztasunak; eta soldata egitura «justu eta garden bat». Horretan dihardute oraindik ere.
Beste gatazka bat
2018ko uda gogorra izan zen O’Learyren konpainiarentzat. Grebak egin zituzten langileek zenbait herrialdetan, eta Ryanairren irabaziak azken lau urteetako txikienak izan ziren. Hala iritsi dira zenbait hitzarmen kolektibo azken bi urteetan.
Espainian, adibidez, auzitara jo zuen pilotuen Sepla sindikatuak, eta urrian sinatu zuen akordioa enpresarekin; adostu zuten pilotuen kontratuak Espainiako legedira egokitzea. Langile oinarri finko batek, ordea, aire konpainia irlandarrari ez dio ahalbidetzen giza baliabideen kostuak kontrolatuta edukitzea, lehen ez bezala. O’Learyk berak onartu du: «2019ko urtarriletik ez du inork utzi lanpostua». Eta hori arazo bat da.
Enpresako kontseilari nagusia bera hasi da gainbehera «sufritzen»: soldata finkoa %50 murriztu diote, milioi bat eurotik —guztira 3,73 milioi irabazi zituen 2018an— 500.000ra. Halere, ekonomikoki osasuntsu dago oraindik Ryanair: 1.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak lortu zituen 2018an.
Irabazi horiek langileen eta bezeroen eskubideetan murriztuz lortzea garesti ordaintzen ari da orain Ryanair. Orain ere, ez dira gutxi greben eraginez hegan egin ezinda geratu eta ordainetan inongo diru saririk jaso ez duten bezeroak. Kostu apaleko hegazkin konpainiari urrezko egunak amaitu zaizkiola dirudi.