Industriaren ekoizpena handitu da aurten, EAEn
Edonola ere, 2019ko ekaina eta 2018koa alderatuz gero, gorabehera handiak daude sektore batetik bestera: %27,1 handitu dira energia eta %7,9 tresneria elektrikoa, baina %5 jaitsi dira garraio materiala, %2,5 elikagai industria eta %0,7 metalgintza.
Alemaniako datuak, berriz, kezkagarriagoak dira, atzeraldi baten beldurra areagotu baitute. Destatis estatistika bulegoak zabaldutakoaren arabera, ekainean maiatzean baino %1,5 gutxiago ekoitzi zuten Alemaniako fabrikek, eta iazko ekainean baino %5,2 gutxiago —amiltzerik handiena 2009az geroztik—. Jaitsiera auto merkatuaren jaitsierari eta AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren eraginei egotzi diete adituek.
Ekoizpenaren datuak zapuztu egin du industriaren eskaerei buruzkoa, ezustean, handitu egin direla jakinarazi baitzuten asteartean. Alemaniako Gobernuak espero du BPG barne produktu gordina %0,5 haziko dela aurten, eta %1,5, berriz, datorren urtean.