Bihurguneak igarota
Sakanan gertatzen ari denaren ispilu izan liteke Sunsundegui. Orain industria horretako enpresak lanez gainezka badaude ere, krisiak gogor jo zuen bailara. Altsasun (Nafarroa), enpresa askok ateak itxi zituzten. Besteen aldean, abantaila bat izan zuen Sunsundeguik. Mende erdi baino gehiagoko enpresa enblematikoa izanik, Nafarroako Gobernua sartu zen tartean, 1980ko hamarkadan egin bezala. Sodena arrisku kapitaleko sozietatearen bitartez, 35 milioi euro inbertitu zituen, eta, erosleen bila aritu bazen ere, azkenean Juan Ignacio Murillo enpresaburuak gidatutako zuzendaritza taldearen (%51) eta langileen (%49) esku utzi zuen.
Zuzendaritza, egiazko jabe
Partaidetza horrekin, zuzendaritzaren kontrolpean geratzea bermatu zuen, eta urteotan horretaz kexatu dira bere garaian akzioak erosi zituzten langileak. «Urte horietan ez zitzaigun aukera utzi kooperatiba gisa edo lan sozietate moduan aritzeko. Agian ez zen bideragarria izango, baina ez zen utzi ere egin», kritikatu du Oscar Telletxeak, langileen batzordeko presidenteak (LAB). Haren ustez, «iruzurra» izan zen hura. Batzordea hilero biltzen da zuzendaritzarekin enpresaren nondik norakoak jakiteko, eta urtero kontuen berri ematen zaie langileei. «Tramite moduko bat da».
Formula egokia izan edo ez, enpresak bilakaera ona izan du urteotan, batik bat nazioartean. «Estatuko merkatua ez atzera ez aurrera dago», dio Telletxeak. Europa, Asia eta Afrikako hamasei herrialdetara esportatzen du Sunsundeguik, eta, Volvo txasisen hornitzaile nagusi den heinean, ekoizpen handia ziurtatu du. Hala ere, MAN edo Scaniarentzat ere egiten du lan.
Bi herrialde nabarmentzen dira esportazioei dagokienez: batetik, Dubaiko errepide eta garraioen arloko agintaritzak hiri garraiorako 373 autobus egiteko kontratua izenpetu du Sunsundeguirekin. Bestetik, NTA Irlandako Garraio Agintaritzari 150 autobus salduko dizkio, eta Ipar Irlandako Translink enpresari, beste 120.
Abenduan, hauteskunde sindikalak egin zirenean, 350 langile zituen enpresak, eta, egun, bostehun inguru ditu. Produkzioaren erritmoa bikoiztu egin da, eta, lan eskari handi horri erantzuteko, ehundik gora kontratazio egin dira. Langile berriak sartu ahala, prestakuntza jaso behar dute, eta egokitu egin behar dira. Behin-behineko kontratua egiten zaie, baina, baliagarri suertatuz gero, enpresak finko egiten ditu. «Lan hitzarmenean aurreikusia genuen baino kontratu finko gehiago egin dira», dio Telletxeak.
Urteetan, sindikatuak kexatu egin dira Sunsundeguiko fabrika zaharkituta zegoelako eta ez zituelako betetzen lan segurtasunaren araudiak. Azken bi urteotan zazpi milioi euro inbertitu ditu lantokia berritzeko eta zabaltzeko. Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio izendatu zuen iaz.
Horrekin batera, produkzio sistema moldatzen ari dira. «Trantsizio batean gaude, eta egokitu egin behar dugu produkzio hazkunde horretara. Antolamendu arazo batzuk daude». Telletxearen arabera, langileen batzordeak ondo ikusten du egokitzapena, betiere langileen lan baldintzak hobetzen diren neurrian.
2017an sinatu zuten lan hitzarmena LABek, UGTk eta CCOOk: metalgintzako hitzarmenaren gainetik soldatak igotzea lortu arren, «oraindik hobetzeko asko» dagoela deritzo Telletxeak. Batzordeak errelebo kontratuak izenpetzeko eskatu zion zuzendaritzari, eta hark oraingoz ez dio jaramon egin.
Halaber, sindikatuek uste dute alde handia dagoela langile berrien eta zaharren artean, eta «lan osasunean ere» asko dago egiteko». Krisia atzean utziagatik, hobekuntza hori lan baldintzetan islatzea nahi du, funtsean, langileen batzordeak.