Iberiako lurreko langileek bi greba egun deituko dituzte Loiuko…
Loiuko aireportuan bi greba egun egingo dutela iragarri dute Iberiako lurreko langileek. Sindikatuek oraindik ez dute zehaztu noiz izango diren greba horiek.
Brexit-a oraindik iritsi ez bada ere, azken datuak txarrak dira: urteko lehen sei hilabeteetan %20 jaitsi da produkzioa —hamahirugarren hilabetez jarraian egin du beherantz—; 2018an, 1,37 milioi auto ekoitzi zituzten, azken zortzi urteetako kopururik txikiena; eta esportazioek behera egin dute, batez ere Europara (-%15,6) eta Txinara (-%53,1). Kontuan izan behar da Ingalaterran eta Galesen fabrikatzen diren hamar autoetatik zortzi esportatu egiten direla, horietatik %57, Europako Batasuneko beste herrialdeetara.
Inbertsioek ere %80 egin dute behera 2016tik. SMMT Motorraren Fabrikatzaile eta Merkatarien Elkarteak argitaratu ditu datu horiek, eta hango arduradun Mike Hawesek gogor egin du brexit-aren aurka: «Teknologia berrietan inbertitu beharrean, arriskuak planifikatzen jardun dute enpresek azken urteetan».
Guztia ez da brexit-aren ondorioa, ordea. Egiari zor, dieselaren ospe txarrak kalte handia egin die motor horien erabiltzailerik handienei, Nissani eta Jaguar-Land Roverri, batez ere.
Edonola ere, inork ez du zalantzen jartzen industriaren arazo nagusiak brexit-a eta hark sortutako ziurgabetasuna direla. Martxoaren 31rako ezarri zuten epea luzatu egin zenetik, urriaren 31 da Erresuma Batuak Europako Batasunetik irteteko duen azken eguna. Orduko hartan, zenbait fabrikak —Hondak, BMWk eta Jaguar-Land Roverrek, adibidez—udako oporrak apirilera aurreratzea erabaki zuten, lasaiago aurre egiteko irteeraren ondorioei. Ezingo dute baliabide hori berriz erabili azaroan.
Duela gutxi arte, ezinezkoa zirudien Erresuma Batua Europako Batasunetik akordio komertzialik gabe irteteak, baina, adituen arabera, aukerarik posibleena da oraintxe. Are eta gehiago, Boris Johnson kontserbadorea lehen ministro izendatu zutenetik. Hura da brexit-aren bultzatzailerik handienetako bat, eta argi du, akordioa izan ala ez urriaren 31 izango dela Erresuma Batuak EBn egingo duen azken eguna.
Egun horretara akordio batekin iristeko presio egiten ari zaio auto industria Johnsoni. SMMTk argitaratu dituen kalkuluen arabera, akordiorik gabe egunean 75 milioi euro galduko lituzke auto industriak, eta ibilgailuen prezioa batez beste 1.650 euro igoko litzateke.
‘Just in time’ produkzioa
Autogileen eta hegazkingileen sektoreak dira kritikoenak brexit-arekin, baita gehien kaltetuak ere. Erresuma Batua EBko merkatu bakarretik ateratzeak automatikoki muga zergak ezartzea ekarriko luke: %10, auto amaituetan, eta %4,5 osagaietan. Baina aduanetan izango diren aldaketek kezkatzen dituzte gehien autogileak.
Ingalaterrako fabrikek eta Galesen dagoen bakarrak just in time produkzio eredua darabilte. Muntatu beharreko piezak ordu edo minutu gutxi lehenago iristen dira fabriketara; hala, biltegiratze gastuak aurrezten dituzte. Sistema horrek funtziona dezan, ordea, ezinbestekoa da piezek aduanak azkar igarotzea. Egun, ez da arazoa. Brexit gogor bat gertatuz gero, berriz, Europa kontinentaletik datozen piezek bi eta bederatzi egun artean beharko lituzkete fabriketara heltzeko. Onartezinak dira horrek azpiegiturak moldatzean sortuko lituzkeen gastuak.
Financial Times egunkariak Hondak Swindonen duen lantegia erabili du adibide gisa. Lantegi horretan erabiltzen dituzten piezak bederatzi egunez gorde ahal izateko, 300.000 metro koadro inguru beharko lituzke Japoniako fabrikatzaileak. Munduko eraikinik handienetakoa izango litzateke, 42 futbol zelairen tamainaren parekoa. Funtzionatzerakoan sortuko lituzkeen gastuak ere tamaina bezain deigarriak izango lirateke.
Piezen joan-etorria etengabea da, eta fabrika askoren inportazioekiko menpekotasuna, oso handia. Adibidez, Europa kontinentaletik inportatuak dira BMWk Erresuma Batuan darabiltzan piezen %90. Mantxako kanalaren bidez inportatzen ditu Hondak ere osagaien %75.
Aduanek ez diete inportazioei soilik eragiten; Erresuma Batuak esportatzen ditu pieza asko ere. Europarekin akordiorik gabe geratuko balitz, arazo bera izango lukete kontinente zaharrean just in time sistema darabilten fabrikek. Hori gerta ez dadin —eta motorrek EBko araudia betetzen dutela ziurtatzeko—, BMW hasia da motorren produkzioa kontinentera eramaten.
Ez da neurriak hartu dituen fabrikatzaile bakarra. Erabakirik gogorrena Hondak hartu du: Swindongo lantegia itxiko du, non 4.000 langilek egiten duten lan. Fordek ere Bridgendeko lantegia itxiko duela iragarri du —Galesko bakarra—, eta 1.700 langile lanik gabe utziko ditu.
Arriskuan dago Ellesmore Porteko lantegia ere. Frantziako PSAk Opel-Vauxhall erosi zuenetik, 2017. urtean, 900 lanpostu galdu dira han, eta gainontzeko mila ere arriskuan daudela onartu du Carlos Tavares PSAko buruak: «Nahiago nuke Astrak han egin, baina baldintzak txarrak badira eta ezin badut errentagarri egin, konpainia osoa babestu beharko dut, eta ez dut han egingo».
Ixteko mehatxurik ez du oraingoz lantegirik handienak, Nissanek Sunderlanden duenak. Baina Japoniako autogileak iragarritako inbertsio handi bat bertan behera utzi du, eta jada 90 langile bota ditu.
Lantegiak beste leku batera nekez eramango dituzte marka britainiarrek, identifikazio handia dutelako Erresuma Batuarekin. Gainera, gehienek ekoizpen txikiagoak dituzte, luxuzkoak dira, eta haien bezeroei erraz asko pasa diezazkiekete ekoizpen kostu handiagoak. Baina horrek ez du esan nahi arazorik ez dutenik. Haien artean handienak, Jaguar-Land Roverrek, iragarri du 4.500 langile kaleratuko dituela, kostuak ia 3.000 milioi euro gutxitzeko asmoa duelako.
«Zaborretara bota G7ko taldea. Alferrikakoa da, eta garaiz kanpokoa. G7a hilzorian dagoen instituzio bat da, eta hala izan da azken hamar urteetan». Hitz gogor horiek ez ditu globalizazioaren aurkako mugimenduko norbaitek esan, ezta militante antikapitalista batek ere. Mainstream-aren zentro-ezkerrean dagoen zutabegile batek esan ditu, Larry Elliot Londresko The Guardian egunkariko zutabegileak.
Ez da bakarra. «Goi bilera amaitzea ez litzateke galera handia izango gizateriarentzat», ziurtatu du Deutsche Welle hedabide publiko alemaniarrak, eta lan hori hartzeko eskatu die Angela Merkeli eta Emmanuel Macroni.
Kritikak ez dira berri-berriak, baina gaurkotasunik ez dute galdu. Areago, azken urteek pentsamolde hori sendotzeko baizik ez dute balio izan, G7ko taldearen azken goi bileren emaitzak hutsaren hurrengoak izan baitira. Atez kanpoko emaitzak, noski, ate barruan esandako eta adostutako batzuk ez baitira inoiz zabaldu.
Esanguratsua da, esaterako, G7koen 2017ko maiatzeko bileraren ondoren, agintariek adostu zuten manifestu luzea, Taorminan (Sizilia, Italia). Orduan pil-pilean zeuden gaien zerrendatze huts bat izan zen, eta horiek konpontzeko bildutakoek erakutsitako borondate eskasaren eta gaitasun txikiaren erakusle. Siriako gerra bukatu behar zela zioten, baina gerra horrek jarraitu egiten du, eta G7koek ez dute zeregin handia han; NBEk Libian duen misioa indartu behar dela esan zuten, eta NBEk eta haiek sostengatzen duten gobernuak gero eta lurralde gutxiago kontrolatzen du; komunikatuak nabarmendu egin zuen Errusiak duela Ukrainako gatazkaren ardura, eta izoztuta jarraitzen du orduz gero. Gai ekonomikoagoetan, are zailagoa da bilerak ezer ekarri zuenik sinetsaraztea, orokorkeriak nagusi izan baitziren: jarduera ekonomikoa sustatu behar dela, prezioen egonkortasuna bermatu behar dela, genero arrakala txikitu behar dela, eta herrialdeei lagundu behar zaiela emigrazioa ekartzen duten faktoreak txikitzen.
Ezin esan daiteke beti horrela izan zenik, G7koen bileretatik atera baitira erabaki esanguratsuak. 1985ean, esaterako, Ronald Reagan AEBetako presidenteak egindako presioak balio izan zuen handik hilabete gutxira G7ko taldeko beste kideek dolarraren balio txikiago bat onartzeko, hartara AEBen merkataritza defizita txikitu zedin.
Horrelako adostasunik ez da espero Miarritzen. Arrazoi nagusiak Donald Trump du izena. AEBetako oraingo presidenteak ez du denbora asko galdu nahi alde askotako akordioen bila edo besteen iritzia entzuten. Bere kasara jokatzea erabaki du, eta hitz gogorrak eta iraingarriak izan ditu mahaiaren inguruan edukiko dituenekin.
Lapurdiko hirian, aspaldiko partez, Trumpek aurpegi adeitsu bat aurkituko du: Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarena. Europako Batasunetik ateraz gero Londresek merkataritza itunak egiteko askatasuna berreskuratuko duela esatea izan da Johnsonen argudioetako bat brexit-a babesteko. Inorekin egitekotan, akordioa AEBekin egin nahiko du Johsonek, eta, pentsatzekoa denez, Miarritzeko bilera erabiliko du Trumpekiko gertutasuna adierazteko.
Lau lehen, hogei orain
1970eko hamarkadan sortu zuten G7koen taldea, hasiera batean parte hartzaileak lau baizik izan ez ziren arren: Ameriketako Estatu Batuak, Alemania Mendebaldea, Erresuma Batua eta Frantzia. Hurrengo urteetan batu zitzaizkien Italia, Japonia eta Kanada, guzti-guztiak Washingtonen orbitan dantzan ari ziren herrialdeak. Politika ekonomikoak koordinatzea zen hasierako helburua, 1973ko petrolioaren bat-bateko garestitzeak Mendebaldeko ekonomiari eman zion zartakoari erantzuteko bideak bilatzea.
Aliatuak izateaz gain, bazuten herrialde horiek beste ezaugarri bat: munduko ekonomietan handienak ziren. Hasiera batean, munduko barne produktu gordinaren %70 ordezkatzen zuten, eta gainontzeko herrialdeak, haien ondoan, nano ekonomikoak ziren.
Baina 40 urte luze ez dira alferrik pasatu, eta gaur egun munduko BPGan duten pisua %50era jaitsi da, eta jaisten jarraituko du, munduko herrialde populatuenek azken hamarkadetan izan duten bilakaera ekonomiko handiaren ondoren.
G7koak ere ohartu ziren beren eragiteko gaitasuna txikitzen ari zela, edo Macronek iaz NBEn esan zuen bezala, «aspaldi joan zela herrialde aberatsek beren kabuz mundua defini zezaketen garaia». Txina, India, Brasil eta halakoak bazterrean uzteak zentzurik ez zuela ikusita, G20ko taldea bultzatu zuten 1999. urtean; munduko hiru biztanletik bi eta BPGaren %85 biltzen ditu.
G7koen bileretara ere gonbidatzen dituzte beste herrialde batzuk. Miarritzen izango dira Narendra Modi Indiako lehen ministroa, Sebastian Piñera Txileko presidentea, Scott Morrison Australiako presidentea, eta Afrikako zazpi gobernuburu. Mahai gainean izango duten gaia «desberdintasunen aurkako borroka» da, generoak, jatorriak, ingurumenak eta teknologiak eragindakoak. Afrikarekin «berdinen arteko elkarlana» bultzatzea ere izango dute helburu.
Uda honetan Espainiako hegoaldetik migratzaile gutxiago iristen ari dira, baina azken asteetan sareak salatu du iazko jardun bera darabilela aurten ere Frantziako Poliziak: Lapurdiko muga gurutzatzea lortzen duten migratzaileak itzularazi egiten dituzte. Gainera, Irungo Martindozenea aterpetxean Gurutze Gorriak aplikatzen dituen irizpideak «murriztaileak» direla nabarmendu dute, eta, ondorioz, migratzaile asko «kale gorrian» geratzen ari direla, zentroa beteta ez egon arren.
Egoera horrek okerrera egin dezake datorren astean, goi bileraren harira izango diren kontrol neurrien eraginez. Ildo horretan, erakunde publikoen jarrera kritikatu du Irungo sareak. Izan ere, oraindik ez dakite irizpide berberak mantenduko diren ala «salbuespenezko neurriak eta irizpideak» ezarriko dituzten. Uda hasieran Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen pasaeran doazen etorkinentzako harrera baliabideak areagotuko zituela, baina horri buruzko informaziorik oraindik ez dute jaso Irunen. «Instituzioek ez dituzte hartu beharreko neurriak hartu, eta gure eskuetan utzi dute ez dagozkigun arazoei irtenbidea ematea», adierazi du sareak.
Euskal Herrian oraindik asko hedatu gabeko eredua da halere, eta norberak bere buruari kobratzeko makinak jartzen diren kasuetan, ohiko kutxak ere egon ohi dira aukeran. Bere langile eta guzti. Oraindik probatan ari diren seinale. Zerbitzu hori eskaini izan denean, ilarak saihesteko helburuarekin egin dela esan izan dute dendetako eta supermerkatuetako arduradunek. Autoordainketarako gailuekin ohiko erosketa azkarrago egin daitekeela, kontsumitzaileek traba gutxiago dituztelako era horretako gailuekin.
Dena dela, BBCko Adriana Hamacher kazetariak proba egin zuen duela bi urte hori horrela ote zen egiaztatzeko. Erresuma Batuko supermerkatu batzuetan autoordainketako kutxak beste aukerarik ez dago, eta, halako batera joan ondoren, kontrakoa probatu zuen: zerbitzu horrekin denbora gehiago behar zuela bezeroak erosketa pagatzeko. Salgai batzuek dendako langileen egiaztatzea behar zutelako, batetik, eta bezero batzuek ez zekitelako makinak behar bezala erabiltzen, bestetik. Horregatik, zerbitzu azkarragoa eskaini baino gehiago, supermerkatuek lan kostuen dirua aurrezten dutela ondorioztatu zuen kazetariak.
Ruben Sanchez Facua kontsumitzaileen elkarteko bozeramailea da, eta erosketak azkarrago egitearen argudioari buelta eman nahi izan dio. Gaur-gaurkoz Euskal Herrian ez dago autoordainketako kutxak bakarrik dituen supermerkaturik: «Zergatik azkartzen da prozesua orduan? gaur egun kontsumitzaile gutxiagok aukeratzen duelako autoordainketaren aukera. Beraz, kutxa horiek hutsago daude, eta horietatik igarotzen direnak azkarrago egiten dituzte erosketak».
Baina kontsumitzaileak bere erosketa barra kodeetatik igarotzeko makinen atzean beste kritika bat ere egin du Sanchezek: bezeroek supermerkatu edo dendentzako lan egiten dutela. Hau da, erosleari orain arte eman izan zaion zerbitzu bat egin behar duela erosketa barra kodeen irakurgailuetatik igarota. Eta horren truke ordain bera pagatzen jarraitzen dutela dio. «Erosketa irakurgailutik igarotzea bada ahalegin handiago bat kontsumitzailearentzat, eta hori ez da saritzen, gainera». Salatu duenez, erosleak ez du zertan halako ezer egin. «Bakoitzak ikusiko duen zer egiten duen». Horregatik guztiagatik, zerbitzu horrek zalantza ugari sorrarazten dizkiola dio.
Lan kostuen murrizketa
Kezka paretsuak sortzen dizkio aukera horrek Haizea Solagurenbeaskoari ere. LABeko zerbitzu pribatuen federazioko arduraduna da Donostian, eta teknologia horien erabileraren atzean dagoen arrazoiak sortzen dio susmoa: «Halakoak gutxitan egiten dira langileen baldintzak hobetzeko; alderantziz, gehienetan, lan kostuak murrizteko baliatzen dira». Hau da, kutxa horiekin lanpostuak desager daitezkeela salatu du. «Ez da teknologiaren aurka gaudela, lan baldintzak hobetzeko baliatzen diren heinean positiboa da; baina epe motzera kutxetako lanpostuak desagertzen ez badira ere, epe luzera hori gerta daiteke». Eta hor ikusten du arriskua.
Lan kostuak aurreztuz irabazien tartea handitzeko aukera edukiko lukete supermerkatuek, baina horrela gertutasuna galduko luketela uste du Sanchezek. «Erosleak jakitun badira merkataritza gune horiek egin beharreko lan bat egiten ari direla, eta horrekin merkataritza guneek diru gehiago irabazten dutela, akaso beste modu batean ikusiko lirateke makina horiek».