Milioi erdi Barik txartel iraungiko dira aurten: zer egin…
Milioi erdi Barik txartel iraungiko dira aurten. 2013an jarri zuten martxan, eta hasieran lau urteko epea jarri zioten arren, 2017an hiru urte gehiago luzatu zuten.
Bilbon eta Iruñean, bi elkarretaratzeak 11:00etan egin zituzten, eta antzeko mezua zabaldu zuten ELAko eta LABeko ordezkariek. Bi kasuetan, egoitzetan sartu ziren euren aldarrikapena erregistratzeko asmoz. Kanpoaldean, kazetariei azaldu zieten euren asmoen berri. «Zoritxarrez, grebaren deitzaileok badakigu bere borondatez patronalak ez duela aurrerapausorik emango, eta hori langileen presioaren bidez lortuko dugula», azaldu zuen Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak, Iruñean.
Bi sindikatu abertzaleek nabarmendu zuten 2013 amaieratik hona izan den hazkunde ekonomikoaren zikloa «langileen lepotik» egin dela. Datu makroekonomikoek hobera egin badute ere argazki horrek bere alde iluna duela azpimarratu zuten. Adibidez, aurreko astean, Nafarroako Gobernuak pobreziari buruzko hirugarren txostena aurkeztu zuen, eta, bertako datuak esku artean, nabarmendu zuten egun 81.500 pertsona daudela pobrezian Nafarroan: erdiek lana dute, eta 16.724 herritar, gainera, pobrezia larrian daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ELAko Pello Igeregik gogorarazi zuen hazkunde urteetan pobrezia «%14 eta %20» artean handitu dela.
«Datuok eskuan, Nafarroako Gobernuak eta patronalak lotsatu egin beharko lukete», adierazi zuen Pascualek, «lana izatea ez baita pobreziatik ateratzeko bermea». Karreraren ustez, prekaritatea enpresek profitatu dute batik bat: «Enpresaburuek diote ondasuna sortzen dutela, baina datuek erakusten dute langile pobreak daudela, eta hala aitortzen du Nafarroako Gobernuak berak».
Madrildik, ezer gutxi
Espainiako Gobernu osatu berriak asmoa azaldu du lan munduan hainbat aldaketa egiteko. Adibidez, Unidas Podemosek gutxieneko soldata 1.000 eurora igotzeaz hitz egin du. Gainera, azpikontratazioaren aurrean «neurri partzialak» eta «edukirik gabeko» berdintasun planak ezarri nahi dituztela uste dute ELAk eta LABek: «Hori ez da nahikoa euskal langileen egoerari aurre egiteko». Hego Euskal Herriak lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa behar dutela iritzi diote.
Bilbon ere proposamen bera helarazi diote Confebaski. ELAko Igeregik beharrezko ikusten du, «kontratazioan gutxieneko duintasun bat ezartzeko asmoz», gutxienez 20 orduko lanaldia ezartzea, enpresek gero eta gehiago erabiltzen dituztelako lanaldi partzialeko kontratuak. Igeregiren arabera, pobrezia handitzeko arrazoietako bat da lanaldi partzialen gehie-gizko erabilera. Era berean, beharrezko ikusten dute azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea.
Halaber, digitalizazioaren mehatxua ikusita, eta lana banatzeko, sindikatuek beharrezko ikusten dute astean gehienez 35 ordu lan egitea. «Oinarrizko kontua da teknologia berrien ondorioz desager daitezkeen lanpostuei begira», azaldu zuen Igeregik. Azkenik, lan munduan genero arrakala amaitzeko plan «errealak» hartzera deitu zituzten enpresaburuak, «lantokietan diskriminazioa amaitzeko».
LABeko Xabier Ugartemendiaren arabera, prekaritatea zabaltzen ari da lan munduan, eta lan baldintza kaskarrak inposatu nahi dira. Eusko Legebiltzarrak ez du lege ahalmenik lan munduko errealitateari aurre egiteko: «Beharrezkoa da beste bideak hartzea, prekaritatea errotik mozteko». Ugartemendiaren ustez, greba orokorra pauso bat izango da lan baldintzak duintzeko.
Sindikatu guztiek ez dute bat egin greba deialdiarekin, eta, horri buruz galdetuta, Igeregik erantzun zuen: «Deskribatu dugun testuinguruan ez badago greba orokorrerako arrazoirik, ez dugu ulertzen zer rol jokatu behar dugun sindikatuok. Gure asmoa da lantokiak astintzea enplegua bermatzeko, eta langileei lan baldintza duinak emateko».
Euskal Herritik hegazkinez atera edo Euskal Herrira hegazkinez iristen diren lau bidaiaritatik hiruk Loiuko aireportua erabiltzen dute. Zehazki, iaz 5,9 milioi erabiltzaile izan zituen Bizkaiko aireportuak, 2018an baino %8 gehiago.
Hein batean airebide berriek eragin dute trafikoaren ugaltzea. Horrela, udan hainbat hegaldi gehitu zituen Loiuk: besteak beste, Portora (Portugal), Florentziara (Italia) eta Coruñara (Galizia). Gainera, Ryanair itzuli egin zen aireportura, Southenderako (Ingalaterra) airebide batekin. Irlandako konpainia hori 2012. urtean hasi zen Loiun lanean, bost airebiderekin, baina urtebeteren ondoren utzi egin zuen, Aenak eskatzen zizkion tasak oso handiak zirela argudiatuta.
2020ari dagokionez, dagoeneko bost airebide berri iragarri ditu Bilboko aireportuak: Voloteak hegaldiak eskainiko ditu Lyonera (Frantzia), Murtziara (Espainia) eta Cagliarira (Sardinia, Italia), Transaviak Rotterdamera (Herbehereak), eta Aegeanek, berriz, Atenasera. Transaviak eta Aegeanek lehen aldiz izango dituzte airebide erregularrak Loiutik. Gainera, Voloteak lehia egingo dio Vuelingi Menorcarako norantzan (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak).
Miarritzek goia jo du
Erabiltzaile eta airebide kopuruari dagokionez, Miarritzekoa da Euskal Herriko aireportuetan bigarrena, Loiukoaren atzetik. Iaz, 1,06 milioi lagun igaro ziren Lapurdiko aireportutik. Baina, Loiuk ez bezala, badirudi Miarritzek goia jo duela bere hazkundean.
2017an izan zuen erabiltzaile gehien (ia 1,2 milioi), baina azken urteetan bidaiariak galdu ditu: 7.000 2018an, eta 117.000 2019an. Jaitsiera handi horren arrazoi nagusia da lau astez itxita egon zela urte hasieran, otsailaren hasieratik martxoaren hasierara arte. Gutxi gorabehera 50.000 erabiltzaile galdu zituen lan horiengatik.
Tarte horretan, pistaren zorua berritu zuten, eta argi berriak jarri zizkioten. Terminalaren barruan ere izan ziren berrikuntzak: autoak alokatzeko bulegoak aparkalekura gerturatu zituzten, itxarongela berritu zuten, eta ekipajea jasotzeko eremua itxi. Konponketa gehiago egin behar dituzte, aireportua brexit-era egokitzeko. Miarritzetik Ingalaterrarako sei airebide daude gaur egun, eta 140.000 lagun baino gehiago garraiatu zituzten iaz. Trafikorik handiena, edonola ere, Pariserako hiru hegaldiek dute: 625.000tik gora iaz.
Urte ona Forondan
Txikiagoak dira gainontzeko aireportuak, baina hirurek dute ezaugarri komun bat: urtetik urtera krisian galdutako bidaiariak berreskuratzen ari dira. Igoera ikusgarriena Forondak izan du. 2013an eta 2014an, airebide erregularrik gabe, 7.000 lagunek soilik erabili zituzten, udako charter hegaldietan batez ere. Baina, Ryanair itzuli zenetik, bizitza berreskuratu du Arabako aireportuak, eta, iaz, ozta-ozta izan bazen ere, bidaiarien marka hautsi zuen: %23,5 handitu zuen trafikoa, eta 174.022ra iritsi zen.
Ikusteko dago 2020an marka hori hausterik duen, Ryanairrek bertan behera utzi baitu eskaintzen zituen hegaldietako bat, Tenerifera zihoana (Kanariak, Espainia), hango egoitza itxi duela eta. Kanarietarako airebidea berreskuratzeko lanetan dabil Forondako aireportuaren sustatzailea, VIA (Vitoria International Airport).
Bidaiarien terminala hutsik izan zuen urteetan, merkantzietan jarri zuen indarra Gasteizko aireportuak, eta fruituak eman ditu, urtetik urtera garraiatutako salgaien kopurua handitzen ari baita. Iaz 64.400 tona igaro ziren Forondatik, aurreko urtean baino %3,7 gehiago.
Hondarribiko aireportuak oso urrun du oraindik 2007ko marka, nahiz eta iaz urte ona izan zuen: 30.000 bidaiari gehiago (+%10,7). 2020. urteari baikor ekin dio haren sustatzaileak, Ortzibiak. Izan ere, aurten berreskuratuko du Londreserako airebidea, 2017an galdutakoa. Ingalaterrako hiriburuaren erdialdean dagoen City aireportu txikira astean bi hegaldi irtengo dira, uztailaren 4tik irailaren 10era, baina, arrakasta izanez gero, espero dute beste hilabete batzuetara hedatzea.
Krisiak are gogorrago jo zuen Noaingo aireportua, 2007an milioi erdi bidaiari garraiatzen baitzituen eta 2014an, berriz, 138.000. Azken bi urteetan, Lufthansaren eraginez, 75.000 bidaiari irabazi ditu.
Etxeko atarian, Frantziako Poliziak bertara sartzea egotzi zien manifestariei. Errepidean jarri ziren sindikatuko kide Jaka Ubelak —Jaka Horien adar feminista— eta Jaka Horiak, eta bazkaria partekatu zuten. Ondoren, komuneko papera jaurti zuten baratzera, protesta sinboliko gisa.
Greba iraunkortzea erronka
Iragan larunbatean, gizarte eragileengan duen «konfiantza erakusteko», Frantziako lehen ministroak orekarako adinaren neurria kentzeko aukera eskaini zien sindikatuei, «behin-behinean» bada ere. Edouard Philippek jasoa du erretreten erreforman erretiroa 64 urtera atzeratzea, 2022tik 2027rako epean. Sindikatu erreformisten babesa lortzeko saioa da, azken finean, lehen ministroaren proposamen hori. Izan ere, erreformaren neurri nagusietako batean atzera egiteko prest egonda ere, nekez erakarriko ditu CGT, FO, FSU, Solidaires eta CGC sindikatuak. «Mugimenduak segitzen du; Frantziako Gobernuak ez du atzera eginen, baina guk ere ez», esan zuen Delionek atzoko protestan.
Sindikatu gehienen arabera, Philipperen iragarpena «probokazioa» da. Ez dute mugimendua eteteko asmorik. Philippek iragarpenak egin zituen egun berean, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian mobilizazio jendetsuak egin ziren. Baionan, mila bat pertsona atera zen karrikara. Trenbideetako langileek 41 egun daramatzate greban, eta hiru eguneko greba deialdia egin dute sindikatuek, gaurtik hasita. Gaur goizean, karrikara aterako dira, eta ostegunean ere manifestazioa egingo dute. Baionan, 10:30ean abiatuko dute martxa, geltokitik.
Pedro Sanchez presidente, eta Unidas Podemos gobernuan. Agian, ez da unerik onena greba orokorrera deitzeko?
Alderantziz ikusten dugu. PSOEk eta Podemosek egindako akordioan ez dago inolako borondate politikorik 2010eko lan erreforma eta 2011ko pentsio erreforma kentzeko. Asmo on ugari badira Rajoyren garaiko erreformak doitzeko, baina zehaztapen gutxirekin, dena elkarrizketa sozialerako mahaira bideratzen baitute.
Denbora apur bat beharko da aldaketak zer neurritakoak izango diren ikusteko, ezta?
Argi dago nondik nora doan kontua. Apustu sendoa ez badago aldaketa sakonak egiteko azken urteetan egon den prekarizazio prozesuan, ezin dugu askorik espero, elkarrizketa sozialerako mahaian patronalaren jarrera aski ezaguna baita. CEOEk lasaitasuna helarazi du Garamendiren ahotan.
Beraz…
Gobernu itun hori ezagutu eta gero, arrazoi gehiago daude.
Ez al da musika atsegina lan erreformaren atal kaltegarrienak kentzeko promesa?
Kezkatzeko musika ere izan daiteke. Esaterako, negoziazio kolektiboaren estatalizazioari inolako mugarik ez jartzeko apustu bat dago. Ultraaktibitate mugagabeaz hitz egin dute, baina sektoreko itunei lehentasuna emateaz ere bai, enpresa itunei kenduta.
Ematen du LABek horrekin ados egon beharko lukeela.
Sektore itunak bai, baina zer sektore? Zer esparrutakoak? Euskal itunak errespetatuko dituzte? Zapateroren garaian hasitako zentralizazioan sakondu nahi dute.
Rajoyren gobernuaren aldean, Sanchezena langile klasearen zauriak osatzera omen dator. Eszeptiko samar zaude, ezta?
Grebarako aldarrikapen taulako neurri bakar bati ere ez diote erantzun gobernu itunean.
Ez al dute 1.200 euroko gutxieneko soldata helburu gisa?
Hedabideetan esan zuten, baina itunean ez dago. UGT bera 1.150 eskatzen ari da. Pentsioei dagokienez, KPIaren erreferentzia aipatzen dute, baina jasangarritasun faktorea kendu gabe; beraz, ez dago bermatua KPIa ere. Erretiro adina atzeratzeko erabakiak ere hor jarraitzen du, eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio tartea handitzearenak ere bai. Soldata arrakala, azpikontratazioa… dena dago zehaztu gabe.
Baina zergatik aurreikusi behar da gobernu horrek ez dituela beteko bere promesak?
Gakoa da gobernuak legeak aldatuko ote dituen patronalarekin akordiorik ez badago. Horregatik diogu arrazoi gehiago daudela orain grebara joateko.
Greba giroa ikusten duzu kalean?
Kalean barneratua dago grebaren beharra; denok ikusi dugu atzerapauso nabarmenak urteotan. Prekaritatearen fenomenoa erabat zabaldu da. Prekaritate molde berriak asmatu dituzte: autonomo faltsuak, riders-ak… lan harremanen uberizazio bat dago.
Baina greba ez da bakarrik lan duinaren aldekoa.
Greba feministek argi utzi digute kapitalarekin dugun talka horrek ezin duela mugatu kapitala/lana dikotomia klasikora; kapitala/bizitza da dikotomia, eta ikuspuntua zabaltzeak ekarri du zaintza lanei erreparatzea, klima larrialdiari… Grebak merezi duela helarazi behar dugu.
Deitzaileek asmatu behar duzuela jendea motibatzen?
Greba hau ez da erreforma bati erantzuteko: ez da erreakzio greba bat, baizik eta erasora egitekoa. Baldintzak daude erasora jokatzeko, feministen eta pentsiodunen mobilizazioak gertatu eta gero. Lantokietan ere borrokak asko zabaldu dira. Borroka orokorra dago, eta, orain, mugarri bat jartzera goaz.
Manifestazio jendetsuak aurreikus daitezke, baina grebaren arrakasta lanuztea egitea erabakitzen dutenen kopuruak finkatuko du. Beldur zara ez ote diren hainbeste izango?
Greba indargabetzeko saio ugari dago. Greba politikoa dela esan du Gasteizko gobernuak, eta guk ere hala diogu: politikoa da, jakina, politika publikoak aldarazteko helburua baitu. Pobreziari eta prekaritateari aurre egiteko neurri zehatzik ez dute jaso aurrekontuetan. Patronalarentzat ez dago prekaritaterik, ekonomia oso ondo doa, eta borrokak ez du balio ezertarako. CCOO eta UGT ere grebaren aurka ari dira. Eta, hala ere, garbi daukagu jendartearekin eta langileekin zuzenean dugun harremana izango dela grebaren arrakastaren oinarria. Hedabide nagusiak, erakundeak eta patronalak greba ezkutatzeko eta jipoitzeko saio batean daude.
Baina izango du arrakastarik?
Gure helburua ez da bakarrik manifestazioak egitea, kaleak betetzea, baizik lantokiak hustea, eta helburu horrek arrakasta izango du, seguru.
Langileek hautu bat egin behar dute zerbaiten alde dirua galtzeko. Pentsioak, gazteak, feminismoa, klima aldaketa… Hainbeste eskaera egonda, garbi ikusten ote dute zeren alde ariko diren?
Borroka desberdinek bat egin dute greba honetan, eta aldarrikapen taula zabala da, baina pentsio duinen aldeko borroka erabat loturik dago enplegu duinaren aldeko borrokarekin. Pentsio duinen aldeko borroka guztiona da, langileona ere bai, noski. Eta bizitza duinaren aldeko borrokarekin lotzen dira biak. Neurri zehatzak eskatzen ditugu, eta argi adierazita dago nori eskatzen dizkiogun.
Pentsiodunekin banpiroarena egin duzue sindikatuek?
Ez, aliatuak izan behar dugu. Sistemak zatiturik nahi gaitu, ahulago, eta borroka guztiak elkartzea beharrezkoa da.
Pentsiodunen mugimendua zatitu duzue zuek?
Inondik inora ere ez. Pentsiodunen mugimendua plurala da, eta bere erabakiak hartzeko gai. Beren erabaki kolektiboak errespetatu ditugu. Erabaki kolektibo horietatik kanpo beste batzuk daudela beste iritzi batzuekin? Ondo, baina guri ezin zaigu aurpegiratu mugimendua zatitu dugula.
CCOOk eta UGTk hala egin dute.
CCOOk eta UGTk posizio zaila dute, borrokari uko egin eta kontzertazio sindikalismoan daudelako. Baina esan behar dutena da ados ote dauden bi lan erreformak eta pentsio erreforma atzera botatzearekin. Ezin da ahaztu CCOOk eta UGTk pentsio erreforma sinatu zutela 2011n.
Greba honekin bada asmo bat legegintzaldia amaitu aurretik Urkulluri oroigarri bat uzteko?
Greba politikoa da hau, eta inolako konplexurik gabe esaten dugu, baina gauza bat da politika publikoak aldatu nahi izatea eta beste bat Urkulluri greba bat sartu nahi izatea legegintzaldia amaitu aurretik. Grebara ez dugu arinkeriaz deitzen, helburu jakin batzuekin baizik, eta gureak argiak dira.
Babes soziala handitzeko, finantzaketa behar da. Kezkatzen zaituzte zerga politikan egon daitezkeen aldaketek? Esaterako, ondare zerga kentzeak?
Patronalaren neurriko zerga sistema bat egin dute. Denok ulertzen dugu gehien duenak gehien ordaindu behar duela, baina justu kontrako norabidean doaz azken urteetako aldaketak. EAJk, PSErekin eta PPrekin batera, enpresen irabaziak gutxiago zergapetu ditu. Beste zerga politika bat egin daiteke, baina patronalak agintzen du. Guri aurpegiratzen digute, baina patronala da herri honetan benetan politika egiten duena, Confebask. Pentsa dezala irakurleak zenbatetan ikusi duen Urkullu langile baten alboan, eta zenbatetan ikusi duen patronalarekin. Bizkaiko metalgintzako gatazkan oso argi ikusi da: haren adierazpenak ez dira despiste bat izan, posizio jakin baten adierazleak baizik.
Aspaldian ari zen eskatzen LAB sektore desberdinen mobilizazio orokor bat, eta ELAk ere grebara deitzea erabaki du. Greba orokorra zuen garaipen bat da?
Herri honetako langileen garaipen bat da. Bi sindikatu gara, eta grebara iristeko bide desberdinak egin ditugu. Borroken bat egiteen inguruko hausnarketa egin dugu LABen, lantokiz lantokiko borrokaz gain, eta ELA erresistentzia kutxan oinarritutako lantokiz lantokiko estrategian egon da. Bata zein bestea zilegi dira.
Zubiak eraikitzeko gai izan zaretela ematen du.
Herri honek behar du eragileak elkarrekin aritzea. Guk oso argi genuen urrats hau egin behar zela. Baina, guretzat, elkarlana ez da sindikatu batek besteari bere eredua inposatzea, desberdinen arteko adostasunak eraikitzea baizik. Greba ondorena ere kudeatu beharko da, eta denborak esango du elkarlanean sakontzerik ote dugun ala ez.
Grebaz ez dute kasik hitz egin patronalak eta gobernuek.
Greba indargabetzeko estrategia da: ezkutatzen ari dira, eta hedabideetan ere itzalaldi bat dugu; eta gehiengo sozial eta sindikal batek greba orokor bat deitze hutsa bada albistea. Kontua da oso deserosoa zaiela greba hau. Geroko, zilegitasuna kentzeko saio bat espero dugu; gauzak berotu ahala iritsiko da. Baina garbi dugu gure tresnak zeintzuk diren deialdiak erantzun zabala izan dezan: harreman zuzenak. Eta jasotzen ari garen erantzuna da: «Bazen garaia».
Zergatik egin beharko luke greba 2.000 euro edo gehiago irabazten duen langile finkoak? Langile klaseari erreparatzen diozue, baina argi al dago zein den langile klasea?
Azken urteetan, langile klasearen zatiketa eragin dute helburu garbi batekin: langileria ahultzea. Eta, hein batean, lortu dute. Horrek ekartzen du norberak bere zilborrari begiratzea, eta langile bat jartzea bera baino okerrago dagoenaren aurka, kapitalaren aurka jarri ordez. Horri buelta ematea dagokigu guri. Hobeto daudenen lan baldintzak ez dira pribilegioak, eskubideak baizik, eta nahi duguna da bizi eta lan duina orokortzea, aberastasun nahikoa dagoelako. Hobeto dagoen horrek alboan izango ditu okerrago daudenak, kontratu partzialekin, behin-behinekoak… Pentsioa bermatzeko ere, borroka beharrezkoa izango du. Zerbitzu publikoak ere jasoko ditu… Elkartasun ariketa bada greba egitea, baina norberaren mesedetan egiten dena ere bai.