Araluceko kudeatzaileak langileei esan die ez duela prestatu likidazio…
Kudeatzailearen, langileen eta Batz kooperatibako —Araluceren jabea 2016tik— ordezkarien arteko bigarren bilera izan zen atzokoa. Kudeatzailearen ustez, kontsulta garaiko azken bilera da, epea amaitu delako; langileek, berriz, epea hasi berri dela uste dute. Hor dago bi aldeen arteko talka formaletako bat, eta Bilboko lan arloko epaitegiak erabaki beharko du hala den, batzordeak helegitea jarri baitu. Kudeatzailearen iritziko, abenduaren 9an hasi zen kontsulta epea, eta batzordeak uko egin zion lehen hiru bileretara joateari. Langileen ustez, aldiz, iragan astean hasi zen, batzordea joaniko lehen bileran. Bilera horretan batzordeak informazioa eskatu zuen Araluceren eta Batzen arteko lege harremana argitzeko, eta, atzo agiri horiek eman ez zizkietenez, beste helegite bat jarri zuten epaitegian. Batzordearen ustez, informazio faltak asko baldintzatzen du langileen egoera negoziazioan. Epaitegiak hamabost egunean erantzun behar die helegiteei.
Bilerari dagokionez, eta langile batzordeak azaldu zuenez, Batzek ez zuen inolako eskaintzarik egin, eta administratzaileak ere ez zion erantzunik eman Araluceko langileek iragan astean Batz taldearen barruan txertatuak izatearen eskaerari. Araluceko langileek garbi ikusten dute bi enpresak multzo berekoak direla, eta kooperatiba dela prozesu honek ekar ditzakeen ondorioen erantzulea. Batzek, aldiz, harreman hori ukatu zuen aurreko bileran.