Pobrezia eta efizientzia
Macarena Larrea Orkestrako ikertzaile eta energia gaietan adituak dionez, orain arte inguruko herrialdeetan —Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania— berriztagarrien finantzaketa kontsumitzaileen, industria txikiaren eta hirugarren sektorearen kontura egin da, eta berriztagarri horien sustapenak energiaren prezioak igotzea ekarri du. «Jakina, kontsumitzaile zaurgarrienentzako babes neurririk gabe, inpaktua are handiagoa izango zen».
Hala ere, maiz, gizartearentzat ikusezina da pobrezia energetikoaren arazoa, «neurri handi batean pobrezia orokorraren atzean ezkutatzen delako». Horrek baldintzatzen du, Larrearen ustez, arazoari aurre egiteko tresnen eraginkortasuna. Hainbat eredu aztertu ditu Orkestrako ikertzaileak, tartean Ipar Irlandakoa, Galeskoa, Eskoziakoa eta Ingalaterrakoa, zeintzuetan hainbat programak, gehiago edo gutxiago, zuzenean laguntzen dieten pobrezia energetikoa pairatzen duten etxebizitzei, adibidez, efizientzian hobetzen, zenbaitetan etxe horietara bisita zuzenak eginez.
Frantzian, berriz, argindarraren eta gasaren tarifa sozialak Energia Txekearekin ordezkatu dituzte Trantsizio Energetikoaren Legean. «Diru sarrera jakin batzuen azpitik dauden etxebizitzei ordain bat egiten zaie haien energia gastuen zati bat estaltzeko. Txekeak jasotzen du etxebizitzen hobekuntza lan zenbait estaltzeko aukera, baina kasu horretan kontsumitzaileak aurretik egin behar du obra, eta gero zati bat konpentsatuko zaio». Larreak «mugak» ikusten dizkio Energia Txekeari: zenbait pertsonak ez dute izaten horren onurarik, ez dakitelako existitzen dela. Bestalde, estigmatizazio baten moduan ere har daiteke. Eta, horrez gain, energia gutxiago kontsumitzeko pizgarria txikiagoa da ordain sinple batekin lortuko litzatekeena baino.
Azkenean, etorkizunari begira, ikertzailearen ustez, «ezin da energia eredu jasangarri batera igaro ez badira aintzat hartzen kolektibo horiek. Eta, Frantziako eta Erresuma Batuko esperientzia kontuan hartuta, beharrezkoa izango da jarrera proaktiboagoa, pobrezia energetikoa eta zaurgarritasun handia nozitzen duten taldeak bilatzeko eta identifikatzeko, horrela laguntzak bideratzeko, eta babes neurriak, egonda ere, ezagutza faltagatik haienganaino ez iristea saihesteko».
Herritarrengana itzuliko liratekeen ingurumen zergen inguruan, Orkestrako ikertzaileak nahiago luke bildutako aparteko diru hori beste gauza batzuetan inbertitzea, hala nola «kontsumitzaile bakoitzaren beharretara egokitutako emisio gutxiko teknologia alternatiboen garapenean; eta pobrezia energetikoa pairatzen duten etxebizitzetako efizientzia energetikoa hobetzen —galdarak berrituz, isolamendua sendotuz, argiztapena hobetuz—. Horrekin lortuko da isuriak murriztea eta, aldi berean, kolektiboen egoera hobetzea eta energia fakturak txikitzea».
Karbonoaren zerga sisteman, Frantzian detektatutako beste problema bat aipatu du Larreak. «Pobrezia energetikoa etxebizitza arazo gisa ulertu bagenuen ere, badu garraioaren alderdia ere. Zenbaitetan, bizitokiak ezinbesteko bihurtzen du ibilgailu propio bat edukitzea lanpostu bat izateko. Pobrezia energetikoa duten etxebizitzek izan ditzakete arazoak mugikortasunean ere, adibidez, landa eremuetan. Hori kontuan izan beharko da trantsizio energetikoan, mugikortasun jasangarrirako politikak pentsatzerakoan».
Isurketak murrizteko beste tresna batek, efizientzia energetikoak, garrantzi berezia har dezake pobrezia energetikoa duten etxeetan. «Eskain ditzakegu energia txekeak fakturak ordaintzeko, baina, kolektibo zaurgarrienen etxeen eraginkortasun energetikoa hobetzen ez bada, pobrezia energetikoaren arazoa ez da desagertuko».