Irakasleek markatu dute pentsioen erreformaren aurkako seigarren astea
Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioko langile gehienak grebara batu ziren atzo, eta ikastetxea hetsirik egon zen. Ipar Euskal Herriko beste hainbat ikastetxetan ere ohi baino grebalari gehiago kontatu zituzten, Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan, adibidez.
Txomin Hiriart Urruti historia irakaslea da Estitxu Robles Arangiz kolegioan, eta honela azaldu zituen arrazoiak: «Greban gara erreforma honen salatzeko. Gobernua zuzengabetasun osoz ari da; aberatsen eta xumeen arteko zuloa etengabe handitzen du». Irakasleak grebarako prest daudela gehitu zuen: «Gure ikastetxea bosgarren aldiko hetsia da, eta sentitzen dugu irakasleen baitan zerbait mugitzen ari dela. Gure artean saretzen ari gara, eta, horren bidez, eraginkorragoak izan gaitezke».
Trenbideetako langileek begi onez ikusi dute beste sektoreen mobilizazioa. Julien Delion CGTko kidea da, eta abenduaren 5ean ekin zion grebari: «Gure greba zaila da, luzea da, baina oraindik indarrak baditugu. Beste sektore batzuk mugitzen ari dira, ikastetxe batzuk hetsi dituzte, Frantziako portu andana blokeatuak dira… Hainbat sektoretako langileen arteko elkartasunari esker lortuko dugu irabazi arte segitzeko indarra». Trenbideetako langileek greba arintzeko hautua egin zuten atzoko biltzarrean: intersindikalak deituriko egunetan greba eginen dute, baina ez dute greba iraunkorra segurtatuko.
Manifestazioaren ondotik, dozenaka ekintzailek Baionako Herriko Etxera jo zuten, bertan bazelako LREM alderdiaren bilkura bat. Protestariak egoitza barnera sartu ziren, baina Frantziako Poliziak bilkura gelara hurbiltzea eragotzi zien. LREM alderdiari eta Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteari «erreforma suntsitzaile hori bukatzeko» eskatu zioten ekintzaileek.