Madrilekin akordioa lortuta, zorpetzeko eskubidea izango dute foru aldundiek
«Balio handikoa», «giltzarria», «Kontzertu Ekonomikoari emandako bultzada»… Poza ezkutatu ezinean aritu zen atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren ondorengo agerraldian. Negoziazio «sakonen» ondoren, batzorde horretan lotu zuten aldundien zorpetzeari buruzko akordioa. Nabarmendu zuenez, «lehen aldiz» lortu dute foru aldundiek zorpetzeko eskubidea, eta pandemiak eragindako egoera berezia igarotzen denean ere eutsi ahal izango diote.
Hiru lurraldeetako BPGaren %0,9 adinako defizit batekin estreinatuko dute gaitasun hori. Kopuru zehatzetan, 595 milioiko defizita pilatu ahal izango dute, eta zorpetzearen bidez estali. Hiruren artean banatu beharreko kopuru bat da hori: 300 milioi euro inguru Bizkaiko Aldundiak, 200 milioi Gipuzkoak eta 90 milioitik gora Arabak. Antzeko kopuruak 2021ean ere: %0,8ko defizita, 588 milioi euro. Diru asko da hori aldundientzat, beren aurrekontu propioen %15etik gora: Bizkaiak, 1.283 milioiren aurrekontu proiektua aurkeztu zuen 2020rako, 915 milioirena Gipuzkoak eta 518 milioirena Arabak.
Berez, defizit kopuru horiek ez dira muga zorrotz-zorrotzak izango, erreferentziazko tasak baizik. Izan ere, Europako Batzordeak EBko kideekin egin duen bezala, Espainiako Gobernuak ere gastu publikoaren gaineko mugak lausotzea erabaki du bere menpeko erakundeekin. «Administrazio guztiei gaitasuna eman nahi diegu baliabide guztiak jartzeko herritarren zerbitzura», azaldu zuen Maria Jesus Montero Ogasun ministroak.
%2,6ko erreferentzia
Montero erkidego autonomoekin bilduko da astelehenean, eta orduan aurkeztuko dizkie erreferentzia tasak. Dagoeneko bereak badituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: BPGaren %2,6. Gasteizko gobernuaren kasuan, horrek esan nahi du 1.716 milioiko defizita pilatu ahal izango duela aurten, eta 1.617 milioikoa datorren urtean (%2,2).
Azpiazuk onartu du kopuru hori handitzeko aukera dagoela, baldin eta krisiak okerrera egiten badu eta gobernuaren beharrak ugaritzen badira, baina esan du ere betetzen saiatuko direla:«Erantzukizunez jokatuko dugu». Izan ere, krisiaren okerrena igarotzen denean itzul daitezke kontu publikoak orekatzeko aginduak, eta orain zulo handia egiteak urte gutxi barru ahalegin handiak egitea ekar dezake. «Arrazoizko aurrekontuak» egiteko eskatu die Monterok administrazioei.
%2,6ko defizita buruan dutela egingo ditu Jaurlaritzak bere aurrekontuak. Iazko soberakinekin, Espainiako Gobernuaren COVID Funtsetik jasotakoarekin eta baimendutako zorpetzearekin zerga bilketaren erorikoaren «zati oso garrantzitsu bat» estaltzeko gai izango direla azaldu du sailburuak. Urriaren 15ean bilduko da Finantzen Euskal Kontseilua, aurtengo eta datorren urteko zerga bilketaren aurreikuspenak egiteko.