Arcelorrek ez du aurreikusten epe laburrean Sestaoko ACB irekitzea
ArcelorMittalek ez du epe laburrean Sestaoko ACB irekitzea aurreikusten (martxotik dago geldirik), egoerak “oso txarra” izaten jarraitzen duelako
«Esan behar dut ez genuela sekula pentsatu EB gai izango izango zenik fede onez negoziatutako itun bat erabiltzeko Erresuma Batuko zati bat blokeatzeko edo egiaz gure lurraldearen eta ekonomiaren osotasuna suntsitzea mehatxatzeko». Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere erabili du, beste behin, argudio sakratua.
Abendu bukaeran amaituko da brexit-erako trantsizio epea, eta ez dago argi hortik aurrera zein izango den Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremana: merkataritza akordio berri baten araberakoa izango den, edo ez.
Erlojuaren kontra negoziatzen jarraitzen dute aldeek, baina aste honetan asko gaiztotu dira elkarrizketak. Funtsezko eztabaida estatu laguntzena da. Londresek lagundutako enpresen ondasun eta zerbitzuen esportazioek merkatu bakarrean ekar dezaketen lehia desleialarekin zinezko kezka daukate Batasunean. Bruselak uste du britainiarren estatu laguntzek «bidezkoak» izan behar dutela Batasuneko estatu laguntzei buruzko arauekin.
Johnsonek, ordea, ez du halakorik entzun nahi. «Zertarako merkataritza librerako akordio bat, horrekin lehiarako, subsidioetarako, babes sozialerako, ingurumenerako EBren arauak bete behar badira, eta haiek gureak ez?», galdetu zuen otsailean.
Baina, Johnsonentzat Erresuma Batuaren batasuna eta burujabetza sakratua bada, merkatu bakarra ez da gutxiago Bruselakoentzat —are gehiago, Batasunaren lorpen handi bakanetakoa izanda—. Horregatik saiatu zen Brusela gaia oso lotuta uzten Irteera Akordioko Ipar Irlandarako protokoloan, zeinak Ipar Irlandaren eta Irlandaren arteko muga zurruna eragoztea zuen xede, Ostiral Santuko Bake Akordioari eutsiz.
Erresuma Batuak, 2019an akordio hori sinatzerakoan, onartu zuen Ipar Irlanda EBren arauen pean egotea estatu laguntzen eta ondasunen merkataritzari dagozkien gai guztietan. Hots, Ipar Irlandako konpainia bat, edo han jarduten den konpainia britainiar bat laguntzerakoan —adibidez, zergak jaitsita—, Erresuma Batua behartuta dago aintzat EBko arauak hartzera. Horren bidez, Bruselak merkatu bakarrean zulo bat zabaltzeko arriskua saihetsi nahi zuen. Obligazio horiek dira, hain zuzen, gainetik kendu nahi dituenak Johnsonek bere jokaldi berriarekin, barne merkatua arautzeko abian jarri duen lege proiektuarekin. Londresen esanetan, legearen puntu horiek soilik ezarriko lirateke ez balitz merkataritza akordio bat egongo Erresuma Batuaren eta EBren artean, behin trantsizio epea amaituta. Alegia, brexit gogor baten kasuan.
Indarrean ala ez, legeak onartzen den momentuan bertan urratuko du Irteera Akordioa, eta, beraz, nazioarteko zuzenbidea hautsi. Erresuma Batuak berak ere aitortu du hori: hautsiko dugu, baina gutxi esaterakoan. Eta bere burua justifikatzeko, Johnsonek argudio gorena erabili du, Erresuma Batuko ekonomiaren eta lurraldearen osotasuna.
Batek pentsatuko luke, baina Johnsonek ez al zekien hori bere gobernuak Irteera Akordioa eta Ipar Irlandarako Protokoloa onartu zuenean? Erantzuna da baietz, bazekiela. «Behartuta» onartu zuela dio. Eta ezin zaiola herrialdea zatitzeko boterea aitortu inongo erakunderi. Argudio sakratua.
Europako Batasuna, nola ez, haserretu egin da, gogor eman dio Johnsoni, eta ultimatuma jarri du mahai gainean; lege berria erretiratu behar du iraila amaitu baino lehen. Johnsonek, oraingoz, ezetz esan du. Aditu batzuen arabera, lehen ministroa ohiko jokamoldeari eusten ari zaio: harroxko agertu, gero erdi ezkutuan amore eman, eta hala ere irabazle agertu.
Egia da, harreman berrirako Erresuma Batua-EB negoziazioak ez direla hautsi. Akordio bat da brexit gogorra eragozteko modu bakarra, baina Londresek dio, dena den, akordiorik gabe ere aurrera egingo duela herrialdeak. Hori bai, britainiarrentzat (ere) oso kaltegarria izan daitekeen brexit gogor bete-batean, zer egingo luke Eskoziak? Lurralde osotasunaren karta sakratuak orduan ere balioko lioke Johnsoni?
2 Amonak… ja… Bueno… ni ere hala ibiltzen naiz batzuetan. Baina zertarako jakin nahi duzu hori, lotsagabe hori?
3 Pezeta historia izango delako behin betiko aurki. A zer nobedadea, gazte! 2002ko urtarrilaren 1ean hasi ginen denok euroekin, eta pezeta historia dela orain?
4 Bai horixe. Aurtengo abenduaren 31n bukatuko baita pezetak euroen truke aldatzeko epea. Ba al dakizu zenbat pezeta dauden oraindik aldatu gabe? Aurrekoan irakurri nuen 1.600 milioi eurotik gora daudela, 266.500 milioi pezeta, eta harrituta gelditu nintzen, alferra izan behar delako gero diru freskoa nahi ez izateko.
5 Hara! Zerbait badakizu orduan… Zer uste zenuen, ba, sasijakintsu hori? Badakit euroa indarrean sartu zenean ere 48.750 milioi euro adina pezeta zeudela jirabiraka. Ordutik, kopuru horren %97 aldatu da, baina beste %3 falta da aldatzeko oraindik. Eta, honezkero, bakarrik Espainiako Bankuan egin dezakete aldaketa. Hori ere badakit.
6 Ba, jaka zaharren patriketan begiratu beharko dugu, ezta? 25 pezetako txanpona topatzeko itxaropenez edo? Begira, 1939tik jaulkitako pezeta guztiak alda ditzakezu Espainiako Bankuan, txanponak eta billeteak, betiere haien azaleraren erdiari baino gehiagori eusten badiote, eta, txanponen kasuan, ez badaude zapaldurik edota zulaturik. Are, 1939koak baino zaharragoak ere alda ditzakezu, betiere bankuko adituek diru hori aztertu ondoren. Bilduma berezietako txanponei ere balio bera emango diete, ordea. Hobe da horiek ez aldatzea.
7 Eta nolatan geratzen da oraindik hainbeste pezeta aldatu gabe? Esaten dute bildumak egiteko nahi dituztela askok, atzerritarrek oroigarri gisa eraman zituztela bere garaian, edo ahaztuta daudela diru zorro zaharretan, edota orain arte ezin izan dituztela atera, ez zelako diru garbia izango; batek daki. Baina kontua da oraindik badutela etekina ateratzea iraganeko diru horri.
8 Baina argi al daukazu, orduan, zenbat pezeta diren euro bat? Zuk baino hobeto dakit: euro bat 166,386 pezeta dira. Hori da teoria, baina praktikak esaten dit euroko txanponarekin ehun pezetakoarekin erosten nuena baino ezin dudala erosi. Eta horregatik daukat inozoek duten azkura deseroso hori.
9 Euroarekin hasi ginenean, ba, oso zoriontsu geunden denak… Ez dakit, ba, inkesta ederra egingo zen galdetuta galtzen edo irabazten atera ote garen euroarekin. Dakidana da 2002an hiru hilabetez aritu ginela bi dibisekin, eta epe hura bukatu zenean askok benetan txarto pasatu zutela euroarekin ohitzeko. Izan ere, 1869tik daude pezetak Hego Euskal Herrian, 130 urte baino gehiago 2002ra arte.
Irailarekin batera hasten da autobusen sasoia. Eskoletako eta ikaslekuetako joan-etorria da jardunaren bizkarrezurra. Normaltasunera itzultzeko garaia beharko luke, baina ezta hori ere. «Eskolekin bakarrik hasi gara. Martxa eskasa da, zerbitzu asko murriztu direlako: familietan eta enpresetan diru gutxiago dago, eta garraio zerbitzua kendu dute. Lantaldearen bi herenak ditugu lanean», azaldu du Ana Isabel Aizpuruak, Aizpurua konpainiako arduradunak. 30 autobus eta 27 langile ditu enpresak, Usurbilen (Gipuzkoa) ditu bulegoak. Haren hitzak Izaskun Soduperenak izan zitezkeen; hark Olabarria autobusetan (Elorrio, Bizkaia) egiten du lan, zortzi ibilgailu eta hamar pertsonako konpainian. «Zerbitzu diskrezionalak falta dira, aisiarekin zerikusia dutenak, eta horiek beharrezkoak dira galerak saihesteko: kirol irteerak, txangoak, sagardotegiak… Asteburuak ez dira existitzen».
Drama itxialdiarekin hasi zen, eskolak itxi eta kontratuak bertan behera gelditu zirenean. Pertsonen garraioa kolpetik eten zen. Udan burua pixka bat altxatzea espero zuten, baina ez da hala izan. Azalpena Aizpuruarena da: «Gure lana jende multzoak mugitzea da, eta, gobernuek COVID-19arengatik ezarritako neurriekin, lan egitea ezinezkoa izan da: konfinamendua, atzerritarren sarreren murrizketa, kirol jarduerak debekatuta, jatetxe eta lagun taldeen mugimendua arautua… Dena zapuztu dute. Derrigor geldiarazi gaituzte». Ipar Euskal Herrian turismo datuak Hegoaldean baino dezente hobeak izan dira, baina Rene Etxemendik ere hilabete lasaiak izan ditu. «Uda ez da gure garairik onena, baina ez dugu biziki lanik ukan. Gure arazoa udaberria izan zen, garai onena behar zuena. Konfinamenduaren ondoren, kirol irteerak bertan behera gelditu ziren, eta erretiroa harturikoek ez dute irten nahi. Beldur dira».
Donibane Garazin du bulegoa Etxegarai autobus konpainiak, Hemezortzi ibilgailu eta hamabost langile ditu. Bere ahalaren %80an hasi du sasoia, eskolez gain Ipar Euskal herrian kirol jarduerak normal hasi direlako. Urteko kontuetan, baina, kolpea handiagoa izango da: «Ez dugu biziki galerarik izango linea irregular bat gehiago lortu dugulako, eta harekin estaliko ditugu. Oro har iaz baino %25 gutxiago fakturatuko dugu aurten». Urteko kontuei begiratzea beldur ematen die gehienei. «Galera galanta» laburbildu du Aizpuruak. Sodupek xehetasun gehiago eman ditu: «Udaberrian, gure sasoirik onenean, geldirik egon ginen, ezinbestean, eta abuztuan ia ez dugu lanik egin. Beraz, pentsa».
Autobusa: 300.000 euro
Cuadrak ere xehetasunak eman ditu: «Gure autobusek, lineen arabera, 100.000 kilometro egiten dituzte urtero, eta aurten 60.000tan ibiliko dira. Autobusa geldirik dagoenean dirua galtzen duzu, eta irabazi tarteak txikiak dira. Logroñora dugun linean 100.000 bidaiaritik 40.000ra pasatu gara; jauzi handia da». Linea erregularrak babesa dira, erakunde publikoek galerak babesten dituztelako, baina konpainiak kexu dira linea horietako askoren lehiaketa publikorik ez delako egin aspaldian. «Urte gogorra izango da; finantzaketa gutxi duten enpresek sufrituko dute».
Finantzaketa aipatu du Cuadrak, gako handietako bat delako. Izan ere, aldi baterako erregulazioak eta antzeko neurriak hartuta ere, konpainiek gastu finko oso altuak dituzte, eta oinarrien autobusen prezioa dago: 300.000 euro gehi BEZa. Gastuen zerrenda egin du: «Inbertsio handiak egiten ditugu. Autobus gehienak finantzatu egiten dira; 3.000-4.000 euroko letrak dira, eta etengabeko inbertsioa behar da flota berritzeko. Autobusa bost-sei urtean amortizatu behar duzu, eta hamasei urtetik aurrera ezin dute eskola lanik egin. Gero, aseguruak daude, mantenua… Geldirik egonda ere, aurre egin behar diezu, eta, hori gutxi balitz, ibilgailuaren balioa jaitsi egiten da denbora pasatzen delako».
Hego Euskal Herrian 205 autobus konpainia daude, eta 3.000 pertsonari ematen diote lan, baina jardunaren gizarte inpaktua harago doa. Sektorea historikoki,«oso egonkorra» izan dela diote guztiek, eta, krisiak ezagutu arren, halakorik ez dela egon, lan egiteko segmentu guztiak ukitu dituelako. Konpainia asko argi gorria pizteko zorian daude, eta eskaera argiak dituzte, eremu pribatuan zein publikoan: «Autobus bat erostean, gu gara bermea», azaldu du Sodupek, «gure lana, gure etxea… Hori dago jokoan. Sektorean egon ziren laguntzak, kredituak-eta, baina horiek ere ordaindu egin behar dira. Sei hilabeteko moratoria dago, baina gero iritsi egiten da; hor behar dugu laguntza».
Eremu publikoari eskatu beharreko laguntzak garbi dituzte. Aizpurua: «Gobernuek alarma egoera deklaratzean eragindako kaltea kalkulatu eta ordaindu beharko lukete. Guretzat dena da obligazioa: Gizarte Segurantza, zirkulazio zerga… eta tamaina handiko ezbehar bat gertatu denean; haiek, zipitzik ez. Bankuak baldintzak malgutzera behartu beharko lituzkete, eta aseguru etxeak polizak geldiaraztera. Denak normal jarraitzen du, ezer pasatu izan ez balitz bezala».
Cuadra, bestalde, zehatza izan da berriz: «Legeak dio kontratu publiko bat bertan behar geldituz gero, enpresei kalte-ordaina eman behar zaiela. Eskola garraioa horrelakoa da, eta bertan behera gelditu zenetik ez dugu ezer jaso oraindik. Eztabaidan gabiltza horrekin. Diru hori bizkor jasotzearen truke, likidezia izateko, gutxiago jasotzeko prest agertu ginen, eta ezta horrela ere! Jaurlaritza ez da sentikorra izan. Abenduan kobratzea agian beranduegi izango da batzuentzat».
Bidaiatzea segurua da
Aurrera begira jarrita, ez diote eperik jarri nahi normaltasunaren itzulerari. Alde horretatik, Etxemendi da baikorrena: «hurrengo urteko martxoan lehen bezala edo antzera lan egitea espero dut. Oraingoz, eskolak-eta beldur dira egonaldiak egiteko. Hala ez bada, kostatuko zaigu aurrekontua betetzea». Hegoaldekoak zuhurragoak dira, «betiere beste itxialdirik ez badago», diote.
Hori bai, lauek aldarri bat egiten dute: «Autobusera igotzea segurua da». Hidrogelak, eguneroko desinfekzioak, maska beharrezkoa izatea baita Ipar Euskal Herrian ere—… Eta, Cuadraren hitzetan, teknologia: «Aireztatze sistema hegazkinen bera da, aldaketa bakarrarekin: guk ez dugu airea berotu behar. Etengabe berritu eta garbitzen da. Ez dago leihorik; zergatik? Beharrezkoak ez direlako». Sodupek jarri dio azken puntua azalpenari: «Jendea taberna batzuetan edo kalean nola dabilen ikusita, neurriak errespetatuz gero, autobusak toki oso seguruak direla garbi dut».
Atzo goizean zenbait parlamentari kontserbadorek zera aipatu zuten: barne merkatuari buruzko lege proiektuari zuzenketa bat aurkezteko aukera. Legeari gehitutako klausula batekin, parlamentuaren oniritzia beharko litzateke irteera akordioko konpromisoak hausteko. Alegia, Parlamentuari beto eskubidea aitortuko litzaioke.
Hala ere, azken filtrazioen arabera, Johnsonen jokamoldearen kontrako ahotsak ez dira asko kontserbadoreen artean. Zuzenketak berrogei parlamentari toryren botoa beharko luke —beste alderdi guztiek haren alde bozkatu arren—.
Bitartean, iraila amaitu aurretik lege proiektua erretiratzeko EBren ultimatumari ezezkoa eman ostean, Erresuma Batuko gobernua epelak entzuten ari da. Atzo, bizilaguna aritu zen gogorren: Irlandako Europako gaietarako ministroaren ustez, «ekintza probokatzailea izan da, sekula ikusi gabekoa». Thomas Byrne bereziki haserre agertu zen Johnsonen argudioekin: «Gezurra da; okerra da esatea Ostiral Santuko akordioa laguntzeko egin dutela».
Jarrera bateratua
Europan, batasuna eta jarrera bateratua agertzea izan zen atzo helburu nagusia. Europako Batzordeko presidente Maros Sefcovicek Europako Parlamentuko presidente David Sassoliren babesa jaso zuen; «Erresuma Batuaren esku dago orain hautsitako konfiantza berrezartzea», esan du Sefcovicek.
Ildo berean, Europako Parlamentuko alderdi europazale nagusiek adierazi zuten ez dutela babestuko EBren eta Erresuma Batuaren arteko etorkizuneko inolako merkataritza akordiorik Erresuma Batuak ez badu irteera akordioa betetzen.
Boris Johnsonen mugimenduak kritika zorrotzak jaso zituen Berlinen bilkura zuten EBko Ekonomia ministroen adierazpenetan ere. Irlandako Ekonomia ministro eta eurotaldeko presidente Paschal Donohoek «akordioei ohore egitera» deitu zuen Londres. Haren ustez, «konpromisoak betetzea ezinbesteko baldintza da etorkizuneko edozein erabakirako».
Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak ere argi utzi zuen bere herrialdeak ez duela onartuko «EBko merkatu bakarra arriskuan jar dezakeen ezer». Eta Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministroak ere gaia hizpide izan zuen: «Mundu guztiak daki itunak bete egin behar direla». Azkenera arte negoziatzen jarraitzearen alde agertu da Scholz; «halako eztabaidetan hori egin behar da, baina oso garbia izan behar duzu».
Ez daude gozo Alemanian. Londresko enbaxadore Andreas Michaelisek txio bat argitaratu zuen ostegun gauean, Johnsoni leporatuz elkarrizketak hondoratzeko asmoa duela: «Diplomazialari gisa daramatzadan 30 urteetan ez dut ikusi negoziazio baten horren intentziozko hondamen bizkor eta sakona. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko elkarlanean sinesten baduzu, nik bezala, ez onartu halakorik».
EBren aukerak
Bitartean, adituak hasi dira aztertzen Europako Batasunak zer egin dezakeen Erresuma Batuak irteera akordioa urratuz gero.
Irteera Akordioaren 87. artikuluaren arabera, baliteke Europako Batzordeak EBko Justizia Auzitegira jotzea, eta hark zigor ekonomikoak ezartzea. Prozesu horrek, dena den, luze har dezake. Hori bai, irteera akordioaren arabera, trantsizio epe hori amaitu aurretik urratutako konpromisoen dagokienez, Erresuma Batua beste lau urtez dago lotuta EBko Justizia Auzitegiaren jurisdikziora. Zigorrik egonez gero, eta Erresuma Batuak beteko ez balu, itunaren beste urraketa bat litzateke.
Bide bertsua litzateke irteera akordioak aurreikusten duen bost kideko arbitraje batzordearena. Hark ere ezar ditzake zigor ekonomikoak; Erresuma Batuak zigorra ordaintzeari uko eginez gero, itunaren 178. artikuluak aukera ematen dio EBri hitzarmena bera eteteko, hiritarren eskubideei dagozkienak salbuetsita.
Eta, gero, aukera gogorrena dago: uko egitea Erresuma Batuarekin merkataritza akordiorik edo beste adostasunik egiteari.