Nafarroako ekonomia %15,7 handitu da udan, baina krisian jarraitzen…
Irail amaieran, iaz baino -%6,1 txikiagoa izan da urte arteko tasa, ekonomiaren hazkundeak izan duen erritmoa. Modu positiboan interpreta daiteke datua, lehenengo hiruhilekoko -%3ko eta, bereziki, bigarrengo -%18,5eko jaitsieren ondotik. Nafarroako ekonomian ere errebote efektua egon da, beraz, espero zen moduan, COVID-19ari aurre egiteko neurriak malgutu egin baitziren ekainetik irailera, itxialdiaren ostean. Baina horren benetako tamaina neurtzeko, gogoratu behar da iaz epe berean %2,5eko hazkundea izan zela. Horrek esan nahi du oraingo igoera handia izanda ere, ekonomia oraindik oso motel dabilela iazko martxarekin alderatuz gero.
Gauza bera gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: udako errebotea %15,2 izan zen. Baina ekonomia iazko erritmoetatik oro urrun (%7,7 behetik) dabil oraindik. Jaurlaritzaren aurreikuspena da %10,1eko jaitsierarekin ixtea urtea.
Nafarroan, susperraldiaren buruan egon dira eraikuntza eta, bereziki, industria. Nafarroako fabrika nagusiak, Volkswagenek apurka ekin zion berriz ekoizpenari: hiru txandako produkzioarekin abuztuaren 24an hasi zuten, eta, ordutik, gainezka egon dira. Baina hasi dira geldialdi berri nabaritzen.
Kontsumoari buruz, berriz, etxeetakoa apur bat suspertzen hasi zen udan, administrazio publikoenak goraka jarraitu zuen, eta kanpoko eskariaren emaitza positiboa izan zen; aldiz, inbertsioek lozorroan jarraitu zuten.
Nastatek atzo jakinarazitakoa aurrerapen bat izan zen; estatistika zerbitzuak ez zituen aletu sektorekako emaitzak. Abenduaren 23an zabalduko ditu datuok. Ordurako aurreikusi ahal izango da urte amaierako kolpea zenbatekoa izango den. COVID-19aren bigarren olatuak hazkundearen amaiera ekar dezake zerbitzuen alorrera, besteetan, industrian bereziki, baino nabariago. Fabrikek eusten diote oraindik, eta denbora batez iraun dezakete, baina baliteke horiek ere antzematea konfinamenduen eta beste sektore batzuen itxiera partzialen eraginak, kontsumoa nabarmen apaldu daitekeelako.
Murrizketekin batera kezka
Hala ohartarazi zuen atzo Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Udako emaitzak espero baino hobeak izan direla adierazi zuen, baina kezkatuta azaldu zen datozen hilabeteetako bilakaerarekin. «Agertokia konplikatu» den arren, gobernuak irailean egindako aurreikuspenik baikorrenari eusten diola esan zuen.
Industriari buruz, baina, ohartarazi zuen hornidura kateetan arazoak sor daitezkeela, eta gaineratu zuen dagoeneko hasi direla kanpoko eskariak gutxitzen. Kontsumoaren hazkundean ere etena egongo dela uste du, bereziki merkataritzari eta ostalaritzari ezarritako neurriengatik. Sektore horiek laguntzeko 10 milioi euro inguruko dirusail bat iragarri zuen Saizek. Laguntza zuzenak izango lirateke eta «datozen asteetan» hasiko lirateke banatzen.