EUROPATIK IZPIA
AKORDIO «HISTORIKOA»
Italia zen, beharbada, kezkarik handiena eragiten zuena. Italian entzun ziren Batasunetik atera beharra defenditzen zuten ahots ozenenak, eta han zegoen Matteo Salvini abagune egokiaren zain. Espainian, berriz, Pedro Sanchezen koalizio gobernuak nahikoa lan zuen alarma egoerari eusteko, alternatiba egonkorrik ez zegoen bistara, eta ultraeskuina manifestazioak egiten ari zen Madrilen.
2008ko krisiko austeritate politiken antzutasunaren lezioak ikasita, buruzagi batzuek pentsatu zuten, oraingoan agian EBrentzat garestiago izan zitekeela herrialde horiei ez laguntzea, laguntzea baino.
Frantziak eta Alemaniak heldu zioten zartaginari, eta Emmanuel Macronen eta Angela Merkelen proposamena oinarri Europako Batzordeak Next Generation EU 750.000 milioi euroko suspertze mekanismoa atondu zuen. Uztailean, lau eguneko negoziazioen ostean pixka bat arinduta —laguntza gutxiagorekin eta mailegu gehiagorekin— atera zen proposamena aurrera, eta urrats «historikoa» eman zuen Europako Batasunak. Iragarpenarekin itxaropen izpia eman nahi zien herritarrei; helduleku bat kinka larrian egon zitezkeen haien buruzagi politikoei; eta lidergo aura bat bere buruari.
NAHIKOA AL DA?
Next Generationeko (NGEU) 750.000 milioi euroko funtsetik 390.000 milioi euro joango dira laguntza zuzenetara. EBren BPG barne produktu gordinaren %3 da, eta urte batzuetan banatuko da. Pandemiaren kaltea oraindik amaitu ez denean, kopuru hori tentu handiz jokatzeko saialdi bat da ezer baino gehiago, eta, analista askoren ustez, gehiago beharko da etorkizunean, toki batzuetan krisiak luze joko duelako. Baina, hori bai, herrialde batzuentzat arnasa handia izango da.
Greziak bere BPGaren %8 adina jasoko du transferentzietan, Portugalek %5 inguru, Espainiak %4. Kopuru osoetan, Italiak 81.000 milioi eurotik gora jasoko ditu diru laguntzetan, Espainiak 77.000 milioitik gora, eta Poloniak 37.000 milioi baino gehiago.
GEHIEGI AL DA?
Agian nahikoa ez bada ere, aldi berean dirutza da jasoko duten herrialdeentzat. Baina lan handia eskatuko dute. Dirua jasoko duten proiektuak hautatu egin behar dira, adjudikatu, exekutatu, jarraitu, egiaztatu, ziurtatu…, tartean hainbat administrazio daudela. Estatukide batzuk diru hori guztia eraginkortasunez kudeatzeko eta erabiltzeko gai izango diren kezka ere badago.
Laguntza gehien jasoko dituzten bi herrialdeak dira, hain zuzen, portaerarik kaskarrena izan dutenak EBko dirua hartzeko orduan. 2014-2020ko tartean, Espainiak zegozkion egiturazko funtsetatik diruaren %39 soilik xurgatu zuen, eta Italiak, %40.
Orain, Italiak laguntza eta maileguetan 172.000 milioi euro eta Espainiak 140.000 milioi euro inguru kudeatu beharko dituzte, lau urtean. Sekulako erronka izango da administrazio guztientzat kudeaketa bizkorra, eraginkorra eta gardena egitea, are gehiago noiz edo noiz euren artean lehian egon badaitezke.
Hego Euskal Herriaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari aurkeztu behar dizkiote haien lurraldeetan soilik dauden finantzatzeko moduko proiektuen zerrendak, eta horretan dabiltza buru-belarri. Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztu ditu bere planaren ildoak, baina oraindik asko gelditzen da zehazteko.
LEHEN PAUSOAK
Urriaren 15etik aurrera estatuek euren suspertze eta erresilientzia planen zirriborroak aurkeztu beharko dituzte Bruselan, finantzatu nahi diren proiektuekin eta haien onurekin. Plana ofizialki aurkezteko epea 2021eko urtarriletik apirilera egongo da zabalik. Gero, Europako Batzordeak bi hilabete izango ditu planak ebaluatzeko, eta haien onarpena proposatzeko. EBko 27 kideetako ministroen kontseiluak hilabete batean onartu beharko ditu planak ondoren, gehiengo kualifikatu batez. Eztabaidarik badago, gerta daiteke prozesua luzatzea.
DIRUA, NOIZ?
Funtsen %10en aurrerakin bat, ministroen kontseiluaren onarpenarekin iritsiko da. Eta datorren urtearen erdialdetik aurrera eta 2022. urtera bitartean banatuko dira laguntzen guztien %70. Laguntzen zati hori herrialdeen artean banatzeko aintzat hartu dira pandemiaren aurretik herrialdeek zituzten biztanle kopurua, per capita BPGa eta langabezia tasak. Laguntzen gainerako %30, berriz, 2023an banatuko dira, eta irizpideetako bat aldatuta: BPGaren jaitsiera hartuko dute aintzat, langabezia hartu beharrean.
Beraz, dirua ez da berehala iritsiko herrialdeetara, ezta Euskal Herrira ere. Funtsaren helburua, printzipioz, ez delako antiziklikoa izatea; krisiarekin amildutako eskaria sustatzeko baino, mekanismoaren helburua gehiago da egiturazkoa. Batasuneko herrialdeak —batez ere hegoaldekoak— krisi ekonomikoen aurrean erresilienteagoak izateko egiturazko aldaketak dira funtsaren xedea.
NORABIDEA
Erresilientzia horretarako, Europako Batzordearen ustez, deskarbonizazioan eta digitalizazioan sakondu behar dute herrialdeek, eta horien inguruko proiektuak lagunduko dira batez ere. Irailaren 17an, Batzordeak zazpi arlo aipatu zituen, eta haietan inbertsioak eta erreformak egiteko eskatu zien herrialdeei: teknologia garbietan eta energia berriztagarrietan; eraikuntzen eraberritzean, energia eraginkortasuna hobetzeko; garraio jasangarrian, kargalekuetan eta garraio publikoan; banda zabaleran; administrazioaren eta zerbitzu publikoen digitalizazioan (justizia eta osasungintza barne); industriarako datugintzan eta prozesadoreen garapenean; eta hezkuntza sistemen egokitzapenean, gaitasun digitalak eta profesionalen formakuntza sustatzeko.
BALDINTZAK
Norabideak eta baldintzak ezarrita daude, eta, beraz, argi geratu da laguntzak ez direla txeke zuri bat estatukideek nahi dutena egiteko. Adibidez, Bruselak Espainiari azken urteetan eskatutako erreformak ere laguntzei lotuak daude, oraindik zehazteko badago ere zenbaterainoko eragina izango duten adjudikazioetan. Pentsio sistemaren erreforman eta aurrekontuen sendotasunean ezer gutxi egin duela leporatu dio Bruselak Espainiari, eta aurrerapausoak mugatuak izan direla kontratu mugagabeen sustapenean, langabeziarako laguntzen integrazioan, eskola uztearen kontrako politiketan, ikerketa eta berrikuntzaren inbertsio eta ebaluazioan…
Gainera, gero ikusi beharko da baldintza horietan guztietan zenbat eragiten duten interes politiko guztiek, alderdien artean, administrazioen artean, herrialdeen artean, botere ekonomikoen artean… Argi izpiak itzalak ikusaraz baititzake.