72.000 milioiko gastua eta 800.000 lanpostu berri, errekuperazio planaren…
Sanchezek nabarmendu du Espainiaren “modernizazioa” eta hazkunde “inklusiboa” bilatzen duela asteazken honetan aurkeztutako plan horrek.
Jaurlaritzak abenduaren 15ean onartuko du proiektua, eta 18an bidaliko du legebiltzarrera; otsailaren erdialdera indarrean egotea espero du. Azpiazuk gogoratu du COVID-19ari estuki loturiko lehen aurrekontuak izango direla, eta bi helburu zehaztu ditu: ekonomia suspertzea eta ongizate estatua sendotzea, «krisi orok sortzen dituen desberdintasunak arintzeko». Horrekin lotuta, aurreratu du osasunak eta hezkuntzak «bultzada handia» jasoko dutela.
Iñigo Urkullu lehendakariak joan den astean esan zuenez, 2021eko aurrekontua %0,5 inguru igo nahi du gobernuak, baina Azpiazuk ez du kopururik eman, eta azpimarratu du gutxienez datorren asteko Finantzen Euskal Kontseilura arte itxaron beharko dela behin betiko zenbatekoa jakiteko, orduan ezagutuko baitu gobernuak foru ogasunek zenbateko beherakada izan duten aurtengo zerga bilketan.
Jaurlaritzaren kutxetara doaz bildutako hamar eurotik zazpi, eta, orain arteko datuen arabera, %15-20koa izan daiteke murrizketa: 2.300-3.100 milioi bitartekoa. Azpiazuk ez du halakorik baieztatu nahi izan; hala ere, azpimarratu du Jaurlaritzak zulo hori konpentsatuko duela datorren urterako Espainiako Gobernuarekin adostutako %2,2ko defizit mugarekin (1.600 milioi euro gehiago), eta hori estaltzeko zor publikoa igoz, BPGaren %16,9raino. Sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak maileguak eta batez ere zor jaulkipenak erabiliko dituela, eta urtea amaitu baino lehen «kopuru garrantzitsu» bat jarriko duela merkatuetan, baina era «mailakatuan» egingo duela, legebiltzarrak ezarritako mugen barruan. Gaineratu du, halaber, «ahal den neurrian» eta aurreikuspen ekonomikoak nabarmen okertu ezean Jaurlaritzak bete egingo dituela adostutako tasak, nahiz eta ez duen zertan zorrotz bete, Europak eta Espainiak lausotu egin baitituzte. Gogoratu du «egoera bere onera itzultzean» Bruselak berriz eskatuko duela defizita murrizteko, eta gobernuak arduraz jokatu nahi duela.
Europaren zain
Jaurlaritzak finantzabide gehigarri bat izango du: Europako Batasunaren Next Generation berreraikuntzarako funtsa. Horren inguruan, Azpiazuk azaldu du horri legozkiokeen kopuruak ez dituztela aurrekontu egitasmoan sartu, besteak beste Espainiako Gobernuak kudeatuko dituelako laguntzak eta gaur-gaurkoz ezinezkoa delako Jaurlaritzak zenbat jaso dezakeen jakitea. Esan du behin betiko zerrenda bat zehazten jarraitzen dutela, baina «urduritasunik eta presarik gabe» lan egiteko eskatu die proiektuak aurkeztu nahi dituzten enpresei. Jaurlaritzak, bere aldetik, 2021eko aurrekontuetan ekonomia suspertzeko inbertsioetan «ahalegin argia» egingo duela gaineratu du, eta I+Gko gastua %6 handituko duela.
Aldi berean, gobernuaren helburua da langabezia tasa %10,7ra jaistea 2021 amaierarako, 15.100 lanpostu sortuta —%12,4 da gaur egun—. Horretarako, ekonomian «errebote efektu» bat izatea espero du: BPGaren %8,9 igotzea aurreikusten du.
Langile publikoen soldatez galdetuta, Azpiazuk gogorarazi du azken hitza Espainiako Gobernuak duela, eta berretsi du Jaurlaritzak soldatak jaistea aurreikusten ez duen arren balizko izozteak ez lukeela eragingo langile horien erosteko ahalmenean, prezioen beheranzko bilakaera dela eta.
Bi egun falta dira zamaketarien greba has dadin, baina hautsak harrotzen hasiak dira. Greba luzea izango da, hilaren 9tik 25era artekoa, eta lau orduko —bi ordu txandako— eta 24 orduko lanuzteak txandakatuko dituzte. Azken horiek hamabi izango dira. Grebak BilboEstiba osatzen duten lau enpresei eragingo die —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Cosco Txinakoa—, eta Lehia Agintaritzak jokoaren arauak ezarri zituen atzo. Aldarrikapena «langileen lan eskubideen defentsaren barruan sar dadila» eskatu zien deitzaileei. Izan ere, agintaritzaren ustez, grebak «inplikazio garrantzitsuak» izan ditzake portuan, zamaketariez gain «merkataritzako beste zerbitzu batzuei» ere eragin diezaiekeelako. Dena den, oharrean ez du argitzen zer zerbitzuri buruz ari den.
Abuztuko greba saiakeran sindikatuek Lehiaren Agintzaritzaren «mehatxuak» salatu zituzten —sindikatuek azken unean bertan behera utzi zuten negoziatzen hasteko—, eta langile batzordeko kide batzuek agintaritzaren eskutitzak jaso zituzten etxean grebaren legezko ondorioak zeintzuk izan zitezkeen ohartarazteko. Oraingo oharrean, Lehia Agintaritzak deitzaileei gogoratu die duela denbora gutxi Lehiakortasunaren Espainiako Batzordeak portuetan ordezkaritza duten hainbat sindikatu zigortu dituela. Zigorturikoen artean daude ELA, LAB, Coordinadora eta UGT. 1.000 eta 4.000 euro arteko zigor sinbolikoak jaso zituzten.
Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritza ere harremanetan jarri da zamaketariekin gutxieneko zerbitzuak ezartzeko. Deitzaileek helegitea jarri diete, besteak beste Bilboko Portu Agintaritzari dagokiolako haiek ezartzea, eta euren ustez gehiegizkoak direlako. Ordezkaritzak ezarritakoaren arabera, zamaketariek zerbitzuen %100 eskaini beharko dute pertsonen eta merkantzia galkor edo arriskutsuen garraioarekin harremana duten lanetan, baita ontzi baten istripuren bat balego ere. Era berean, zerbitzuen %50 eskaini beharko dituzte populazioaren hornidura eta jarduera ekonomikoen garapenerako «ezinbestekoak» diren gaien garraioan. Zamaketariek hobeto zehazteko eskatu dute. Esaterako, galkorrak diren produktu batzuek hilabeteak daramatzatelako izozkailuetan sartuta.
Mikel Noval sindikatuko ikerketa taldeko kideak gogorarazi zuen Espainiako Gobernuak irailaren 30ean iragarri zuela 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako kenduko zirela defizit eta zor mugak eta gastu araua lurralde eta administrazio guztietarako. Pandemiaren kalte ekonomikoei aurre egiteko harturiko ezohiko erabakia da, Europako Batzordearen oniritzia zuena, hark ere kontuak orekatzeko betebeharra kendu baitie estatu kideei, arrazoi berak argudiatuta.
Egun hartan bertan, baina, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat itxi zuten defizita BPGaren %3,5era mugatzeko 2020rako —%2,6 Jaurlaritzari eta %0,9 aldundiei—; 2021erako, berriz, %3: %2,2 Jaurlaritzarentzat eta %0,8 aldundientzat. Berez, berritasuna ez zen Jaurlaritzaren defizita —uztailaren amaieran hitzartu zuten, eta bilera horretan berretsi—, baizik eta aldundiei onartzea aurrerantzean defizit kopuru propio bat izateko eskubidea, eta ez tratatzea tokiko administrazio gisa.
ELAk, baina, nabarmendu du porrot bat izan zela akordio hori. «Lorpen mo duan saldu zuten inork ez dituen mugak onartzea. Ia xanpaina edaten atera ziren», deskribatu du Novalek. Sindikatuko kideek muga zurrun bat balitz bezala deskribatu zuten, baina akordioaren berri ematean Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak zehaztu zuen «erreferentziazko kopuru» bat zela finkatutakoa, eta kopuru hori handitzeko aukera badagoela, krisiak okerrera egingo balu. Alegia, ez dela muga zorrotz-zorrotza, baina, edonola ere, betetzen saiatuko direla, eta %2,6ko muga batekin osatuko dituztela aurrekontuak. «Arduraz jokatuko dugu», aurreratu zuen. Ardura hori bera eskatu zuen atzo Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak, erkidego guztien erreferentziazko defizita %2,6 izango dela iragartzean.
Lakuntzaren iritziko, horrelako muga bat onartuta bi ondorio atera daitezke. Batetik, «autogobernuari uko egin zaiola», eta, bestetik, euskal erakundeen tratu ezberdina «okerrera egiteko» erabili dela: «Aldebiko akordio historikoa zela esan zuten. Historikoa eginiko erridikulua izan da». Bestetik, akordio horrek agerian uzten du ez dagoela borondaterik «behar sozialak» konpontzeko: «Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia ministro ohiak berak esan du pandemia egoera honetan defizit mugek ez dutela zentzurik. Bada, pentsa: Jaurlaritza are eskuinago kokatu da, eta han ez dago toki askorik».
ELAren eskaerak
Sindikatuak hiru eskaera egin zizkion Jaurlaritzari, eta aurrenekoa oso zehatza da: «Bertan behera utzi behar du akordio hori», eta, bide horretan, Nafarroako Gobernuari mintzatu zitzaion: «Eskatzen diogu ez diezaiola bide berari jarraitu». Era berean, muga hori desagertuta, gastu soziala handitzea nahiko luke ELAk, eta zerga erreforma egitea: «Irabaziak dituzten enpresek gehiago ordain dezatela: errenta handiena dutenek, ondasunen zerga igotzea… Badirudi Jaurlaritzak igaro nahi ez duen marra gorri bat dela hori».
Lakuntzak dei egin zien EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi: «Hau erdigunean jartzeko garaia da, dena hemendik jaiotzen da. Oso larria da gertatu dena, eta ahotsa altxatu behar dute».
Sabadell bankuak berak zehaztu du ez duela «elkarrizketa formalik» hasi beste erakunde batekin. Baina horrek ez du esan nahi Josep Oliu Kataluniako bankuko presidenteak edo haren ingurukoek ez dutenik bat egite bati buruzko kontsultarik egin balizko hautagaiekin. Berez, Bankiarekin bat egiteko aukerak ihes egin zionean, Sabadellek Goldman Sachs inbertsio bankua kontratatu zuen zer aukera duen aztertzeko. Bakarrik jarraitzea da aukera bat, baina baita beste banku bati batzea, kostuak arintzeko —lantaldea txikituz eta bulegoak itxiz—, eta hartara errentagarritasuna handitzeko. Bankuen begiratzaileak, EBZ Europako Banku Zentralak, ohartarazi du errentagarritasun arazoak dituztela finantza erakundeek, eta batzera gonbidatu ditu. EBZk nahiago lituzke estatu desberdinetako bankuen arteko batasunak, EB osorako banku sistema bakar bat osatzeko urratsa izango litzatekeelako, baina ez ditu muga baten barruko fusioak gutxiesten.
Bankia de facto Caixabanken menpe geratu ondoren, aditu guztien begiak Sabadelli begira jarri ziren, Espainiako banku sisteman egoerarik zaurgarrienean dagoen bankua baita Sabadell, lehiakideek baino kapital gutxiago duelako, eta burtsan eroriko ikusgarria izaten ari delako —balioaren ia %70 galdu du azken urtean—.
Kinieletan, finkoa
Fusioetarako kiniela gehienetan agertu da Kutxabank, eta Gregorio Billalabeitia bankuko presidenteak aukera hori elikatu du, ez baitu inoiz ukatu aukera «interesgarri» bat sortzen bada heldu egingo diola. Hori bai, argi utzita ez duela «presarik», kapitala sobran duelako. Berez, Kutxabank bere lehiakide gehienen gainetik dago arlo horretan, %17,2eko kapitala baitzuen CET1 ratioaren arabera. Sabadellek, esaterako, %11,9ko kapitala deklaratu zuen ekainaren amaieran.
Sabadellekin ezein operaziotan sartzeko oztopoa neurriak dirudi. Izan ere, Kataluniako bankua asko hazi da azken urteetan, lehiakide txiki asko erosi baititu, haien artean Banco Gipuzcoano. Gaur egun 180.000 milioi euroren aktiboak ditu Espainian, eta Kutxabank, berriz, ez da 50.000 milioira iristen. Hau da, bat egite baten beharrean, irenste bat izango litzatekeela, eta ez dago argi zer interes izango luketen Kutxabankek eta haren hiru jabeek —BBK, Kutxa, eta Vital Kutxa— botere eta kontrol gutxi utziko liekeen operazio batean. Politikoki ere eragozpenak ez lirateke gutxi, Kutxabank bera sortzeko prozesuak erakutsi zuenez.
Bat egiteko urratsa egin dute, berriz, Kutxabanken neurriko bi bankuk: Andaluziako Unicajak eta Asturiasko Liberbankek. Iaz ere egin zuten saio bat, baina ez zuen aurrera egin, baina atzo onartu zuten negoziazioak hasi dituztela. Bata zein bestea burtsan daude, eta irabazi ikusgarriak izan zituzten.