Gestampek asteazken honetan hasiko ditu Matriceria Deusto eta GTSrekin…
Sindikatuetako iturriek esan dutenez, langileen ordezkariek kaleratzeak eta itxierak gaitzetsiko dituzte, eta taldearen erabakiarekin haserre daudela adieraziko dute
Astelehenean, Gernika-Lumoko kale eta bazterrak ez dira beteko behi eta zezenenen orro eta marruen oihartzunez. Jende pilaketarik ere ez da izango. Plazek ez dute nabariko urriko lehen astelehena denik, ez baitute egingo egun hori ezagun bihurtu duen azokarik. Urriko azken astelehena ere letra txikiz dator aurten. Beste herrietan bezala, ez da-eta azoka handirik edo berezirik izango. Uzta jaso berri duten baserritarrek erakuslekurik garrantzitsuenak galdu dituzte. Eta abeltzainei ere ihes egin die diru iturri nagusiak.
Ondo ezagutzen dute egoera hori Adela Andikoetxea baserritarrak eta Jon Koldo Bikandi abeltzainak. Era horretako azoketan sari ugari jasotakoak dira biak ala biak. Lehenengoak 700 sari baino gehiago eskuratu ditu ortuariengatik; bigarrenak abelburu onenaren sari mordoa lortu du, azokaz azoka. Bikandi bezalako abeltzainek diru iturri garrantzitsuenetako bat galdu dute: «Azoketara joateko diru laguntzak egoten dira, ganadua prestatzeko eta hobetzeko. Azoketara joateak esan nahi du ganadua hobetzen ari garela. Azokarik ez badago, ez dago diru sarrerarik abeltzainentzat; ez dago laguntzarik baserritarrentzat».
Abeltzainentzat bestelako azoka txikiagorik ere ez dago, gainera. Abelburuak salerosteko Mungian hamabost egunez behin, domekaz, egiten zen azoka ere bertan behera utzi dute. Hori zen modu erregularrean ganadua salerosteko Bizkaian egiten zen azoka bakarra.
Baserritarrentzat urte zaila izan da COVID-19ak markatutakoa. Andikoetxea erretiroa hartzeko atarian dago. Amaren eta senarraren gaixotasunek erabakia azkartu zuten. Ia 35 urteko ibilbidea egin du azokarik azoka. «Egoera honetan, ez nekien aurten zerbait landatu edo ez. Azkenean, tipulak eta porruak landatuta nituenez, piper, tomate eta leka apur batzuk jartzea erabaki nuen, Bilbora eramateko». Udaletxe ondoan zapatuetan egiten duten azokara joaten da, tokatzen zaionean. «Lana uzteko asmoa nuenez, azoka berezirik ez egiteak ez dit kalte handirik egingo. Baina jarraituko banu, bai, handia, nire bizimoduaren oinarria azoka horiek zirelako. Baserritar gazteei eta azoka bereziotatik soilik bizi direnei kalte oso handia egingo die egoera honek».
Aurten, Bilbotik kanpoko erakusleku gutxitan izan da Adela Andikoetxea ikusteko aukera. Eta giroa eta azpiegiturak ez dira izan beste urte batzuetakoak, gainera. «Sopelako azokara bakarrik joan nintzen [irailaren 5ean egin zuten], etxe ondoan dagoelako, eta eurek deitu zidatelako. BBKren erakuslekurik ez zegoen. Ikusle gutxiago gerturatu ziren, baina oso ondo antolatu zuten: dena hesitu zuten, eta bi plazatan jarri gintuzten. Ekoizle gutxi geunden, beste urte batzuekin alderatuta. Hala ere, nik nahiko ondo saldu nuen. Ez naiz kexatuko».
Andikoetxea Urdulizkoa da, eta azaldu du bertako azoka ez dutela egin. «Nire inguruan egin dituzten bakarrak, nik dakidala, Gorlizkoa eta Sopelakoa dira».
Kezka, gazteengatik
Gazteen egoerak asko kezkatzen du. Bilboko azokara mutil gazte batekin batera joaten da. Negutegietan kalteak izan dituzte biek: «Egoera hau hondamendia dela esan zidan. Azoka berezirik gabe, are gehiago», ekarri du gogora, penaz. «Gaztea da. Uste dut etxez etxe, Internet bidez ere saltzen duela, baina oso gaizki pasatzen ari da. Haizeak negutegiak apurtu dizkio. Arazoa larria da».
Azoka berezi guztiak ere ez direla berdinak azaldu du. «Nik, esaterako, San Tomas egunean [Bilbon] oso ondo saltzen dut; Gernikako Urriko Azken Astelehenean, berriz, ez horrenbeste», aitortu du. «Nik nire esperientziari buruz hitz egiten dut, eta egia esatea gustatzen zait. Kontua da baserritar asko elkartzen garela. Gernikara askok eramaten ditugu barazkiak, eta asteleheneroko azoka ere egoten da. Ez dut esango gaizki saltzen dudanik, baina Gernikan ibiltzen den jende mordoa kontuan izanda, bai. Asko eta asko begiratzera baino ez dira joaten. Algortan Gernikan baino gehiago saltzen dut. Hala ere, Bilbokoa, Algortakoa eta Gernikakoa dira onenak. Gorliz eta Sopelakoak ere onak dira. Nik Sopelan Plentzian baino gehiago saltzen dut».
Kolore festa
Lan nekeza da haiena: «Santomasen gauerdia arte egon behar dugu bertan, udaltzainek ez digutelako materiala jasotzeko furgoneta sartzen uzten. Eta askotan goizeko bostetan iristen gara azokara». Prestaketa lanak ere zorrotzagoak dira, batez ere, lehiaketak dituzten azoketarako. Kolore festa ziruditen Andikoetxearen eta beste ekoizle askoren erakuslekuek. «Hala ere, gero eta sari gutxiago dago, eta saltokiak ez dira egoten lehen egoten ziren bezala».
Bost ordu behar izan zituen berak dena prestatzeko. «Eta gero, saldu ezean, beste bizpahiru ordu behar nituen dena jasotzeko. Sariak badaude, esfortzu handiagoa egiten duzu. Saririk ez baldin badago, eta helburua saltzea besterik ez bada, zuretzako erosoen den moduan jartzen dituzu espezie bereko ortuariak batera sailkatuta».
Erakusleihoak baino gehiago
Azoketarako diru laguntzez gain, erakusleiho garrantzitsua galdu dute abeltzainek, Bikandiren arabera. «Azokak egiten direnean, jende asko mugitzen da. Ganadua ikustera gerturatzen dira, eta lehiaketek beti mugiarazten dute salmenta. Lehiaketetan-eta ibiliz gero, errazagoa da saltzea».
Egoera ez du ondo ikusten. «Azokatako lehiaketetarako ganadutegia hobetu guran ibiltzen gara, eta zekor bat edo behi bat erostea pentsatzen dugu. Azokarik egin ezean, hoztu egiten zara. Ez dago horretarako poztasunik».
Gernika-Lumoko Urriko Lehen Asteleheneko eta Elizondoko (Nafarroa) azokak dira garrantzitsuenak eurentzat. Hala dio Bikandik. «Lehiaketak egiten direlako. Gainerakoak erakusketarako dira».
Beldur ere bada; azoka batzuk egiteari utzi ostean, horiek berreskuratzerik izango den beldur: «Udal diru laguntzak ere oso mugatuta daude. Bertan behera utziz gero, gauzak hoztu egiten badira, zer gertatuko da? Aurrerago jarraituko al dute denek era horretako azokak antolatzen?».
Gaur gaurkoz, soilik Hego Euskal Herriko hiriburuetan dago eskuragarri 5G sistema: Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean. Hori bai, toki jakin batzuetan baino ezin daiteke erabili oraindik, eta ez hiri osoan. «Populazio handiena dagoen eta jende kopuru gehien bizi den tokietan aurki daiteke oraingoz bakarrik», azaldu du Zaloa Campillo Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteko arduradunak. «Pixkanaka ari da hedatzen. Norbanakoei dagokienez, jende kopuru gehien dagoen tokietatik hasten dira, eta gainerako lurraldeetara zabalduko dute gero. Erabilera pribaturako sarea ere ari dira hedatzen enpresetan, Industria 4.0 delakoan aplikatzeko, besteak beste».
Vodafone izan zen zerbitzua eskaintzen lehenengoa, iazko ekainean, baina harrezkero, gainerako konpainiak ere ari dira beren sarea egokitzen zerbitzua eskaini ahal izateko. MasMovil eta Dominionen ardura duen Guuk konpainia, esaterako, asteon hasi da 5G Bilboko, Gasteizko eta Donostiako bezeroei eskaintzen, eta iragarri du datozen hilabeteetan Iruñera eta Hego Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetara zabalduko duela. Zerbitzu horrek muga asko ditu, nolanahi ere, ez baita 5G erreala deiturikoa, hots, bere osotasunean garatutakoa.
Oraingoz, konpainiek ez diete kostu gehigarririk aplikatu 5G eskuragarri dagoen herrietako bezeroei, hain zuzen, estaldura eta zerbitzua ez delako bere osotasunean garatutakoa. Baina ikusteko dago zer gertatuko den aurrerantzean; izan ere, 5G teknologiak oso azkar kontsumitzen ditu datuak, eta, beraz, bezeroak datu gehiago beharko ditu sarearen ezaugarriez baliatu nahi badu. Eta horrek kostu gehiago esan nahi du, gaur egungo salneurriei edo eskaintzei erreparatuz gero. Aintzat hartu behar da, halaber, aurreko belaunaldietako sareak —2G, 3G, 4G— ez direla desagertuko.
Gaur egun konpainia guztiek eskaintzen duten 5G ez da bere osotasunean garatutakoa, 4G deritzonaren eboluzio bat da oinarrian. Horregatik, egungo 5G zerbitzuak muga nabarmenak ditu, eta ez da inolaz ere telefonia belaunaldi berriaren ezaugarrietara iristen, ez abiadurari dagokionean, ezta latentziari dagokionez ere. Behin-behineko sare horri 5G ez erreala edo Non Stand Alone deitzen diote: «Ez dauka potentzia osoa. Momentuz, bi gigabite segundoko abiadura eskaintzen dute 5G honetan, beraz, latentzia ere apur bat txikiagoa da, bost milisegundokoa», azaldu du Campillok. Eta erantsi du sarea bere osotasunean garatuta, «agian, hemendik hiru urtera» izango dela, ez lehenago.
Euskaltel izango da, hain zuzen ere, 5G bere osotasunean 5G erreala edo Stand Alone deitutakoa— Euskal Herrian garatzen hasiko den aurrenetarikoa. Hamahiru enpresa biltzen dituen enpresa talde baten koordinatzaile izango da konpainia, eta hark jarriko ditu sarea kudeatzeko elementu nagusiak. Proiektu pilotu bat abiaraziko dute, eta hiru urteko epean, 5G errealeko sare bat zabalduko da Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako teknologia parkeetan. Tarte horretan, probak egingo dituzte, bereziki mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren alorrean. Gerora, sare horri esker zerbitzua gainerako bezeroei zabaltzea espero du konpainiak. Jaurlaritzak babestutako proiektu bat da.
Hego Euskal Herrian, iaz hasi ziren zerbitzua eskaintzen, eta pixkanaka 5G hedatzen joatea espero bazen ere, COVID-19aren krisiak eragin nabarmena izan du sarearen ezarpenean, Campillok adierazi duenez. «Konfinamenduak bat-bateko jauzi teknologikoa egitera behartu gaitu, dena konektatuta izateko behar hori inoiz baino agerikoagoa izan da etxetik lan egiterakoan, adibidez: ordenagailua, mugikorra, telebista… Hainbeste tresna aldi berean konektatuta izateko behar da horri eutsiko dion sare bat».
Hala ere, Campillok azpimarratu du «trantsizio epe bat» beharrezkoa dela. Izan ere, sarea egokitzeaz gain, gailu elektronikoak eta tresnak ere aldatu beharko dira —sakelako telefonoak, batez ere—. «Gaur egungo gailuak 4G dira, eta ez daude prest 5G-aren onura guztiak eskaintzeko. Konexio horri eutsiko dioten txip bat behar dute». Eta, hain zuzen ere, hori da telefonia belaunaldi berriaren zerbitzua orokortzeko oztoporik handiena eta zailena; gaur egun, gutxi dira teknologia hori duten gailuak merkatuan, eta gehienak oso garestiak dira. Eskaintza pixkanaka zabaltzen eta handitzen joatea espero da datozen hilabeteetan. «Horrez gain, banda zabala ere egokitu eta ordenatu beharko da, eta horretarako denbora gehiago beharko da», Campillok esan duenez.
Erabiltzaile arruntak, batez ere, konexioaren abiaduran, latentzian eta estalduran igarriko du aldaketa nabarmenena. 5G konexioa 4G baino hogei aldiz azkarragoa baita, eta horri esker nabarmen txikituko da informazio bidaltzearen eta jasotzearen artean dagoen atzerapena —4G sarean baino ehun aldiz txikiagoa izango da latentzia—. Horrez gain, konektibitate gaitasuna ere asko handituko da, eta horri esker gailu gehiago konektatu ahalko dira sarera aldi berean, sareak gainezka egin gabe —4G-rekin baino ehun aldiz gailu gehiago konekta daitezke metro koadro bakoitzeko—. Gauzen Internet (IoT) delakoa edo sarera konektatzen diren objektuak garatzen lagunduko du horrek.
Etorkizunean, besteak beste, Industria 4.0 delakoa garatzeko balioko badu ere, COVID-19-aren garaiotan ugaritu diren bideodeiak kalitate handian egiteko ere balioko du adibidez, Campillok gogorarazi duenez. «Latentzia txikituko duenez, gainera, denbora errealean lan egin ahalko da distantzia dena delako izanda ere. Eta horrek esparru guztietan zabalduko ditu ateak, ez bakarrik industrian». Osasungintza eta larrialdiak jarri ditu adibide gisa, zehazki: «Mendian laguntza behar duen pertsona bat baldin badago, eta iristea zaila den toki batean egonez gero, drone bat bidali diezaiokegu beharrezko materialarekin edo lehen arretako tresnekin, eta zuzeneko harremana izan dezake aditu batekin, adibidez. Ari dira dagoeneko halako probak egiten».
Azkenaldian ozendu egin dira 5G teknologia osasunarentzat arriskutsutzat daukatenen ahotsak. Uhin gero eta indartsuagoek minbizia sortzen dutela ziurtatu dute ahots horiek. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dago kalte horiek baieztatzen dituen ikerketarik. «Egia da antena kopurua handituko dela, baina ez da uhinen potentzia handituko: 5G-ren uhinen potentzia txikiagoa da telebistako seinale batena baino. Gainera, TDT-ko frekuentzia aldatuko da 5G ezarri ahal izateko, bat egiten baitute frekuentziatan», zehaztu du Campillok. «Uhinez beteta bizi gara: unibertsotik iristen zaizkigunak, eguzkitik datozenak, eguneroko kable elektrikoenak».
Aditu askok, halere, zibersegurtasunean edota gizarte kontrolean eragin ditzakeen albo kalteez ohartarazi dute. Bada, Campillok bat egiten du kezkarekin. Haren hitzetan, erabileran jarri behar da arreta. «Telefonoan aplikazio asko jaisten ditugu, zer baldintza dituzten jakin gabe, eta gehienetan sarbidea ematen diegu gure gailuaren mikrofonora, argazkietara… Erabileran jarri behar da arreta». Finean, gero eta gailu gehiago konektatuta izateak norberaren pribatutasunerako ate eta leiho gehiago izatea dakar, eta horrek berekin dakar arriskua ere. «Gero eta giltza gehiago behar ditugu, hori bai».
Aeronautikak ireki zuen iragarpen beltzen dantza, eta inor gutxi harrituko zen, sektore hori guztiz lotuta dagoelako seko geratutako bi jarduerari: turismoari eta lan bidaiei. Kolpea koiunturala dela eta aurki hegazkin berrien eskaera itzuliko dela argudiatu dute langileek kaleratzeen aurka egiteko, eta sektorea krisi aurreko hazkunde zenbakietara itzuliko dela defendatu dute. Baliteke egia izatea, eta hemendik gutxira munduko beste puntara joatea berriro gauza arrunta izatea, eta aurrez aurreko bilerek ordezkatzea Zoom eta Skype bidezko bilera hotzak. Baina kontrakoa ere gerta daiteke, hau da, gertuagoko bidaiak eta bilera telematikoak nagusitzea. Era batera edo bestera izanda, aeronautikak goranzko bidea hartzea ez da ziur aski hilabete batzuetako kontua, urte batzuetakoa baizik. Berri onak dira agian planetarentzat, baina txarrak Euskal Herriko hegazkingintza indartsuarentzat, eta Aernnovako, ITPko, Alestiseko, eta beste enpresetako langileentzat.
Zoritxarrez, dantza tristea beste sektore batzuetara hedatzen ari da, eta krisietan erraz hedatu ohi den susmo bat indartu dute: enpresa batzuk krisia baliatzen ari direla erabaki mingarriak errazago irentsarazteko.
Lantegiek galerak eragiten dizkietela argudiatu dute CAFek eta Gestampek; lehenengoak Trenasa ixteko (Castejon, Nafarroa), eta bigarrenak Matriceria Deusto eta GTS zarratzeko (Zamudio, Bizkaia). Konponketarik ez bada, lehenengoan 118 langilek galduko dute lanpostua, eta bigarrenean, 230.
Iragarpenak bereziki kezkagarriak dira, hainbat faktore direla eta. Batetik, ezin zaie errua urrutiko kapitalista bihozgabeei leporatu —Siemenseko alemaniarrei, esaterako—, CAF eta Gestamp bertakoak baitira, bertako multinazionalak, eta langile kaleratuen haserrea bertatik bertara jasan beharko dute.
Bestetik, biak ala biak enpresa indartsuak dira, errentagarriak, eta azken urteetan nazioartean hedatzen ari diren horietakoak —makina bat enpresa erosi ditu Gestampek azken hamarkadan, eta Galesen fabrika handia eraikitzen ari da CAF—. Arazoak dituztela orain? Bai. Hainbat urtez irabazi oparoak izan ondoren, Gestampek 120 milioi euro galdu ditu urteko lehen erdian, konfinamenduak kolpe gogorra eman diolako auto salmentari —Europako Batasunean, %32 jaitsi da urtarriletik abuztura—, modelo berriak urritzen ari direlako, eta auto elektrikoetarako jauziak osagaien industria birmoldaketa zail baten atarian jarri duelako. CAFi dagokionez, eskari berrien erritmoa asko moteldu zaio, eta itxaropena galdu du Renferen kontratu erraldoiarekin zakua berriro betetzeko.
CAF eta Gestamp batzen dituen hirugarren faktorea da batak zein besteak laguntza publikoak jaso dituztela proiektu berrietarako. CAFi dagokionez, 2018ko udan Nafarroako Gobernuak hitzartu zuen sei milioiren inbertsioa egingo zuela Vectia proiektuan, haren autobus elektrikoak Castejonen egin zitezen —Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak, berriz, aspaldi emandako bi milioi euroz hitz egin du, eta berreskuratzeko modurik ez duela ikusten—. Vectiaren proiektuak, ordea, ez du aurrera egin, CAFek Solaris poloniarra erosi zuelako, eta horretan jarri duelako indarra.
Gestampi, berriz, zortzi milioi euro agindu dizkio Jaurlaritzak, Boroan (Zornotza, Bizkaia) auto elektrikoetarako materialak ikertzeko zentro bat egin dezan.
Ongi dago gobernuek industria proiektu berriak sustatzea, lurraldean aberastasuna eta enpleguak sor ditzaketelako. Baina laguntza ematearekin batera, ez al litzateke egokia izango diru publiko horrek gutxieneko baldintza batzuk ekartzea? Eta sobran al legoke diru horren jarraipena egitea, helburuak betetzen direla ikusteko? Nolabait, azken hori ez dela ongi egiten ari iradoki du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, elkarrizketa batean iragarri baitu politika publikoen azterketa unitate bat sortzeko asmoa duela, emandako diru publikoaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko. Badu lana.
Gobernuek baikor hartu dituzte datuak. «Zenbakiak itxaropentsu izateko gonbidapena dira», azaldu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, baina oroitarazi du langabe kopurua artean oso handia dela: «144.758 pertsona ditugu langabezian, eta gu guztion beharra dute». Haren sailak, berriz, nabarmendu du iraileko datua aurreko urteotakoen antzekoa dela, eta espero duela «udaberriko kolpea urtearen amaieran zuzentzen hastea».
«Oso datu onak dira», esan du, berriz, Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta «zuhurki baikorra» izateko arrazoiak badirela gaineratu.
Langabezia jaitsi egin dela onartuta ere, iazkoaren aldean oso handia dela nabarmendu dute sindikatuek. ELAk eta LABek azpimarratu dute gazteen egoerak okerrera egiten jarraitzen duela, eta 25 urtetik beherako 1.240 gazte gehiagok langabeziaren zerrenda ofizialak «loditu» dituztela.
Irailaren amaieran 182.903 langabe zeuden erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren zerrendetan. Abuztuan baino 2.512 gutxiago dira. Jaitsiera ez da iazkoa bezain handia (-3.090), baina batezbestekotik gora dago. Berez, 2008-2014 epean langabe kopurua handitu egin zen irailean.
Duela urtebeteko datuekin alderatuta, noski, kopurua oso txarra da: iazko irailean baino 38.832 langabe gehiago izan dira aurten. Urte batetik besterako aldea egonkortuta dago maiatzaz geroztik; otsailera arte, baina langabe kopurua jaisten ari zen.
Sektore gehienek izan dituzte datu positiboak, baina deigarria da industriaren datua, 822 langabe gutxiago baitaude sektore horretan. Baliteke arlo horretan zenbakiak okerrera egitea hurrengo hilabeteetan, baldin eta gauzatzen baldin badira orain enpresa handi batzuetan negoziatzen ari diren enplegu erregulazioak (Trenasa, Gestamp, ITP, Aernnova, Alestis…).
Irailero bezala, hezkuntzaren efektu distortsionatzailea antzeman da aurtengo irailean ere, baina egia da aurtengo iraileko afiliazioaren gorakadak ez duela parekorik. Gehien gerturatzen zaion iraila 2017. urtekoa da, eta orain baino 1.500 kotizatzaile gutxiago gehitu ziren urte horretan Gizarte Segurantzara.
Iazko datuekin alderatuta, aldiz, 17.876 langileren zuloa antzeman da Gizarte Segurantzan. Handia da, baina txikitzen ari da: maiatzean 39.348 gutxiago ziren afiliatuak.
Edonola ere, ikusi beharko da zer gertatzen den urrian, hori baita afiliazioa gehien hazten den hilabetea, alde handiz gainera: +21.118 2018an, +19.234 2019an. Ikastetxeetako langileak ez ezik, akademietako irakasleak, aisialdiko begiraleak eta halakoak izan ohi dira urrian kotizatzen hasten diren batzuk, baina ez luke inor askorik harritu behar aurten arlo horietan ez delako aurreko urteetan bezainbesteko enplegurik sortuko.
Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, 30.792 lagun zeuden irailaren amaieran aldi baterako enplegu erregulazioan. Hilabete batean lau mila langile atera dira egoera horretatik, 34.925 baitziren abuztuaren amaieran. Apirilean, erabateko itxialdiaren hilabetean, 230.000 ere izan ziren, bost langiletik bat gutxi gorabehera. Kopurua hilabetez hilabete jaisten ari bada ere, kezkatuta azaldu da LAB: «Agerraldiak errepikatu eta pandemiaren garapena luzatu ahala, enpresa askoren erresistentzia gaitasuna ahultzen hasiko da, eta aldi baterako erregulazioak bide ematen ari dira kontratuak hausteko aukerei eta kaleratze masiboen hazkunde kezkagarriari».
Kontratazioa bizkortu egin da irailean, eta lehen aldiz otsailaz geroztik, 100.000 kontraturen langa gainditu du —ia 118.000 sinatu dituzte enpresek eta langileek—. Datu horren ifrentzua da kontratu gehienak aldi baterakoak direla, eta behin-behinekotasun tasa oso handia dela: kontratuen %7,62 baizik ez dira mugagabeak izan —2019 osoan %7,77 izan ziren—. Datu horiek ikusita, ELAk enplegu politiken aldaketa eskatu dio Jaurlaritzari. «Berpiztu programak ez dio irtenbiderik emango lan merkatuan dagoen egiturazko arazori. Kontua ez da enplegua sortzea bakarrik, baizik eta zein baldintzatan. Aurreko planek ez zuten prekaritatea murriztu, eta oraingoak aurreko urteetako ildoan jarraitzen du», ziurtatu du ELAk, eta enplegu eskaintza publikoak egiteko eskatu dio Gasteizko gobernuari.
Zamudioko bi lantegiek eta Castejongoak gauza komun bat dute: biak itxi nahi dituzte. Gasteizkoak, berriz, irekita jarraituko du, baina lantaldearen erdiarekin. Aurrenekoek salatu dute itxierak ez duela justifikaziorik, eta horren aurka «argi eta garbi azaltzeko» eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Ez da anbiguotasunerako edo akordioa eskatzeko garaia», adierazi du GTSko batzordeko buru Izaskun Olanok (LAB).
Azken hiru urteetako emaitzak eta autogintzaren krisia argudiatu ditu zuzendaritzak. Olanorentzat «sinesgaitzak» dira azalpen horiek. Jakinarazi duenez, lan karga dute bi lantegietan, gutxienez udaberrira arte, eta gezurtatu egin du galerak izan dituztela. Olanoren arabera, bi enpresetako egoera «kudeaketa negargarriaren» emaitza da, eta arduradunek gertatzen ari denaren ondorioak langileek ordaintzea nahi dute. Gogoratu du bi lantegien etorkizuna bermatzeko plan bat sinatu zutela duela bi urte, eta 2022rako epea duela, baina salatu du zuzendaritzak ez duela bete nahi .
Jaurlaritzari jarrera argia agertzeko eskatu dio, eta Gestampi azken urteetan emandako diru laguntzak kentzeko; azkenak, ekainean: zortzi milioi euro Zornotzan (Bizkaia) auto elektrikoari buruzko ikerketa gune bat sortzeko. Asteon, Urkullu lehendakaria horri buruz mintzatu da; esan du laguntza publikoak jasotzea eta horrekin batera kaleratzeak egitea ez dela «zilegi». Olanok «anbiguotasuna» leporatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, lehendakariak hori esan eta egun berean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak Gestampi emandako dirua defendatu zuen, eta akordio batera deitu zituen sindikatuak eta zuzendaritza. Olanoren arabera, egungo egoeran Jaurlaritzak «propaganda hutsal eta merkea» albo batera utzi beharko luke, eta autogintzaren sektorearentzat politika bat egin.
«Hemen jarraitu nahi dugu».
Castejongo Trenasan, berriz, herenegun hasi zuten greba mugagabea, eta itxiera espedientea negoziatzeko mahaia osatu zuten atzo. Tentsio uneak izan ziren lantegiaren atarian, eta langile batzuek manifestazioa egin zuten.
Miguel Angel Molina da enpresa batzordeko presidentea (CCOO). Azaldu duenez, zuzendaritzari erantzun diote ez daudela ados ixteko erabakiarekin. «Ez dugu uste lantegia itxi behar denik. CAF taldeko lantegi merkeena da hau». Gogoratu du duela hiru hilabete enplegua erregulatzeko espediente bat sinatu zutela eta hor jasotzen dela 2021era arteko lan karga badutela. «Orain, bat-batean, ezetz esan digute, ez dela bideragarria hemen egitea eta eskari horiek beste lantegi batzuetara eramango dituztela». Molinak berretsi du Castejongo lantegiari eusteko ari direla borrokan. «Irtenbide bat negoziatu nahi dute, baina guk hemen segitu nahi dugu».
Horrekin lotuta, Castejongo Udalak hamar puntuko adierazpen instituzional bat onartu zuen atzo, langileen eskaerak babestuz. Era berean, Maria Txibite lehendakariari eta Manu Aierdi Ekonomia kontseilariari lan gatazkan «esku hartzeko» eskatu die, eta, azkenean lantegia ixten bada, CAF behartzeko gobernuak hari emandako diru laguntzak itzultzera. Herenegun eginiko adierazpen batzuetan, Aierdik adierazi zuen tarte txikia dutela horretarako, eta zail ikusten duela lantegia ixtea eragoztea.
Akordioa, gertu
Gasteizko Alestisen ere 87 langile kaleratu nahi dituzte —lantaldearen erdia—, baina akordioa lortzekotan daude. Atzo protesta egin zuten Eusko Legebiltzarraren atarian, sindikatuak irtenbide bat negoziatzen ari zirela, Cadizen (Espania). Ordu batzuk geroago jakin zen aurreakordioa egin zutela, eta batzarrei helaraziko diete orain, berresteko. Lantaldea murrizteko hiru formula erabiliko ditu enpresak: 57 urtetik gorakoentzako erretiro aurreratuak, baja pizgarridunak eta borondatezko eszedentziak. UGTk eta CCOOk sinatu dute, Espainia mailakoa izan baita negoziazioa, taldearen lantegi guztiei eragiten dielako espedienteak.
Baja pizgarridunetarako, bi kasu adostu dituzte: lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko kalte ordaina, hamasei hileko mugarekin; edo urteko 25 egunekoa, muga berarekin, gehi 7.000 euroko finko lineal bat, langile bakoitzaren antzinatasunaren arabera.
Borondatezko eszedentziak dira berritasun nagusia. Datozen hiru urteetarako izango lirateke, eta, lan kargak egongo balira, itzuli ahalko lirateke. Hiru urteetan, gainera, hilean 200 euro kobratuko lituzkete, eta zenbateko hori jasotzen jarraituko lukete, nahiz eta Alestisen berriro lan egitera deitu. Era berean, langileek kalte ordaina jasoko lukete: hogei eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, hamasei hileko mugarekin, eta hiru urtera enpresan lanean hasten ez badira, bost egun gehiago urte bakoitzeko.
«Mundua alderantziz dagoela ematen du: ez al ginen gu akordioak egiten ez zituztenak?», esan dio BERRIAri Unai Martinez ELAko Industria federazioko arduradunak. «Estatuko itun kolektibo onena daukagu aurrez aurre. CCOOk eta UGTk ez dute ikusi horrelakorik Espainian sekula, eta gehiago nahi dutela?». Martinez harriturik dago beste sindikatuen ezezkoak jakin eta gero. «Edukiak aztertzea baizik ez dago Adegiren proposamena apartekoa dela jakiteko. Soldatak izugarri igotzen dira, eta hori guztia oso egoera jakinean, gainera: zer datorren ere ez dakigunean, datorrena latza izan daitekeelako; denok dakigu hori».
ELAk gogorarazi du LABek, CCOOk eta UGTk Bizkaiko metalgintzako ituna egin zutela iazko hondarrean. ELAk ez zuen babestu hura. Bada, Gipuzkoako ituna «Euskal Herriko hitzarmenik onena» da, ELArentzat; «kategorien arabera, 4.000 eta 6.500 euro arteko aldeak leudeke Bizkaiko metalarekiko. Kolektibo prekarioenen kasuan, subrogatzeko eskubidea aurrerapen historikoa da, eta nabarmen hobetzen du metaleko beste ezein hitzarmenetan jasotakoa».
Garaipenaren jabetza
Batera edo bestera, azkar aldatu beharko du sindikaturen batek bere posizioa itun hori egia izan dadin, eta ez da zaila aurreikustea CCOOk eta UGTk presio handia izango dutela, beren afiliatuen aldetik eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko beste kideen aldetik ere seguruenera. Oraingoz, ordea, ezezkoari eutsi diote, eta ez hala moduz. Gainera. UGTk jakinarazi du Adegik «jokoa apurtzea» erabaki duela bere azken proposamena onartzen ez bada; horrek «bake soziala apurtzea» ekar dezakeela adierazi du.
CCOOk ere Adegiren bizkar utzi du gerta daitekeen porrotaren ardura: «ELAren babesa lortu eta gero, negoziatzeari utzi dio». CCOOk azaldu du mahaiko beste bilera bat eskatu duela, baina patronalak ultimatuma eman duela: proposamena mahai gainean dago, eta bi aste daude hura onartzeko.
Ez du ematen askatu behar den korapiloa soilik proposamenaren edukietan dagoenik. Adegik oso argi utzi du ez duela «koma bat bera ere» aldatuko, eskaintza paregabea egin duelakoan. Baliteke, orain, akordioaren merituen jabetzaren esparruan kokatzea arazorik handiena. Beste sindikatuek ez dute batere ongi hartu ELAk bere kabuz iragarri izana hitzarmen proposamena onartzen duela; baiezkoa ematea orain martxan dagoen tren batera igotzea izan daiteke haientzat. Gerta daiteke ere ituna hobetzeko tartea dagoela sinestea.
Hipotesi horrekin bat egiten du LABek helarazi duen mezuak. Adegik mahaia amaitutzat eman duela salatu du. «Esan du badaukala ELAren oniritzia. Hori ez da negoziatzea». Horregatik, LABek beste proposamen bat egin du, «negoziagarria eta lorgarria». Sindikatu abertzaleak adierazi du aldagai batzuk hobetu daitezkeela berdintasunaren atalean. «Patronalak nahi badu, akordioa egongo da».
Gipuzkoako metalgintzako azken ituna 2010ekoa da, 2011n iraungia. Ordutik ez da izan hitzarmenik lurraldeko sektore handienean. 40.000 langile baino gehiago babestuko lituzke itun berri batek. Egun gutxian ikusiko da egia bihurtzen den ala ez.