«Odoluste bat da»
Ostegunetik, Nafarroako 5.000 taberna eta jatetxeek pertsiana jaitsi behar izan dute. Sektoreak 18.000 langile enplegatzen ditu, eta etorkizuna kolokan ikusten dute. Beatriz Huarte Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikien Elkarteko (ANAPEH) idazkari nagusiaren hitzetan, «izorratuta» daude, «egoera dramatikoa baita». Iruñeko Alde Zaharreko terrazetan, aulkiak jasota daude; ostatu guztiak, itxita. «Tristura handia dugu. Bizitzako ilusioa da, indar handia jartzen duzu aurrera ateratzen, eta une batetik bestera dena kolokan ikusten duzu», azaldu du Amaiur Feliuk, Meson de la Navarreriako ostalariak. Diru sarrerak eten zaizkie, baina gastu finkoek hor jarraitzen dute, eta, irauteko, zorpetu beste biderik ez dago: «Administrazioari eskatzen diogu nola litekeen itxialdia ezartzea eta ondoren behartzea guk alokairuak, hipotekak eta zergak pagatzen jarraitzera. Ezin da. Pixkanako heriotza da. Poliki-poliki, negozioak ixten ari dira. Gauza bakarra egin daiteke: ICOren mailegua eskatu, eta eutsi. Guk martxoan eskatu genuen, eta, jada jan dugunez, beste bat eskatu beharko dugu. Zenbat pertsona ari dira beren burua hipotekatzen?».
Iritzi berekoa da Huarte. «Lan egiten uzteko eskatzen diogu gobernuari. Enpresak ezin dira itxi. Soka lepora bota digute. Egunetik egunera gero eta itoago gaude». Elkarteak erreskate plan bat abian jartzeko eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Madrilgoari. Interesgarritzat jo du, adibidez, Kataluniako Generalitateak ostalaritza itxia den bitartean alokairu kostuak gutxienez erdira murrizteko erabakia. Maria Txibiteren gobernuak hamar milioi euroko konpentsazio laguntzak iragarri ditu, baina, haren ustez, ez dira nahikoak, «inondik inora». Aldi baterako erregulazioak ere ez du uste irtenbidea direnik. «Beste kaos bat da. Langileei bi, hiru edo bost hilabete geroago ailegatu zaizkie laguntzak».
Udako hilabeteak ez dira errazak izan zenbaitentzat. Adibidez, Alde Zaharrean, gauean aritzen den tabernari batek kritikatu du ezin izan dutela lan egin. «Bitxiena polizien jokabidea izan da. Kriminalak ginela ematen zuen». Haren esanetan, bezeroek maskara jartzen zuten barruan, eta, jaramonik ez eginez gero, haiek kanporatzeko modua ere bazuten, segurtasuneko langile baten bidez. «Azkenean, uler dezaket etxeratzeko agindua bera, baina ez da ulergarria Zara irekita egotea, jendez gainezka».
Iruñazarrako Aretaren arabera, udako lan horrek ez die balio izan: «Zerbitzua eskaintzeaz harago, dirua trukatzen besterik ez zara ari, etekinik izan gabe. Gastuak, berriz, finkoak dira». Iragarri diren laguntzen inguruan, mesfidantzaz mintzo da: «Martxoan, itxi genuenean, eman ziguten diruak ez zuen deuserako balio. Hipoteka dut, familia bat».
Iruñeko Gazteluko plazan, eguerdiro elkartzen dira ostalari batzuk. Ahotsa altxatu nahi dute. Feliuren arabera, Euskal Herriko beste lurraldeetako ordezkariekin hitz egiten ari dira, eta guztien artean sentipen orokor bat dago: «Azkenean ematen du pandemiako gaiztoak garela. Langile eta enpresaburu txikiak gara; iturria moztu digute. Ez dakigu nondik atera dirua, eta jarraitu behar ditugu ordaintzen argia, alokairua, mailegua…». Huartek ulermena eskatu dio gizarteari: «Egoera larria da. Badakigu zein den osasun egoera. Dena den, egoera ekonomikoa ere garrantzitsua da».
Iparraldean, asaldaturik
«Ostatua ixten badigute, zulora goaz». Kezkatua mintzo da Baiona Tipiko ostalari bat aurrez aurre duten egoera dela eta —ez du izenik eman nahi—. Jean Castex Frantziako lehen ministroak 21:00etatik 6:00etara etxeratzeko agindua aurkeztu du, eta susmatzen du neurri gogorragoak etorriko direla; etorri dira, izan ere. Orain dela urte bat eskas ireki zuen negozioa. «Beste konfinamendu batekin, ez dugu iraunen», dio, burumakur. Dagoeneko ez dago zalantzarik: Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak ostatuak erabat itxi ditu. Hiru asterako gutxienez, baina inork ez du sinesten gehiago luzatuko ez denik.
UMIH Ostalaritzako Industria eta Lanbideen Batasuneko telefonoa jo eta jo ari da asteburu honetatik. Ostalariak dira gehienak, informazio eske. «Galdera anitz dituzte, ostatuak irekitzeko debekua biziki lausoa delako. Jakin nahi dute zer baldintzatan ireki dezaketen edo ez», esplikatu du batasuneko idazkariak.
Larunbatean abiatu zen ostatuak ixteko agindua. Alta, terraza batzuk beteak ikus daitezke Baionan. Eguerdian eguneko platera eskaintzen duten batzuek goizetik ireki dute, eguneroko eskaintza proposatuz. Beste batzuek eguerdian baizik ez dute ireki, bazkarietarako, itxitako ostatuekin «elkartasunez». Soilik jatetxeek eta jatekoa eskaini dezaketen ostatuek ireki dezakete, prefetaren hitzen arabera, baldin eta lehenago ere egiten bazuten. Berez, jatekorik gabe ezin da edatekorik eskaini. Hala, eskaintza berrasmatu du batek baino gehiagok. Gosariak eskaintzen hasi da Bourgneuf karrikako Armand ostatua: kafea, laranja zukua eta jateko zerbait, zazpi euroren truke. Eguneko platera eskaini ohi du eguerdian, baina ostatu gisa funtzionatzen du gehienbat. Atzo, hutsa ageri zen lokala, eta astelehen goiz euritsua ez da arrazoi bakarra. Arratsalde hasierarako itxi dute, eta ez dute berriro ireki.
Giro ilun batek hartuak ditu Baiona Tippia eta Handia; ostatu gehienak itxita, ohi baino jende gutxiago nabari da karriketan. «Bakarrik lanaren erdia eginen dugu. Bazkariak eskaini, eta azken bezeroa joatean itxiko dugu», esplikatu du Florient Bouflet Kalostrape ostatuko nagusiak. «Ordutegiak antolatzen ari naiz lana banatzeko, eta lanpostuak atxikitzeko». Haren iritziz, «kalte handiak» izanen dira sektorearentzat. «Guk duela hamabost urte ireki genuen, badugu oinarri sendo bat, baina negozioa ireki berri dutenentzat biziki zaila izanen da. Batek baino gehiagok itxi egin beharko du».
Gipuzkoako gune gorrian
«Eguerdia baino lehen bizpahiru mahai atera ditu Errapel Errastik Aker tabernako terrazara, Oñatin (Gipuzkoa). Tanta gutxi batzuk erori badira ere, oro har, ateri eutsi dio goizak. Tankera bera izan du igaro den asteburuak ere, eta horri esker, hein batean, lan pixka bat egiteko aukera izan dute negozioan. «Eguraldiari esker salbatu dugu asteburua, baina aurrerantzean larri ibiliko gara». Gorriz markatutako herrietako bat da Oñati, intzidentzia tasa 500eko langatik gora baitu, eta neurri zorrotzagoak ezarri zaizkie bertako ostalaritza eta merkataritza establezimenduei.
Tabernek eta jatetxeek 21:00ean ixteko duten aginduari «gehiegizkoa» iritzi dio Aker tabernako arduradunak; izan ere, eguerdia eta arratsaldea izan ohi dira mugimendu gehien izaten diren uneak. «Arratsaldeko poteoa erditik mozten digu, eta, gezurra badirudi ere, ordubete edo bi ordu gehiago izatea asko da gurea bezalako negozio batentzat». Herriko festak ez dituzte izan, eta Eguberrietan ez dute diru sarrera handirik espero. «Baina gastuek berdinak izaten jarraitzen dute».
Itxiera ordua aurreratu izanaren ondorioz, Kale Zaharrean dituen hiru taberna itxi egin behar izan ditu Josu Aiastuik. Ikatz, Pako eta Iturri tabernen arduraduna da, eta ostiralean hartu zuen erabakia, neurrien berri izatearekin batera. Salatu du, baina, hilabeteak daramatzatela «itolarrian». «Jendea ez da lehenago ateratzen kalera, eta baldintza hauetan ezinezkoa da eustea».
Zalantza askorekin dihardute Mauxka jatetxean ere: «Bazkariak eta afariak ematen ditugu, baina ordutegi honekin gure jardunaren erdia ezin dugu aurrera eraman, eta hori kalte handia da guretzat», esan du Agus Otxoa-Aizpuruak. Kontsumoa asko jaitsi dela azpimarratu du jatetxeko arduradunak, eta etxera eramateko zerbitzua martxan duten arren, ez du uste kontuak orekatzeko nahikoa izango denik. «Egoera latza da, eta ez dakigu noiz arte luzatuko den». Nabarmendu du, halere, gune gorritik atera eta itxiera ordua apur bat atzeratzeak arnasa emango liekeela.
Bergaran (Gipuzkoa), berriz, ostiralean piztu zen semaforo gorria. Jakinarazpen ofizialik ez zuten jaso, ordea, eta neurri orokorrekin jardun dute asteburuan ostalariek, Genesy Torrealba Kortazar tabernako zerbitzariak azaldu duenez: «Asteburuan normal aritu gara». Aitortu du, halere, herritarren artean «beldurra» gero eta agerikoagoa dela, eta kezka agertu du horrek negozioan izan ditzakeen ondorioengatik.
Dunixi Olabarria Pol Pol tabernako arduradunak ere azaldu du neurriak hartu beharko dituztela berandu baino lehen. «06:30ean zabaltzen dugu, eta kafe asko zerbitzatzen ditugu oraindik ere, baina ez dira nahikoa izango». Izan ere, afari asko eman ohi dituzte tabernan, asteburuetan nahiz asteko egunetan, eta aurrerantzean zaila izango dute zerbitzua eskaintzea. «Egoera hobetzen ez bada, langile guztiak enplegu erregulaziora joan beharko gara».
Europako laguntzen %50 erkidegoek kudeatuko dituztela esan du Madrilek
Erkidegoei egindako keinu gisa uler daiteke erabakia, baina zenbaki horrek, bere horretan, ez du ezer berritik. Izan ere, gobernuak azaldu duenez, onartzea aurreikusten duen egitasmoen erdiak inguru lotura zuzena izan dezakete erkidegoen eskumenekoak diren alorrekin, adibidez, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin, ingurumenarekin eta gizarte politikekin; eta hori hala izanik, onartu du legez gobernu autonomikoei ere badagokiela laguntza horiek kudeatzea. Dena den, Moncloatik zehaztu dutenez, gobernu horiek ez dituzte eskuak erabat aske izango, egitasmo bakoitza nola kudeatuko den banan-banan hitzartu beharko baitute ministerioekin.
Sanchezek, halaber, badu beste karta bat eskuan: denbora. Eta hori ere bere alde erabil dezake. Instituzio guztiak daude Europako dirua noiz etorriko zain, eta horiek ez dira iristen hasiko gutxienez 2021aren udaberrira arte. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak bere burua eskaini du 27.000 milioi aurreratzeko. Sanchezek behin baino gehiagotan esan du Europako diruaren banaketa ez duela erabiliko babesak lortzeko. Aurrekontuen negoziazioak hasi baino ez dituzte egin. Zirriborroa gaur onartuko du Ministroen Kontseiluak, eta gero parlamentura eramango dute. Sanchezen helburua da aurrekontu berrituekin hastea urtea.
Erkidegoetako presidenteen atzoko bileraren ostean, Carolina Darias Lurralde Politikako ministroak azpimarratu zuen «akordio handien» garaia dela, eta Europako diru laguntzekin lotu zuen hori. Dariasek jakinarazi zuen gobernuaren asmoa dela datorren urtean aurreratu nahi dituen 27.000 milioi euroetatik 16.500 milioi uztea erkidegoen esku, eta hori nola banatu nahi duten zehaztu zuen: 4.500 milioi euro etxebizitzak modu jasangarrian birgaitzeko proiektuetarako; 2.500 milioi ingurumen politikekin eta trantsizio ekologikoarekin loturiko egitasmoetarako; 7.000 milioi hezkuntzarako, bereziki lanbide heziketarekin eta digitalizazioarekin loturiko proiektuetarako; eta zaintzen alorrerako, 2.000 milioi euro. Dariasek azpimarratu zuen Europako funtsak «erreforma handiekin batera» gauzatu behar direla eta horretarako ezinbestekoa dela instituzioen arteko elkarlana.
Antzera mintzatu zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Laguntza horiek «erreforma sakonak» gauzatzeko erabili behar direla azpimarratu zuen. «Inbertsioek bakarrik ez dute ekonomia berrabiaraztea lortuko. Plan honek benetako talde lana eskatzen du». Erkidegoetako presidenteei eskatu zien «ideia ausartak» aurkezteko.
Urkulluren eskaera
Von der Leyenekin izandako bilerari buruz mintzatu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere, eta harro azaldu zen bere hitzaldian Euskal Autonomia Erkidegoa «eredu» gisa jarri zuelako. Urkulluk azaldu duenez, atzoko bileran Europako Batzordeko presidenteari gogoratu zion Europako «eskualdeak» direla «ekonomiaren motorra», eta eskatu zion diru laguntzak jaso ditzaketen egitasmoak hautatzeko eta horien kudeaketarako irizpideak argitzeko.
Zamaketarien grebak erdira murriztu du Bilboko portuaren jarduna
Bilbo Estibak atzo eman zituen datuak, zamaketarien bigarren grebaldia hasi behar zen egunean. Portuak ohar bidez jakinarazi zuenez, azken hamabost egunetan hamasei ontziren eskala galdu du; beraz, «aurreko bi asteetan baino %18 gutxiago» sartu dira. Ontzi asko Gijonera eta Santanderrera (Espainia) desbideratu dituzte, baina portu horien lan ahalmena askoz txikiagoa da. Bilbo Estibaren kalkuluen arabera, kalterik handiena izan duten jardunetako bat industriarako hornikuntza izan da: «Piketeen ondorioz, ezin izan dira egin lan horien %90». Jardun hori gutxieneko zerbitzuetatik kanpo dago.
Bilbo Estibak nabarmendu du gatazkak eragin handia izan duela lurreko garraiolarien kargatze eta deskargatze erritmoan: «Egun batzuetan ia %100eko etenaldia egon da». Horrez gainera, eta aurrera begira jarrita, iragarri du grebak ondorio «oso larria» izango duela euskal ekonomiarentzat: «Merkantzien bahiketak arriskuan jartzen du enpresen jarduna. Haien ekoizpen erritmoaren oinarria etengabeko hornikuntzan dago, modu eraginkorrean egina, biltegiak goraino bete gabe, eta orain kate hori hautsita dago».
Bilbo Estibak, era berean, grebalarien piketeen jarrera salatu du, lan egitera joaniko zamaketariak [Adecco aldi baterako lan enpresaren bitartez] mehatxatu dituztelako, eta hainbatek lanera ez joatea erabaki dutelako, beldurragatik. Zamaketariek salatu izan dute Adeccoren bitartez kontrataturiko langileek baldintza kaskarragoetan dihardutela, eta lan hitzarmenaren arabera haiei ez dagozkien lanak egin dituztela. Azken egunetan Ertzaintzaren furgoneta eta auto ugari ibili dira portuaren barruan
Dena zerbitzu minimo
Greban dauden zamaketariek atzo ezin izan zioten ekin bigarren lanuzteari. Hurrengo bi asteetarako deialdia egina dute, txanda bakoitzeko orduen erdiak lan egiteko asmoz. Lehen egunean, baina, ezin izan ziren gelditu, agintaritzak gutxieneko zerbitzu izendatu baitzituen portuan zain zeuden itsasontzi guztiak. Atsedena ez zegokien zamaketari guztiek txanda osoan egin zuten lan. Era berean, eta joan den astean egin bezala, Bilbo Estibak ez zituen lanera deitu lan poltsa historikoko aldi baterako langileak. Gehienek hamabi urte daramatzate behin-behinean lanean, Ranstad aldi baterako enpresaren bitartez. Adeccokoek baino baldintza hobeak dituzte.
Zamaketariek eta Bilbo Estibako enpresek bilera telematikoa dute gaur goizean, eta Lan Harremanen Kontseiluak egingo ditu artekaritza lanak. Zamaketariek Adeccoko langileen «intrusismoa» salatu zuten, eta, hasieran, puntu hori eztabaidatzeko zen bilera. LHK-k, baina, grebarena gehitzea onartu du. Bi aldeak agertzera behartuta daude. Ia hilabete da ez dutela hitz egin.
Toledoko Itunaren akordioa ez onartzeko eskatu diete Bizkaiko pentsiodunek…
Toledoko Itunaren akordioa ez onartzeko eskatu dute Bizkaiko pentsiodunek. Aurreakordioak ez ditu aldarrikapenak jasotzen eta “murrizketa berriak” ekarriko ditu.
Gasteizko Udalak 163 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa egingo du
Gasteizko Udalak 163 postuko Lan Eskaintza Publikoa egingo du tokian tokiko administrazioan lan egiteko (administrari, mantentze, argibide eta kontrol lanpostuetan)
ELAk greba deitu du zaintza sektorean azaroaren 17rako
ELA sindikatuak “greba orokorra” egitera deitu ditu azaroaren 17an Hego Euskal Herrian egoera zaurgarrian dauden pertsonen zaintza sektorean.