PANDEMIAREN ASTINALDIA ENERGIARI
IEAk aste honetan plazaratu du bere aurtengo World Energy Outlook txostena, energiaren alorreko datu nagusiak eta etorkizuneko agertoki posibleak xehatuz. Irismen eta eragin handiko txostena da IEArena; oinarri eta gida, besteak beste, politika energetikoen erabakiguneetan.
Aurten bi giltzarri nagusi aipatu ditu agentziak: pandemiaren inpaktua, batetik, eta bizkortutako energia trantsizioak, bestetik. Bi gaiak elkarrekin lotuta daude, IEAren ustez, eta biak daude pandemiaren iraupenari eta larritasunari buruzko zalantza guztien menpe.
Ziurtasun gabezia handiaren ondorioz, IEAk erabaki du aurtengo txostenean ez duela aurkeztuko abaguneko politikei dagozkien agertokiari buruzko analisirik. Normalean, agertoki hori izan ohi da nolabaiteko oinarria beste analisientzat, baina, agentziaren ustez, «oraingo zirkunstantziei begira, zaila da imajinatzea betiko martxa nagusituko dela».
Lau agertoki
Gauzak horrela, lau agertoki posible aurkeztu ditu txostenak. Oinarrizko agertokia, IEAk posibleen ikusten duena, aldaketarako xehetasunekin aurkeztu diren eta «sinesgarri» zaizkion politikak aplikatuko diren hori da, Adierazitako Politiken Agertokia. Egoera horretan, pandemia 2021erako kontrolatutzat jo du agentziak: BPG barne produktu gordina datorren urtean itzuliko da krisi aurreko mailara, eta energia eskaria, berriz, 2023an.
Okerrenean ere jarri da IEA. Zer gerta daiteke COVID-19aren kaltea luzatu egiten bada? Suspertze atzeratuko agertokian, BPG globala ez da krisi aurreko mailara itzuliko 2023ra arte, eta energia eskariak 2025era arte itxaron beharko du. Bai oinarrizko agertokian, bai okerrenean ere, CO2 isurketetan errebote geldoa aurreikus daiteke, beti ere krisi aurretik iragarritako hazkundearen azpikoa. Arazoa da ez duela isurietan egiturazko aldaketarik ikusten: geldialdi ekonomikoaren ondorioz jaitsiko dira.
Azken urteetan IEAren analisietan gero eta pisu gehiago hartzen joan da Garapen Jasangarriko Agertokia, eta aurten pisuzkoena da, oinarrizkoaren atzetik. Agertoki horretarako, energia sektorearen egiturazko aldaketa baterako, ezinbestekoak dira inbertsio masiboak kapital stock berri, efiziente eta garbiagoetan. Horrela lortuko litzateke CO2 isurien goia 2019. urtean uztea.
2020ko txostenak marraztutako laugarren agertokia berria da. IEAk lehen aldiz aztertu du modu sakonean 2050. urtean karbono neutraltasuna lortzeko bidea nolakoa izango litzatekeen. Inbertsioez gain, eta energiarako teknologia garbien hedapenaz gain, giza portaeraren aldaketa orokortuak behar liratekeela uste du IEAk.
BERRIZTAGARRIAK
Mix energetikoari begira, iturri berriztagarriak dira garaile txostenak marraztutako agertoki guztietan. Energia globalaren eskaria murriztuko balitz ere, iturri berriztagarrietako energiaren eskariak gora egingo luke; edozein dela ere agertokia, agentziak hazkundea iragarri du iturri berriztagarrietan.
Oinarrizko agertokiaren arabera, argindarraren eskari berriaren %80 berriztagarriek beteko dute 2040. urtera artean. Garapen jasangarri batean, haien hazkundea handiagoa litzateke, eta are handiagoa neutraltasun klimatikoa 2050ean iristeko ikusmiran.
Hidroelektrikoak ez diren berriztagarrietako argindarra ekoizteko ahalmenak gora egiten jarraitzen du, IEAk berak aurretik iragarritakoa baino erritmo bizkorragoan. Eguzki energia eta itsasoko zein lurreko energia eolikoa.
PETROLIOA
Munduaren petrolio erabilerak goia jo duela esateko goizegi da, IEAren aburuz, betiere ez badira klima larrialdiari aurre egiteko neurriak indartzen. Oinarrizko agertokian, petrolioaren eskaria krisi aurreko mailara 2023an itzuliko dela uste du agentziak, baina, hala ere, iaz iragarritakoa baino hazkunde txikiagoa izango du 2030erako —bi milioi upel gutxiago eguneko—. Hori bai, eskariaren hazkunde horren %60 industria petrokimikotik iritsiko da, azken hamar urteetan errepide garraioa izan den arren eskaria handitu izan duena.
GAS NATURALA
Gas naturalaren eskaria bizkor suspertuko da aurtengo beheralditik, eta 2030erako 2019ko mailatik %14 gora egongo da. Gasaren —eta neurri txikiagoan petrolioaren— mesedetan dator ikatzaren gainbehera. Baina, IEAren ustez, ezarritako merkatuetan bost urteren buruan agortuko dira ikatzetik gaserako irabazi horiek, ingurumen politiken, elektrifikazioaren, berriztagarrien lehiaren eta karbono isuri txikiko gasen —hidrogenoaren— erabileraren ondorioz.
IKATZA
2025. urtean utziko dio ikatzak munduko energia iturri nagusia izateari. Agertoki guztietan ikatzarenak egin duela uste du agentziak. Haren beherakada «egiturazkoa» dela nabarmendu dute datuek, eta, zenbat eta klima politika sendoagoko agertokia, handiagoa da ikatzaren eskariaren murrizketa. Dena den, IEAk iragarritakoa baino bizkorrago jaitsi beharko du ikatzaren erabilerak, beroketa 1,5 gradutara mugatu nahi bada.