Munizioa, unea iristen denerako
Kontu publikoetan egiten ari den zuloa murrizketekin ez, zorrarekin estaliko dutela esan dute euskal erakundeek. Dirua merke mailegatzeko prest dauden finantza erakundeen eta merkatuen laguntza interesatua izango dute, eta austeritatearen dogmak ahaztu dituzten nazioarteko erakundeen bedeinkapena. Zor publikoaren aldarria egin du aste honetan Nazioarteko Diru Funtsak, baina gehiago ere esan du: zorrak ordaintzeko, aberatsenek zerga gehiago ordaindu behar dituztela, eta enpresek ezin dietela beren betebeharrei izkin egin.
«Orain, ez», erantzun diote Jaurlaritzak eta diputazioek NDFri. Baina unea iristen denerako munizio gehiago dute sozietate zerga erreformatu behar dela diotenek. Izan ere, historikoa izan bada bilketa orokorraren danbatekoa (-%13,3), zer esanik ez sozietate zergak jasandakoa (-%38,2). 805 milioi euro ditu biltzekoak aurten, iaz baino ia 500 milioi gutxiago. Erorikoaren zati bat atzerapenen ondorioz izango da, eta ez dirudi hori 2021ean berreskuratuko dutenik, 38 milioi eskas gehiago jasotzea espero baitute. Urte batean zein bestean, bilketaren %6. Enpresak itotzea eragotzi behar dela? Ados, baina gauza bera esan zitekeen 2009an, eta orduan zergen %11,4 ekarri zuen tasa horrek, 1.200 milioi euro.