Mikroempresa Digitala
Mondragon Taldeak urtea «dezente ondo» igaroko duela uste du…
Mondragon Taldeak urtea «dezente ondo» bukatuko duela azaldu zuen, «martxoan edo apirilean sortu ziren beldur haiek nabarmen hobetu direlako». Konfinamenduko garairik gogorrenetan kooperatiba taldean jarduera %25era murriztu bazen ere, gaur egun %90ean ari dira.
Hori bai, portaerak desberdinak izaten ari dira alor bakoitzean. Horrela, banaketarekin lotutako kooperatibak «goitik dabiltza», eta alor industrialeko beste atal batzuk ere bai. «Industria alorra suspertu egin da neurri handi batean, automobilgintza eta etxekotresnen osagaiak suspertu direlako».
Badira ezin hobeto dabiltzan kooperatibak ere, «eta ez soilik osasun arlokoak; badaude kasu bereziak ere, Orbea bizikleta ekoizlearena bezala, zeinak eskari ikusgarria duen».
Koronobirusaren eragina «garrantzitsua» izan da kooperatibetan, eta «kezka handia» izan dela azaldu du Mondragoneko buruak. «Azkenean, basamortua igaro behar da, eta ez dakigu zenbat bide gelditzen den». Uzinen esanetan, egoerak ez zuen kooperatiba taldea modu txarrean harrapatu. «Basamortua zeharkatzeko kantinplora nahikoa betea genuen; gure langabeziarako lagun Aroko funtsak ondo hornituak genituen, eta horrek ere erresistentzia gaitasun handiagoa bermatzen dizu».
Basamortutik irteteko ordua orain ez du urrun ikusten Mondragoneko presidenteak. «Gelditzen den bidea oso gogorra izan daiteke, baina ez gaude urruti».
Hala ere, aitortu zuen taldearen langileria %3 murriztu dela, hots, 2.400 bat langile gutxiago ditu orain Mondragonek, guztira 82.000 inguru.
Uzinek gogoratu zuen egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartu zituztela, tartean ordutegien moldaketak eta soldaten jaitsierak. «Gero atzera berreskuratu ahal izan dira, egoeraren bilakaeraren arabera».
Etorkizunera begira, zer gerta daitekeen ez daki kooperatibetako buruzagiak. «Gaur ondo gaude, baina hurrengo urtean zer gertatuko den ez dakit. Birusaren portaeraren mende dago guztia, eta horrekin gertatzen denaren arabera, joango dira gauzak hobeto edo okerrago».
Etorkizuna baldintza dezaketen beste aldagai bati buruz ere aritu zen Uzin atzo Donostian, Europatik etor daitezkeen funtsei buruz. Diru horien banaketarako aintzat hartu diren gaiak «oso ondo» daudela uste du; bat datozela kooperatiba taldeak urtebete lehenago bere gizarte eta enpresa politikan ezarritakoekin; eta ona dela haien gaineko Europaren kontrola. Hiru proiektu handi aurkeztuko ditu Mondragonek Europako funtsetara, hiru lerroetan: digitalizazioan; energia eta ibilgailu elektrikoan, eta osasungintzan.
Iradoki zuen ere ez ote dagoen itxaropen handiegia jarrita funtsen inguruan; «denok uste dugu proiektu bikainak ditugula. Mondragonek funts horietatik dirua lortu edo ez, proiektuak egin egingo dituela baieztatu zuen.
Petronorren ustez, euskal ekonomiak «giharra» behar du
Atzo Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Petronorreko presidenteak gogoratu zuen Euskal Herriak ez zuela aberastasunik lehengaietan. «Gure aberastasuna prestakuntzan, enpresak sortzeko gaitasunean eta gaitasun teknologikoan dago», azaldu zuen, gaineratuz hori ez dela nahikoa, «globalizazioak beste gihar bat eskatzen duelako. Europako ligan jokatzeko beste entrenamendu bat behar duzu, gihar gehiago».
Ildo horretan, Lopez Atxurrak aipatu zuen enpresa ertain eta txikiak lagundu behar direla. «Lagundu behar zaie, inportanteak direlako, giltzarriak». Esplikatu zuen Petronorren hidrogeno berdearen proiektura 52 enpresa daudela lotuta, Petronorrik ezin dela izan «teknologietan, finantzetan eta industrian sendoak diren enpresa txiki eta ertainik gabe».
Hidrogeno berdearen demostrazio proiektuak emaitza onak izan dituen 2023an jakingo du Petronorrek. «Aurrera badoa, gure proiektua garrantzitsua izango da Europa hegoaldean eta Atlantiko itsasaldean», azpimarratu zuen, eta Europako laguntzak jaso ala ez, proiektua aurrera joango dela berretsi zuen
Murrizketa guztiak kendu arte iraungo duen plan bat galdegin…
Dozenaka ostalarik elkarretaratzea egin zuten atzo gobernuaren egoitzaren aurrean, erakundeetara bidaltzen ari diren manifestuaren berri emateko. Adierazi zuten «Europako beste herrialde batzuetako baldintza berberetan» jaso nahi dituztela laguntzak. Horrekin batera, «indarrak batzeko» deia egin diete sektoreko profesionalei, haien aldarriak erakundeetan «entzun daitezen». Horren harira, manifestazioa egingo dute Iruñean igandean, 12:00etan, Sarasate pasealekutik abiatuta. Horrez gain, «auzoz auzo eta herriz herri» mobilizatzera deitu dute. Astelehenean, berriz, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin eta Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Kontseilariarekin bilduko dira.
Aurreko astean gobernuak konpromisoa hartu zuen iragarritako 10 milioiei beste neurri batzuk gehitzeko, sektoreari buruz egiten ari den azterketan oinarrituz. Atzo gogoratu zuenez, orain arte 27 milioi erabili ditu diru laguntza zuzen eta zeharkakoetan, bost milioi sektoreko autonomoentzako laguntzetan, eta 12,6 milioi maileguetan. Pandemiaren hasieran premiazko neurri fiskal batzuk ere hartu zituen, besteak beste, urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetan autonomoentzako PFEZaren ordainketa zatikatuak etetea eta zerga zorren ordainketak etetea eta luzatzea.
Eskaera zehatzak
Nafarroan 4.800 ostatu daudela gogoratu dute elkarteetako kideek. Besteak beste, eskatu dute enplegua erregulatzeko espedienteetara atxikitako langileek nominaren %100 jasotzea eta autonomoen laguntza %100era handitzea; eta, horrekin batera, alokairuen eta maileguen ordainketak geldiaraztea, osasun krisiak irauten duen bitartean energia kontratuak berrikustea, eta zergen igoera saihestea.
Udalei «malgutasuna» eskatu diete terrazetarako lizentziak emateko orduan, eta irizpide bera ezartzeko horien erabilerarako eta ordutegietarako. Era berean, gaur egun gauez bakarrik lan egin dezaketen lokalen lizentziak aldi baterako aldatzeko aukera erraztea galdegin dute. Eta mankomunitateei eskatu diete zorrak barkatzeko itxierek irauten duten bitartean.
Horrekin guztiarekin batera, administrazioei dei egin diete edozein erabaki «behar besteko denboraz» jakinarazteko, «beharrezko lan plangintzak egin ahal izateko eta generoaren galera murrizteko».
Sestaoko Naval ontziolako langileen kaleratzea berretsi du Auzitegi Gorenak
Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Sestaoko Naval ontziolako kaleratzeak baliorik gabe uztea, CAT, ELA eta CCOO sindikatuen errekurtsoak atzera botata.
EAJk ohartarazi du “asko” falta dela Estatuko aurrekontu orokorrak…
EAJk ohartarazi du Pedro Sanchezi “asko” falta zaiola Estatuko aurrekontu orokorretan akordioa lortzeko, nahiz eta gaur osoko zuzenketen aurka bozkatu duten.
Atzeratu egin dituzte Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko probak
Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) probak gutxienez datorren urteko ekainera arte atzeratzea erabaki du COVID-19aren pandemia dela eta.
Gestampek ez du iritzia aldatu negoziazioan: GTS eta Matriceria…
«Hasieratik argi ikusi dugu gure bila zetozela. Lan hitzarmen duinak genituen bi planta ginen; bai, behintzat, Gestampen tooling arloko beste bostek dituztenekin alderatuta. Zegokien horregatik borrokatu duten lantaldeak gara. Tamalez, beste planta batzuetan ezin izan zuten egin, konkurtso prozesuetatik eta antzeko egoera zailetatik zetozelako». Hala azaldu du Moises Muñoz Matriceria Deustoko langile batzordearen presidenteak (LAB), eta hura bilera guztietan egon da.
Negoziazio epea luzea izan da, eta langileen ordezkariek harreman zuzena izan dute Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailarekin. Haren bitartez, egoera bideratu ahal izatea espero zuten, baina ez. Gainera, tentsio uneak ere egon dira: duela bi aste, Ertzaintzak langileei aurre egin zien, Bilboko hotel batean negoziatzera zihoazen batzordekideak identifikatzera behartu baitzituen. Batzordeak «fede txarrez» jokatzea egotzi dio enpresari.
Lana, beste plantetara
Gestampek irail hasieran jakinarazi zuen erregulazio espedientea eskatzeko asmoa zuela. Arrazoi ekonomikoengatik dela esan zuen. Aste batzuk lehenago, baina, Matriceria Deuston behin-behineko langileak sartu ziren, eta kontratu finkodunak ordu estrak sartzera behartu zituzten. «Hala ere, martxotik ikusten genuen gure lan karga Gestampen beste planta batzuetara bideratzen ari zirela. Milaka orduko kontratuak ziren. Aldi baterako erregulazio bat prestatzen ari zirela uste genuen, baina hau oso larria izan da. Lan ikuskaritza lan kargen gaia ikertzen ari da, oso deigarria izan delako», azaldu du Muñozek.
Langile batzordeek neurri ez-traumatikoak proposatu dituzte: aldi baterako erregulazioak, erretiro aurreratuak… Azken orduan, Matriceria Deustoko batzordeak itxiera onartu ere egin zuen, betiere Gestampek langileak beste trokelgintza enpresa batzuetara bidaltzen bazituen. Gestampek, baina, ezetz, eta hau izan da enpresaren azken eskaintza: Matriceria Deustoko 182 langileetatik, 25 lanpostu aldaketa, 27 erretiro aurreratu (57 urterekin) eta 130 kaleratze ordaindu, 24 hilabeteko soldataren mugarekin. GTSko 50 langileei dagokienez, hamabost lanpostu aldaketa, bi erretiro eta 33 kaleratze. Langile batzordeek ez dituzte akordio horiek sinatuko.
Gestampek autogintzarako osagaiak egiten ditu, eta Europako hainbat marka ditu bezero. Autoaren azaleko metalezko piezak dira. Pieza horiek egiteko molde erraldoiak behar dira, xafla sartu eta bezeroak eskatzen duen forma har dezan. Molde horiek dira, hain zuzen GTSen diseinatu eta Matriceria Deuston egiten dituztenak. Kalitatearengatik ezagunak dira, eta bezeroek horiek exijitzen dituztela diote batzordeko iturriek.
Negoziazio mahaian Gestampek aipatu du 2017an hasi zirela sumatzen merkatuaren aldaketa, baina, hala ere, 2017an eta 2018an makina berri asko sartu zituen Matriceria Deuston. Langileen ustez bost milioi euroko inbertsioa egin zuen orduan Gestampek.
Muñozek susmoa hartua dio egoerari: «Automozioa gorabehera askoko sektorea da. Gestampek dio urduritasuna dagoela sektorean: diesel auzia, COVIDa… Bagenekien 2020a motela izango zela, baina guk apirilera arteko lan karga dugu. Datorrena datorrela, merkatua suspertzen denean piezak egin beharko dira». Are gehiago, ez du uste Matriceria Deustoren makinen azken atala denik: «Ziur nago denbora bat pasatuta berriz irekiko dutela fabrika, egungo erritmo berean, baina lan baldintza prekarioagoak izang dituzten langileekin».
Eskaera Jaurlaritzari
Langile batzordeek erregulazioa ez tramitatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Langileek ahal zuten guztia egin dutela diote, eta «erakundeen txanda» dela uste dute. Gestampek diru laguntza publiko handiak jaso dituela gogoratu dute —azkenekoak, auto elektrikoaren inguruko laborategi bat abian jartzeko—, eta Iñigo Urkulluren hitzak gehitu dituzte euren oharrean: «Diru publikoarekin ezin da kaleratzerik egon».