Akordiorik ez da izan BBVA eta Sabadell bankuen artean
Baina, zenbait iturriren arabera, karguen banaketak ere eragotzi du batuketa. BBVAren asmoa zen banku berria kontrolatzen jarraitzea; azken finean, bera da handiena eta fusio baten behar gutxien duena. Baina Sabadellek ez zuen besterik gabe BBVAn sartu nahi, eta eskatu zuen Josep Oliu ere izatea banku berrituko presidente, BBVAko Carlos Torresekin batera. Beste aukera bat zen Oliu izatea presidenteordea, baina horrek ere bazuen arrisku bat: Villarejo auzian ikerketapean dago BBVA, eta Torres auzipetuko balute eta presidente izateari utzi beharko balio, boterea Oliuren eskuetan gera litekeelako.
Burtsak Sabadell zigortu du (-%13,5) eta BBVA saritu (+%5). Izan ere, Kataluniako bankuak egoera ahulean jarraitzen du, eta derrigorrez indartu behar du bere balantzea, kapital eskasia baitu. Oliuk azaldu du saldu egingo duela Erresuma Batuko filiala, TSB izenekoa, eta bakarrik jarraitzen saiatuko dela. Analistek, ordea, ez dute fusioen kinieletatik kendu, eta askok ez dute baztertzen berriro BBVAren atea jo behar izatea.
BBVAk, berriz, erabaki behar du zer egin nahi duen bere AEBetako adarrarekin lortuko dituen 9.700 milioi euroekin.