EZ DA GIRO OSTATUTIK KANPO
Nola edo hala, baina «eusten» ari direla esan du Martinezek, zabalik dauden negozio txikiei esker, batez ere. Langile gehienak aldi baterako enplegu erregulazioan ditu, halere; komertzialak izan ezik. «Supermerkatu txikiekin, mintzategiekin eta halakoekin ere egiten dugu lan. Lau lata saltzen ditugu, baina nahiago dugu geldi egon baino kalean egon, hemen gaudela esateko bada ere. Egoera etsigarria da bestela ere».
Jatetxeak itxi izana ere «kolpe latza» izan da Guikar enpresarentzat. «Behi haragia besterik ez dugu saltzen, eta ostalaritzari lotuta dago gure negozioaren %95 inguru, hau da, ia dena. Aurten gainera, Espainiako txuleta haragirik onenaren saria jaso dugu, laugarren urtez. Marketin aldetik, sekulako bultzada zen hori, eta dena ixtea oso gogorra izan da», azaldu du Asier Goikoetxea enpresako saltzaileak.
Txuletak eta azpizunak dira Guikarren produktu nagusiak, eta, beraz, produktu horiek saltzea zailagoa zaie ostatuak itxita diren garaiotan. «Zabalik diren jatetxe gutxietan ez da horrenbeste saltzen, eta eramateko janaria prestatzen dutenentzat gure produktuak ere ez dira aproposenak». Hanburgesak, bai, badituzte, eta haiei esker ari dira fakturazioa apur bat txukuntzen. «Zeinek esango zigun orain dela bost urte-edo hanburgesak egiten hasi ginenean, negozioa salbatuko zigutela?».
Euskal Herritik kanpo dute merkatu zati handi bat; Espainian, Madrilen bereziki, «ezagunak» direla adierazi du Goikoetxeak, eta hara begira ari direla egunotan. Baina zerumugan laino beltzak ikusten ditu. «Ahal duguna egiten ari gara. Baina, egia esan, aurreikuspenak ez dira onak: ez dugu arnasa hartzeko tarterik ikusten epe motzean».
Ekoizleak arinago
Tabernak, jatetxeak, hornitzaileak eta ekoizleak: ostalaritzaren itxieraren ondorioak kate guztian ari dira nozitzen. Ekoizleen kasuan, halere, kolpea apur bat arinagoa izaten ari da, merkatu zabalagoa dutelako gehienek. Hori da Amurrioko (Araba) Acha destilatze lantegiaren kasua, adibidez. Gina, rona, vodka, whiskia eta antzerako likoreak egiten dituzte. «Zorionez, bezero txiki asko ditugu toki askotan, nola Espainian hala nazioartean. Eta horrek modua eman digu bertako fakturazioan izan dugun %30eko jaitsiera hori konpentsatzeko», azaldu du Agustin Martin kudeatzaileak.
Taberna txikietatik hasi eta jatetxe kate ezagunetaraino, ostatu asko dira Acha destilatze enpresaren bezero, hornitzaile eta banatzaileez gain. Establezimendu handiekin eta supermerkatuekin ere egiten dute lan, baina, orain, alor horretan ez dute salmentarik. Martinek adierazi du merkatuan ziurgabetasuna eta «beldur handia» dagoela, eta egoera asko aldatzen dela «kilometro gutxiren artean». «Zer esan nahi du horrek? Ahalegin hirukoitza edo laukoitza egin behar dugula orain arte saltzen genuenaren laurden bat saldu ahal izateko».
Bastidako (Araba) Tierra upategian ere esportazioei esker ari dira «arnasa hartzen». «Zorionez, pandemia iritsi aurretik, gure negozioaren %80 esportazioetara bideratuta zegoen. Beraz, ez gaitu bete-betean jo», azaldu du Carlos Fernandez upategiko arduradunak. Europan eta AEBetan saltzen dute ardoa bereziki. «Bizkaian eta Gipuzkoan ere egiten dugu lan, eta hor bai, bat-batean geratu da dena, eta nabaritu dugu».
Fernandezek azpimarratu du, ordea, etxeko kontsumoa dela gakoa. «Hemen ez dago ohitura handirik Europako herrialde batzuekin edo AEBekin alderatuta. Begira Belgika, adibidez: egoera larria da han ere, eta, halere, ardoa bidaltzen jarraitzen dugu. Eta berdin Suitzara edo Alemaniara: etxean kontsumitzeko ohitura handiagoa dute. Hemen garagardoa agian bai, baina ardoa gehiago kostatzen da».
Oso bestelako egoera du Laukote upategiak. «Fakturazioa %75-80 inguru jaitsi zaigu bat-batean. Gure negozioaren zatirik garrantzitsuenetarikoa da ostalaritza», esan du Norberto Miguelek, upategiaren arduradunak. Guardiako (Araba) upategiaren kasuan, esportazioak ez dira zuloa estaltzeko adina izaten ari. «Esportazioek konfinamendu garaian arnasa eman ziguten; udan, batez ere. Baina guk saltzen dugun eremuan, AEBetan, oraintxe arazoak izaten ari dira COVID-19arekin, eta ostalaritza ixten ari dira han ere. Gure nazioarteko salmentak %10-20 inguru izango izango dira orain».
Arabako Errioxako upategiek upelak ardoz beteak dituzte; uzta bikaina izan da aurtengoa, eta horri zein irtenbide eman asmatu ezinik dabiltza gehienak. Laukoteren kasuan, inguruko bezeroen artean aurkitu dute irtenbide bat, salmenta zuzenaren bidez: «Bertako jendeari esker ari gara datuak apur bat txukuntzen, zuzeneko salmenta bidez erosten hasi baitira Eguberrietarako ardoa. Eta kanpaina horri esker, uste dut zerbait saltzerik izango dugula».
Salmenta zuzenaren bidea
Asko dira, hain zuzen ere, zuzeneko salmentaren bidea hautatu dutenak beren produktuak saldu eta diru sarrera batzuk lortu ahal izateko. Konfinamendu garaian negozio askoren irtenbidea izan zen, eta ikasgai hura baliatu nahi izan dute orain ere, ostalaritzaren itxierari aurre egiteko. Eta hori izango da Eguberriei begira erabiliko duten estrategia.
Interneten aurkitu dute horretarako erakusleihoa. Tierra upategiaren kasuan adibidez, dagoeneko martxan diren askotariko plataformen bidez saltzen dute ardoa. «Plataforma askotan gaude, eta bai, saltzen dugu. Baina batez ere upategian bertan ari gara saltzen, betiko eta gertuko bezeroei. Etxera eramateko erraztasunak ematen dizkiegu. Baina hemen asko falta zaigu oraindik ohiturak aldatzeko. Pentsa, ezagutzen dut ardo ekoizlerik etxean ardorik ez duena. Imajinatu zein den etxeko ardo kontsumoaren maila hemen».
Urte zailak datozela ohartarazi du Fernandezek. «Egoerak hobera eginda ere, bi uzta elkartuko dira mundu osoko upategietan. Ardo kontsumoa nabarmen handituta ere ez dugu hori guztia merkatura aterako. Uste dut gutxienez bi urte oker datozela».
ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko kideek alavawines.com webgunea ireki dute, bestalde; tresna hori baliatu nahi izan du Laukotek bere ardoak saltzeko. «Aukera ona izaten ari da, eta eskaera asko ari gara jasotzen», azaldu du Norberto Miguel arduradunak. «Baina ez pentsa erraza denik, egun denok baitugu webgune bat, eta jendeak ez du ohitura handirik Internetez erosteko».
Bat dator Fernandezekin, halere: «garai zailak» datozela uste du hark ere. Jatorri izen propio baten beharra galdegin du estrategia gisara. «Argi dago ardoa prezio duin eta justuan saldu nahi badugu marka propio bat behar dugula. Orain etorriko den prezio gerra ikaragarria izango baita».
Ardoa baino zailagoa dira saltzen Acha destilatze enpresak ekoizten dituen produktuak, Martinek azpimarratu duenez. «Hornitzaile guztiek esaten digute gehien saltzen ari dena ardoa, garagardoa eta bermuta direla. Eguraldiak ere eragiten du, baina whiskia, vodka, rona… oso gutxi saltzen dira». Baina pandemiak hala behartuta, Interneterako jauzia egitea erabaki dute, beste negozio bide bat irekitzeko asmoz.
Sarasti Edariak-ek ere pandemiaren bigarren olatua baliatu du webgune bat atontzeko. «Astigarragako Udalaren diru laguntza baten zain nago, webgunea amaitu ahal izateko. Ez dugu eskaera handirik espero, baina sinetsita nago gutxienez zulo batzuk estaltzeko balioko digula. Probatu nahi dugu», esan du Martinezek.
Guikarrek, ordea, lehendik ere saltzen zuen Internet bidez, eta izurritearen itzalean, nabarmen igo zaizkie eskaerak. «Konfinamenduan izugarria izan zen; orain, ordea, gutxiago ari gara saltzen». Gabonak gertu daudela eta erosketak egiteko «garai aproposa» dela gogorarazi du Goikoetxeak. «Eta, gainera, guri arnasa emango ligukete».
Aernnovaren jatorria dela eta
Aernnova euskal industriaren abangoardiako ordezkariaren sorreraren nondik norakoetan arakatu behar da Tapiaren hitzen esanahia erabat ulertzeko. Arabako aeronautikaren aitzindari Gamesaren adar bat da Aernnova. 2006ko urte bukaeran enpresa berriaren zuzendaritza partzuergo berri batek hartu zuen; akordioa egin berria zuen Eusko Jaurlaritzarekin: «Taldearen egoitza sozialak, fiskalak eta zuzendaritza efektiboak Euskadin jarraituko dute». Konpromiso hori hartu zuen enpresak. Ana Agirre zen Industria sailburua orduan: «Proiektu honek Euskadin duen konpromisoa eta apustu sendoa» nabarmendu zituen akordioa sinatu zuten egunean. 2006 hartan, Aernnovak «enplegu mailari eusteko konpromisoa» hartu zuen, gainera. Zehatzago oraindik: «Enpleguari kalte egingo lioketen deslokalizazio larriak» ez egiteko konpromisoa agertu zuen jendaurrean.
Ulertzekoa da Tapiaren haserrea 2015eko iragarpenen ostean. «Aernnovaren jokaera salatu nahi dugu, bai Jaurlaritzarekiko, bai instituzioekiko, bai langileekiko»; «ezin gara neutral egon»; eta «xantaia da» esaldiak bota zituen orain dela bost urteko azaroan. Hegazkinen sektorean aritzeari utzi zion Gamesak 2006an, berriztagarrien alorra lehenetsita —orain Alemaniako Siemensen esku—, eta negozio aeronautikoa inbertitzaile talde baten eskuetan geratu zen, Iñaki Lopez Gandasegi buru. Eragiketa aurrera eramateko finantza bazkide bat bilatu zuten Euskal Herritik kanpo: CCM Caja Castilla La Mancha. Harrezkero inbertsio eta jarduera ugari Gaztela-Mantxan kokatzea erabaki du zuzendaritzak. Garai horretan Euskal Herriko finantza bazkide bat lortu izanak enpresaren norabidean nolako ondorioak izango zituen erantzunik gabeko galdera izango da beti.
Orain, berriz, mende batean aurrekaririk gabeko pandemia bat iritsi da mundu globalizatura, eta hegazkinak lurrean geratu dira; leher egindako konpainien inbertsioak eten dira. Eta Tapiak krisi gogor bati buruzko azalpen soilak baizik ez ditu eman gaur arte, enpresei «ahal diren enplegu guztiei eutsita» jarduerarekin jarraitzeko esatearekin batera; «lau edo bost urte» aipatu ditu aeronautikaren merkatuak normalizatzeko beharko duten epeari erreparatuz, eta, bien bitartean, euskal industriaren sektore preziatuenetako bat odolusten ari da, lehen biktimak, beti bezala, langileak direla.
Berantevillan, «galera historikoak» direla eta, ehun kaleratuko dituzte 2021eko hasieran, langileek topatzen ez badute erregulazio prozesua geratzen lagunduko lukeen erakundeen babes sendo bat. Ez du ematen Ekonomiaren Garapeneko sailburua duela bost urteko hordagoa botatzeko tenorean denik, baina ezin da ahaztu hainbeste aldiz goratzen duten kolaborazio publiko-pribatu horren magman urtzen direla batzuetan nahitaezkoak ematen duten erabaki traumatikoak, kasurako 2015ean Aernnovak egin ez zituen kaleratzeen iragarpen hura.
Eta zenbatekoa da Aernnova pribatuak jaso duen kolaborazio publikoaren zenbatekoa? Zazpi milioi eurokoa azken urteotan, EH Bilduk asteon salatu duenez. Horregatik eskatu diote gobernuari, hala koalizioak nola Berantevillako langileek, enpleguaren alde esku hartzeko.
Aernnovak Berantevillan duen lantegian lanuztea egingo dute datorren ostegunean
Aernnovak Berantevillan duen lantegian lanuztea egingo dute datorren ostegunean. Sindikatuek mobilizazioak gogortu egingo dituztela iragarri dute.
Mercedeseko langileek auzitara eraman dute ekoizpen murrizketa
Langile batzordeak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan atzo eginiko elkarretaratzean eman zuen salaketaren berri. Han bilduak ziren enpresak sindikatuekin negoziatu gabe erabaki duelako ekoizpena murriztea. Igor Gebara batzordeko presidenteak azaldu zuenez, salaketa jarri badute, langile askoren baldintzak «modu nabarmenean» alda daitezkeelako jarri dute.
Mercedeseko zuzendaritzak barne ohar baten bitartez eman zien asmoaren berri langileei. «Neurri drastikoak hartu behar ez izateko» dela azaldu zien, eta ekoizpen erritmoaren eta eskaeren artean dagoen alde handiak eragina duela. Gauzak horrela, hiru lan txandetako baten erritmoa erdira jaitsiko du, 2,5 txanden sistema ezarriz. Sindikatuek informazio gehiago eskatu zioten enpresari, eta, haien esanetan, jaso ez dutenez, lehen salaketa bat jarri zuten lan ikuskaritzan.
Sindikatuen ustez, erabaki horrek eragin handia izango du behin-behineko langileengan; beren kalkuluen arabera,500 bat izan daitezke kaltetuak. Emilio Titos plantako zuzendariak berak kopuru hori aipatu zuen elkarrizketa batean, «hainbati» kontratua ez zitzaiela berrituko esanez. Sindikatuek enpresari gogoratu diote langile horiek «ezinbestekoak» izan direla enpresaren jardun onerako, eta eskatu diote ez dezala pandemiaren aitzakia erabil epe luzerako irabaziak bermatzeko.
Mercedesek hurrengo urtean Gasteizen 131.500 furgoneta ekoizteko asmoa du, baina aurreratu du kopuru hori alda daitekeela eskaeren arabera. Aurten pandemiaren eraginpean ekoitziko dituztenak baino gehiago dira: 126.400; baina 2018an ekoitzi zituztenak baino gutxiago. Orduan 148.000 izan ziren, plantaren inoizko kopuru handiena.
Batzordeak, halaber, elkartasuna adierazi zien DHL-Mercedes mezularitza enpresatik kaleraturiko bost langileei. Kaleratze diziplinarioak izan dira, eta, ELA sindikatuaren ustez, «gezurretan» oinarrituta. Batzordea sinetsita dago harremana dagoela kaleratzen horien eta 2021eko erritmo jaitsieraren artean.
Valvospain eta United Caps itxi nahi dituztela salatu dute
United Capsen kasua «deslokalizazio eredu garbia» da, sindikatuaren ustez. Enpresako buruek bertako ekoizpena Katalunian duten beste lantegi batera eraman nahi dute, eta hasia dute lantalde osoa mugitzeko prozesua. Erabaki horrek Sopelako lantegiaren itxiera eragingo luke. 37 langilek dihardute enpresan eta greba mugagabea hasiko dute hilaren 24an.
United Capsek arrazoi ekonomiko eta teknikoak argudiatu ditu, baina ELAren ustez ez dira egia, azken urteetan irabaziak izan baititu. United Caps oinarria Luxenburgon duen multinazional bat da, eta 2018an iritsi zen Sopelara, Embalatap erosita. ELAren ustez, hasieratik zuen lantegia lekualdatzeko asmoa, «Embalatapek zituen bezeroak eta azpiegiturak lortu ondoren».
Valvospain Industrialen egoera oso ezberdina da. Enpresa askoren fusio baten ondoren sortu zen, eta, sindikatuen uste dute kudeatzaileen jardun txarrak hondoratu zuela. 90 langile ditu egun eta 35 milioi euroren zorra. Langileak aldi baterako erregulazioan daude, eta sindikatuek helegitea jarri diote enpresak egoera hori luzatzeko duen asmoari.
Valvospain, esan bezala, hartzekodunen zerrendan dago, eta salgai udaz geroztik. Eskaintzak egon badaude, baina ELAk jakinarazi duenez, erosleen asmoa lantaldearen %70 kaleratzea da. Lantaldea erregulazioan egon arren, zuzendaritzako kideak soldatak bere osotasunean kobratzen ari direla dio sindikatuak, «jardunik ia ez egon arren».
Baionako ostalariek kolektibo bat osatu dute, beren egoera salatzeko
«Ez-funtsezkoak». Hala kontsideratuak baitira ostatu eta jatetxeak ere. «Ez dakit konturatzen garen zer bortitza den entzutea ez zarela funtsezkoa», salatu du Dulongek. Florian Bouffaut Kalostrapeko ostatuaren jabearekin, Jerome François Soinua ostatuarenarekin, Cedric Bardiau Xapatan ostatuarenarekin, eta Eric Darrieumerlou eta Sylvain Verges Les Arcades jatetxearenekin batera, hitzordua eman zieten kazetariei asteazkenean, beren egoera azaldu eta haserrea erakusteko. Aurpegi goibelak zeuden mahaiaren inguruan. «Lehen konfinamenduan denak geldituak ginen. Hor, goizero, haurrak eskolara eramaten ditut; nire emaztea, anaia, lagunak… denak lanean dira. Ni ez. Psikologikoki biziki gogorra da», aitortu du Dulongek.
Behin baino gehiagotan azpimarratu dute: ez dute zalantzan jartzen osasun egoeraren errealitatea. Baina neurrien «inkoherentzia eta logika falta» salatu dituzte denek. «Protokolo biziki zorrotzak ezarri dizkigute: gu maskararekin gara une oro; bezeroak ere bai, altxatzen diren bakoitzean. Protokolo berriak ezartzerako, neurriak jadanik hartuak genituen», azaldu du Françoisek. «Aldi oro entseatu gara aurrea hartzen, baina ez du ezertarako balio izan», gehitu du Bouffautek. Eta Dulong, haserre: «Denek ezagutzen ditugu gure inguruan enpresen adibideak: eguerdian txirrinak jo, eta 200 eta 300 langile artean biltzen dira kantinan jateko, guk genituen protokoloak errespetatu gabe».
Ekonomikoki, kolokan
Inork ez du ukatzen: Frantziako Gobernuak laguntza ekonomiko handiak eman ditu ostatu eta jatetxeentzat. Gehienentzat bizirik irauteko balioko du, baina txikienek «arriskuan» ikusten dute beren burua. Estatuak bermatutako maileguei buruz hasi dira hizketan; mahaiaren inguruan diren guziek hartu dute, «zer gerta». Gehienek ez dute ukitu oraingoz, baina batzuk hasi dira xahutzen. «Ezin genuen bestela egin». Egoerak gehiegi irauten badu ostatu eta jatetxe «parrasta» batek itxi beharko dutela uste dute.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bazkun-zerga % 35era igotzea…
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak proposamen sorta aurkeztu du, besteak beste, PFEZaren progresibitatea areagotzea eta sozietate-zerga % 35era igotzea.
Mercedeseko enpresa batzordeak zuzendaritzaren plana auzitara eraman du
Mercedes Vitoria enpresako lan batzordeak epaitegietara jo du zuzendaritzaren plana salatzeko. Horren arabera, ekoizpena motelduko dute 2021eko lehen hiruhilekoan.
Bilbok 1.012 lanpostu sortuko ditu 2021era arte COVID-19aren krisiari…
Bilbok 1.000 enplegu baino gehiago sortuko ditu 2021era arte COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko. Jaurlaritzak eta Udalak finantzatu dute plana.