Nafarroako VWek ez du espero heldu den urtean ekoizpena…
VWeko langile batzordeak harriduraz hartu du iragarpena, eta, Alfredo Morales (UGT) presidentearen arabera, «zuhurregia» da. Izan ere, azaldu duenez, oraindik ez dakite zehazki zenbat auto ekoitziko dituzten aurten. Dena den, baikor dago, eta hurrengo urtean kopuru hori handituko dutela uste du. Izan ere, aurreikuspen horiek egitean, enpresak etor daitezkeen hornikuntza arazoak hartu ditu kontuan. Egun badituzte arazoak hornitzaileekin, eta, horren ondorioz, lantegia itxiko dute gaur eta astelehenean. Zehazki, motorrak eta aldagailuen kutxak falta zaizkie. Aldiz, hornikuntza arazo horiek konponduko balira kopurua handituko litzakeela uste du Moralesek. Dioenez, bezeroak egon badaude, eta 2021aren hasieran egingo lituzkete eskaera berriak.
Langile batzordearen gehiengoak —UGT, CCOO, ELA eta CCP— enpresaren arrazoiak ulertu dituela dirudi, eta aldi baterako erregulazio txostena 2021erako ekainaren 30era arte luzatzea onartu du. Aurtengo apirilean sinatu zuten, eta akordio horrek neurriak hartzea erraztuko dio enpresari. Batzordearen ustez, baina, akordioak «lanabesak» ematen dizkie langileei ekoizpenik gabeko egunei aurre egiteko. Aurreikuspena ez da ona, baina eguneroko erritmoa ez apaltzea albiste ona da behin-behineko langileentzat. «Guztiak deituko dituztela uste dugu», aurreratu du Moralesek, «erritmo berari eusteko egungo langile kopuru bera behar dugulako».
Antzeko egoeretan, Nafarroako VWek ostiralak aukeratu izan ditu planta ixteko, eta sindikatuek, oraingoan, astelehenekin tartekatzeko eskatu dute. Era berean, egun hauek industria jardunaldi izendatu ditzala nahi dute: uztailaren 5a, 15a eta 16a, sanferminen bueltan; eta abuztuaren 19a eta 20a. Horrela, egun horiek 36 itxiera egunen multzoan sar daitezke.