Hungariak eta Poloniak betoa EBren aurrekontuari, eta laguntzak atzera…
Hungariak eta Poloniak betoa jarri diote 2021-2027rako Europar Batasunaren (EB) aurrekontu akordioari eta hori finantzatzeko baliabide propioei buruzko erabakiari.
Europako Batasuneko Ekonomia ministroek batzarra egingo dute bihar, Trump osteko harremanei «hasiera berria» emateko. AEBekin negoziatzeko agenda zehaztu nahi dute, eta hori bateragarria egin asteon bertan iragarritako muga zergekin, AEBetako produktuen aurkakoekin. Valdis Dombrovskis EBko Ekonomia komisarioak oso argi utzi du Europak «soluziobide azkar bat» nahi duela Airbus-Boeing gatazkan. Gauza bat delako MME Munduko Merkataritza Elkartearen ebazpenaren itzalean tarifa bereziak ezartzeko tramitazioarekin jarraitzea, eta bestea odolkiak ordainetan ematea. Ezin baita ahaztu indarrean daudela Trumpek Europako hainbat produkturen aurka ezarritako tarifak.
Txina, arazo bat bientzat
Ez, Batasunak ez du abian jarri nahi hauteskundeak galdu berri dituen presidenteak egindako txikizioaren parekorik, baina Bruselak gerra komertzialaren hurrengo urrats hori gauzatu ez dezan, ezinbestekoa da Bidenek keinu bat egitea, eta arin ibiltzea keinu horrekin. Europaren azken helburua da reset botoiari sakatzea azken lau urteotako eraso komertzialen ondoren. Trump altzairuarekin hasi zen, «segurtasun nazionala» aitzakia hartuta; Europako autogintzako handiei mehatxu argia egin zien ondoren, eta MMEk herrialdeen auzi komertzialei irtenbidea emateko duen sistema ixtea lortu zuen, hein batean. Gero, Airbusen laguntzen harira, 6.900 milioi euroko muga zergak iritsi ziren, orain urtebete.
Labur esanda: Europa ez da salbuespen izan Trumpek mundu mailan egindako aldebakarreko politikan. 2016an Etxe Zurira eraman zuten manufakturako behargin eremu etsiak saritzeko, garaipen azkarrak bilatu ditu agintari errepublikanoak: zigorrak ezarri eta ondoren negoziatu estatus berri baten gainean.
Eta Europak zer aldagai sar ditzake ariketan Bidenek bake komertzialaren alde egin dezan orain? Bada, potentzia bientzat mehatxu argi bat dena: Txina. Bruselan ere ikusten dituzte teknologiaren transferentziaren alorrean Pekinek ezarritako arauen arriskua, eta estatua atzean duten Txinako konpainien abantailaz ere aspaldi ohartu dira. Txinaren hedapenari mugak jartzeko akordio posible berriek EBren eta AEBen arteko aliantza sendotu dezakete. Segurtasunaren izenean, teknologia berrien esparruan ere, batera aritzea nahi du Washingtonek, 5G teknologia eta Huaweibegiz joak dituela. Beharbada, urrats bat egin beharko dute hor Europako herrialdeek.
Edonola ere, Trumpen aurreko normaltasun zaharrera itzultzea baztertu dute Bruselan. Bidenek AEBetako manufaktura hauspotzea agindu du kanpainan; agentzia federalek bertako produktu gehiago erosteko arauak agindu ditu, eta hornidura katea atzerrira daramaten industrien aurkako isunak.
Horrez gain, bada beste auzi gatazkatsu bat bi potentzien artean: Google tasa. Frantzia izan da lehena AEBetako konpainia teknologiko handientzako zerga berezia onartzen. Google, Amazon, Facebook eta Apple konpainiei eragiten die batez ere; erraldoi horiek ez baitute behar bezainbeste zerga ordaintzen Europan, zerga saihestea dela medio. Trumpek muga zergak jarri dizkie Frantziako produktuei presio neurri gisa, baina OCDEren eremuan zerga bat adostea lortu ez dutenez, Parisek aurrera egingo duela esan du datorren urtarrilean, eta herrialde gehiagok iragarri edo onartu dituzte antzeko neurriak, Espainiak barne. Bidenentzat ez da erraza izango auzi hori, eta litekeena da tasa bateratu bat adosteko negoziazioei berriro ekitea.
Betiko normaltasuna ez dute lortuko beharbada, baina AEBek aurrerantzean ere lehen mailako bazkide komertziala izateko oinarriak ipini nahi ditu Europak. Merkatu garrantzitsua da EBrentzat, bereziki Alemaniarentzat, autogintza dela eta. AEBek ere badute interesa harreman oparo bati eusteko, ekonomikoa eta geopolitikoa. «Gorabehera handiko aro honetan gure lagunak gertu izan behar ditugu, benetan lagungarriak zaizkigun aliantzei eutsiz», esan du Dombrovski komisarioak. Biden ez dago oraindik Etxe Zurian, baina zauriak osatuz joateko urtea izan daiteke 2021a. Eskarmentuko politikari demokrata, ordea, zabaltzeko dagoen liburu bat da.
Batek baino gehiagok galdetuko du ez al zegoen, bada, jada erabakita Europako funtsena; uztaileko bilera amaigabe haietan akordioa lortu zela, eta diruak badatozela, koronabirusak Europara ekarritako txikizio ekonomiko eta soziala arintzera, sare produktiboak transformatzera. Baina Vargak arrazoi du: oraindik ez, oraindik guztia ez dago adostuta. Horrela izaten dira etxepeko kontuak erabakitzeko bilerak, eta Europako Batasuneko negoziazioak.
Batasuneko prozedura bihurretan dago oraindik errekuperazio funtsa, baina azaroko lehen egun hauetan gainditu berri ditu bi langa zail. Europar Kontseiluak, kostata, baina lortu du Europako Parlamentuaren oniritzia 2021-2027 bitarterako Batasunaren aurrekonturako (harekin batera doa errekuperazio funtsa). Parlamentuak, trukean, nahi zuenaren zati handi bat erdietsi du: 15.000 milioi euroko gehigarri bat Batzordeak eta Kontseiluak aurreikusitako kopuruei, Europa mailako egitasmoetarako —besteak beste, hezkuntzako Erasmus eta ikerketako Horizon programetarako eta laguntza humanitariorako—.
Aurretik, EBko herrialdeetako enbaxadoreek eta Parlamentuko negoziatzaileek beste langa bat gainditu behar izan zuten, eta adostu zuten Rule-of-Law mekanismoa deiturikoa, zeinak arautzen duen aurrekontuko diruen esleipena nola baldintzatu EBren zuzenbide estatuari buruzko printzipioetara. Gaia ezaguna da: Batasuneko hainbat herrialde eta Batzordea bera ere kezkatuta daude herrialde batzuetako gobernuetan, batez ere Hungarian eta Polonian, ikusten diren joera autoritarioekin.
Halako jokaerei muga jartzeko bidea litzateke aipatutako mekanismoa. Harekin, Europako Batzordeak eskumena luke EBko arau eta printzipioak hausten dituen herrialde bati dirubideak etetea proposatzeko. Enbaxadoreek eta parlamentuak adostutakoaren arabera, Batzordeak etete hori proposatuz gero, aurrera ateratzeko nahikoa litzateke herrialdeen gehiengo kualifikatu bat. Eta, beraz, inork ez luke beto eskubiderik.
Baina, gogoratu: ezer ez dago adostuta guztia adosten den arte. Poloniak eta Hungariak badute oraindik betorako aukerarik. EBko luzera begirako aurrekontuek eta, adi, harekin errekuperazio funtsak ere, herrialdeen oniritzia jaso behar dute; besteak beste, horrela izango du Europako Batasunak baimena funts horretarako diruen bila merkatuetara jotzeko. Eta, hor, Hungariako eta Poloniako parlamentuak sartzen dira tartean.
Bi herrialdeetako agintariek salatu dute EBko herrialdeentzat «tratu desberdinak» eta «estandar bikoitzak» daudela. Eta mehatxu nahiko argia egin dute, esanez gauzak dauden moduan zaila dela beren parlamentuek EBko aurrekontua onartzea.
Hori bai, aurrekonturik gabe ez dago errekuperazio funtsik, eta diru horien balizko onuradun handienen artean daude, hain zuzen, Polonia eta Hungaria. Osasun eta ekonomia krisi betean, ezetz esango diete itzuli beharrik gabeko milaka milioi eurori?
Europako Batasunak badu halako egoerei aurre egiteko modu bat: luzamenduetan ibiltzea, joan-etorri eta negoziazio amaigabeetan, azkenean erdipurdiko irtenbide bat topatzeko. Baina gauzak ez daude luzamenduetarako. Batetik, pandemiaren ondorioei erantzun behar zaielako, eta, bestetik, zorpetze bateraturako lehen apustua, errekuperazio funtsa, ondo ateratzea garrantzitsua delako Bruselarentzat.
Aurrekontuak 2021. urtearen hasierarako egon beharko luke erabat onartuta. Lehen sei hilabeteetan funtsen %10 iritsiko lirateke herrialdeetara, eta beste zati bat urtearen amaieran banatuko litzateke. Nola banatuko diren eta zertarako? Hori etxepeko beste bilera bat izango da.
2 Orduan geure agintariak izango dira, osasun sistema nahikoa ez prestatzeagatik pandemiaren bigarren olaturako… Hori ere izan zitekeen, baina ez da.
3 Zein izan da, orduan, barkamena eskatu behar izan duena? Google bera. Bai, AEBetako konpainia boteretsu eta ahalguztidunak hanka-sartze bat aitortu eta barkamena eskatu behar izan du.
4 Nori, baina? Thierry Breton Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioari (irudian). Kontua da Googleren barne dokumentu batek aholkatu zuela Bretoni «kontraeraso» egitea eta, AEBetako Gobernuaren laguntzarekin, hark dituen babesak ahultzea. Frantziako Le Point astekariak eman zuen agiriaren berri, eta iskanbila sortu zuen. Ostegunean, Sundar Pichai Alphabet enpresako buruak —harena da Google— Bretoni deitu eta barkamena eskatu zion. Ziurtatu zion berak ez zuela ikusi barne agiri hori, eta, edonola ere, Alphabetek ez dituela agintari publikoen aurkako eraso pertsonalak egiten. «Google ez da hori». Gainera, aurrerantzean EBrekiko harremanak bere gain hartu zituen Pichaik.
5 Eta zer arazo du Googleko jendeak Bretonekin? Hura dagoela lehen lerroan Europako Batzordeak Interneteko enpresa erraldoiak arautzeko daraman borrokan. Abenduaren hasierarako espero dira Bruselaren proposamenak, eta Googlek ez du ezer onik espero beretzat.
6 Zer dela eta? Europako Batzordeak uste du Interneteko konpainiek beren irabazi ekonomikoari soilik erreparatzen diotela, eta informazio faltsuak eta legez kanpoko edukiak baimentzen dituztela. Gainera, monopolioei aurre egiteko eta enpresa txikiei lekua egiteko, Zerbitzu Digitalen Arauak nahi du konpainia nagusiek zenbait datu lehiakideei eta arautzaileei ematea. «Internetek ezin du Mendebalde Basatia izan; arau garbiak eta gardenak behar ditugu, ingurumari ulergarri bat, eta eskubideak eta betebeharrak orekatzea», azaldu zion Bretonek berak Prichairi.
7 Googleren aurkako arau bat dirudi horrek… Hala da neurri batean, Brusela oso kezkatuta dagoelako lortu duen boterearekin. Hori mugatu nahian, azken hiru urteetan 8.250 milioi euroren isunak ezarri dizkio Googleri, hiru auzitan: bere erosketa zerbitzu digitala hobesteagatik bere bilaketetan, Android sistema operatiboan Google-Alphabeten produktuei lehentasuna emateagatik, eta iragarki politikarengatik.
8 Normala da orduan AEBen babesa eskatzea. Egia da Donald Trumpekin, bederen, Washingtonek ez duela begi onez ikusten Bruselak bere konpainia teknologikoak mugatu nahi izatea; baina, aldi berean, neurriak hartu nahi ditu berak ere. Urriaren hasieran, Googleren aurkako ikerketa bat zabaldu zuen, lehiakideak baztertzeagatik .