IRU?ÑEAN, ARGINDAR KONEXIOAREN ZAIN
Egoera aldrebes horren erdian, iragan astean Iruñera etorri zen Emilio Saenzen ordezkoa: Markus Haupt. Seaten Martorellgo fabrikan (Katalunia) hasi zuen bere ibilbidea Hauptek, eta, zenbaitek iraganeko harreman hori kezkaz hartu badute ere, haren soslaiari erreparatuz gero, argi dago taldeak konfiantza osoko gizon bat ekarri duela Iruñera. Azken hiru urteetan oso ardura handia izan du: taldeko planifikazioaren eta produkzioaren arduradun izan da.
Horrez gain, VWek berak publikoki adierazi du Haupten zereginak erlazioa duela auto elektrikoarekin. Duela bi aste, VWek ondorengo hamarkadetarako estrategia aurkeztu zuen, eta auto elektrikoaren aldeko apustu irmoa dago hor. Ikusteko dago auto elektrikoranzko jauzia zer fabrikak egiten duten, baita trantsizio hori noiz eta nola gauzatzen den ere. Hala ere, ematen du Landaben hautagaietako bat dela.
Izan ere, Christian Vollmer VW markaren logistika eta produkzio arduradun eta Nafarroako VWen administrazio kontseiluko presidenteak azaldu du Iruñeko fabrika «VWen estrategiaren barruan auto elektrikorantz egin beharreko eraldaketa azkartuaren parte» dela. Bertan, zuzendari berriari dagokio hori gidatzea: «Hauptek aldaketa hori bultzatuko du, azkar eta modu sistematiko batean».
Iruñean Saenzen kargugabetzea urduritasunez hartu bada ere, haren irteera baino esanguratsuagoa izan liteke Haupten lur hartzea. Bestelako datu finkorik ezean, seinale on bat da hori Landabenentzat.
Iritsi eta berehala, uneotan fabrikak dituen arazoei eta erronkei aurre egin behar izan die Hauptek. Batetik, ondo ezagutzen duen auzi bat du esku artean: autogintza osoari zein taldeari bete-betean eragin dion erdieroaleen hornidura krisiaren ondorioak kudeatu behar ditu. Langile batzordearekin lehen bilera izan zuen uztailaren 21ean, eta bertan egiaztatu zen autoak egiteko bi osagairen hornidura arazoak dituztela oraindik: injekzio punpak eta MIB irrati-nabigazio sistemak.
Bestetik, uda amaituta, hirugarren modeloari helduko diote. Egun, TCross eta Polo modeloak ekoizten dituzte —Poloren azken bertsioa ekainean hasi ziren jaulkitzen—. Hirugarrena VW Taigo izango da, eta espero da irailaren amaierarako ekoizten hastea eta 2022rako merkaturatzea.
Sindikatuen ohar bateratua
Hainbat modelo aldi berean ekoiztea aspaldiko aldarrikapena izan bada ere, uneotan epe motzeko kontuek baino gehiago kezkatzen du urruneko etorkizunak. Auto elektrikoaren inguruko erabaki finkorik ez dagoenez, oraindik ez dira amatatu Saenzen kargugabetzeak astindutako sugarrak. Uztailaren 21ean, langile batzordeak aho batez ohar bat kaleratu zuen, eta bertan eskatu zion zuzendaritzari argitu zitzala erabakiaren zergatiak eta nondik norakoak. Gardentasun falta egotzi zioten zuzendaritzari.
Halaber, sindikatu guztiek gogorarazi zuten Iruñeko fabrikak urteotan guztiotan multinazionalarekin dituen konpromiso guztiak bete dituela: «Gure etorkizunari buruzko erabakiak hartzen direneko guneetan parte hartzeko eskubidea dugu. Kanpotik etor daitezkeen esku hartzeak eragotzi nahi ditugu, zerikusi gutxi izan dezaketelako Nafarroako VW osatzen dugun guztion interes komunarekin». Sindikatu guztien batasuna garrantzitsutzat jotzen dute.
VWek iragarri du Europan eraiki asmo dituen hiru bateria fabriketako bat «Espainian» eraikiko duela, baina haren kokagune zehatza oraindik ez da ezagutarazi. Europako Batasuneko Next Generationeko funtsak jasotzeko orduan, auto elektrikoak ekarriko duen eraldaketa industriala sustatzeko 2.975 milioi euroko inbertsio publikoa egiteko asmoa azaldu du Espainiako Gobernuak, eta diru hori jasotzeko hautagai nagusietako bat da baterien fabrika. VWekin batera, Iberdrolak eta Espainiako Gobernuak parte hartuko dute egitasmo horretan. Auzia da egitasmo horrek nori egingo dion mesede: Seaten Martorellgo fabrikari edo Landabeni. Edo biei.
VW taldeaz harago, Nafarroako Gobernuaren apustua Battchain kontsortzioaren barruan kokatzen da: Sodenaren bitartez, Ingeteamekin eta Fagor Ederlanekin batera bateriak muntatzeko fabrika bat eraiki nahi du, Tafallan. Proiektua Next Generationen funtsak jasotzeko hautagai da: inbertsio osoa 84 milioi eurokoa da, eta 28 milioi eskuratu nahi du.
Autogintza osoari begira, proiektu guztiok bateragarri dira, baina ikusteko dago auto elektrikoaren inguruko sare horretan zer behar eta azpiegitura izango dituen Landabenek, baldin eta auto elektrikoa duen modelo bat egingo duela baieztatuz gero. Fabrika barrura begira, ekainean Saenz zuzendari ohiak aurreratu zuen egungo ekoizpen plataforma egokitu beharko litzatekeela eta mila milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko lukeela. Saenzek aipatu zuen 2025erako edo 2026rako auto elektrikoak ere ekoizteko asmoa zutela.
Orain arte, lasaitasun mezua eman du Nafarroako Gobernuak. Asteon, Javier Remirez presidenteordeak ziurtatu du Landabenek «etorkizun oparoa» duela. Haren ustez, «Europan auto elektriko txikiak egiteko VWek Espainia» hautatu duenez, Martorellek zein Landabenek lan nahikoa izango dute».
Madrilen, Santos Cerdan PSOEko antolamendu idazkari nagusi berriak eta PSNren barruan garrantzi handia duenak ziurtatu du Landabenek auto elektrikoa izango duela.
Orain arte, gai hori Nafarroako Gobernua kritikatzeko baliatu du Navarra Sumako Javier Esparzak. Pedro Sanchezek Martorellen alde egin duela eta haren aurrean otzan jokatzea leporatu dio Maria Txibite lehendakariari. Orain, berriz, ez du zalantzan jartzen auto elektrikoa Iruñera etorriko dela. Haren hitzetan, letra txikia izango da garrantzitsua. «Giltzarri da zer markako autoa ekoitziko den eta egungo enplegu mailari eutsiko ote zaion. Ez da gauza bera auto elektrikoa VW markakoa izatea edo beste marka batekoa».
Haatik, oraingoz horiek denak hitzak baino ez dira, argindar konexioa noiz etorriko zain.