Oraindik 9.000 langaberen koska eragiten ari da pandemiaren zama
Afiliazio datuak ere txarrak dira gogoz. 11.000 afiliatu inguru galdu ditu sistemak uztailetik abuztura Hego Euskal Herrian. Konparazio baterako, konfinamendu handiaren osteko abuztuan 1.624 galdu ziren, iaz. Baina lan merkatua normalizatzen ari delako ikur ere izan daiteke galera hori, 2019ko abuztuaren antzekoa baita: orduan 13.000 baino gehiago galdu ziren. Alegia, uda guztietako ohiko galera bat badago, eta hezkuntza sektoreko milaka langile oporraldian lanik gabe geratzeak eragiten du, hein batean. Lanpostu horiek, normalean, irailean eta urrian berreskuratzen dira. Iazko afiliazio datuak izan ziren ohiz kanpokoak, konfinamenduaren irteerak baldintzatuta. Eta udako zamen artean beste bat argi islatu du abuztuak: sortzen diren lanpostu gehienak aldi baterako dira. Abuztuan sinatutako kontratuen %6,25 besterik ez dira mugagabeak izan.
Nafarroa da salbuespena
Dena den, lan merkatuaren abuztuko eboluzio txar horretatik lurralde bat salbuetsi behar da: Nafarroa. Langabeziak behera egin du han, 620 langabe gutxiagorekin, eta, gainera, afiliazioak gora egin du, 894 afiliatu gehiagorekin. Nafarroak seigarren hila segidan egin du langabezia jaisten, eta Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen kontseilariak esan du pandemiaren aurreko kopuruetan dagoela berriro lurraldea.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu Idoia Mendiak, berriz, nabarmendu du pandemiaren krisiak deuseztatutako enpleguaren %82 berreskuratu dela dagoeneko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta abuztuko datu eskasak ekonomien egitura desberdinek azaltzen dituztela. Susperraldiak «egonkorra eta etengabea» izaten jarraitzen duela uste du Mendiak, 11.800 afiliatu galdu diren arren bere eskumeneko lurraldeetan.
Sindikatuek oso bestelako interpretazioa egin dute abuztuko datuak oinarri hartuta. «Batzuek susperraldi ekonomikoaz hitz egiten duten arren, enpleguak berriro ere atzerakada bat izan du Hego Euskal Herrian», esan du ELAk ohar baten bidez. «EAEn 3.058 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta Nafarroan, berriz, seigarren hilabetez jaitsi da langabezia, oraingoan 620 langabe gutxiagorekin». Langabezia tasa %11,7ko tasara igo dela gogorarazi du ELAk; «berriro, Europako batezbestekoaren oso gainetik». Sindikatua mobilizatzeko beharraz aritu da, balizko greba orokor bat aipatu gabe. «Udazken honetan biziko dugun ziurgabetasun egoeraren aurrean, ezinbestekoa da mobilizazioa»,
LAB ere oso kritiko azaldu da egoerarekin, eta esan du abuztuak datozen hilabeteetako joera zein izan daitekeen aurreikusteko balio duela. «Iazko urtea enpleguari begira desastre hutsa izan zela kontuan izanik, ez da pozik egoteko motiboa urte arteko tasa hobeak egotea orain. 2019ko datuekin alderatuz, langabezia %6,22 handiagoa da, eta gazteena muturreraino igo da, %22,62ko hazkundearekin». LABek ere abisu argia utzi dio Jaurlaritzari: «Mobilizatzeko garaia dugu, langileriak kaleak hartzea ezinbesteko baldintza izango baita geure beharrizanak agenda politikoaren erdigunean kokatzeko».
CCOOk azpimarratu du langabeziaren «sasoiko igoerak» erakusten duela susperraldia «prekaritate ereduari jarraituz» egiten ari dela. Afiliazioak izan duen galerak agerian uzten ditu «enpresen praktika txarrak», sindikatu horren ustez, eta lan merkatuaren prekarizazio prozesua eteteko lan erreforma «lehengoratu» behar dela, dio, gutxieneko soldata igotzearekin batera.