«Epaitegiek behin eta berriz esan diote enpresari oker dabilela»
Zer moduz zaude?
Ondo. Oso pozik, langileengatik eta, bereziki, kaltetuengatik eta haien familiengatik. Borroka eredu izan dira guztiak. Eta pozik lantalde osoak izan duen inplikazio handiarengatik. Harro nago langile batzorde honetako kide izateaz. Multzo polita osatu dugu, eta lan ona egin. Esker ona adierazi nahi diet guztiei: batzordeari, CCOOko nire batzorde sindikalari, eta lantaldeari.
Gorenaren ebazpenak harritu egin al zaitu? Espero al zenuen?
Zuhurtziaz hartzen genuen: epaiketa batera itzultzea zen, eta inoiz ez dakizu zer emango duen. Zuhurrak ginen, baina bagenekien arrazoi asko zeudela kaleratzeen baliogabetzea berresteko. EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena irmoa zen, lan ikuskaritzak ere arrazoia eman zigun… Biek zioten behin-behineko arazoa zela, eta malgutasun neurriekin konpon zitekeela egoera. Enpresak, aldiz, kontrakoa zioen. Estatuan babes mekanismoak aktibatu ziren industria ehunari eusteko, eta ezin da onartu multinazional handiek egoera erabiltzea lantaldeak murrizteko.
Gorenera ez iristeko aukera eskaini zenioten enpresari, eta ezezkoa jaso zenuten.
Askotan esan genion malgutasun neurriak zirela bidea. Lehenbizi kaleratuak onar zitzala, eta gero aztertuko genuela zer neurri hartu. Lantaldea ahaleginak egiteko prest dago, baina enpresak ere izan behar du borondatea. Denbora asko galdu dugu, eta diru asko xahutu da. Enpresa askotan ezarritako malgutasun neurriekin hau guztia aurreztuko genuen.
Orain bai hitz egin beharko duzuela enpresarekin.
Noski. Martxoaren 2an bilera bat genuen hitzartua, beste kontu batzuetarako, baina orain kaltetuen itzulera izango da bilera horretako mamia. Modu ordenatuan egin dadin, eta normaltasunaren bidera itzultzeko. Enpresak irakurketa egin behar du, modu basatiek, nahi dutena egiteak, ez dutela balio. Handiuste horrekin ez doa inora, eta argi gelditu da horrela jokatuta enpresaren bideragarritasuna kolokan jarri duela. Epaileek behin eta berriz esan diote zuzendaritzari oker dabilela.
Lan kargarik ba al duzue orain?
Bai, ez pandemia aurreko garai oparoenetan adina, baina badugu lana. Sektore indartsua gara, balio erantsi handiko produktu bat ekoizten duena, eta hegazkinak hasi dira hegan. Proiektu interesgarriak daude, ITP taldea mundu osoko erreferente bat da turbinen sektorean. Lana iritsiko da, eta bitartean aurkituko dugu kaltetuak lanera itzultzeko modua. Eta, beharko balira, malgutasun neurriak azter daitezke. Orain enpresako zuzendaritzari esan diezaiokegu eginikoa gaizki dagoela, baina ez gure ustea delako, ebazpen guztiek «ez joan hortik» esan diotelako baizik.
Aurrera begiratzeko garaia da.
Bataila bat irabazi dugu, baina honek aurrera jarraituko du. Langile klaseak gaur ikusi behar du borrokak merezi duela. Halaber, esker ona adierazi nahi diegu alboan izan ditugun kolektiboei: Ezkerraldeko gazteak, pentsiodunak, sindikatuak… Babestu gaituzten guztiak. Borroka egiten ez duena galduta dago hasieratik.