Azken 33 urteetako KPIrik handiena islatuko du otsaileko datuak
2021. urte amaierak %6,4ko inflazioa finkatu zuen Hegoaldean, KPIari lotutako soldata igoerek erreferentzia gisa har zezaten. Urtarrilean beheranzko bidean hasita zegoela islatu zuen adierazleak, %6,1eko urte arteko tasa izan baitzen, baina Ukrainan botatako lehen tiroak lehertu egin du jaitsiera apal horren joera, eta dagoeneko aurreratu daiteke %7,5 ingurukoa izango dela otsailean, urte amaieran baino puntu oso bat gorago.
Espainian, kontsumo prezioen indizea %0,6 igo da otsailean. Bereziki elikagaien, edari ez-alkoholdunen eta erregaien prezioa garestitu izanak eragin du igoera. Baita argindarraren prezioak ere. Argi dago energia dagoela inflazio ikusgarri horren atzean. Ukrainako krisia hasi aurretik energiak eragin zuen KPIaren gorakada, 2021eko bigarren zatian, eta orain, berriz, gerrak areagotu egin du energiaren prezioa garestitzea, haren muinenan petrolioaren eta gasaren hornidurak daudenez gero.
Atzo, argindarraren salneurria %8 igo zen, 277 euroraino MWh; urteko preziorik garestiena da hori. Euri eta haize gutxi dago urte hasiera honetan, eta gasa pisu handia izaten ari da argindarra sortzeko, ziklo konbinatuko zentralen bidez. Arazoa da gasa gora doala galgarik gabe: %26 igo zen atzo, 115 euroraino MWh. Brent upelak ere %5 egin zuen gora, 102 euroraino. Zenbaki horiekin ez dago inflazioa jaisterik.
Beste aldagai bat itunetan
Inflazioaren lasterketa eroa batik bat energiaren prezioaren ondorio bada ere, erosketaren saskiko beste gai batzuei ere eragin die horrek; ezin zuen bestela izan, esate baterako garraioak produktuak garestitzeko duen garrantzia aintzat hartuta. Energia eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe osatzen den azpiko inflazioa sei hamarren igo da otsailean, eta %3 da tasa hori Espainian. Adierazle hori ere azken urteetako handienetakoa da, 2008tik ez baitu gainditu ehuneko hori. Hego Euskal Herriko urtarrileko datuetan jadanik islatu zen energiaren salneurria denean eragiten hasi dela. Abenduan, %2,2an zegoen aurreko urtearen aldean, eta urtarrilean %2,6ra igo zen.
Erosteko saskia garestitzeak zuzenean eragingo du aurten langile gehienen erosteko ahalmenean, zaila baitirudi enpresek, oro har, 2021eko KPIaren araberako igoerak egitea. Lan itunak igoera hori bermatzen duen kasuak ez dira gehienak, eta, sindikatuek ohartarazi duten arren lan gaztazkak pizteko prest daudela, inflazio handiko agertoki honek ez ditu erraztuko lan akordioak; euskal langileen artean, gehienek hitzarmenak berritzeko dituzte. Patronal batzuek, Adegik adibidez, proposatu dute bi urtean egitea 2021eko igoera handia, edo KPIaren batezbestekoa igotzea, hau da, dagokionaren erdia. Inflazioak 2022aren hasieran hartu duen norabideak, ordea, pisua izango du negoziazio posibleetan.