Prekaritateak langileak hiltzen dituela salatu dute Bilbon
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, sindikatuek azpimarratu zuten ezen, «murrizketen eta COVID-aren ondorioz lan jarduerak behera egin arren, Hego Euskal Herrian lan ezbeharren kopuruak goraka jarraitzen duela, modu kezkagarrian». Haien datuen arabera, 2021. urtean istripuen zenbatekoa %10,2 hazi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %16,7 Nafarroan.
Laneko gaixotasunei buruz, berriz, uste dute oraindik ere ez daudela behar bezala erregistratuta estatistika ofizialetan. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruren arabera, mutualitateak eta enpresak dira egoera horren erantzule nagusiak, «baina erakundeek ez dute behar besteko kontrol eta neurririk hartzen».
CCOOk Bilbon langileekin eginiko batzarrean azpikontratazioa eta lan istripuak lotu zituen, eta esan zuen prebentzio legeak betearazteko enpresekin oso zorrotza izango dela.