Mercedesek hitzarmena negozia dezan nahi dute ELAk, LABek eta…
Hamasei hilabetetik gora egin dituzte lan hitzarmen berria negoziatzen Mercedeseko zuzendaritzak eta sindikatuek. Baina atzo ELAk, LABek eta ESK-k agerraldi batean azaldutakoaren arabera, joan den hilabetean konpainiak sindikatuei esan zien eten egiten zituela elkarrizketak, jakin artean multinazionalak bere modelo elektriko berria non ekoitziko duen.
«Hasiera batean, akordioak lotuta behar zuen 2021eko uztailerako; gero, urte bereko abendurako; eta, ondoren, 2022ko ekain honetarako», kontatu zuen atzo Igor Gebara (ELA) langile batzordeko presidenteak. «Eta orain enpresak dio ezin duela etorkizunaz hitz egin».
5.000 behargineko langile taldearen gehiengoa ordezkatzen duten CCOOk eta UGTk enpresak «noiz, zer eta nola negoziatzen den erabaki zain egotea» erabaki dutela azaldu zuen Gebarak. ELA, LAB eta ESK saiatu dira negoziazio batzordera deitzen, baina enpresak uko egin zion. «Gehiengoa ez ginen aitzakia jarri zuten, beste hainbatetan hori ez denean oztopoa izan».
Soldata igoerarik gabe
Hiru sindikatuek salatu dute Gasteizko Mercedesen ez dela soldata igoerarik izan 2021ean eta 2022an. Hori «azken urteetan ekoizpen, kalitate eta mozkin mailek gainditu egin dituztenean enpresaren beraren agertoki onenak».
Aldiz, hiru sindikatuen ustez, «bitarte horretan langile taldeak kaleratzeak ezagutu izan ditu; lan hitzarmena ez betetzea; talde batzuen baldintzen aldaketak; azpijokoak behin-behineko langileekin; eta iruzurrezko kontratazioak langile mugagabeekin».
ELAk, LABek eta ESK-k uste dute gero, erdieroaleen krisian, enpresak erregulazio dosierretan malgutasun tresna gisa berria topatu duela, haietarako dirua «arlo publikotik eta jendearen langabeziatik datorrela».
Malgutasunari buruzko ika-mika handia da gaur egun Gasteizko Mercedes Benzen. Igor Gebarak gaitzetsi duenez, «produkzioko langile talde osoak ostegunera arte ez du jakiten larunbatean aparteko lanegun bat egin behar duen edo ez; ezta hurrengo astean zein egunetan egingo duen lan ere».
Gaur, larunbata, laneguna izango dute, eta hurrengoa ere bai. Hala, lantegiak bi aste jarraian egingo ditu hiru erreleborekin, azken urtean ekoizpenean hainbat geldialdi izan ostean erdieroaleen faltagatik. LAB eta ESK ez daude ados larunbatetan lan egitearekin, eta egun horietan grebara deitu dituzte langileak.