Hilaren 26an prostestara deitu du Eskubide Sozialen Gutunak
Igor Arroyo LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoaren hitzetan, arazoa «aspalditik» dator: «Prezioen igoeraren jatorria Ukrainako gerran dagoela esaten digute, baina hori ez da egia. Sakoneko arazoa egiturazkoa da, eta aurreragotik dator». Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere bat egin du Arroyok esandakoarekin: «Egoerari buelta emateko mobilizatu behar dugu: soldatak, pentsioak eta gizarte prestazioak defendatzeko garaia da». Gutuna osatzen duten gizarte eragileak Bilbon bildu ziren atzo.
Deitzaileek sei eskakizun zehatzetan laburbildu dituzte aldarrikapenak: langileen erosahalmenari eusteko soldatak eta pentsioak KPI kontsumo prezioen indize errealaren igoeraren arabera eguneratzea; energiarako eskubidea bermatzea, zerbitzu publikoen defentsa, babes sistema hedatzea eta sakontzea, aberastasunaren banaketa bermatzeko zerga erreforma egitea eta burujabetzaren bidea urratzea.